Iltzalleak

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Iltzaileak» orritik birbideratua)

Iltzalleak
Jatorria
Egilea(k)Martin Ugalde
Argitaratze-data1961
IzenburuaIltzalleak
Ezaugarriak
Genero artistikoanarrazioa
Hizkuntzaeuskara
Argumentu nagusiaEspainiako Gerra Zibila Euskal Herriana

Iltzalleak (egungo grafiarekin Hiltzaileak) Martin Ugalde andoaindar euskal idazleak 1961. urtean argitaratutako lana da, euskal ipuingintza modernoaren lehen aroari hasiera eman ziona. Euskal ohiturak gaitzat ez dituen lehen euskarazko narrazioa da, Espainiako Gerra Zibilak Euskal Herrian sortutako triskantzei buruzkoa, eta errepresio garaiko kontakizunak dituena. Euskal ipuingintza errealismora hurbildu zuen lanak, baina ez zuen atzean utzi garai hartara arte euskal literaturan mota horretako lanetan nagusi izan zen ohitura zaletasuna.

Venezuelan argitaratutako lehen euskarazko obra izan zen, Agirre lehendakariari eskainia. Eusko Jaurlaritzak emandako lehenengo erbesteko liburuaren saria irabazi zuen.

Sinopsia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lana bost ipuinetan banatuta dago. Lehen ipuina Gizaerailtza izenekoa da eta bi zatitan banatuta dagoela esan daiteke. Lehen zatian narratzailearen familiak gerra piztu orduko nola etxetik alde egin behar izan zuen kontatzen da eta bigarrenean narratzaileak bere etxean hartu zuen Nemesio izeneko gizonaren fusilamendua kontatzen da. Bigarren ipuina Alperra izenekoa da, bertan guardia zibil batek trenean bidaiatzen doan eta eskuetan haur bat duen emakume bati esertzeko aukera ematen ez diola kontatzen da, inguruko bidaiarien haserre begiradak piztuz eta erresistentziari hasiera sinbolikoa emanez. Hirugarren ipuinak Arra eta Emea du izenburutzat, eta guardia zibilak etxe batera aurrez torturatu eta hildako pertsona baten bila joan eta ez aurkituta, etxe hartako senitarteko guztiak eramaten dituztela kontatzen da. Xabal'en azia da laugarren ipuina, Xabal izeneko gizona greba bat prestatzen ari zela harrapatua izan zela kontatzen du eta bere lagunen izenak ez emate aldera, nahiago izan zuela hil. Azkenik, Zelataka ipuinak gerra garaiko euskal salatarien gaia jorratzen du.

Estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arestian esan bezala, lan honetan euskal ipuingintzan ordura arte nagusi izan zen ohitura zaletasunarekin hautsi egiten da, errealismoari lehen bideak irekiz. Kontakizunak ordea ikuspegi zehatz batetik ematen dira (kasu konkretu batetik) eta ez ikuspegi orokorretik, aurrerago egingo zen moduan.

Lehenengo ipuinarekin batera sartzen da euskal literaturara gerraren gaia, gero hamarkadetan zehar mantenduko dena. Ipuinean gerra garaiko oroitzapenak kontatzen dira eta laneko ipuinik esanguratsuena da. Aurreko eleberrigintza ohitura zaleko estiloa alboratuz, lehen pertsonan idatzi zen lehen ipuin hau eta foku bikoitza du, Nemesio eta gudua. Erregistro aldetik eta balio estilistikoen aberastasuna erreparatuta, lehen ipuin hau da landuena. Bost ipuinak batzen dituena bostek ere gerraren inguruko lekukotasuna eman nahi izatea da.

Estetika aldetik, ohitura zaletasuna baztertu gabe (nahiz eta hura alboratzeko saiakera egiten dela ematen duen) errealismo zantzuak nabari zaizkio obrari. Narratzaileari dagokionean, orojakiletasuna hautsi egiten da garaiko literaturarekiko eta egilearen esperientzia kontatzeaz arduratzen da. Espazioa eta denbora ere errealismora hurbiltzen ditu idazleak. Ipuinak Gipuzkoan kokaturik daude, Tolosa edo Hernani aldean.

Sinbologia begiratuz, trenaren sinboloa agertzen da, atzeragoko idazle ugarik modernotasunaren ikur gaitzesgarritzat hartua, baina Ugaldek egunerokotasuneko objektutzat eta ipuinen arteko uztarritzat baliatzen duena. Onaren eta Txarraren arteko banaketa garbia dago, azken hauei gainera gaztelaniaz hitz egitearen ezaugarria ipintzen zaie.

Ugaldek iradokizunei bide ematen die lan honetan, modernismoaren kutsua nabarituz. Erritmo bizia du liburuak eta elipseak eta jauzi narratiboak erraztasunez aurki daitezke.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]