Hondarribiko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hondarribia XVII.mendean

Hondarribiko historia lehen gizakien aztarnetatik gaur egunera luzatzen da.

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaizkibelen aurkitu diren aztarna zaharrenak Erdi Paleolitokoak dira, aditu batzuk Behe Paleolito izan daiztezkela daudelakoan, beraz duela 150.000 urte giza talde batzuk Jaizkibelen aritu omen ziren.

Erdi paleolitikoko pieza batzuk aurkitu dira baina ez aztarnategirik. Pieza horiek Neandertal gizakiak landutako tresnak dira, duela 50.000 urte, Moustier kulturakoak. Garai horretako klima epela izan zuten horrela adierazten digute indusketan agertzen diren animaliek, baina klimak okerrera egin zuen, bigarren aldian, eta azken glaziazioa indar handiz sartu zen eta honekin fauna eta floraren aldaketa.

Goi Paleolitoan (duela 40.000-10.500) giza talde batzuk Jaizkibel magaletan kokatu ziren Talde hauek Cro-Magnon gizakiak osatu zuen. Aztarnategietan aurkitutako materialen arabera madeleine kulturakoak dira. Garai honetan klimak hoztu egin zuen eta itsas kostaldea askoz urrutiago zegoen, itsas ur asko izoztu egin baitzen.

Mesolito garaian (K.a. 6.000) paisaia poliki poliki aldatuz joan zen, klima leunduz, kostako lerroa hurbildu zen gaur eguneko egoeran gelditu arte. Giza taldeak harkaitz aterpetan babestuko dira, 2003. urtean Alvaro Arrizabalagaren arkeologo taldeak orain dela 8.500 urteko giza hilobi bat aurkitu du.

Neolitoan garaikoa dira trikuharriak Hondarribian bost ezagutzen ditugu: Iskulin, Santa Barbara, Jaizkibel II, Jaizkibel III, Jaizkibel IV.

Erromatarren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baskoien lurraldeetan zegoen Hondarribia erromatarrak iritsi zirenerako. Erromatarren presentzia K. a. I. mendean koka daiteke, indusketa arkeologikoak horrela erakusten baitute. Estrabonek Oiasso hiria aipatzen du, gaur egungo Hondarribia hiri horren eraginen mugen barruan izan zen. Aztarna asko aurkitu dira inguruan: 1984an, Asturiagako ainguratokian Higerreko brontzeak aurkitu ziren eta 1998an Alde Zaharreko Pampinot kalean Goi Inperioaren aldiaren (I eta II. Mendeak) ontzi eta zeramika piezak agertu ziren.

Erdi aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oiasso desagertu zenetik Hondarribian eta bere inguruan gertatu zenaz ezer gutxi dakigu. Aditu batzuk mende ilunak deitu diete urte horiei. Goi Erdi Aroan kostaldea hutsik geratu zela dirudi, bikingoen erasoaldiak zirela eta.

Hondarribia izena lehen aldiz 1180an azaltzen da. Izan ere, Antso VI.a Jakitunak, Nafarroako erregea, Donostiari emandako foruan, Undarribia izena aipatzen da. Alfontso VIII.a Gaztelakoak, Gaztelako erregeak, 1200ean Gipuzkoa konkistatu zuenean, zenbait kokalekuri eman zien fundazio gutuna, konkistatutako lurraldeak finkatzeko. Hondarribiak 1203ko apirilaren 18an jaso zuen berea. Adituen ustez fundazioa lehenagokoa izan daiteke, Nafarroako erregeak eginda, baina ez dago agiririk hori frogatzeko. Hiribildu honetan bi giza talde ezberdin biziko ziren, gaskoiak Baiona (eta haraindi) eta Donostiatik etorrita eta bertako euskaldunak.

1280an Filipe III.a Frantziakoak Hondarribia setiatu zuen, baina ez zuen lortu bere menpe izan. Guda honetan Matxin Artzu pertsonaia aritu zen.

XIII. mendetik Erdi Aroaren amaierara arte, Bizkaiko golkoko porturik garrantzitsuenetako bat izan zen Hondarribia, Paduretako Anaiarteko kidea izan zen, harreman estua izan zuen Europako iparraldeko portuekin. Nafarroako portua ere izan zen, bertatik esportatzen baitziren Nafarroako produktuak: artilea, ardoa, burdina, arrantza arloa ere ustiatu zen bati bat baleen arrantza. 1296an Paduretako Anaiartearen sorrera sinatu zen, Hondarribia partaide saiatu izan zen.

XV. mendearen amaieran, Gaztelaren eta Frantziaren arteko harremanak hondatu egin ziren, eta muga liskar horren testigu izan zen. Frantsesek 1476an, hiribildua setiatu zuten, bi hilabete ondoren Gaztelako tropek konkistatu zuten arte; horren ondoren, pribilegio ugari eman zioten Hondarribiari. 1498an, izugarrizko sute batek ia osorik suntsitu hiri harresitua. Sei dorretxek soilik iraun zuten zutik. Gainerako eraikinak (gehienak zurezko etxeak), berriz, kiskalita suertatu ziren.

Eliza kontuetan, Hondarribia Baionako egoitzaren mende egon zen XVI. mendearen erdira arte.

Aro modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendean, Europa gerra batean murgilduta aritu zen. Karlos V.a enperadoreak bere boterea mantendu nahi zuen, eta horrek etsai asko sortu zizkion. Hondarribiaren kokapen geoestrategikoa zela eta, komenigarria zen herriaren eta gazteluaren defentsak indartzea. 1521ean, Nafarroako gerra betean, nafarren eta frantsesen tropek Pirinioez iparraldera oldartutako Karlos V.aren tropei kontraerasoa jo zieten, baita Hondarribia setiatu eta atzeman ere. Hiru urtean, hiria haien eskuetan izatea lortu zuten. 1524an, Enperadoreak berriro berreskuratu zuen eta gotortzea erabaki zuen. Horretarako garaiko arkitekto inportanteenak aritu ziren harresi eta gaztelu modernoak eraikitzeko Filipe II.a tronuan jarri berria zela, eta Frantziarekin berriz ere gerran, 1557an, Gipuzkoako tropak berriro sartu ziren Lapurdin. Frantziarekin bakea sinatu ondoren, harremanak estutu ziren baina beste etsai batzuk azaldu ziren: Ingalaterra eta Herbehereak. Garai hartan, Bizkaiko golkoan gertatu ziren gatazkak, eta horrek, Europako iparraldeko portuekin egiten zen merkataritza jardueran eragin handia zuen. Beste aldetik, Gipuzkoako ontziak eta marinelak parte hartu behar zuten osatu ziren armadetan.

Gotorleku gisa balio estrategiko handia izaten jarraitzen zuenez, botereari eutsi zion Hondarribiak, bai Batzar Nagusietan, bai Gortean; horri esker, hainbat pribilegio lortu zituen. XVII. mendearen hasiera ez zen samurrago izango, 1609an Hogeita hamar Urteko Gerra hasiko da Frantziaren kontra ondorio garrantzitsuena, 1638ko setioa izango da. Urte hartako ekainaren 1ean, Frantziako tropek, Condeko printzea buru zutela, bi hilabetez setiatu zuten hiribildua, irailaren 7ra arte, hain zuzen; egun horretan, erresistentzia luze eta heroikoaren ondoren, askatu egin zuten. Setio horren ondoren, zenbait pribilegio lortu zituen hiribilduak; batik bat, Irun mendean izaten jarraitzeko botereei eutsi zieten. Ondoren nabarmen urritu ziren gatazka militarrak, bereziki 1652tik aurrera. Horrek lasaitasun epe bati eman zion bide; bertan bi gertaera nabarmendu ziren: Pirinioetako Bakea eta, honen ondorioa, Luis XIV.aren eta Filipe IV.a Espainiakoaren alaba Maria Teresaren arteko ezkontza.

XVIII. eta XIX. mendeetan zehar, krisi ekonomiko larrian sartu zen hiribildua, egoera politikoaren ondorioz; 1719an berriro sortu ziren liskarrak Frantzia eta Espainiaren artean. Urte horren maiatzean Berwickeko dukearen tropek Bidasoa gurutzatuko dute Hondarribia setiatuz. Ekainean bi bretxa ireki zituzten harresian eta hiria errenditu egin behar izan zuen. Hondarribia frantsesen esku egon zen 1721eko abuztuaren 22a arte XVIII. mende bukaeran Konbentzio gerrak bere eragina izango du; bere tropek Hondarribia setiatuko baitute: Honen ondorioz hiriaren balio militarra galdu zen, bai eta, beraz, botere giroetan eragina galtzea ere.

Aro Garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mende hasieran Hondarribia erabat suntsituta zegoen, bere alde zaharrean hondamendia besterik ez zegoen. 1805ean egoera horretatik ateratzeko udal agintariek Nafarroarekin bat egitea proposatu zuten. Erregea proposamena onartu zuen eta Hondarribia, Irun eta Lezo Nafarroaren baitan geratu ziren. 1810ean Thouvenot jeneralak agindua berriro Gipuzkoara itzuli ziren.

Napoleonen garaietan hiria frantsesen menpe egon zen.

Lehen Gerra Karlistaren hasieratik karlisten eskuetan erori zen, hiria gotortuz. Alkateak, Jose Maria Iriarte, liberala zenez, Hendaiara alde egin behar zuen. 1836ko uztailaren 11n George Lacy Evans, Britainiar Legio Laguntzailearen burua, hiria menderatzen saiatu zen, karlisten eta Frantziaren arteko komunikazioa deuseztatzeko asmoz. Hala ere ez zuen bere helburua lortu, eta britainiarrek atzera egin behar izan. Tropa karlistak Gibelalde buru zutela, ingelesei erasotzea lortu zuten eta Jaizkibelgo bidetik atzera egitera behartu zituzten, Pasaiara. Hurrengo urtean liberalak berriro saiatu ziren hiria menperatzen eta Oiartzun eta Irun konkistatu ondoren Hondarribiko garnizioaren errendizioa lortu zuten 1837ko maiatzaren 17an.

Bigarren Gerra Karlista 1872an hasi zen, baina horren eraginak ez ziren Bidasoa Behera heldu 1874. urtera arte. Urte horretan Karlosen tropek Irun eraso zuten. Hondarribia ere inguratu zuten baina ez zuten bere asmoa bete eta setioa amaitu behar izan zuten.

Gerra bukatu ondoren berpizkunde bat eman zen, udatiarren fenomeno berria aprobetxatuz hiri berri bat eraikiz. Zabalguneak egin eta Portu auzoa hirigunea bihurtu zen alde harresituaren kalte.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]