Hobbiton

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hobbiton, Eraztunen Jaunaren Peter Jacksonen zinerako egokitzean.

Hobbiton, Tolkienen legendarium ospetsuan agertzen den fikziozko toki bat da. Hobbita eta Eraztunen Jauna eleberrietan agertzen da. Eskualdeko herririk antzinakoenetako bat da, Mendebaldeko Laurdenean kokatua, Mendigainetik hegoaldera eta Uralde aintziratik iparmendebaldera dagoena. Uribai errekaztoaren bi alboetan hedatzen da eta Muinoa ere hartzen du.

Herriaren izena, Hobbit eta ton hitzez osatua dago, azken hau, ingelesez "herria" esan nahi duen "town" hitzaren kontrakzioa delarik.

Hobbitoneko tokiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hobbitonek, posta bulego bat zuen, Eguzkiaren Hirugarren Aroko 3001. urtean, blokeatua geratu zena, Bilbo Zorrozabalek, bere 111. urtebetetzea ospatzeko bidali zituen gonbidapen ugarien ondorioz.

Muinoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muinoa, Eraztunen Jaunaren Peter Jacksonen zinerako egokitzean.

Muinoa, bere izenak dioen bezala, Hobbiton eta Mendigain herrien artean dagoen muino bat da, Hobbitonena den arren. Lorategiz eta baratzez osatua dago. Hegoaldeko magalaren oinetik, Uribai errekaztoa igarotzen da.

Zorrozabal Tiratu kalea, sigi-sagaka igotzen da Muinoko hegoaldeko magaletik, non hiru smial aurkitzen diren. 3 zenbakian bizi zen Gamgee familia. Kalearen amaieran, Zorrozabalenea zegoen, Bilbo Zorrozabalen bizilekua izan zena lehenik eta Frodo Zorrozabalena ondoren.

Eraztunaren Gerran eta Sarumanek Eskualdea inbaditu zuenean, Muinoko lorategi eta zelaiak eta Zorrozabal Tiratu suntsituak izan ziren. Gerra amaitutakoan, Eskualdearen onbideratzea hasi zen, eta lehen lanetako bat, Muinoaren zaharberritzea izan zen, Zorrozabalena garbituz, hobbit zulo berriak eraikiz eta Zorrozabal Tiratu berreraikiz, Tiratu Berri izenarekin berrizendatuz.

Jaiaren zelaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaiaren zelaia, Muinoaren oinean, Zorrozabalenearen parean hedatzen den larre bat da. Bere izena, Bilboren 111. urtebetetzearen jaiagatik jasotzen du, han ospatua izan zena. Aire libreko sukalde erraldoi batetaz gain, muinoa pabilioiz betea izan zen, horietako bat, hain handia, tokian altxatzen zen zuhaitza, ordutik aurrera Jaiko Zuhaitza deitua, bere barnean sartzen zela.

Eraztunaren Gerran, Sarumanen gaizkileek Jaiaren Zuhaitza moztu zuten. Baina, Eskualdearen onbideratzea hasi zenean, Sam Gamgeek, zelaian lurperatu zuen Galadriel damak Lothlorienen eman zion intxaurra. Intxaur horretatik, mallorn zuhaitz bat sortu zen, eta Eskualdeko alde guztietako Hobbitek, bidaia luzeak egin zituzten zuhaitz hori ikusteko.