Hondartza-bolei

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Hondartza-boleibol» orritik birbideratua)

Hondartza-bolei partidua Pekingo 2008ko Udako Olinpiar Jokoetan.

Hondartza-boleia harean jokatzen den boleibolaren aldaera da. Pistako boleibolean bezala, helburua baloia beste zelaira botatzea da (sare gainetik) eta bertan botea ematea edota aurkarien hutsegitea eragitea. Desberdintasun nagusien artean, harean jokatzeaz aparte, taldekide kopurua da; modalitate honetan, bi jokalariko taldeak lehiatzen dira.

Atlanta 1996ko Joko Olinpikoetatik aurrera da diziplina olinpikoa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boleibola 1895. urtean asmatu zen Amerikako Estatu Batuetan eta hondartza-boleiari buruzko lehenengo erreferentziak 1914. urtekoak dira, Uruguain, eta urte bat beranduagokoak Hawaiin.[1] Beraz, jatorri konkretua zehaztea zaila suertatzen da. Historian zehar, leku garrantzitsuak egon dira modalitate hau hedatzen eta hazten lagundu dutenak. Horietako batzuk dira hurrengokoak: Kaliforniako hondartzak eta Brasil. Azken herrialde honetan harean egindako lehenengo txapelketa egin zen 1941. urtean eta, gainera, hondartza-boleiko zelaiak egiten hasi ziren Copacabana, Ipanema eta Leblon hondartzetan, besteak beste.

Hondartza-boleiko jokalariak Hawaiin, 1915.urtean.

Hurrengo urteetan zehar, kirola hedatzen joan zen zenbait herrialdetan eta horrek txapelketa ugari egitea eragin zuen. 60ko hamarkadan Santa Monican liga-txapelketa profesionala antolatzeko saiakera egin zen, baina ez zuen arrakastarik izan. Frantzian, berriz, txapelketa profesionalak egiten hasi ziren.

Hurreneko hamarkadetan, kirola hedatuz joan zen, batez ere hondartzak zeuden lekuetan. Hazkunde horren arrazoi garrantzitsu bat txapelketetan sortutako giroa da, eguzkia, hondartza, musika eta kirola konbinatzeak arrakasta izan zuen.[1]

1992. urteko Bartzelonako Joko Olinpikoetan, hondartza-boleia erakusketako kirola izan zen, eta hurrengo Joko Olinpikoetan, Atlanta 1996an, programa olinpikoan barneratu zen.[2]

Federazio gorena Fédération Internationale de Volleyball deiturikoa da, FIVB. Boleiboleko edozein formako federakuntza.

Hondartzako boleia Joko Olinpikoetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txile eta Poloniaren arteko hondartzako boleiaren partida 2018ko Udako Gazte Olinpiar Jokoetan

Olinpiar Jokoetan, hondartzako boleia 1996ko Atlantako edizioan agertu zen lehen aldiz, Amerikako Estatu Batuetan. Urte horretatik aurrera, gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketak egiten dira.

Gizonezkoei dagokienez, urrezko lehen domina Amerikako Estatu Batuetan lortu zuten, eta jarraian, Brasil, Alemania eta Norvegiak irabazi zuten urrezko domina. Orain arte jokatu diren gizonezkoen hondartza boleiko zazpi edizioetatik, Amerikako Estatu Batuek urrezko hiru domina lortu dituzte, Brasilek bi, Alemaniak bat eta Norvegiak bat, azken txapeldun olinpikoa.[3]

Emakumezkoen kasuan, aldiz, Brasil izan zen txapeldun atera zen lehen taldea, Australia, Amerikako Estatu Batuak eta Alemania atzetik zituela. Berriz ere, orain arte jokatu diren 7 edizioetatik, Estatu Batuek urrezko lau domina dituzte, eta Brasilek, Alemaniak eta Australiak bakarra dute.

Guztira, Amerikako Estatu Batuak dira hondartzako boleiaren domina gehien dituen nazio-multzoa, bai emakumezkoetan, bai gizonezkoetan, hamaikarekin; ondoren, Brasil hamahirurekin (urrezko lau gutxiago, eta hortik dator garrantzi txikiagoa), Alemania eta Australia (hirurekin), Txina eta Suitza (birekin) eta Norvegia, Espainia, Italia, Errusia, Kanada, Qatar, Letonia eta Herbehereak (bakarrarekin) daude.[3]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen puntuan aipatu den moduan, hondartzako boleia taldeko kirola da, eta jokalarien parte-hartzea alternatiboa da. Elkarreragiten duten hiru elementu nagusiak hauek dira:[4]

  • Taldekideak: funtzio desberdinak dituzten bi jokalari.
  • Aurkariak: aurkako taldeko bi jokalari.
  • Jolasgunea: hareazko eremu bat, sare batek bereizita.

Kirol honek ikusleen eta komunikabideen arreta modu masiboan erakartzea lortu zuen laurogeiko hamarkadaren hasieran, Randy Stoklos eta Sinjin Smith bezalako jokalariek Amerikako eta Europako telebista-kateetan interes handia sortzen lagundu zutenean, ikusle kopurua modu esponentzialean handituz. Horrela, hondartzako boleia kirol serio eta profesional bihurtzeraino hazi zen.[4]

Hondartzako boleia Nazioarteko Boleibol Federazioan (frantsesez, eta ofizialki, Fédération Internationale de Volleyball, FIVB) sartu zen 1986an, Boleibol Profesionalaren Elkartearen (Association of Volleyball Professionals, AVP) ordezko lehiaketa-zirkuitu bat sustatuz. 1992ko Bartzelonako Joko Olinpikoetan erakustaldi-kirola izan zen, eta 1996ko Atlantako Udako Joko Olinpikoetan jokatu zen ofizialki. Gaur egun, hondartzako boleiak 211 federazio nazional afiliatu ditu Nazioarteko Boleibol Federazioaren baitan.[4]

Arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarearen ondoan, jokalari bat blokeatzen erasotzailearen azken kolpea.

Hondartza-boleia, funtsean, pistako boleibola bezala jokatzen da. Jokalari batek ematen dio puntuari hasiera beste zelai erdira sakea eginez. Talde bakoitzak , gehienez, hiru aldiz kolpatu dezake baloia, beste zelaira itzuli arte. Kolpatze hauetan, ezin da baloia heldu, ezta ondoz ondoko bi kolpe eman. Gorputzeko edozein atalekin jo daiteke baloia.

Puntua galtzeko aukera desberdinak daude, hauek dira ohikoenak: hiru toke eman eta gero baloia beste aldera ez pasatzea, berezko zelaian botea ematea, baloia kanpo marretatik haratago bidaltzea eta sarea gorputzarekin ukitzea.

Pistako Boleibolarekiko desberdintasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta funtsean oso kirol berdintsuak diren, desberdintasun nabari batzuk ikus daitezke, hona hemen batzuk:

Parte-hartzaile kopurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondartza-bolei kirolean bi jokalari aritzen dira talde bakoitzean, txapelketa bereziren batean lauko taldeak ikus daitezke, baina modu ofizialean jokatzerakoan biko taldeak daude. Pistakoan berriz, sei jokalariko bi talde aritzen dira. Gainera, hondartzakoan ez daude bestean dauden errotazioak. Beraz, puntu hasieran bi jokalarien artean erabakitzen dira posizioak eta ez dute ordena zehatz bat jarraitu behar. [5]

Taldea bi jokalarik bakarrik osatzen dutenez, ez dago aldaketa egiteko aukerarik, hau da, bi jokalari horiek hasi eta bukatuko dute partidua.

Jokalarien kokapena zelaian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondartzako boleian ez dago aurrez definitutako posiziorik, eta jokalari bakoitza momentuaren arabera egokiena iruditzen zaion eremuan kokatzen da.

Sakea ateratzeko orduan, talde bereko kideek txandaka atera behar dute, alegia, sakea berreskuratzean, lehenengo sakea bikoteko batek aterako du, aldiz, bigarren sakea besteak.[6]

Jokalarien espezializazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Posizio finkorik ez badago ere, jokalari lehiakorrek, oro har, defentsako eta erasoko rol espezializatuak dituzte. Defentsan, jokalariak blokeatzaile edo defendatzaile gisa espezializatu daitezke:[7]

  • Blokeatzailea: blokeatzaile bat sarean jartzen da eta bere blokeoarekin kantxaren zati bat (adibidez, lerroa edo angelua) kentzeaz arduratzen da. Altuera, jauzi-ahalmena, denbora eta posizioa faktore garrantzitsuak dira blokeoan.
  • Defendatzailea: defendatzaile baten erantzukizuna da blokeoak estaltzen ez duen defentsa-eremuaren eremuan jartzea, erremate gogorra sartzeko edo jaurtiketa leuna jazartzeko. Bizkortasuna, abiadura eta jokoa aztertzeko trebetasunak faktore garrantzitsuak dira defentsarako.

Talde lehiakor batzuek ez dute espezializaziorik, eta bi jokalariak txandakatu egiten dira blokeatzeko eta defendatzeko. Joko-estilo horri blokeo zatitua esaten zaio, eta taldeek energia kontserbatzea ahalbidetzen du, harean energia-eskaera handiagoa ematen baita.

Erasoan, jokalariek kantxaren eskuinaldean edo ezkerraldean jokatzeko espezializatzeko joera dute. Horri esker, trinkotasun handiagoa dago zerbitzuak hartzean eta erasoak hautatzean. Jokalari ezkerrek nahiago izaten dute eskuinean jokatu, eta eskuinek, berriz, ezkerraldean, errazagoa baita gorputzaren marra zeharkatu ez duen pilota bat errematatzea.

Zelaiaren neurriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondartzako boleia laukizuzeneko hareazko zelai batean jokatzen da. Zelaia 16 m luze eta 8 m zabal da, eta alde guztietan gutxienez 3 m zabal den espazio garbi batek inguratzen du. Hondartzako boleiko zelaien gutxieneko altuera librea 7 metrokoa da. Hareak ahalik eta orekatuen egon behar du, jokalarien lesioak saihesteko.[8]

Zelaia zati berdinetan banatuta dago: 8,5 m luze eta 1 m zabal. Sarearen goiko aldea gizonezkoen kategorian 2,43 m-ra eta emakumezkoen kategorian 2,24 m-ra dago. Sarearen alboko ertz bakoitzari makila bat dago lotuta. Makilak sarearen zatitzat hartzen dira eta gainetik 80 cm-ko altuera dute, alboko mugak osatuz, horien barruan baloia gurutzatu ahal izateko. Alboko zein amaierako bi lerroek, 5 cm zabal direnak, zelaia mugatzen dute.[7]

Puntuazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi kiroletan nahiko antzekoa da. Pistako boleibolean aukera dago 3 zein 5 seteko partiduak jokatzeko, txapelketa horren arauen arabera. Hondartzakoan ordea, 3 setetara jokatzen dira partiduak, hau da, 2 irabazten dituen lehenengo taldeak irabaziko du partidua. 21 puntuko sistemarekin jokatzen da, baina hirugarren seta, 15 puntura jokatzen da, beti ere 2 puntuko abantaila lortuz. [3]

Janzkera [8][aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jokalariek galtza motzak edo bainujantzia jantzi behar dute. Kamiseta bat edo “tank-top” bat jartzea aukerakoa da. Jokalariek txapela eraman dezakete burua estaltzeko.
  • Jokalariek oinutsik jokatu behar dute.
  • Jokalarien elastikoek (edo galtza motzak kamisetarik gabe jokatzen bada) 1 eta 2 zenbakiak izan behar dituzte.
  • Zenbakiak bularrean egon behar du (edo praken aurrealdean)
  • Zenbakiek kamisetaren kolorearekin kontrastatu behar dute eta gutxienez 10 cm-ko altuera izango dute. Zenbakiak osatzen dituen zintak 1,5 cm-ko zabalera izango du gutxienez.
  • Emakumeen kasuan, bikini txikiak eramateak eztabaida sortu izan du behin baino gehiagotan[9][1] eta horren aurrean bikinia eramateko derrigortasuna kendu egin zen, nahiz eta jokalari askok oraindik janzkera hau aukeratzen duen.[10]
Janzkera aldaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi taldeak kolore bereko uniformeak jantzita iristen badira partidara, zozketa bat egingo da zein talde aldatu behar den zehazteko. Epaileak  jokalari bati edo gehiagori baimena eman diezaioke:[8]

  • Galtzerdiekin eta/edo oinetakoekin jolasteko.
  • Set artean kamiseta bustiak aldatzeko, baldin eta berriek ere txapelketako arauak betetzen badituzte.
  • Jokalari batek eskatuz gero, epaileak barruko elastikoarekin eta entrenamenduko galtzekin jokatzeko baimena eman diezaioke.
Debekatutako objektuak [8][aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Debekatuta dago lesioak eragin ditzaketen edo jokalariari abantaila artifizialen bat eman diezaioketen objektuak erabiltzea.
  • Jokalariek betaurrekoak erabil ditzakete beren erantzukizunpean.
  • Konpresio-bendak (lesioak tratatzeko gailuak) babesteko edo laguntzeko erabil daitezke.

Faltak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Falta adierazten da epaileek ikusten dutenean talde batek edota jokalari batek araua hausten dutenean. Talde batek falta egiten badu, aurkariek puntu bat jasotzen dute eta sakea ateratzen dute. Bi taldeek aldi berean falta egiten badute, tanto hori errepikatu egingo da. Faltarik ohikoenak honakoak dira: [11]

Epailea.
  • 4 ukitu: talde batek baloia baimendutako 3 aldiz baino gehiagotan kolpatzea.
  • Lagundutako kolpea: jokalari batek taldekidea edo objekturen bat erabiltzen duenean laguntza bezala baloia kolpatzeko.
  • Ukitu bikoitza: taldekide batek baloia bi aldiz jarraian ukitzea baloia. Falta honetan salbuespen bat dago, lehenengo kontaktua blokeoa izan bada ez da falta adieraziko.
  • Baloia hartzea: kolpatu beharrean baloia eusten duenean.
  • Oin falta: sakea egiten dagoen jokalariaren oinak zelaiko marra zapaltzen badu jaurtiketa egiten dagoen bitartean adierazten da.
  • Sarea ukitzea: jokalari batek, jokoa martxan dagoen bitartean, sarea ukitzen badu seinalatzen den falta.

Kirol jokabidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parte hartzaileek hondartzako boleiaren arauak ezagutu behar dituzte eta arau horiek bete. Horrez gain, kiroltasunez onartu behar dituzte epaileen erabakiak, eztabaidarik gabe.

Zalantzarik izanez gero, kapitainaren bidez bakarrik eska daiteke argibide bat. Parte-hartzaileek saihestu egin behar dituzte epaileen erabakietan eragiteko edo haien taldeek egindako hutsegiteak estaltzeko ekintzak edo jarrerak.

Parte-hartzaileek errespetuz eta adeitasunez jokatu behar dute joko garbiaren espirituan, ez bakarrik epaileekiko, baita gainerako ofizialekiko, aurkariekiko, taldekideekiko eta ikusleekiko ere.[8]

Hondartzako boleiaren entrenamenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondartzako boleiaren entrenamenduak edo beroketak, FIVBen hondartzako boleiaren ariketen eskuliburuaren arabera, lesioak izateko arriskua murrizteko eta joko-egoerak errazteko balio du.

Jokalariek baloiarekin trebeak izateaz gain, aire zabalean jokatzeko ezbeharren aurka borrokatzeko gai izan behar dute, hala nola, harearen, eguzkiaren eta haizearen ezegonkortasunaren aurka.[12]

Bereziki, hanka-erresistentzia eta oreka lantzen dira, gorputzak ohituta ez dauden ingurune batera egokitu behar baitu: harea, gehiago pisatzen eta mugikortasuna galtzen duen gainazal bat baita.

Hondartzako boleia ez da hain gogorra maila kardiobaskularrean, baina zati aerobikoa (jauzia, azkartasuna eta arintasuna) funtsezkoa da. Bikiak, ipurmasailak eta koadrizepsak trebatzen dira, kokorikatze (hankak flexionatzea) eta jauzien antzeko jarrera konstanteari esker.[12]

Hondartza-boleibola Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian ere, boleibola garrantzitsua izan da eta hazkundea bizi izan du, eta baita hondartza-boleiak ere. Txapelketa ugari egiten dira urtean zehar, bai gizonezkoen baita emakumezkoen kategorian ere. Gainera, adin araberako kategoriatan sailkatutakoak ere. Txapelketa gorena, Euskadi mailan, Euskadiko txapelketa da. Esan bezala, emakumezkoen eta gizonezkoen modalitatetan jokatzen da, eta baita adin tartetan sailkatuta ere. Honakoak dira kategoriak: azpi 17, azpi 19, azpi 21 eta kategoria absolutua. Lehiaketa hauetan, euskal autonomia erkidegoko klubek hartzen dute parte. Klub ugari daude gure lurraldean. Horietako batzuk: Berabera[13], Deusto Sistemas-Udapa, Fortuna Kirol Elkartea[14], Club Voleibol Sestao[15].

Espainia mailan ere hainbat txapelketa egiten dira, “Madison Beach Volley Tour” izeneko lehiaketa. Espainiako puntu desberdinetan egiten dira txapelketak, 2018ko programa hau izan zen: Espainiako Kopa, Melilla, Tarragona, Valentzia, Isla Canela, Laredo eta bukatzeko Espainiako txapelketa. [16]Tour honetan, estatuko bikoterik onenetarikoak aritzen dira lehian.

Aipatu bezala, Euskadiko txapelketan lurraldeko klub desberdinetako ordezkariak aritzen dira. Klub horietatik, Euskadiko ordezkariak aukeratzen dira eta Autonomia Erkidegoetako Estatuko Lehiaketara joaten dira. Hemen ere kategoria desberdinak daude.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Gaztelaniaz) UN POCO DE HISTORIA DEL VOLEY PLAYA | Beach Volley Tour. (Noiz kontsultatua: 2019-04-18).
  2. (Gaztelaniaz) «El voley playa femenino no son sólo chicas en bikini [2019»] Sunglasses Restorer 2018-02-23 (Noiz kontsultatua: 2019-04-18).
  3. a b c (Gaztelaniaz) «VÓLEY-PLAYA | Definición, origen, historia, características» Deportes (Noiz kontsultatua: 2023-04-21).
  4. a b c (Gaztelaniaz) Voleibol de playa. 2022-08-09 (Noiz kontsultatua: 2023-04-21).
  5. (Gaztelaniaz) «Diferencias entre voleibol y vóley playa ¿las conoces?» Blog DONDEPORTE.COM 2017-04-11 (Noiz kontsultatua: 2019-04-18).
  6. (Gaztelaniaz) elSuperHincha. (2016-06-01). «Vóley Playa: Reglas, Diferencias con Voleibol, Señas Arbitrales...» elSuperHincha (Noiz kontsultatua: 2023-04-21).
  7. a b (Ingelesez) Beach volleyball. 2023-04-13 (Noiz kontsultatua: 2023-04-21).
  8. a b c d e https://dgrentas.arca.gob.ar/olimpiadas/reglamentos/beach_voley.pdf
  9. (Gaztelaniaz) Redacción. (2018-03-09). «El voley playa femenino y su polémica vestimenta» Notas de prensa gratis (Noiz kontsultatua: 2023-04-21).
  10. (Gaztelaniaz) Peña, Marcos Méndez de la. (2016-08-12). «¿Por qué las jugadoras de voley playa usan bikini?» Diario AS (Noiz kontsultatua: 2023-04-21).
  11. «FIVB - Rules of the Game» www.fivb.org (Noiz kontsultatua: 2019-04-18).
  12. a b (Gaztelaniaz) «Reglas vóley playa: cancha, red, balón y equipamiento oficiales | AXA» AXA Health Keeper 2019-07-26 (Noiz kontsultatua: 2023-04-21).
  13. «Bera Bera - Voleibol» berabera.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-18).
  14. «VOLEIBOL - EMPIEZA LA TEMPORADA DE VOLEY PLAYA» www.cdfortunake.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-18).
  15. (Gaztelaniaz) «· CLUB VOLEIBOL SESTAO ·» voleisestao.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-18).
  16. «RFEVB - Madison Beach Volley Tour 2018» www.rfevb.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-18).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]