Edukira joan

Inaki.alegria/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bideokonferentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bideokonferentzia-saio bat.

Bideotelefonia audio eta bideoa batera transmititzen dituen aldibereko komunikazio-sistema da.Bideokonferentzia bilakatzen da taldeko komunikazioa barneratzen duenean.

Historia eta bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970eko hamarkadaren hasieran merkaturatu zen lehen aldiz, telefono-teknologia baliatuta. Hasieran, oso sistema konplexu eta garestiak ziren, eta dispositibo zein sare-protokolo bereziak erabiltzen ziren, gaur egun, berriz, ohiko dispositiboak (telefono adimendunak, tabletak, ordenagailuak, bideo-kamerak...) erabiltzen dira ohiko sare lokal eta Internet gainean.

Interneteko eta sare lokaletako ahalmenak handitu ahala, azken urtetan asko ugaldu dira bideo-deiak eta bideokonferentziak eta alor askotarako funtsezko tresna bihurtu dira: lan-bilerak, irakaskuntza, telemedikuntza... Telelanaren funtsezko osagaia ere bihurtu da.

Jitsi Meet saio baten galeria ikuspegia

Skype izan zen urte askotan, alde handiz, gehien erabili zen programa, baina COVID garaian eztanda bat gertatu zen, eta sistema asko zabaldu ziren, Zoom, Google Meet eta Jitsi Meet besteak beste.[1] Jitsiren kasua aipagarria da, Europan (Estrasburgoko Unibertsitatean) sortua delako eta software librea duelako oinarri.

Alderdi teknikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ITU H.264 estandarra da gakoetako bat teknologia honetan. MPEG-4n oinarritutako SVC kodeketari (Scalable Video Coding) esker bideo-seinalea modu egokian kodetzen da IP ohiko protokolora zerbitzuaren kalitatea bermatuta.

Segurtasunaren aldetik funtsezkoa da muturretik muturrera zifratzea, eta, hala ere, ohikoak dira saio hasierako erasoak. Hori dela eta, bi urratseko kautotzea erabiltzea komunikazio seguruak ziurtatzeko.

Telelanaren ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bideokonferentziak eta telelana sozializatu dira, eta horrek eragin handia izan du eguneroko bizitzan.

Telelanaren gako nagusia mugak jartzean dago: ordutegi zehatz bat finkatzean; posta elektronikoa etengabe ez irekitzean; distrakzioak, sakelako notifikazioak ondo antolatzean ezinbestekoak —bizitza ez da gelditzen— edota lanari lotutakoak jasotzeko; ahal dela, lan espazio berezitu bat definitzean; asteburuak eta jai egunak errespetatzean; errutina berriak diseinatzean... ... Horiekin batera, zenbait pertsonak nekea, zailtasunak, ezin egona... sentitzen dute. Bideokonferentzia bat ez da aurrez aurreko komunikazio arrunt bat. Askorentzat, egoera publikoan hitz egitearen parekoa da. Arreta asko eskatzen du ikusle bezala, eta hizlari bezala zer esan, jendearen erreakzioak interpretatzen saiatzea pantaila lau baten aurrean.[2]

Testu ebakia: On-line ikaskuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Online ikaskuntza edo e-learning, 1990. hamarkadan sortu eta ordutik hona garapen handia izan duen ikas-moldea da. Termino ezberdinen bitartez izendatu ohi da, hala nola on-line irakaskuntza, irakaskuntza birtuala, irakaskuntza telematikoa edo prestakuntza birtuala. Irakasleek eta ikasleek ingurune digital batean parte hartzen dute ordenagailuek, Internetek eta teknologia digitalek eskaintzen dituzten erraztasunak modu intentsiboan erabiliz. Urruneko irakaskuntza ordezkatu du, teknologiari esker komunikazioa, irakasle-ikasle zein ikasleen artean, areagotu eta eredu pedagogiko aktiboagoak aplikatu daitezkeelako.

Abantailak eta mugak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteotan, hezkuntza-erakunde askok informazioaren eta komunikazioaren teknologiak txertatu dituzte, batez ere irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak hobetzeko eta modalitate honetan ikastaroak eskaintzeko. Aurrez-aurreko ikaskuntzaren aldetik gabeziak dituen arren, batez ere ikasle gazteei begira, abantailak ere baditu:

  • Irekiera: prestakuntzarako sarbidea errazten da, batez ere oztopo geografikoak gaindituz.
  • Malgutasuna: komunikazio asinkrono eta nonahikoak dedikazio denboraren autogestioa errazten dute.
  • Eraginkortasuna: proposamen horiek ikaslearen autonomia garatzea sustatzen dute
  • Laguntza pertsonalizatua: ikaslearen jardueran zentratua da.
  • Ekonomia: espazio eta material fisikoen erabilerarekin eta lekualdaketekin lotutako gastuak murriztu egiten dira.
  • Ikaskuntza-komunitate bat eraikitzea.
  • Aholkularitza: aholkulari baten laguntza izatea, gidatu eta ikastaroaz aholkuak emango dizkiona.


Bestalde, mugak hor daude:

Aurrez aurrekoan ñabardura pila bat daude: begiradak, keinuak... Hitzezkoa ez den komunikazioak garrantzi handia hartzen du. Zer gertatzen da online ingurunean? Hori dena galdu edo lausotu egiten da. Hortaz, eskatzen diguna ez da bakarrik arreta berezia jartzea: joko eremuaren arauak ulertzea eta benetan online inguruneetan gertatzen den komunikazioa zer den ulertzea ere bai.[3]

Online ikaskuntzak aurrez aurrekoa ordezkatu dezake, baina askotan modu osagarrian erabiltzen da. "Blended" terminoa erabiltzen da bi modalitateen konbinazioari.

Online irakasteko bi bide nagusi daude, sinkronoa eta asinkronoa. Modu sinkronoan irakaslea eta denbora berean aritzen dira elkarrekin, asinkronoan, berriz, norberak bere ordutegia antolatzen du beste parte-hartzaileengandik modu independentea. IKT tresnak erabiltzen dira bi bideetan, baina bideokonferentzia-sistema dira lehen bidearen ezinbesteko lanabesa. Biak konbinatu ohi dira, baina asinkronoa nagusia da autoikaskuntzan eta etengabeko ikaskuntzan.

Online ikaskuntza bideratzeko aplikazioei LMS (Learning Management System) izena ematen zaie, eta helburu nagusia ikasgela birtualak kudeatzea da. Eduki mota guztiak kudeatzen dituzte, komunikazioa, bideoak, ikastaroak eta dokumentuak barne.

Moodle bezeroa

Moodle Europan gehien erabiltzen den LMSa da, software librea da, eta hizkuntza askotara dago lokalizatuta (euskarara ere). Moodle-k planteatzen duena hezkuntza konstruktibo sozial bat da, eta bertan ikasleek ere hezkuntzako esperientzian ekarpen garrantzitsuak egin ditzaketela azpimarratzen da: ikasleek forotan galdetu eta erantzun dezakete, glosarioan terminoak gehitu ditzakete, tailerretan elkarlanean aritu eta autoebaluatu eta koebaluatu dezakete edo wiki batean elkarrekin lan egin dezakete.

Beste LMS ezagun batzuk Canvas, Blackboard eta D2L Brightspace dira.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Alegria, Iñaki. (2020-12-01). «Bideokonferentziak nonahi: Skypetik BigBlueButtonera» Sarean .eus (kontsulta data: 2026-08-02).
  2. Julio, Gorka. (2020-05-09). «Tele-errealitate berria» Berria (kontsulta data: 2026-08-02).
  3. Lete, Irati Urdalleta. (2021-06-26). ««'Online' ingurunean, nolabait itsutu egiten gara gailuekin»» Berria (kontsulta data: 2026-08-02).