Edukira joan

Ilustrazioa Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ilustrazioa Euskal Herrian XVIII. mendeko fenomeno kultural eta politiko bat da, Frantzian hasiriko mugimendu eta pentsamolde hori euskal lurraldeetara ekarri zuena. Euskal Herrian, indar handiz sartu zen kostaldean barrena mendearen bigarren erdialdean, itsas nabigazioari loturik.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteren logoa
Dominique Garat Zaharra, Ilustrazioaren sustatzaile Lapurdin

Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiaren oparotasunaren epelean, 1765ean Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zen Gipuzkoa erdigunean zuela, Frantzisko Xabier Munibek sustatua. Harekin batera, hainbat jauntxo biltzen ziren askotariko zientzia, kultura eta ekonomia gaiak aztertzeko, Azkoitiko Zalduntxoak deituak, eta haiek jarri zuten Elkarterako oinarria. Elkarteak Bergarako Mintegia eratu zuen, goi heziketaren erdigune bihurtua. Elkartearen asmoetako bat dibulgazioa zen eta, beraz, bilkuretako edukien berri emateko aldizkari bat argitaratzen zuten, Gasteizen inprimatua.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen mugarri ezagunenetako bat, Bergarako Mintegiaren bitartez, Elhuyar anaiek, Faustok eta Joan Josek, wolfram elementu kimikoa lehen aldiz isolatzea izan zen. Logroñon jaioagatik, gurasoak Hazparnekoak zituzten. Bada, Lapurdin, Ilustrazioak Uztaritzeko Garat anaiak (Dominique eta Dominique Joseph) izan zituen bultzatzaile nagusi, Bordelen heziak eta hiri nagusi horretan lan egiten zutenak. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea erakunde ilustratu nagusia izanik ere, haren eraginpean, Nafarroa hegoaldean, Jose Maria Magallon San Adriango markesak ekimen ilustratuak egin zituen. Bereziki bideratzen ziren ekonomiaren garapenera.

Ilustrazioaren etorrerak lotura estua du Jesusen Konpainiaren debekuarekin eta absolutismoaren goraldiarekin. Monarkia frantsesak eta espainiarrak kontrolpeko lurraldea berdintzeko eta arrazionalizatzeko oinarriak ikusi zituzten pentsamolde horretan eta, alde horretatik, euskal nortasunaren bereizgarrien kontra jotzeko baliatu zen, hala nola hizkuntzaren arloan eta foruen gaian. Ondorioz, Jesusen Konpainia kanporatzearekin batera, Karlos III.a Gaztelako errege ilustratuaren kabineteak debekatu egin zuen euskaraz inprimatzea 1766an. Horrek zuzeneko eragina izan zuen hurrengo hamarkadetan, nabarmen urritu baitziren euskarazko edizio lanak. Euskal Herrian, Ilustrazioa Konbentzioaren Gerran amaitu zen eraginkorki, 1793-1795ean, eta ideia berritzaile horien kontrako erreakzio bat ekarri zuen.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]