Edukira joan

Hugueninia tanacetifolia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hugueninia tanacetifolia
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaBrassicales
FamiliaBrassicaceae
LeinuaDescurainieae
GeneroaDescurainia
Espeziea Descurainia tanacetifolia
[[|]]

Hugueninia tanacetifolia kruziferoen familiako landare belarkara da. Europako mendikateetao altuera handietan du jatorria, Kantauriar mendikatean, Piriniotan eta Alpeetan bizi da.[1] Populazio bakarra dugu Euskal Herrian eta espezie kaltebera kontsideraturik dago.

Ludwig Reichenbach botanikari alemaniarrak deskribatu zuen Zientziarako 1832an Flora Germanica Excursoria liburuan.[2]

Generoaren Higueninia izena XIX. mendeko Auguste Huguenin botanikari frantsesaren omenez ezarri zen. Espeziearen tanacetifolia izenak adierazten du mota-belar (Tanacetum) landareen antzeko hostoak dituela. Generoaren espezie monotipikoa da.

Bi azpiespezie ditu:[1]

  • Hugueninia tanacetifolia subsp. tanacetifolia - Alpeetan
  • Hugueninia tanacetifolia subsp. suffruticosa - Kantauri eta Piriniotan

Autore batzuek Descurainia (Webb & Berthel) generoan sartzen dute eta Descurainia tanacetifolia izendatzen dute.[3]

Hugueninia tanacetifolia.

Landarearen oin lodi batetatik 120 cm altuera har dezaketen zurtoin ugari ateratzen dira. Zurtoian zuzenak eta zilindrikoak dira, kolore grisaxka dutenak.[4]

Hostoak pinatisektatuak dira, 12 segmentu pare dituztenak eta ertza nahikoa zerradunak. Goiko aldeko hostoak txandakatuak izaten dira.[4]

Lore multzoak zurtoinen muturretan kokatzen dira korinbo itxuran. Lore bakoitzak pedizelo luzea du eta oinean ez du braktearik[5]. Kruziferoak direnez lau sepalo berde eta lau petalo hori bizi dituzte. Petaloek 4 mm luze eta 1,5 mm zabal dira. Sei estamine dituzte, haietatik bi laburragoak, eta pistilo bakarra.[4]

Leka itxurako fruituak sortzen ditu, 15 mm lize eta 1 mm zabal direnak, eta bost hazi gordetzen ditu leka bakoitzak.[4] Fruitu lehorren taldekoak dira. Ia 2 mm-ko luzera duten hazi marroiak dira[6]

Mendialdeko landare espeziea da, 800 metrotik gora agertzen dena[4]. Harkaitzan oinetan eta errekatxoen ertzetan agertzen da, lur freskoetan eta nitrogeno pixkat duten lurzoruetan,[7] hau da, materia organikoa pilatzen den tokietan.[4]

Euskal Herrian Aizkorri mendian soilik aurkitzen da.[5] Piriniotan Benasqueko haranean inguruan soilik aurkitzen da.[7]

Ugalketa eta bizi-zikloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare bizikorra da. Ekaina eta abuztua artean loratzen da.[4] Fruituak urrirako heltzen dira[7] eta leka luzetara bitan zabalduz askatzen dira haziak.

Aizkorriko populazio bakar hori Kantauri mendikatearen eta Pirinioen arteko populazio isolatu bakarra da[1]. Horregatik "kaltebera" zerrendan kokaturik dago.[5]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 «Sistema de Información de la Naturaleza de Euskadi» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-01-05).
  2. «Tropicos» www.tropicos.org (kontsulta data: 2025-01-05).
  3. «Hugueninia information from NPGS/GRIN» web.archive.org 2015-09-24 (kontsulta data: 2025-01-05).
  4. 1 2 3 4 5 6 7 (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Hugueninia tanacetifolia subsp. suffruticosa (H.J. Coste & Soulié) P.W. Ball» Naturaleza y turismo (kontsulta data: 2025-01-05).
  5. 1 2 3 Pedro Mª Uribe-Echebarria, Iñaki Zorrakin, Juan Antonio Campos, Ángel Domínguez. (2006). Euskal Autonomia Erkidegoko Flora Baskular Mehatxatua. Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila, 90 or..
  6. «Herbari BCN de la UB | CeDocBiv» www.ub.edu (kontsulta data: 2025-01-05).
  7. 1 2 3 Herbario de Jaca - Hugueninia tanacetifolia (L.) Rchb. - subsp. suffruticosa(Coste & Soulié) P.W. Ball. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]