Edukira joan

Ilia Fibiger

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ilia Fibiger

Bizitza
JaiotzaKopenhage1817ko urriaren 5a
Herrialdea Danimarka
HeriotzaKopenhage1867ko ekainaren 10a (49 urte)
Hobiratze lekuaGarnisons Kirkegård
Familia
AitaJohan Adolph Fibiger
Haurrideak
Jarduerak
Jarduerakpoeta, erizaina eta filantropoa

Ilia Marie Fibiger (Kopenhage, 1817ko urriaren 5aibidem, 1867ko ekainaren 10a) danimarkar erizain, filantropo eta idazlea izan zen, herrialdeko lehen erizain profesionala. Mathilde Fibiger idazle feministaren ahizpa zen.

Ilia eta Mathilde Fibiger ahizpak

Ilia Fibiger Adolph Fibiger militarraren eta Margrethe C. Nielsen Aasenen alaba zen[1]. 1837an bere gurasoak banandu ziren (ordutik aurrera Fibiger amarekin bizi zen) eta 1843an dibortziatu ziren[2]. 1844an ama hil zenean, Fibiger izebarekin bizitzera joan zen, han ikasi zuen bere kabuz, eta 1847an Morsera joan zen irakasle. Urte eta erdiren buruan, Kopenhagera itzuli zen, eta han pobrezian bizi zen, eskulanak irakatsiz[1]. Aldian behin gela partekatzen zuen Mathilde Fibiger ahizparekin[3].

1853ko Kopenhageko kolera epidemia garaian, Almindelig ospitalean boluntario aritu zen. 1854tik 1860ra erizain gisa lan egin zuen, eta Danimarkako ospitale bateko lehen erizain bihurtu zen[1][4].

1860an Almindelig ospitalean zuen kargua utzi eta Østerbro auzoko Lægeforeningens Boliger bizitegi-multzora (gaur egun Bramleby) joan zen, non neska pobreak zaindu zituen. Neska gehienak ezkontzaz kanpoko haurrak ziren, Fødselsstiftelsen erakundekoak. Idazketatik ateratako diru-sarreretatik bizi zitekeela espero zuen Fibigerrek, baina ezagunen laguntzaren menpe geratu zen. 1866an sei haur adoptatu zituen[2]. 1867an hil zen nekeak jota, 49 urte zituela[5].

Ez zen inoiz ezkondu, baina Osvald Marstrand militarrarekin harremanean egon zen. Marstrand 1849an hil zen Eckernfördeko guduan, eta heriotza honek arrastoa utzi zuen Fibigerren bizitzan eta lanetan[2].

1850ean hasi zen idazten eta 1857an lehen lana kaleratu zuen. Antzezlanak, poemak, ipuinak, haurrentzako liburuak eta eleberriak idatzi zituen[1]. Liburu guztiak modu anonimoan argitaratu zituen, emakumeentzako lanbide desegokitzat jotzen baitzuen idaztea[2].

Ilia Fibigerren lan nagusia Magdalena (1862) da, irakasle pribatuari buruzko eleberria. Urte berean Modsætninger komedia argitaratu zuen, bi urte lehenago Danimarkako Errege Antzokian bost aldiz antzeztua[6]. 1867an, egilea hil zenean, Vilhelm Møllerrek komedia hori berrargitaratu zuen[1].

1872an, Georg Schepelern artzainak Ilias Minde umezurztegia sortu zuen Fibigerren oroimenez[2].

1894an, Margrethe Fibigerrek Et Kvindeliv. Ilia Fibiger liburua idatzi zuen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e (Danieraz) Friis, Oluf. «Ilia Fibiger» Dansk Biografisk Leksikon 2011-07-17 (kontsulta data: 2024-12-02).
  2. a b c d e (Danieraz) Vammen, Tinne. «Ilia Fibiger» Dansk Kvindebiografisk Leksikon 2023-04-22 (kontsulta data: 2024-12-02).
  3. (Danieraz) Busk-Jensen, Lise. «Mathilde Fibiger» Dansk Kvindebiografisk Leksikon 2023-12-04 (kontsulta data: 2024-12-02).
  4. (Danieraz) Busk-Jensen, Lise. «Ilia Fibiger» Den Store Danske 2020-05-07 (kontsulta data: 2024-12-02).
  5. (Danieraz) Mortensøn, Ole. «Søstrene Fibiger - Historiens Aktører nr. 7» Historie-online.dk 2021-01-06 (kontsulta data: 2024-12-02).
  6. (Danieraz) «Fibiger, Ilia Marie» Nordisk Kvindelitteraturhistorie (kontsulta data: 2024-12-02).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]