Edukira joan

Immunoterapia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Immunoterapia edo terapia biologikoa tratamendu mediku mota bat da, immunitate-sistemaren aktibazioan datzana minbiziari -bereziki- eta beste gaixotasun batzuei (gaitz autoimmuneak, endekapen-gaitzak...) aurre egiteko. Terapia honetan erabiltzen diren substantzien artean antigorputz monoklonalak, CAR-T zelulak, txertoak eta interferoia, besteak beste, daude.

Immunoterapian parte hartzen duten molekula aktiboei immunomoduladore esaten zaie. Gehienak zitokinak dira, eta horietako batzuk, hala nola granulozitoen kolonien faktore estimulatzailea (G-CSF, Granulocyte colony-stimulating factor) edo interferona, jada kliniketan erabiltzen ari dira. Beste zitokina mota batzuk, hala nola 1, 2, 6, 8 interleukinak edo tumore-nekrosiaren faktorea (TNF-α), saiakuntza kliniko askotan eta aurretiazko beste azterlan batzuetan erabiltzen ari dira, etorkizunean immunoterapian erabiltzeko.[1]

Kimioterapia klasikoaren aldean, immunoterapiak gorputzak berak ekoizten dituen substantziak erabiltzen ditu agente terapeutiko gisa. Hortik datorkio terapia biologikoaren izena.

Immunoterapia profilaktikoa edo terapeutikoa izan daiteke.

Albo-ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Immunoterapia nahiko espezifikoa bada ere, tumorearen zelula anomalak ezagutzeko joera duelako, zelula osasuntsuak ezagutu beharrean, tratamendu hori ez da kaltegarria. Batzuetan erreakzio lokal bat gertatzen da injekzio-eremuan, gripe-prozesu baten antzeko sukar-koadro bat. Beste batzuetan (oso gutxitan) ostera, gerta daiteke, substantzia immunologikoen askapen masiboaren ondorioz, shock septiko baten itxura duen koadro kliniko bat ematea, zirkulazio-kolapsoa eta akats organikoak gertatuz, batez ere biriketakoa eta giltzurrunekoa. Azken finean, organo guztietakoa izan daiteke eta baita hilgarria ere. Hori askotan gertatzen da Interleukina 2 eta CAR-T zelulekin. Batzuetan, zelula immunologikoek, pazientearen atal osasuntsuaren aurka erreakzionatzen dute, eta larruazalari, digestio-traktuari, birikei, giltzurrunei, garunari, artikulazioei eta abarri eragiten dieten gaixotasun autoimmuneak sortzen dituzte. Horrelako egoerekin topo eginez gero, jarduteko protokoloak argitaratuta daude, eta nahiko seguru erabiltzen dira.[2]

Immunoterapia eta minbizia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Immunoterapiaren bidez immunitate-sistemaren aktibazioa lortzen da minbizidun zelulei eraso egin diezaien. Ezaguna da immunitate-sistemak zeregin oso garrantzitsua burutzen duela minbiziaren prebentzioan, NK zelulen eta T linfozitoen bidez (zelula hauek minbizidun zelula sortu berriak ezagutu eta suntsitzen baitituzte). Laborategian aktibatutako immunitate-sistemaren zelulak gai dira kasu batzuetan tumore baten zelula gaiztoei aurre egiteko eta suntsitzeko (adibidez, T linfozitoen aktibazioaren bidez hainbat melanoma tratatu dira arrakasta handiz).

Immunoterapia tresna terapeutiko bat da, eta pazientearen immunitate-sistemak minbizi-zelulak identifikatzeko eta suntsitzeko duen gaitasuna indartzen du. Kontzeptu zabala da, hainbat estrategia biltzen dituena. Immunitate-sistema, gure organismoaren defentsak, kanpoko erasoei (bakterioak, birusak edo onddoak eta toxikoak) eta barrukoei (tumore-zelulei) aurre egiteko prestatuta dago. Baina ez da perfektua, eta, gainera, minbizi-zelulek immunitate-sistemari "iruzur" egin diezaiokete detektatuak ez izateko:[3]

  • Aldaketa genetikoak eginez, sistema-immunitarioak antzeman ez diezaien.
  • Gainazalean, zelula immunitarioak itzaltzen dituzten proteinak agertuz.
  • Tumorearen inguruan dauden zelula normalak aldatuz, immunitate-sistemak minbizi-zelulei erantzuten dien modua oztopatzeko.

Zer minbizi tratatzen dira immunoterapiarekin?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, minbizi guztiak ezin dira immunoterapiarekin tratatu. Immunoterapia mota desberdinekin emaitza onenak lortu dituztenak hauek dira: melanoma, birika, giltzurruna, maskuria, urdaila, gibela, burua eta lepoa, baita tumore ginekologiko eta linfoma batzuk ere. Baina ia minbizi mota guztietan ikerketak daude.[3]

Gaur egungo gorakada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Immunoterapiaren gorakada aurreko hamarkadaren hasieran hasi zen, ipilimumab, melanoma aurreratuaren aurka onartu zenean.[3]

2016an, immunoterapia aukeratu zen onkologiako urteko aurrerapen terapeutiko gisa. Ordutik, ikerketak ugaritu egin dira. Saiakuntza kliniko ugarik, immunoterapia hainbat tumoretan erabiltzeko bideak probatzen dituzte. Oro har, orain arteko emaitzen arabera, gero eta etorkizun handiagoa duen aukera da.[3]

Zein dira immunoterapia mota nagusiak?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Immunitate-sistemak minbizi-zelulak identifikatzera eta borrokatzera bultzatzeko hainbat bide daude.[3]

Kontrol-puntuen inhibitzaileak deiturikoek, hala nola ipilimumab-ak, organismoak bere defentsei berez jartzen dizkien balaztak ezabatzen dituzte (bere buruarekiko erasoa saihesteko); balazta horiek kenduz, defentsa-zelulek indar osoz eraso diezaiekete tumore-zelulei. Mota horretako farmakoen emaitza, tumore solidoak dituzten pertsonen % 20 - % 30 bitartekoa da.[3]

Minbizi hematologikoetan, ordea, aurreratuena terapia zelularrak dira. Horietan, pazientearen linfozitoak (defentsa-zelulak) laborategian eraldatzen dira, pertsonaren sisteman berriz sartzean, tumore-zelulak askoz ere modu eraginkorragoan aurkitu eta desagerrarazteko. Zelula-terapia ezagunenak CAR-T izenekoak dira, sei minbizi hematologiko (mieloma anizkoitz mota bat eta linfoma eta leuzemia mota batzuk) tratatzeko onartuak.[3]

CAR-T terapian, T linfozitoak tratatuko den pazientearen odoletik ateratzen dira eta laborategian aldatzen dira. Horren bitartez, pertsona horren T linfozitoek zehatz-mehatz ezagutu dezakete duen tumorea zein den, minbizi-zelula zehatz horien gainazaleko proteina espezifiko bat aurkitzeko gai baitira. Aldatu ondoren, biderkatu egiten dira, baita laborategian ere, eta pazientearen organismoan sartzen dira berriro, minbizi-zelulak suntsi ditzaten.[3]

Minbizia tratatzeko txertoak, immunoterapia aktiboa edo txerto terapeutikoak erabiltzea, ikuspegi berri bat suposatzen du. Oro har, pazientearen tumore-zelulak erabiliz edo hauetatik ateratzen diren substantzietatik abiatuz sortzen dira txerto horiek. Lehendik dagoen minbizia tratatzeko diseinatuta daude, organismoaren defentsa naturalak sendotuz, minbiziari aurre egiteko. Minbiziaren aurkako tratamendu-txertoak formulatzeko, immunitate-sistemako zelulek eta minbizi-zelulek elkarri nola eragiten dioten zehatz-mehatz jakin behar da. Horretarako, minbiziaren aurkako tratamendu-txertoek erantzun immunitario espezifikoak estimulatu behar dituzte, helburu zuzenari begira. Erantzun immunitarioek, halaber, minbizi-zelulek B zelulen eta T zelula zitotoxikoen erasoetatik babesteko erabiltzen dituzten hesiak gainditzeko adinako potentzia izan behar dute.[1]

Minbizi-zelulek immunitate-sistemaren igarpena eta erasoa nola saihesten duten ezagutzean egindako aurrerapenek, beharrezko informazioa ematen diete ikertzaileei minbiziaren aurkako tratamendu-txertoak diseinatzeko, bi helburuak lortuz. [1]

2010ean, FDAk minbiziaren aurkako lehen tratamendu-txertoa onartu zuen, sipuleucel-T (Provenge), prostata metastasikoko minbizia duten paziente batzuetan erabiltzeko. Txertoen erabilera ere esperantzagarria da tumore hematologikoen tratamenduan, hala nola Hodgkinen linfoma tratamenduan.[1]

Minbizia saihesteko txertoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Minbizi mota batzuk birusek eragiten dituzte. Birus horiek sortutako infekzioetatik babesten gaituzten txertoek, minbizi mota horietako batzuk saihesteko ere erabil daitezke.[4]

  • Giza papilomaren birusaren (GPB) andui batzuk umetoki-lepoko, uzkiko, eztarriko, baginako, bulbako eta zakileko minbiziekin erlazionatu dira. Izan ere, umetoki-lepoko minbizi gehienak GPBak eragindako infekzio batek eragiten ditu. Haurrak eta gazte heldu batzuk GPBaren aurka txertatzeak umetoki-lepoko minbiziaren eta beste bost minbizi-motaren aurka babesten laguntzen du.
  • B hepatitisaren birusak (BHB) eragindako infekzio kronikoak (epe luzera) dituzten pertsonek gibeleko minbizia izateko arrisku handiagoa dute. BHBak eragindako infekzioa prebenitzen laguntzeko txertoa jasotzeak pertsona batzuek gibeleko minbizia izateko arriskua murriztu dezake.

Prebentziozko txerto tradizionalak dira, eta minbizia eragin dezaketen birusak dituzte jomuga. Minbizi mota batzuen aurka babesten lagun dezakete, baina ez dira zuzenean minbizi-zeluletara bideratzen, oraindik ez direlako minbizi-zelulak sortu edo aurkitu.[4]

Txerto mota horiek infekzioek eragindako minbizietarako bakarrik dira baliagarriak. Hala ere, ez da uste minbizi gehienak, hala nola kolon eta ondesteko minbiziak, biriketakoak, prostatakoak eta bularrekoak, infekzioek eragiten dituztenik.[4]

Minbizia tratatzeko txertoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Minbiziaren tratamendurako txertoak birusen aurka funtzionatzen duten txertoen aldean, desberdinak dira. Immunitate-sistema prestatzen saiatzen dira, honek, minbizi-zelulen aurkako erasoa egin dezan organismoan. Gaixotasuna prebenitu beharrean, organismoan lehendik dagoen gaixotasun bati eraso egin diezaion helburua dute txerto horiek.[4]

Minbiziaren tratamendurako txerto batzuk minbizi-zelulez, zelulen zatiez edo antigeno puruez (minbizi-zeluletako proteina jakin batzuk) osatzen dira. Batzuetan, paziente baten zelula immunitarioak berak erauzi eta substantzia horien eraginpean jartzen dira laborategian, txertoa sortzeko. Txertoa prest dagoenean, gorputzean injektatzen da, minbizi-zelulen aurkako erantzun immunitarioa handitzeko.[4]

Txertoak, askotan, beste substantzia edo zelula lagungarri batzuekin konbinatzen dira, erantzuna are gehiago handitzen laguntzen baitute.[4]

Minbiziaren aurkako txertoek, immunitate-sistemak, antigeno espezifiko bat edo gehiago dituzten zelulei erasotzea eragiten dute. Immunitate-sistemak memoria-zelula bereziak (memoria immunologikoa) dituenez, txertoa eman ondoren ere asko funtzionatzea espero da.

  • Sipuleucel-T (Provenge): prostatako minbizi aurreratua tratatzeko erabiltzen da medikamentu hau, eta ez dio jada hormona-terapiari erantzuten. Oro har, albo-ondorioak arinak izaten dira: sukarra, hotzikarak, nekea, bizkarreko eta artikulazioetako mina, goragalea eta buruko mina, esate baterako. Gizon batzuek sintoma larriagoak izan ditzakete, arnasteko arazoak eta hipertentsio arteriala ere ageriz.
  • Talimogene laherparepvec (T-VEC): azaleko minbizi aurreratua tratatzeko onartuta dago txerto hau. Herpesaren birus batetik sortzen da, laborategian eraldatu egiten da, gorputzak normalean sortzen duen substantzia bat sortzeko, zitozina izenekoa. Zitosina honek sistema immunitarioa estimulatzen du eta influenzaren (gripea) antzeko sintomak eragin ditzake denbora gutxian.[4]

Ikerketa-ildo nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Minbiziaren aurkako immunoterapiaren ikerketa irakite betean dago. Mundu osoko dozenaka talde zientifikok terapia honen alderdi ezberdinak ikertzen dituzte. Hauek dira ikerketa-ildo nagusiak:

  • Erantzun gabeko minbiziak: Immunoterapiaren aurrerapenaren funtsezko gaietako bat da,  minbizi batzuk immunoterapiaren aurrean aurkezten dituzten erresistentziak aztertzen dituena. Immunoterapiak, beste terapia onkologiko batzuekin konbinatzeko aukerak begiratzen ditu, hala nola kimioterapiarekin, terapia gidatuekin edo erradioterapiekin, besteak beste.
  • Immunoterapiarekiko erantzuna aurreikusteko formulak aurkitzea, biomarkatzaileak identifikatuz.
  • Minbizi-zelulek immunitate-sistemarekin duten harremana hobeto ulertzea: Minbizi-zelulek immunitate-sistemari ihes egiteko dituzten mekanismoak ulertzeak, prozesu horiek blokeatzeko gai diren sendagaiak identifikatzea eragin dezake.
  • Immunoterapia mota guztietan aurrera egitea: Immunoterapiak erabiltzen dituen tresnetan sakontzen duten ikerketa ugari daude martxan. [3]

Mikrobioen aurkako immunoterapiak, txertaketa barne, agente infekzioso bati erantzuteko, immunitate-sistema aktibatzea dakar.[1]

Immunosupresioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Immunosupresioak, ezohiko erantzun immunea eragiten du gaixotasun autoimmuneetan. Gainera, erantzun immune normala murrizten du, transplantatutako organo edo zelulak baztertu ez daitezen.[1]

Tolerantzia immunea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorputzak, bere ehunetan, immunitate-sistemaren eraso bat modu naturalean ez jaurtitzeko prozesua da. Tolerantzia immuneko terapiek, immunitate-sistema berregokitzen dute, gorputzak, gaixotasun autoimmune batean, bere organo edo zelulei ez erasotzeko edo transplante baten ostean kanpo-ehuna onartzeko. Tratamendu labur batek, orduan, bizitza osorako immunosupresio-beharra edo bigarren mailako ondorioak izateko aukerak murriztu behar ditu. [1]

Immunoterapia, alergiak tratatzeko ere erabiltzen da. Alergien beste tratamendu batzuek (antihistaminikoek edo kortikosteroideek, esaterako) gaixotasun alergikoaren sintomak bakarrik tratatzen dituzten bitartean, immunoterapiak, gaixotasun alergikoaren berezko bilakaera alda dezakeen tratamendu bakarra da, alergenoekiko sentikortasuna murriztuz.[1]

Hiru eta bost urte bitarteko injekzio-erregimen indibidualizatu batek, epe luzerako onurak izan ditzake. Duela gutxi egindako ikerketa batek, immunoterapia osoa duten pazienteek, datozen urteetan onurak ikusten jarrai dezaketela iradokitzen du. Immunoterapiak ez du guztiontzat funtzionatzen, eta zenbait pertsonengan baino ez da eraginkorra. Hala ere, alergia duten gaixoei aukera ematen die, azkenean, sintoma- edo erreskate-medikazioa murrizteko edo gelditzeko.[1]

Oso alergikoa den edo alergeno espezifikoak saihestu ezin dituen jendearentzat egokia da terapia. Esate baterako, baliteke bizitza normal bat bizitzeko arazoak izatea eta polena, hautsaren akaroak, lizun-esporak, maskota-pelusa, intsektu-pozoia, eta erreakzio alergikoen beste zenbait eragile arrunt erabat saihesteko gai ez izatea. Immunoterapia ez da normalean egokia elikadura-alergietarako edo alergia medizinaletarako. Terapia hau, normalean, neurrira egiten da, eta alergista batek (alergologo batek) jarraipena egiten du. Txertaketa-programak eskuragarri daude osasun-laguntzako sistema batzuetan, eta familiako medikuek errezetatu ditzakete, bereziki erabilgarria da errinitis alergikoa edo asma dutenentzat.[1]

Terapia adin goiztiarretik hasten bada edo alergia lehen aldiz garatzen denetik gutxira, bereziki litekeena da arrakasta izatea. Immunoterapiak esan nahi du, espezialista batek, ospitale kliniko batean, hainbat urtez hainbat injekzio erregulartasunez jarri behar dituela. Iraganean, serum deitzen zen, baina izen okerra zen eta horrezkero, alergista gehienek alergia-estraktua deitzen diote nahasketa horri. Lehen injekzioetan, alergikoa den alergeno edo antigeno kantitate oso txikiak izaten dira eta denboraren poderioz, gero eta dosi handiagoak hartzen dira, gorputza alergenora egokituz, ez dadin hain sentikorra izan. Prozesu horri intsentsibilizazioa esaten zaio. [1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 (Gaztelaniaz) Inmunoterapia. 2026-02-24 (kontsulta data: 2026-03-30).
  2. (Gaztelaniaz) «Qué es la inmunoterapia y por qué es tan efectiva en el tratamiento del cáncer» Blogs Quirónsalud (kontsulta data: 2026-03-30).
  3. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 (Gaztelaniaz) www.axel-k.com; Gil, Pilar. (2024-10-18). «Qué es, en qué casos funciona y cómo avanzará la inmunoterapia del cáncer» CNIO (kontsulta data: 2026-03-30).
  4. 1 2 3 4 5 6 7 (Gaztelaniaz) «Vacunas contra el cáncer y sus efectos secundarios» www.cancer.org (kontsulta data: 2026-03-30).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]