Hortense Machu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hortense Machu

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakHortense Aurore David
JaiotzaReims, 1835 (188/189 urte)
Herrialdea Frantzia
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
JarduerakCommunarda, artilleryman (en) Itzuli eta Kantinera

Hortense Aurore Machu, David ezkondutakoan, (Reims, 1836ko abuztuaren 28aParisko 20. barrutia, 1893ko martxoaren 30a) eskuila-fabrikatzailea zen, baina Parisko Komunan kantiniersa gisa jardun zuen. 1872ko apirilaren 16an, biziarteko bortxazko lanak egitera kondenatu zuten.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hortense Machuren gurasoak Catherine Josèphe Tiérot eta haren senar Isaac Joseph Machu ehulea izan ziren. Hortense Reimsen jaio zen 1836an.[1] 1854an, Jean Baptiste Alfred David eskuila-fabrikatzailearekin ezkondu zen,[2] eta harekin bi ume izan zituen.[3] 1871n, bikotea bananduta omen zegoen. David 1874an hil zen senar-emazteen etxean,[4] eta Sena Saint-Denis departamenduko Saint-Ouen-sur-Seine-ko hilerrian lurperatu zuten.[5]

Communarde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Machuk Parisko Komunan izan zuen parte hartzea arakatu daiteke, partzialki baino ez bada ere, Gerra Kontseiluen eta Indultuen Batzorde Nazionalaren txostenetan. 1871ko maiatzaren 22an, Aste odoltsuan, Paul Antoine Brunel komandanteak zuzendutako batailoi federatu batek Parisko Rue Royale kaleko eta Faubourg Saint-Honoré auzuneko barrikadak kanoiekin gotortu zituen.[6]

Communardek barrikaden defentsari eutsi zioten Versaillesko tropen aurka goizeko lauretatik hurrengo eguerdira arte. Emakumeak ere borrokatu ziren, batzuk marinelen edo guardia nazionalekoen uniformez jantzita, eta fusilez armatuta. Beste batzuek Genevako Hitzarmenaren ikurra zeramaten eskumuturrean eta zaurituak sendatzen zituzten.[6]

Atxilotzea eta epaiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Machu, beste bi emakumerekin batera, barrikadan bertan atxilotu zuten, eta pétroleuse-en kontrako bigarren prozesuan epaitu zuten. Prozesua 1872ko apirilaren 16an ireki zen, eta Tullerietako eta Rue Royale kaleko suteetan jarri zuen bere arreta osoa.[6]

Saint-Germain aldiriko pétroleuse-en epaiketa 4. gerra-kontseiluan.

Hortense Machuk, marinelez jantzita, kanoia apuntatu eta tiro egiten zuen Konkordia plazan, eta atseden hartzeko Itsas Ministerioaren gangen azpian babesten zen. Edith Thomas-en arabera, "bere burkideek Udaletxera eraman zuten garaile, eta bertan zorionak eman zizkioten bere abilezia eta kemenagatik".

Epaimahaiak alde batera utzi zuen Machuren aurkako sute-kargua[6], nahiz eta Maxime du Camp-ek salaketa bortitza egin zuen hiru emakume haien kontra, su emandako eraikinetan bakanal obszenoak egin izana egotzita[7]:

«Hiru eme maltzur horiek gizonak kitzikikatu eta bero-bero jartzen zituzten, guardak besarkatzen zituzten, eta agerian uzten zuten haien lizunkeria, egun handiaren beldur ez zena [...] Machu, Menand eta Vandeval, izerdi patsetan, arropa zarpailez jantzita, bularra agerian, gizonez gizon pasatzen ziren, batzuetan 'edan dezagun' oihukatzen».[8]

Paul Brunel (1830-1904)


Brunel komandante federatuak honela erantzun zion salaketari:

«Gure lerroetan gizatxar lotsagabeak, emakume ia biluziak eta elezaharretako Furien antzera bihotzak kitzikatu eta suteak eragiten zituzten 'Mesalina pétroleuse-ak' agertzea asmakizun hutsa da, aise azaldu daitekeena. Halako pertsonaiak ikusita, koadroa itsusitu egiten da, eta ikuslea bere onetik aterata, gelditzen da figura horiek gogoan ondo finkatuta, eta jakina, monarkia berrezartzeko prest».[7]

Espetxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala ere, Hortense Machu biziarteko bortxazko lanetara kondenatu zuten. Auberiveko kartzelako zuzendariak presoaren deskribapen esanguratsua egin zuen,[3] Du Camp idazle eta argazkilariak egindakoaren oso desberdina: «langile nekaezina da; izaeraz, ilauna; ikasle ona».[9] «Machu manaerraza da oso.[10] Horregatik, zoritxarreko emakume honek saminez deitoratzen du bere ahulezia, huraxe baita bere kondenaren arrazoia». Zuzendariak Machuren alde egin zuen, batez ere bi seme-alabengatik, bera alarguna baizen, eta behin eta berriz zigorra murrizteko eskaera egin zuen, baina alferrik.[11]

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1893an, 56 urte zituela, Tenon ospitalean hil zen. Garai hartan, Parisko Panoyaux kaleko 5. zenbakian bizi zen, eta, gaztetan bezala, eskuila-fabrikatzaile gisa ateratzen zuen bizimodua. Hil eta hiru egunera, Pantingo hilerrian lurperatu zuten.[12]

Esker ona[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ludivine Bantignyk, 2021 urtean, Hortense Machu omendu zuen La Commune au présent: une correspondance par-delà le temps liburuan.[13]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Hortense Machu» artikulutik itzulia izan da, 2022-09-04 data duen 196684772 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2022-09-04 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. Jaiotza-agiria, 948. zk., 1836ko abuztuaren 29a. Reims, Itsas Armadaren artxiboak.
  2. Ezkontza-agiria, 26. zk., 1854ko urtarrilaren 30a. Reims, Itsas Armadaren artxiboak.
  3. a b (Frantsesez) MACHU Hortense, Aurore [veuve DAVID. ] Maitron/Editions de l'Atelier 2021-05-06 (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
  4. Heriotza-agiria, 1653. zki., 1874ko irailaren18. Paris, 19. barrutia,  Parisko artxibategiak.
  5. Egunez eguneko lurperatze-erregistroa, 1874ko irailaren 19a, Parisko Saint-Ouen hilerria, Parisko Artxiboa.
  6. a b c d Thomas, 2021. 247. or.
  7. a b Thomas, 2021. 246. or.
  8. Camp, Maxime Du. (1878). «Le Ministère de la marine pendant la Commune. 263. or.» Revue des Deux Mondes: 241–280. (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
  9. Thomas, 2021. 251. or.
  10. MACHU (veuve) Hortense, Aurore, née David - Maitron. 2009.
  11. Thomas, 2021. 252. or.
  12. Egunez eguneko lurperatze-erregistroa, 1893ko apirilaren 2a, Parisko Saint-Ouen hilerria, Parisko Artxiboa.
  13. Bantigny, 2021. 269-271. or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Frantsesez) Thomas, Édith. (2021). Les « Pétroleuses ». in: Folio Histoire. Paris: Gallimard, 394 or. ISBN 978-2-348-06669-6..
  • (Frantsesez) Bantigny, Ludivine. (2021). La Commune au présent : une correspondance par-delà le temps. Paris: La Découverte, 220 or. ISBN 978-2-348-06669-6..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]