Ignazio Loiolakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ignazio Loiolakoa
Ignazio Loiolakoa
Datu pertsonalak
Izen osoa Eneko Lopez Loiolakoa
Jaio 1491ko abenduaren 24a
Loiola, Azpeitia (Gipuzkoa)
Hil 1556ko uztailaren 31
Erroma (Aita Santuen Lurraldea)

Ignazio Lopez Loiolakoa, katolikoen artean San Ignazio Loiolakoa deitua[1][2], (Loiola, Azpeitia, Gipuzkoa, 1491ko abenduaren 24aErroma, Aita Santuen Lurraldea, 1556ko uztailaren 31) militar eta erlijioso euskalduna izan zen, San Frantzisko Xabierkoa nafarrarekin batera Jesusen Konpainiaren sortzailea. Gaztaroan Gaztelako erregeen zerbitzura izan zen, erresumako kontulari baten morroi lehenbizi eta gudari ondoren. 1521eko maiatzean larri zauritu Iruñeko guduan, Gaztelako armadaren zerbitzura nafar eta frantses indarren aurka borrokan ari zela, egun Iruñeko San Ignazio basilika dagoen lekuan bertan. Sendatzeko garaian erlijio testuak irakurtzen hasi zen, eta konbertsio erlijioso sakona bizi izan zuen. Erromarako erromesaldiari ekin zion, Montserraten bere bizitzaren aitortza sakon eta erabatekoa egin zuen. Ondoren handik gertu zegoen Manresako kobazulo batera erretiratu eta bizimodu aszetikoa eraman zuen ia urtebetez, non Gogo-jardunak idatzi zituen. Erromara helduta, Jerusalemera joan zen. Handik itzuli eta Alcalá de Henares, Bartzelona eta Parisko unibertsitateetan ikasi zuen. Han, San Frantzisko Xabierkoarekin Jesusen Konpainia sortu zuen. Aita Sainduaren agindutara jarri eta Kontrarreformaren protagonista bilakatu zen ordena erlijioso berria. 1609an beatifikatu eta 1622an santu izendatu zuten. Gipuzkoa eta Bizkaiko zaindaria da. Azpeitian, Loiolako Santutegia dago haren omenez, XVII. mendean eraikia.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltzaindia euskara baturako emandako 66. arauari (Santutegiko izen ohikoenak) jarraikiz, Ignazio da santuaren izena euskara jasoan, eta ez Inazio edo Iñaxio. Gipuzkera herrikoian erabiltzen dira azken bi forma horiek; herri-mintzairako dialektalismoak dira.

Sortzez, Eneko[3] Lopez Loiolakoa zuen izena. Garai hartan ohikoa zen izenak hizkuntza batetik bestera itzultzea, eta euskarazko Eneko izenaren ordain gisa gaztelaniaz Iñigo erabiltzen zen. Latinez idaztean, ordea, Enecus forma baliatu zuen hasieran; eta, aurrerago, latinezko forma ustez jatorrago bat hartu zuen, Ignatius, funtsean Eneko izen bera zela pentsatuta.[4][5] Hortik dator Ignazio. Deiturari dagokionez, Lopez Rekaldeko dela ageri da Jesusen Lagundiko zenbait dokumentutan, kopista baten erruz dirudienez. Berak, ordea, bizitza osoan Lopez Loiolako deitura erabili zuen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Loiolako leinua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Ignazio Loiolakoa margolana, Elias Salaberriak egina.

Ignazio Loiolakoa Azpeitiako Loiolako leinuaren baitan jaio zen. Gipuzkoako familia boreretsua zen, hango oinetxearen eta dorretxearen jabeak, Gaztelako Erresumaren alde egin zuten oinaztaren bandoko ahaide nagusien aldekoak, ganboatarren aurka. Gaztelako Erresumako erregeen arma-zerbitzura izan ziren, behin baino gehiagotan Nafarroako Erresumako monarken aurka, eta Goi Erdi Aro garaian zehar herrialdea suntsitu zuten Bandoen Gerretan parte hartu zuten. Ildo horretan, Gil Lopez Oñazkoa eta Juan Perez Loiolak bere bost anaiekin batera 1321ko Beotibarko guduan izan zuten egitekoa nabarmentzen da; hain zuzen, une horretatik aurrera Gaztelako Erresumaren alde jarri zen Ignazio Loiolakoaren familia. Haien oinordekoak, Beltran Ibañez Loiolakoak Andaluziako mairuen aurkako muga-borroketan parte hartu zuen. 1457an Ignazioren aitona Juan Perez Loiolakoa Gipuzkoako udalerrien anaitasunaren aurka altxatzeagatik mairuen mugetara erbesteratu zuen Henrike IV.a Gaztelakoak, eta errege haren aginduz Loiolako dorre handi trinkoa eraitsi zen.

Ignazio gaztea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beltran Ibañez Oinazko eta Marina Saenz Likonako izan zituen guraso. Ignazio hamahiru anai-arrebetan –zortzi anaia eta bost arreba– txikiena izan zen. Tontsura jasoa zuen zazpi urterekin, eta hala kleriko bilakatu zen, elizan karrera prestatzeko asmoarekin. Familiak Azpeitiko elizaren patronatua zuen, baina adinagatik bere anaiari Pedrori zegozkion, hark ere tontsura jasoa, horko pribilejioak. Geroxeago, Martin anaiak oinetxearen buruzagitza hartu zuen, aitaren baimenarekin, lehensemea hil ondoren. Martin 1498 urtean ezkondu zen Elisabet I.a Gaztelakoaren ohore-dama zen Magdalena Araozkoarekin, eta honek bereziki hezi eta prestatu zuen gortean jarduteko. Koinata Magdalenari esker, eta Manrique de Lara leinukoen eskutik, gortean zituzten harremanak sendotu nahian, Joana Gaztelakoa eta Filipe Ederra errege-erreginagaien morroi bilakatu omen zen 1502 urtean. Agiriek diotenez, 1506. urte inguruan Ignazio Gaztelako Arévalora joan zen morroi gisa, 1495az geroztik Errege-erregina Katolikoen kontulari nagusi zen Juan Velazquez de Cuellarren zerbitzura. 1517an kontulariak kargua utzi zuen arte, Loiolatarren seme txikienak Arevalo eta Valladoliden Gaztelako Gortearen giroa ezagutzeko aukera izan zuen. "Oso eskribau on" izatera iritsi zen arte bere idazkera landu zuela. Zaldun-liburuekiko zaletasuna izan zuen, bereziki, Amadis de Gaularekin, Ignaziok berak Camarari egindako memorietan aipatu zuenez "haiek goitik behera ulertu" arte. Musikan ere saiatu zen eta San Pedroren omenezko poema baten errima osatzera ere heldu zen.[erreferentzia behar]

Gorteko manerak bereganatu zituen guztiz, eta Azpeitiara itzultzen zenean, nabaria zen bere arrandia, janzkeran zen soinean eramaten zituen armetan. Bisita haietako batean, 1515 urtean, anaia Pedrorekin batera, zehaztu ezin izan den "krimen izugarria" burutu zuen. Biak kleriko izanik, elizaren jurisdikzioan babestu ziren eta Iruñean zigor txikia bete zuten, baina Gipuzkoatik jurisdikzio zibiletik kargu hartu zitzaion Ignaziori, arrakastarik gabe antza, kleriko bizitza utzia zuela nabaria zela argudiatuta. Urte horietan gazte limuria ere bazen, neskazalea, eta Maria de Villarreal ezkontzaz kanpoko alaba bat ere izan omen zuen, azkenean aitortu zuena.

Ignazio soldadu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñeko guduaren ondoren, Ignazio Loiolakoa hanketan zauriturik irudikatzen duen margolana.

1516 urtetik Naiarako duke eta Nafarroako erregeorde Antonio Manrique de Lararekin eskuz esku aritu zen. Haren agindutara, 1520-22 urteetan Gaztelako Komunitateen Gerran hartu zuen parte, erregearen alde noski, eta Gipuzkoan korrejidore baten aurka altxatu zirenekin bitartekaritza arrakastatsua egin zuen. gatazka militarra saiheste aldera. Giro horretan, Ignazio Loiolakoa eragingo zuen gertakari garrantzitsuena 1521eko maiatzean izan zen, Gaztelako giro nahasia profitatuta eta Nafarroako erresuma berreskuratzeko Albreteko leinuko Henrike II.a Nafarroakoaren tropek Nafarroan sartu eta Iruñean gotorturik zeuden Gaztelako erregearen aldeko tropak setiatu zituztenean. Iruñeko tropa defendatzaileen buruzagitza Ignazio Loiolakoak eta anaia Martinek hartu zuten, Pedro Beaumontek ihes eginda. Tropa setiatuak ez zituzten onartu albretar tropen buru André Foixkoaren errendizio eskaintzak, eta hala Iruñeko gaztelua bonbardatu zuten. Bonbarda-bala batek Ignazio larriki zuen bi hanketan. Iruñea hartuta, André Foixekoa Ignazio sendatzeko bitartekoak jarri zituen, etsai militarrak izan arren, Ignazioren ospea aintzat hartzeaz gainera, ahaide txikiak ere bazirelako. Lehen premiazko sendaketen ondoren, oinetxerako bidea hartu zuen, anaia Martin gidari. Loiolara helduta, Martin Itziolakoa zirujauak hartu zuen Ignazioren zaurien ardura. Hil ala biziko zenbait ebakuntzaren ondoren, azkenean sendatu egin zen, bizitza guztirako herren geratu bazen ere.

Konbertsioa eta erromesaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñean jasandako zaurien sendaketan ia urtebete eman zuen. Denbora horretan, Vita Christi, Ludolfo Saxoniakoak idatziriko Jesusen bizitzaren kontakizun bat, hainbat iruzkin eta gogoetekin batera, eta Flos sanctorum, santuen biografien bilduma bar irakurri zituen. Liburu horien irakurketak zirrara nabarmena eragin zioten eta "iraganeko bizitzari buruz benetan gogoeta egin, eta horregatik egin beharreko penitzentziari buruz". Liburu horietan Jerusalemerako erromesaldia sustatzen zen orobat, eta hala 1522ko otsailean Loiolatik abiatu zen, mando baten gainean. Lehenik, Arantzazura joan zen eta Montserratera ondoren, non erabateko aitortza egin eta arropa dotoreak eta ezpata utzita, Jesusen zalduntzat eskaini zuen bere burua. Manresa jaitsi zen, Bartzelonan ontzia hartzeko une egokiaren zai, eta azkenean hamar hilabate eman zituen hango kobazulo batea, bizimodu aszetikoz. Mistikazko hilabete haietan osatu zituen bere Gogo-jardunak. 1523aren hasieran, Bartzelonan ontzia hartu zuen Erromarako. Gaetan lehorreratu eta oinez joan zen Erromara. Han Aita santuaren baimena eskuratu zuen Lur Santura joateko. Veneziara oinez joan eta han ontzia hartu zuen Lur Santurako. Jerusalemera 1523ko irailaren 4an heldu zen.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ignazio Loiolakoak idatzitako testu garrantzitsuena 1548ko Gogo jardunak da (Ignaziok latinez idatzia: Exercitia spiritualia, Luis Egiak 1972an euskaratua). 28 – 30 egunean egiteko jardunak dira, fede katolikoaren esperientzia pertsonala areagotzeko asmoz pentsatuak.

Horrez gainera, zazpi mila gutun baino gehiago idatzi zituen bere bizitzan, gaztelaniaz. Aipagarria da bere autobiografia ere.

Ignazio Loiolakoaren omenez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaleak eta auzoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monumentuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asteroideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Ignazioren martxa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «San Ignazioren martxa»

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia: 66. araua: Santutegiko izen ohikoenak.
  2. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  3. Euskaltzaindia: «Eneko», Euskal Onomastikaren Datutegia.
  4. (Gaztelaniaz) Verd, Gabriel María (1976): «El 'Íñigo' de San Ignacio de Loyola», Archivum Historicum Societatis Iesu, Institutum Historicum Societatis Iesu, 45. bol, 95-128.
  5. (Gaztelaniaz) Verd, Gabriel María (1991): «De Iñigo a Ignacio. El cambio de nombre en San Ignacio de Loyola», Archivum Historicum Societatis Iesu, Institutum Historicum Societatis Iesu, 60. bol, 113–160

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ignazio Loiolakoa Aldatu lotura Wikidatan