Inariko ingurunea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Inari Finlandiako mapan.

Aanaarko, Aanarko, Anárko edo Inariko naturak Finlandia eta Lappiren ipar-ekialdeko muturrean dagoen Inari udalerri zabalaren natura aztertzen du.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inari Lappi eta Finlandiaren ipar-ekialdeko muturrean dago, Ipar Lappi azpieskualdearen bihotzean. Udalerriak Errusia eta Norvegiarekin egiten du muga mendebaldean eta ekialdean, eta herrialde hauekin batera, natura ingurune basatia babesteko sortu zen Pasvik-Inari Hiru aldeko Parkearen kidea da. Bizilagunak Enontekiö eta Kittilä hego-mendebaldean, Sodankylä hegoaldean, Utsjoki iparraldean, Verkhnetulomski eta Nikel errusiar udalerriak hego-ekialdean, Norvegiako Sør-Varanger eta Nesseby udalerriak ipar-ekialdean, eta Karasjok eta Kautokeino norvegiarrak ekialdean dira; eskualdeko Rovaniemi hiriburutik, aldiz, 330 bat km iparraldera dago [1].

Zirkulu Polar Artikoa paraleloaren gainean dago, 200-350 bat km iparrera.

Gauerdiko eguzkia Inari aintziran. Goizeko 01:38ean Sovintovaaratik (2013ko ekainaren 1a).

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerria Zirkulu Polar Artikoa paraleloaren gainean dagoenez, gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Lehenengo bietan, eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da maiatzaren bukaeratik abuztuaren lehenengo astera arte; Ivalo herrigunean, esaterako, 58 egun irauten du. Gau polarraren garaia edota iluntasuna nagusitzen den garaia, aldiz, abendutik urtarrilaren 15 ingurura arte izaten da. Lehen esan bezala, Inariko klima nagusia azpiartikoa da eta, ondorioz, tenperaturak leunak izaten dira udan, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Orokorrean, elurrak udalerriko lurzorua estaltzen du urri amaiera eta maiatza bitartean, gutxi gorabehera, 185 bat egunez; eta izotzak ere Inari aintziraren gaina hartzen du beste horrenbeste egunetan. Eremu muinotsuetan, aldiz, klima polarra nagusitzen da, eta horrekin batera, zero azpiko tenperaturak. Samiek antzinean eta gaur egun oraindik ere erabiltzen duten egutegiaren arabera, Lappiko eta udalerriko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi garai bereizten dira: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua).

Ipar argiak, azkenik, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irail eta martxo bitartean lau gautatik hirutan izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki. Inariko samien aspaldiko ustearen arabera, aurora borealak bale batek itsasoan utzitako arrastoak dira, gaur eguneraino udalerriko herritarren artean mantendu den kondaira [2].

 
2018ko Inariko klima datuak[3]
´vvel / Avveel / Avvil / Ivalo
Klima azpiartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC -0,5 -0,5 0 10,3 25,1 22 31,1 31,3 22 13,2 6,2 3,5 -
Batez besteko maximoa ºC -8 -8,3 -5,1 3,7 14,8 14 25,4 17,3 11,9 1,3 -0,5 -4,5 5,6
Batez bestekoa ºC -12,9 -13 -11 -0,3 8,9 10,1 19,3 12,8 7,8 0,1 -0,9 -7,8 1,2
Batez besteko minimoa ºC -18,5 -18,7 -19,8 -5,5 2,6 5,6 12,1 7,5 3,4 -3,8 -3,8 -11,2 -4,2
Minimoa ºC -36 -32,4 -31,1 -17,4 -5,2 1 1 1 -1,9 -12 -13,4 -20 -
Prezipitazio-egunak 29 27 28 22 18 25 10 24 19 19 26 29 276

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inarik, guztira, 17.333,54 km²-ko azalera du, ia Hego Euskal Herria bezain zabala, eta, hain zuzen ere, azalera handiena duen herrialde osoko udalerria da.

Aintzirak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualdeko antzira gehien dauden eremua hartzen du Inarik eta, horrela, ur gezaz estalitako azalera ehuneko altuena duen Lappiko udalerria da, guztira, %13,1 (2.280,50 km²). Besteak beste, nabarmentzekoak dira eskualdeko aintzira handienen artean dauden Hammasjärvi, Jullamojärvi, Muddusjärvi, Nammijärvi, Nitsijärvi, Paatari, Pautujärvi, Rahajärvi, Suolisjärvi, Surnujärvi eta Vuontisjärvi. Dena den, ehuneko altuaren eragile nagusia Finlandia osoko hirugarren aintzira handiena den eta udalerriari izena ematen dion Inarijärvi edo Inari aintzira da, bere azalera 1.084 km²-koa baita; gainera, herri gehienen arteko lotura egiten duen pasabidea da, udalerriaren bihotza. Inariko samien kulturan eta sinesmenean ere garrantzi handiko lekua da eta, guztira, hiru mila uharte baino gehiago ditu, zenbait gizakien aspaldiko bizitoki izandakoak (Hautuumaasaari eta Ukonsaari) [4].

Ibaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, Inarijärvira isurtzen dituzte urak udalerritik igarotzen diren ibai gehienek; hala nola, Ivalojokik, Lemmenjokik, Siuttajokik, Vaskojokik eta luzeena den Paatsjokik. Hala ere, ibai garrantzitsuena eta Finlandia eta Norvegiaren arteko muga marrazten duena, Inarijoki edo Inari ibaia da.

Urtero, arrain ugariren bizitoki diren ibai hotzak milaka arrantzale erakartzen dituzte.

Muinoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Lappi lurraldea ez da oso eremu menditsua. Muino gehienak hegoaldean daude, babestutako eremuetan, eta udalerriko sabaia Morgam-Viibus edo Viipustunturi muinoaren tontorra da, 599 metrora iristen dena. Inariko beste mendi garrantzitsu batzuk, 500-600 metro bitartean dauden Latnjoaivi, Koarvikodds, Soaebbegealdinoaivi, Peäldoaivi eta Hammastunturi, eta Saariselkä eski estazioa osatzen duten Kaunispää eta Iisakkipää dira.

Ur-jauziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur-jauzi eta ur azkarreko eremuen artean, aipatzekoa da 13 metroko Ravadas, Lappiko ur-jauzi garaienetakoa dena.

Izaki bizidunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elur-oreina udalerrian.

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Natura eremu babestuetan ehizatzea erabat debekatua dago; beraz, baso borealaz gain, babestutako animalia ugari ere dago. Ugaztunen artean, aipatzekoak dira altzeak, amerikar bisoiak, azeri gorri eta zuriak, erbinude arrunt eta zuriak, hartz arreak, igarabak, ipar-katamotzak, jatunak, lemingak, lepahoriak, otso arruntak, satitsu txikiak, tundrako otsoak, ur-ipurtatsak, ur-satitsu hankazuriak eta elur-orein basati eta etxekotu ospetsuak (basoko elur-oreinak) [5].

Bestetik, ibai hotz eta biziak gustoko dituzten hainbat arrain espezie daude; hala nola, amuarrain arruntak, aintzira amuarrainak, laponiako amuarrainak, koregonoak, arrain hiruarantzak, ezkailuak, lotak, lutxoak eta perkak.

Hegaztiei dagokienez, espezie desberdin asko dago baso ilun eta aintzira oparoetan. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, kaskabeltz handiak, laponiako kaskabeltzak, okil hiruatzak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak dira bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak, alegia, urte osoan zehar ikus daitezkeenak udalerrian. Dena den, uda pasatzera iristen diren hegazti-espezieak dira nagusi; besteak beste, aliota txikiak, arrano beltzak, belatz handi eta txikia motako harrapariak, basoilarrak, beleak, bernagorriak, birigarro txikiak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, hontz gabiraiak, ipar-belatzak, ipar-gailupak, istingor arruntak, kuliska gorri eta pikartak, kurlinta bekaindunak, laponiako berdantzak, larre-buztanikarak, larreoiloak, marikoi isats-luzeak, mendebal-txori mokomeheak, mendi-txontak, mirotz zuriak, mokoker arrunt eta hegalzuriak, negu-txirtak, negu-txontak, okil beltzak, papourdinak, siberiar eskinosoak, txio horiak, txirri hankalaburrak, txirritxo handiak, txoka gorritzak, urre-txirri arruntak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Azkenik, ur-hegazti espezie desberdin ugari aurkitu daiteke aintzira eta ibaietan, haien artean, ahate gorriztak, ahatebeltz arrunt eta hegalzuriak, beltxarga oihulariak, izotz-ahateak, murgilari handiak, zerra txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak [6][5].

Hammastunturi Eremu Basatiko basoa.

Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima nagusia azpiartikoa bada ere, habitat mota aniztasunaren ondorioz, landare mota desberdin ugari hazten da; esaterako, lautada zabalean taiga edo baso boreala nagusitzen da eta zuhaizti ohikoenak izeidiak, sahastiak, haltzadiak, urkidiak, makaldiak, pinudiak eta, batez ere hegoaldean dauden urkidi dilindariak dira. Viipus muinoaren inguruko altuera gutxiko eremuan, aldiz, klima polar bihurtzen da eta zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude [7].

Azkenik, aipatzekoak dira landare-espezie ez-ohikoak bizi diren inguru zingiratsu eta paduratsuak, herrialde osoko ugaritsuenak.

Babestutako eremuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerriko natura basatia nahiko zaindua da, guztira, azaleraren %73 babestutako lurraldeek osatzen baitute. Dena den, azken urteotan hainbat istilu eta ika-mika izan da eremu babestuen kontura. Besteak beste, 2005. urtean sami abeltzainek eta Greenpeace erakundeak bat egin zuten Metsähallitus enpresaren aurka egiteko. Metsähallitus Finlandiako babestutako natura eremuak kudeatzen dituen enpresa publikoa da eta talde ekologistak eta samiek Inariko pinu basoak suntsitzeko bidea irekitzea egotzi zioten; izan ere, Metsähallitusek pinu basoen %40 babestea erabaki bazuen ere, babestutako eremu hau emankorrak ez ziren eta sartzen zailak ziren basoek osatzen zutela salatu zuten. Hain zuzen ere, sami abeltzainek euren aspaldiko kultura mantentzeko eta neguan elur-oreinak elikatu ahal izateko ezinbestekoak dituzte udalerriko pinudiak eta zuhaitzen azalak; eta neurri horren ondorioz, eskura zeuden eta aspalditik samien egonleku izandako basoak babesgabe gelditzen ziren. Erabakiak Inariko pinu basoak herrialdeko papergintza enpresa nagusien esku gelditzeko erraztasuna ematen zuela salatu zuten aldarrikatzaileek. Tirabira handiko urtea izan zen; manifestazioak izan ziren, aldarrikapenak, boikotak. Azkenean, hainbat urteren ostean, Finlandiako Gobernua, Metsähallitus, Greenpeace eta samiak akordio batera iritsi ziren eta babestutako eremua %40tik %80ra zabaltzea adostu zuten 2010ean. Negoziazioan parte hartu zuten alderdi guztiak ados agertu baziren ere, Inariko Udalak urtero udalerriko naturaren gainean eskumena zabaltzeko aldarria egiten jarraitzen du [8][9].

Peltojärvi aintzira Peltoaivi muinoaren gailurretik (Muotkatunturi Eremu Basatia).

Lehen esan bezala, udalerriko natura basatia zaindua da. Inarin bi parke nazional eta sei eremu basati daude:

  • Lemmenjoki Parke Nazionala: Kittilä eta Inariren artean dagoen Finlandiako parke nazional zabalena eta Europako zabalenetakoa da; guztira, 2.850 km²-ko azalera du. Parke nazionala udalerriaren eremu muinotsuenean dago, hego-mendebaldean, eta Norvegiako mugaraino iristen da. Muinoetako tundra eremuaz gain, zingirak eta errekastoen inguruko lautada zabaletan zehar zabaltzen den baso boreala dira Lemmenjokiren bereizgarriak; hala, habitat desberdin horietan hazitako animalia aniztasuna garrantzitsutzat jotzen da. Dena den, herrialdean ibilbide eta basabide ugaritasunagatik da ezaguna, urtero milaka bisitari erakartzen dituztenak; bertan, espreski eraikitako hamar etxola daude, parke nazionaleko itzulian atseden hartzeko ezinbestekoak direnak. Guztira, 2010ean, 10.000 natura zale izan zen parke nazionalean [6].
  • Urho Kekkonen Parke Nazionala: Savukoski, Sodankylä eta Inari udalerrien artean dagoen parke nazionala da, Lemmenjoki ondoren, herrialdeko babestutako eremu zabalena dena; guztira, 2.550 km²-ko azalera du. Parke nazionala 1983. urtean sortu zen eskualdeko arro nagusiena babesteko asmoz, izan ere, Ozeano Artikora eta Botniako Golkora doazen Lappiko ibai gehienak sortzen dira bertan. Animalia aniztasuna ere garrantzitsua da eta arrantza zenbait ibaitan onartua dagoen arren, ehiza guztiz debekatua dago. Gainera, oinezkoentzako, eskiatzaileentzako eta txirrindularientzako ibilbideak daude, berrehun baino gehiago. Guztira, 2012an, 300.400 bisitari joan zen parke nazionalera eta, horrela, Inariren eta bizilagunen ekonomiaren pisuzko osagarria bihurtu da azken urteotan [10][11].
  • Hammastunturi, Kaldoaivi, Muotkatunturi, Paistunturi, Tsarmitunturi eta Vätsäri eremu basatiak: Inariren bereizgarri nagusietako bat dira udalerrian dauden sei eremu basatiak. Gune hauek natura basatia, eta sami kultura eta bizilekua babesteko asmoz sortuak izan ziren 1991. urtean. Hertsiki natura erreserbak ez diren arren, arau eta debeku ugari mantentzen dira. Dena den, natura altxor hauek ezagutarazteko helburuarekin basabide eta etxola ugari egin dira azken urteotan, abenturazale asko erakarri dituztenak [5].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Pasvik-Inari Park 2013.04.14
  2. Revontulten 2010.12.17
  3. "Ivalon ilmasto". Tu Tiempo. 2019.01.18
  4. Spottinghistory Ukonkivi. 2013.08.09
  5. a b c Hammastunturin, Kaldoaivin, Muotkatunturin, Paistunturin, Tsarmitunturin ja Vätsärin erämaa-alueet 2013.04.25
  6. a b Lemmenjoen kansallispuisto 2013.04.23
  7. North nature Lemmenjoen kansallispuisto. 2013.04.23
  8. Greenpeace Lapland state of conflict. 2013.04.20
  9. Greenpeace 80,000 Hectares of Finnish Forest Protected in Landmark deal. 2013.04.10
  10. Metsa Kansallispuistoittain. 2013.04.24
  11. Urho Kekkonen kansallispuisto 2013.04.27

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Luontoon Inarin retkeilyalue (Finlandieraz) (Ingelesez)