Idazketaren historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
idazkera sistemak
Bilakaerak

Gaur egun, 6.000 hizkuntza inguru dago munduan eta 19 idazkera sistema. Idazketak markatzen du Historiaurrea eta Historiaren arteko muga. Zibilizazio garatuenek idatzizko kultura oso garatua izan dute. [1] Historialariek diotenez, duela 300.000 edo 200.000 urte inguru, Homo erectusak hitz egiten zuen eta lehen saiakera grafikoak duela 30.000 urte hasi ziren labar-artearekin. Gero, 20.000 eta 6.500 urte bitartean sortu zen protoidazkera -marrak hezurretan, mueskak makiletan eta abar - zenbakitzeko beharragatik. Lehenengo hizkuntza keinuen bidezkoa izan zen, -batez ere eskuaren keinuen bidezkoa- eta lehenengo piktogramak keinuen transposizio grafikoak. Antzinako sinbolo mnemonikoak erabili zituzten informazioa transmititzeko. Azkenik etorri ziren mintzatutakoak adierazteko zeinuak.[2] [3]

Protoidazkeratik alfabetora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinera K.a 900
Silabarioa-Afrika
Rosetta Harria
Idazkera kuneiformea
Alfabeto feniziarra
Kretako alfabetoa
Latindar alfabetoa

Protoidazkera K.a. III. milurtekoaren hasieran Eurasian sortu ziren idazketaren lehen saiakerei dagokie. Ezin dira idazkera gisa sailkatu, baina idazkera gogorarazten duten ezaugarri asko dituzte. Sistema horiek Neolitoaren hasieran sortu ziren, K.a. VII. milurtekoan, Goi Paleolitoan.[4] Lehendabiziko idazketa sistemak logografikoak izan ziren: piktogramak edo ideogramak. Ikur grafiko bakoitzak objektu edo ideia bat adierazten zuen. Idazketa sistema horrek ez zuen balio pentsamendu konplexuak irudikatzeko. Hurrengo fase batean fonetizazio fenomenoa hasi zen: ikurrek soinuak adierazten zituzten eta silaba soinu bakoitzarentzat irudi bat marrazten zen: silabarioa zen horien bilduma. Azkenik, alfabetoa etorri zen: kontsonante eta bokal bakoitza adierazteko ikurrak definitu eta elkarren artean konbinatuta fonema posible guztiak sortzen ziren.[1]

Izan ere, K.a. 3100. urtean, Uruk hirian, -Mesopotamiaren hegoaldean- topatu zen idazkera kuneiformea, kanabera zorrotzarekin egina. Idazketa asmatu eta 1.500 urte ingurura, sumertarrek 2.000 hitz sinbolo inguru lortu zituzten, eta sinbolo horiek, era berean, sinbolo abstraktu bihurtu ziren, batzuetan silaba-soinuak adierazten zituztenak.[2] Sumertarrek esportazio-produktuen izenak idazten zituzten paketetan itsatsitako buztinezko etiketa edo karteletan; erabiltzen zuten idazkera kuneiformea objektuei, pertsonei, ideiei eta abarri dagozkien ikurrez osatuta zegoen. Bidaltzaileen eta hartzaileen izenak idazteko beharrak haien idazketa-sistema gehiago garatzera eraman zituen, izen berezi horiek irudikatzeko modu bat asmatzera, ordura arte pertsona, gizon eta emakume terminoak adierazteko zeinu bakarra baitzuten. Pertsona baten izena ahoskatzean emititzen ziren soinuen multzoa transkribatzea erabaki zen. Horrek erakusten du egungo sistema fonetikoaren idazketa-sistemen izaera soziala.[3] Sumeriera K.a. 2000. urtean hilda zegoen, baina idazkera kuneiformea orokortu egin zen: akadioek, asiriarrek hartu zuten, gero siriarrek, pertsiarrek eta palestinarrek. Sistema horrek oinarriak ezarri zituen gero lehen alfabetoa agertzeko.[2]

Feniziarrek, idazkera silabikoarekin, alfabetoaren garapenean urrats garrantzitsua eman zuen. Era berean, haiek zeinu akrofonikoak hasi zituzten, hau da, hitzaren lehen soinua mantendu zuten. Eta idazteko estiloa eskuinetik ezkerrera erabili zuten. Feniziar alfabetoaren bi aldaerek eragin nabarmena izan dute idazketaren historian: arameo alfabetoa eta alfabeto grekoa. K.a. VIII. mendean, grekoek jadanik hartu zuten feniziar alfabetoa, eta beren hizkuntzara egokitu zuten; horrela sortu zuten lehenengo alfabetoa, non bokalek kontsonanteen garrantzi bera zuten. Bestalde, Arameo alfabetoak Asiako ialfabeto modernoen arbasoa da: hebrear alfabeto modernoa arameo alfabetoaren aldaera lokal gisa sortu zen, arabiar alfabetoa arameotik eratorritako nabateo alfabetotik, asiriar alfabetotik ere Asiako iparraldeko alfabetoak sortu ziren, mongoliera eta mantxuera bezala. Jatorri ezezaguneko georgiar alfabetoa baina badirudi aramear familia persiarraren parte dela. Arameo alfabetoa Indiako brahmi alfabetoen balizko arbasoa izanik, erlijio hindu eta budistarekin batera Tibet, Mongolia, Indotxina eta Malaysiako artxipelagora hedatu ziren. [5]

Alfabeto ezberdinak berrikusi eta alderatuta, hainbat ondorio: zeinuen formak garapen bat dute etapa ikonikotik etapa linealera, itxuran irudi biribiletatik angeluarretara, garapenean, oro har, zeinuak sinplifikatzeko eta estilizatzeko prozesuari jarraitu dute. Eskrituren abiapuntuan, zeinuak gutxi gorabehera 90º biratuz joan dira atzealderantz. Fenomeno hori papiroaren periodoan azalduko litzateke, zaila baita landare-hostoaren zainak gurutzatzea, eta, gero, mantendu egin da, zeinuak leku txikiagoan biltzeko erraztasunagatik, bertikalki. Nolabaiteko paralelotasuna hautematen da umeen idazketa eta zibilizazioek jarraitutako prozesuaren artean.[3]

Lehen agerpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerketen arabera, idazkeraren hasieraz aritzean data hauek erabiltzen dira: Mesopotamian K.a. 3100, Egipton K.a. 3100-3000, Kretan K.a.1750, Txinan K.a. 1200, Erdialdeko Amerikan K.a. 900. Kronologia horren idazkera Mesopotamiatik beste kultura batzuetara hedatu zen.

Egipton[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sumeriar idazkeran inspiratuta, egiptoarrek K.a. 3000. urtean haren grafia eskematikoagoa eta abstraktuagoa bihurtu zuten. Idazkera hieroglifikoak determinatzaileak erabiltzen zituen: soinu bakar bat adierazten duten bi edo hiru marrazkik esanahi desberdina hartzen dute beste sinbolo bat eransten zaienean. Idazkera hieroglifikoak 7.000 zeinu desberdin izan zituen, eta 3.500 urtean garatu zen.[2][6]

Indus haranean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 2300. urtean, Indus ibaiaren inguruan bizi zen zibilizazioak sumeriar grafiaz bestelako bat garatu zuen. Papiroetan, hezurretan, brontzean eta kobrean aurkitutako idazkera India eta Pakistango iparraldean oraindik hitz egiten den dialekto arkaiko bat izan liteke. 425 zeinu-kopurukoa handia da alfabetoa izateko, eta oso txikia silabario fonetikoa izateko. Silaba bakarreko hitzak direla uste da.[2]

Txinan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkeologoek diotenez, Txinan aurkitutako 8.600 urteko dortoka-oskoletan zizelkatutako kartelak izan daitezke lehen hitz idatziak.[7] Beste batzuk diote idazkera hori mendebaldeko Asiarekin izandako harremanetatik etortzerik badela. Bi zibilizazioak bereizten dituen Himalaian zehar 7.000 kilometro baino gehiago egoteak lotura zailtzen du. Gaur egungo txinera, milaka zeinurekin —2.500 zeinutik 50.000 baino gehiagora— idazketa-modurik zaharrena da.[2]

Erdialdeko Amerikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazkerarik zaharrena olmekera da, Mexikoko Golkoan Veracruz eskualdean izan zen zibilizazioarena. Eskritura honen lehen aztarna K.a. 900. urtearen inguruan datatu da; hau da, Yucatán eskualdean maien idazkera hieroglifikoa agertu baino milurteko bat lehenago. Olmeka lagin hau oso txikia den arren eta idazkera deszifratu gabe dagoen arren, Amerikako lehen idazketa-sistema osotzat hartzen da.[5]

Idazketa euskarrien bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harriz egindako idazketa erabiltzen zen gertaera garrantzitsuren bat ospatzeko edo erritu jakin batzuetarako. K. a. 15.000-8.000 bitartekoak dira petroglifoak, harriz grabatu ziren irudikapen grafiko geometrikoak, idazketa-sinboloen aurrekaririk hurbilena.

Hilarriak tamaina desberdinetako harri zilindriko edo laukizuzenak ziren, eta haietan boto- edo hilobi-testuak, ikurrak eta irudiak zizelkatzen ziren. Ezagutzen diren zaharrenak K.a. 3.000 ingurukoak dira. Hilarri famatuenen artean daude Hammurabiren Kodea eta Rosetta harria.[8]

Zura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroan asko erabili zen idazteko euskarri gisa. Taula-forma handiagoa edo txikiagoa ematen zitzaion, eta, taula horretan idazkirik sartzen ez bazen, burdin harien edo banda-harien bidez elkartzen ziren batzuk, eta, hala, koadernotxo bat osatzen zuten. Diptikoak, triptikoak, poliptikoak oholtxoen kopurua adierazten dute. Taulen erabilera oso orokorra izan zen: ohar pribatuak, kontabilitatekoak, eskola-idazkiak, administrazio publikoaren idazkiak, testamentuak eta notario-tresna publikoak. Hebrearrek, egiptoarrek, grekoek eta erromatarrek erabili zituzten II. mendera arte; gero, papiroa eta pergaminoa hedatu ziren, baina ez zioten erabiltzeari utzi, batez ere Erdi Aroan (XIII. eta XIV. mendeak).[8]

Buztina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarri zaharrenetako bat da eta idazkera kuneiformearekin gehien erabilitakoa. Plaka mehe batzuk egiten ziren, eta horien gainean idazten zen heze eta bigun zeuden bitartean, egurrezko edo metalezko puntzoiak erabiliz. Ondoren, lehortzen uzten ziren, eta biltegiratu edo artxibatu egiten ziren. Eragozpen nagusiak pisua eta, batez ere, hauskortasuna ziren. Hori dela eta, iraunkorragoak eta garraiatzeko zein erabiltzeko errazagoak ziren beste euskarri batzuk bilatu behar izan zituzten.[8]

Metala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irulegiko eskua brontzean idatzia dago.

Euskarri grafikoetan gutxien erabiltzen dena da, erauzi eta gero eraldatu behar den lehengaia delako. Oro har, brontzea eta beruna baino ez ziren erabili, gainerako metalak baino bigunagoak direlako, metalezko punta batekin landuak izateko aukera zein prestatzen ziren xafletan idazketa irudikatzeko aukera ematen zutelako. Batez ere mundu erromatarrean erabili zen, euskarri horretan idazten ziren testuek denbora luzez iraun zezaten, hondamenarekiko erresistentzia handia baitzuten. [8]

Papiroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. VII. mendetik aurrera, gehien erabili zen euskarria izan zen, Egiptotik zabaldu zen Greziara eta Erromara eta Erdi Arora arte erabili zen, bai kodexak bai dokumentuak idazteko.[8] Biblos feniziar hiriak alfabetoa eta idatzi ahal izateko papiroa zabaldu zituen. Greziarrak idatzita zeuden papiro biribilkiei biblos (liburuak) deitzen hasi ziren. Hau dela eta deitu zitzaion "Biblia" juduen eta kristauen liburua sakratuari.[9]

Pergaminoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Papiroa ordezkatu zuen idazketa-euskarri gisa; Abantaila handiak eskaintzen zituen, ez baitzen landu behar, ugariagoa zen, askoz gehiago irauten zuen, orriak askoz hobeto aprobetxatzen ziren, oso egokia baitzen bi aldeetatik idazteko eta, batez ere, merkeagoa zelako. Animalia-larruak erabiltzen ziren gehien, ahuntz-larruak, arkume-larruak eta txahal-larruak. Obren kopiak gorakada nabarmena izan zuenean (Erdi Aroan, batez ere VIII. mendetik X.era), pergaminoa urritzen hasi zen eta idatziak zeudenak ezabatzen hasi ziren, beste lan batzuk kopiatzeko berrerabiltzeko: palinpsesto kodexak dira.[8]

Papera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fabrikazio-produktua denez, abantaila gehiago ditu, eta egokiagoa da idazketaren euskarri gisa. Papera egiteko artea oso antzinatik ezagutzen zuten txinatarrek. VII. mendean Korean eta Japonian ere ezagutzen zuten. Txinatarrengandik ikasi eta zabaldu zuten arte hau arabiarrek. Inprenta agertu zenean, inprimatutako liburua kaleratu zen, eskuz egiten zituzten kopia urriak baino askoz merkeagoak. Paperean idatzitako kodize eta dokumentu zaharrenak XII. mendekoak dira. Azkenik, XIX. mendearen hasieran, papera makinen bidez egiten hasi ziren (Frantzian 1811n eta Alemanian 1819an).[8]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) «idazkera eta idatzitakoa - Ministerio de Educación, Cultura y Deporte» studylib.es (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  2. a b c d e f (Gaztelaniaz) «¿Cuál es el origen de la escritura?» XLSemanal 2017-08-10 (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  3. a b c (Gaztelaniaz) García, Jesús Ruiz; Gimeno, María Pilar Baño; Marcos, Francisco Secadas. (1985). «Evolución histórica de la escritura» Historia de la Educación 4 ISSN 2386-3846. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  4. «Protoidazkera» Google Arts & Culture (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  5. a b (Gaztelaniaz) Santos, Por Alberto Gómez. (2021-07-08). Origen de la escritura y el alfabeto - Recreación de la historia. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  6. «BBC News | Sci/Tech | Were Egyptians the first scribes?» news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  7. (Ingelesez) 'Earliest writing' found in China. 2003-04-17 (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  8. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Llorente, Miguel Angel Robles. (2015). La escritura y la firma manuscrita como elementos coadyuvantes de la seguridad documental. Universitat Autònoma de Barcelona (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
  9. «Israel eta Fenizia - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).

Gehiago irakurtzeko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XXI. mendekoak
XX. mendeko bukaerakoak
XX. mendeko hasierakoak

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]