Indalecio Ojanguren

Wikipedia, Entziklopedia askea
Indalezio Ojanguren» orritik birbideratua)
Indalecio Ojanguren
Indalecio Ojanguren, Egoarbitzako gailurrean (Elgeta), 1943. urtean. Irudi gehiago
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakIndalecio Ojanguren Arrillaga
JaiotzaEibar1887ko azaroaren 15a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaEibar1972ko otsailaren 18a (84 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmendigoizalea eta argazkilaria

Indalecio Ojanguren Arrillaga (Eibar, Gipuzkoa, 1887ko azaroaren 15a - 1972ko otsailaren 18a) Euskal Herriko argazkilari eta mendizale ezaguna izan zen. Gaztelaniaz el Fotógrafo Águila goitizena erabili zuen, eta Eibarren Kajoitxu ezizenez zen ezaguna, XX. mende hasieran argazkilariek erabiltzen zituzten kutxa itxurako argazki-kamerengatik.

Bere mendizaletasuna eta Euskal Herriarekiko atxikimenduak bultzatuta, XX. mende hasierako Euskal Herriaren argazki bilduma handi bat biltzeari ekin zion. Bere argazkietako gai nagusiak mendiak eta orduko gizartea osatzen zuten herritarrak dira, horren bitartez, balio etnografiko itzela duen bilduma osatu zuelarik.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indalecio Ojanguren 1887ko azaroaren 15ean Eibarren, Gipuzkoa, Euskal Herria jaio zen. Indalecio izena bere aita pontekoa izan zen Indalecio Sarasketa Aizpiri Txiki pilotari ezagunaren omenez jaso zuen.[1]

16 urterekin G.A.C. enpresan lanean hasten da, garai haietan pistolak eta arma motzak lantzen zituelarik. Han, errebolberren tiragailuen muntaketan espezializatu zen.

XX. mendearen hasieran, Román Ortuoste argazkilariaren eraginez, Ojanguren argazkilaritzan interesatzen hasten da. 1908 urtean ABC egunkariak bere argazki bat publikatzen du, argazki bategatik ordaintzen zioten eta publikatua zen lehenengo aldia izan zelarik. Horrekin batera, bere inguruan dituen mendietan barrena bere lehenengo txangoak egiten hasiko da medikuen aholkuz. Argazkilaritza eta mendizaletasuna uztartzearekin, bere lanak maila berezia lortuko zuen eta horren bitartez el Fotógrafo Águila.[1] ezarri zioten.

1913. urtean Tolosan argazki bategatik sari bat jaso zuen; Tipos Vascos izenburuko serieko lehenengoa izan zen. Horrekin batera, ABC eta Donostiako Novedades egunkari eta aldizkariarentzako publikatzen jarraitzen zuen.

1914ko azaroaren 27an, 27 urte zituelarik, armagintzak pairatu zuen krisiaren ondoren, bere argazkigintza estudioa irekitzea erabaki zuen. Hala ere, ordurako makina bat lan grafiko eginak zituen, hala nola, ezkontzak, kirola zein industria gai nagusitzat zituztenak. Urte berean, 1914, Bilboko Club Deportivok mendi txangoak bultzatzeari ekiten dio, jarraian 'Federación Vasco Navarra de Alpinismo' delakoak bide berberari ekingo ziolarik. Euskal Herrian bizi izan zen mendizaletasunarekiko hastapen hauetan Indalecio Ojangurenek esku-hartzea izan zuen eta 100 mendien gailurra egitea lortu zuen lehen gipuzkoarra izan zen, berauk beste zazpi aldiz burutuko zituelarik.

Mendiz mendi egiten zituen txangoetan berarekin batera argazki kamera zeramalarik ikusten zituen paisaia eta kokapenen argazki ikusgarriak egin zituelarik, horietako askoetan bera ikusi dezakegularik.

1933ko azaroaren 5ean Autonomia Estatutua aldarrikatzeko hauteskundeak Eibarren. Indalecio Ojangurenen argazki ezagunenetarikoa

Indalecio Ojangurenek hogei bat aldizkari eta egunkariekin elkarlanean jardungo zen eta bere lana hedabide anitzetan publikatu zen, tokian tokiko publikazioetatik, lan monografikoetaraino. Bere agiritegiak etnografia eta paisaiari zegokionez izugarrizko balioa biltzea lortu zuen.

Txirrita eta Saiburu bertsolarien argazki mitikoa. Indalecio Ojangurenen argazki ezagunenetarikoa.

Bere mendizaletasunak Eibarko Klub Deportiboan parte hartzera eraman zuen. Kluba sortu zuten bazkideetariko bat izan zen, eta bere eginkizunen artean mendiko batzordearen ardura eta presidentetza ere izan zituen. 1967. urtean Eibarko Klub Deportiboaren Ohorezko Presidente izendatu zuten.[2]

Hedabide anitzetarako argazkilari independentetzat (freelance) lan egin zuen, eta Ojangurenen lanak Argentinaraino ere iritsi ziren. Lanetako zenbaitzuk postal gisa argitaratu zituen. Gerra Zibilaren argazkiak hartu zituen, eta argazki horietako asko Zarautzen 1995. urtean egin zen erakusketan erakutsi ziren.

Gerraren ostean ez zuen argazkilari lanik egin. Bere jardun politikoagatik (EAJko kide baitzen), isuna ordaindu beharra izan zuen argazkilari lanari berriro ekiteko. Hala ere, aldi hartan bere jarduna prentsakoa baino areago etxeko argazkilaritzara bideratuko zuen. Bidenabar, Eibarren berreraikuntzari buruzko erreportajea zabala egin zuen, Eibar erabat birrindu baitzuten Gerra Zibilean. Erreportajeetarako zaletasuna zertxobait berreskuratu zuen 1950eko hamarkadan.[1]

Ojangurenek prentsan egiten zuen lana hedabide anitzek goraipatu zuten, hala nola Voz de Guipúzcoak 1924ko abenduaren 30ean eta 1934ko urtarrilaren 28an elkarlanean jarduten zen Excelsiusek.

Sari anitz jaso zituelarik, 1929. urtean Eusko Ikaskuntzak antolaturiko Lehenengo Kongresuan erreportajeen lehen saria eman zion eta Kultur eta Turismo Ekintzetxea delakoak armarri heraldikoei buruz egindako bildumagatik saritu zuen.[2]

Bere mendizaletasunagatik makina bat sari jaso zituen, 1926ko ekainaren 20an Federación Vasco Navarra de Alpinismo delakoak Medalla de Oro al gran divulgador gráfico saria eman zion, hurrengo urtean aldiz, omenaldia jaso zuen bere jardunean intensa, entusiasta y desinteresada propaganda gráfica en pro del alpinismo mendizaletasunaren alde egindako lanagatik. Eta 1934. urtean mendizaletasuna zabaltzeko egindako lanagatik Medalla al Mérito eskaini zioten. 1943. urtean Delegación Regional de Montaña delakoak Medalla al Mérito Montañero en categoría regional eskaini zion eta 1946. urtean Medalla Nacional al Mérito Deportivo de Montaña delakoa.

1953. urtean omenaldi gisa IX Salón Nacional de Fotografía de Montaña Indalecio Ojanguren delakoa antolatu zen Eibarko Klub Deportiboaren eskutik. 1972ko otsailaren 18an Eibarren zendu zen arte makina bat omenaldi eta sari jaso zituen. bere omenez Eibarko Udalak kale bati bere izena jarri zion.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indalecio Ojangurenen lanak, dokumentazio eta etnografia aldetik balio handikoa da, baserriak, paisaiak, armarriak, udaletxeak, mendiak, pertsonaia herrikoiak... azaltzen direlarik. El Pueblo Vasco egunkariko Rafael Picavearen eskariz 1914 eta 1915. urteetan zehar Gipuzkoako hainbat kokapen fotografiatzeari ekin zion Álbum gráfico descriptivo de Guipúzcoa publikazioan argitaratu zirelarik. 1918 eta 1919 urteetan zehar lan berbera egin zuen Bizkaian, baina lan hura ez zen publikatu. Bere lanean argiaren eta perspektibaren erabateko kontrola sumatzen dira. Gerra Zibilean bi aldeek eibartarraren argazkiak erabili zituzten.

Indalecio Ojangurenek argitalpen askotan kolaboratzaile jardun zuen, hala nola:

  • Geografía general del País Vasco - Navarro, Carreras Candi.
  • Euskalerriaren Yakintza, Azkue.
  • Catálogo de monumentos de Vizcaya, Javier Ybarra.
  • El País Vasco, Pío Baroja.
  • Los vascos, Caro Baroja.[2]
  • Urkiola Indalecio Ojangurenen argazkietan, Durango Merinaldeko Irudi Kuadernoak bildumaren barnean, Gerediaga Elkarteak 1993. urtean argitaratua.

1966. urtean Indalecio Ojangurenen bilduma osoa Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zuen erakunde honen eskuetan geratu zelarik argazki bildumaren kudeaketa. Bilduma honek 8.000 argazki baino gehiago osatzen dute eta mikrofilmaturik eta digitalizaturik daude Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean herritarren eskura. Bildumaren zati bat Creative Commons Aitortu Partekatu (CC-BY-SA) lizentziarekin argitaratu du Aldundiak berak Interneteko GureGipuzkoa webgunean.[3] Eibarko Udalak bilduma honen kopia bat bere esku du eta zenbait argazki bere webgunean ikusgai daude.[1]

Ojangurenen argazki gutxi batzuen adibidea aurkituko duzu beherago, «Argazki galeria» atalean.

Ojangurenen lanak argitaratu zituzten hedabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ojangurenek, lankidetza maila ezberdinekin, ondorengo hedabideetarako lanean jardun zuen besteak beste:[1]

Donostian
Bilbon
Madrilen
Bartzelonan
Buenos Airesen

Argazki galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]