Ikusizko itzulpena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Interpreteen kabinak Estrasburgoko Europar Parlamentuan.

Ikusizko itzulpena edo ikusizko interpretazioa, oro har, itzulpen-modalitate bat da zeinean itzultzaileak hizkuntza batean idatzita dagoen testu bat irakurriaz batera haren edukiaren itzulpena egiten baitu beste hizkuntza batera. Berez, aditu guztiek halako modalitatetzat hartzen ez badute ere, testuinguru jakin batzuetan interpreteek sarritan egin behar izaten dute, epaiketetan adibidez, non gerta baitaiteke lekukoren batek edo auzian parte hartzen duen beste norbaitek testu bat irakurtzea eta itzultzaileak testu horixe itzuli behar izatea momentuan bertan, aldibereko interpretazioaren teknika erabiliz edo esan ostekoarena erabiliz; baina kongresuetan eta hitzaldietan ere gero eta ohikoagoa izaten da hizlariek, bat-bateko berbaldiak egin beharrean, aurretiaz idatzitako testuak irakurtzea, eta, beraz, interpreteak testu hori itzuli behar izatea kopia baten laguntzarekin.

Dena dela, Hainbat arrazoi direla medio, ikusizko itzulpenak ez du, oraingoz behintzat, aditu guztien iritziak bateratuko dituen definizio bat. Adostasun falta horren kausak anitzak dira. Hasteko, ikusizko itzulpena bera zer den ere ez dago oso argi. Aditu batzuek interpretazioaren menpeko azpi-diziplinatzat dute[1]; beste batzuek, teknikatzat[2] edo itzulpen motatzat (Hurtado Albir 2011:82), eta badago betetzen duen funtzioaren arabera interpretazio-modalitate independente zein itzulpen- edo pedagogia-estrategia izan daitekeela uste duenik ere[3].

Heterogeneotasun horren aurrean badago, dena den, adostasun-puntu bat: denek uste dute itzulpenaren eta interpretazioaren erdibideko jarduera bat dela ikusizko itzulpena, eta horrexegatik hain zuzen eskatzen dituela praktika gurutzatuak. Hortaz, asko sinplifikatuz eta bai Jiménez Ivarsek eta Hurtado Albirrek (2003), bai Curves-ek, Klein-ek, Rivak eta Wuilmart-ek (1986) emandako definizioei jarraiki, esan genezake ikusizko itzulpena jatorrizko hizkuntzan idatzitako testu bat xede hizkuntzan ahoz birformulatzea dela. Jakina, horretarako, interpreteak aldez aurretik jaso behar du hizlariak irakurriko duen testu idatzi hori, prestatzeko denbora nahikoa eduki ahal izateko, kalitatezko itzulpen bat espero bada. Hala ere, baldintza hori askotan ez da betetzen, interpreteek (onenean) azken orduan jasotzen baitute testua.

Ikusizko itzulpenaren funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurtado Albirrek ikusizko itzulpenak bi funtzio izan ditzakeela proposatu zuen 1995ean, Modalidades y tipos de traducción izeneko artikuluan. Artikulu horretan planteatu zuen lehenengoz bere hipotesia, eta, gerora, 2003an, ikusizko itzulpenari dedikatutako artikulu xeheago bat argitaratu zuen Jiménez Ivarsekin batera: Variedades de traducción a la vista. Definición y clasificación. Bi adituok ikusizko itzulpenak bi funtzio dituela planteatzen dute: funtzio komunikatiboa eta funtzio instrumentala.

  • Funtzio komunikatiboa duenean, ikusizko itzulpena interpretazio-modalitatetzat hartzen dute; izan ere, zuzenean itzultzen da entzuleentzat. Bi aditu horien arabera, ikusizko itzulpenaren hainbat azpi-mota egongo lirateke kasu horretan, honako faktore hauen arabera: testuaren prestaketa-maila, hartzaileak testuaren edukia ezagutzeko duen interesa, aldibereko diskurtso baten existentzia eta testu idatziaren ezaugarriak.
  • Funtzio instrumentala duenean, berriz, helburu konkretu bat lortzeko bitartekari gisa erabiltzen da ikusizko itzulpena. Helburu hori irakaskuntza izaten da gehienetan, hala itzulpengintza edo interpretazioarena, nola beste hizkuntza batzuena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. ARROYO, A. & SEVILLA, J. (1993). “La traducción a la vista (francés-español)”. In Sendebar, 4, 253-261.
  2. AUZMENDI, L. (1994). “Interpretaritzaren didaktika”. In Senez, 15, 111-121.
  3. JIMÉNEZ, A. & HURTADO, A. (2003). “Variedades de traducción a la vista. Definición y clasificación”. In Trans. Revista de Traducción, 7, 47-58.