Hugo van der Goes

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Andre Mariaren heriotza, 1475, Groeningemuseum, Brujas

Hugo van der Goes (Gante, 1440 aldean - Auderghem, Brusela inguruan, 1482) primitibo flandestar margolaria eta miniatura egilea izan zen. Tommaso Portinarik eskatu zion Jaiotzaren triptikoa obrak eragin handia izan zuen Florentziako margolariengan. Beste Artzainen adorazio bat eta Andre Mariaren heriotza egin zituen; jarreren eta izaeren adierazpen sakona egin zuen lan haietan.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hugo van der Goes Ganten jaio zen ziur aski. Ez da ezagutzen prestakuntza eta heziketa lanak zein lantegitan egin zituen. Joos van Wassenhoverekin batera hainbat lan egin zuen, eta, besteak beste, zeremonia berezietarako hiriak apaintzen aritu ziren elkarrekin: Ganteko jai liturgikoetan (1468-1469; 1472-1473), Brujasen Karlos Izukaitzaren eta Margarita Yorkekoaren ezkontzan, eta beste hainbatetan.

1467an pintoreen elkarteko maisu hartu zuten, eta elkarteko dekano hautatu zuten behin baino gehiagotan. Handik urtebetera, lantegia utzi eta San Agustinen erregelapeko kalonjeen Rode Klooster komentuko anai bihurtu zen (Bruselatik hurbil). Komentuan bizi izan zen bitartean, nerbioetako gorabeherak izan bazituen ere, bere lanbidearekin jarraitzeko aukera izan zuen; zenbait daturen arabera, Austriako enperadore izango zena ere bisitan joan omen zitzaion komentura. Bere garaiko pintore ospetsuenetako bat izan zen, eta hala iraun zuen XVI. mendea arte; gero haren ospea lausotu egin zen XIX. mendea arte, eta XX. mendean, berriz, XV. mendeko bigarren erdialdeko flandriar pintore nagusitzat hartua izan zen.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portinari triptikoa, 1476-1478, Uffizi Galeria, Florentzia

Van der Goesen lan nagusia Jaiotzaren triptikoa da (Uffizi Galeria, Florentzia), Tommaso Portinari florentziarraren enkarguz egin zuena. Mende horretan margotu zen lan nagusietako bat izan zen. Van der Goesen handitasuna erakusten duten beste lan batzuk dira Adan eta Eva (Kunsthistorisches Museum, Viena), Artzaien adorazioa (Gemäldegalerie, Berlin) eta Andre Mariaren heriotza (Groeningemuseum, Brujas).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hugo van der Goes Aldatu lotura Wikidatan