Edukira joan

III motako hipersentiberatasun

Wikipedia, Entziklopedia askea
III motako hipersentiberatasun
Deskribapena
Motamyeloid leukocyte mediated immunity (en) Itzuli, immunoglobulin mediated immune response (en) Itzuli
hipersentsibilitatea
EspezialitateaImmunologia
Identifikatzaileak
MeSHD007105
Disease Ontology IDDOID:1557

III motako hipersentiberatasuna antigenoek eta antigorputzek osatutako konplexu immuneak gorputzeko ehunetan eta organoetan pilatzen direnean agertzen den hipersentiberatasun mota bat da. Organoetan pilatutako konplexu immune horiek hainbat gaixotasun autoimmuneren atzean daude.

II motako hipersentiberatasunaren antzera, III motako hipersentiberatasunean pertsona baten antigorputzak (Ig-G eta IG-M, eskuarki) antigeno propioekin erreakzionatzen dute (autoimmunitatea). Baina III motako hipersentiberatasun erreakzioetan antigeno propio horiek ez daude zelula edo ehun bati atxikituta, odolean baizik [1]. Ondorioz, antigorputzei lotzerakoan, disolbagarriak diren eta odolean aske eta mugikorrak diren konplexu immuneak sortzen dira, geroago ehunetara zuzendu eta bertan pilatuko direnak.

Immunokonplexuak ehunetan pilatzen direnean hanturazko prozesu bat abiatzen da, bi arrazoiengatik: alde batetik, immunokonplexuek konplementua aktibatzen dute, eta bestetik opsonizazioa ere eragiten dute. Hantura ez ezik, ehun-kaltea ere sortzen da, gaitz autoimmuneen ohiko bi sintomak.

Eskuarki immunitate-sistemaren fagozitoek konplexu immuneak desegiten dituzte. Baina antigeno-antigorputzen arteko proportzioetan ez-ohiko kopuruak daudenean (hainbat patologia autoimmuneren kasuan), konplexu horiek ehunetan pilatzen dira eta hor konplementuaren aktibazioa eragiten dute, eta fagozitoak erakarri. Hori da prozesu patologikoaren abiapuntua.

Hipersentiberatasun honi lotutako hainbat gaitz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lupus eritematosoa da III motako hipersentiberatasun erreakzioek sortzen duten gaixotasun autoimmuneetako bat. Gaitz honetan, immunitate-sistemak gorputzeko hainbat osagairen aurkako antigorputzak (autoantigorputzak) sortzen ditu kopuru handian (ANA izenekoak, adbidez), odolean dauden antigenoekin konbinatzen direnak eta konplexu immune ugari sortzen dituztenak [2]. Immunokonplexu horiek, odolean daudenak, toki askotan pila daitezke, batez ere odolez oso irrigatuta dauden ehunetan (giltzurrunetan, larruazalean, artikulazioetan...), Gero, konplementua eta fagozitoak aktibatzen dituzte, hanturazko prozesu kronikoa abiatuz, ehunak eta organoak kaltetzen dituena.

Artritis erreumatoidea da immunokonplexuek sortzen duen beste patologia autoimmune bat. Kasu honetan, G immunoglobulinaren aurkako autoantigorputzak ekoizten ditu immunitate-sistemak. Sortzen diren Ag-Ac konplexuak artikulazioetako ehunetan biltzen dira, hantura eraginez eta kartilagoa kaltetuz.

Kanpoko antigeno batzuek ere III motako hipersentiberatasuna piztu dezakete. Hori gertatzen da serumaren gaixotasunarekin. Terapia batean animalia baten seruma jasotzean (seroterapiaren mota bat) serumaren gaixotasuna ager daiteke, hartzaileak serum horren proteinen aurkako antigorputzak sortzen dituenean

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Ingraham, J., Ingraham, C.: Introducción a la microbiología Vol. II, Ed. Reverté (1998), 434 orr. ISBN: 84-291-1871-3
  2. ↑ Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua: 846 orr. ISBN: 978-84-9860-026-1.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]