Ideograma

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ideograma: "Lurra"

Ideograma zeinu eskematiko ez linguistiko bat da eta orokorrean, mezu edo kontzeptu sinpleak helarazteko erabiltzen dira, adibidez: errepideetako seinaleak, sinbolo matematikoak... Ideogramen oinarrizko ezaugarriak unibertsaltasuna, ekonomikotasuna eta ulertzeko azkartasuna dira. Horrenbestez, erabilera zabala dute zeinu hauek.

Ideograma kontzeptuak azaldu nahi den ideia zuzenean irudikatzen du zeinu bidez, hitzak transkribatzeko edota esaldiak azaltzeko inolako beharrik gabe. Hizkuntza jakin batzuetako idazkeran, ideogramak hitz edo lexemen sinbolo dira; baina ez du honen silaba edo fonema bakoitza deskribatzen, logogramak liratekeelako bestela. Horrenbestez, adibide gisa herrialde txinatarra jarri daiteke,[1] izan ere, hauek txinatar zaharrean idatzitako testu ideogramikoak irakurtzeko gai dira, nahiz eta ez jakin garai hartan nola ahoskatzen ziren hitz horiek.

Nahiz eta askotan kontzeptuak nahasten diren, piktograma eta ideograma ez dira gauza bera. Ideogramak ez du ikono izaerarik, piktogramak baino zeinu garatuagoak eta eskematikoagoak azaltzen dituelako mezuak.

Idazkera sistema hau erabiltzen da adibidez nsibidi sisteman (Nigeriako idazkera alternatiba ospetsua) eta idazkera sistema txinatar eta japoniarretan. Horrez gain, antzinako hizkuntza batzuetako (Egipto eta Maiak) idazkera hieroglifikoetan ere erabili izan dira.

Gaur egun, aldiz, ideogramak garrantzi handia dute Japonia bezalako herrialdeetan. 1995a geroztik urtero, lehiaketa nazional bat antolatzen da urteko kanji (ideograma japoniarra) ezagunena edo erabiliena identifikatzeko. 2011n, Kizuna ('lotura' gisa ulertua) izan zen ideograma bozkatuena eta honen atzetik sai ('zorigaitz'), shin ('lurrikara'), nami ('olatu') eta jo ('laguntza') izan ziren bozkatuenak. 2010ean, aldiz, herrialde asiarrak jasandako bero olatuaren ondorioz, kanji irabazlea sho ('bero') ideograma izan zen.

Munduko beste herrialde guztietan ideogramak arrazoi artistikoak direla eta erabiltzen dira, dekorazio objektuak edertzeko edo tatuaje diseinuetarako adibidez.

Oinarrizko ideograma idazkerak oso arraroak direnez, ideiak edo kontzeptuak zuzenean irudikatzen ez dituzten beste logograma batzuekin nahasten dira. Ideograma batzuetan erabiltzen diren idazkerak, adibidez hieroglifiko egiptoarrak, sumeriarrak edo txinatarrak, zeinu berdinak erabiltzen hasi ziren semantikoki berdinak diren ideiak edo soinu antzekoak dituzten hitzak irudikatzeko, baina kasu zailagoetarako kontzeptu desberdinen piktograma errealistak erabiltzen ziren. Ondorioz, ideograma puruak desagertuz joan ziren, hainbat idazkeraren garapena dela eta. Ideogramak piktogramen nahasketaren bitartez osatzen dira eta ideia baten irudikapen grafikoa egiteko karaktereak erabiltzen dira. Sinbolo mota hauek oso lotuta daude historikoki, nahiz eta ideogramak beranduago sortu ziren.

Idazkera jakin batzuetan, txinatarra, japoniarra, nahuatl klasikoa edo nsibidi kasu, sinbolo jakin batzuek irudikatzen dituzte hitzak edo ideiak bere osotasunean. Adibidez, txinatarren idazkeran, 人 (rén txinatar mandarineran) zeinuak pertsona irudikatzen du, oinez doan pertsona baten eskematizazio gisa ulertzen baita. Hau oinarri hartuta, 囚 (qiú) ideogramak "preso" hitza irudikatzen du, pertsona karratu baten barruan baitago. Hizkuntza beraren adibide dira 木 (), zuhaitza irudikatzen duena, zuhaitz itsura duelako, edo 林 (lín) basoa irudikatzen duena, bi zuhaitz izango liratekelako aurrez aipatutako irizpideak jarraituz.

Mezu garatuagoak eta konplexuagoak sortzeko diagrama deritzen nahasketak egiten dira. Hala ere, diagrama logogramekin nahastuz gero, edo interaktiboa bilakatuz gero baliabide elektronikoen bitartez, infografia izena hartuko luke.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]