Indarkeria obstetriko


Indarkeria obstetrikotzat jotzen da emakumeen gorputzari eta ugalketa-prozesuei eragiten dien edozein jokabide, ekintza edo ez-egite bidezkoa, hala nola tratu deshumanizatua, justifikatu gabeko medikalizazioa eta naturalak diren prozesuen patologizazioa.[1] Terminoaren lehen aipamena 1827an agertu zen, ingelesezko argitalpen batean, erditze-geletako praktiken kritika gisa.[2]
Osasun-langile guztiek ez dute indarkeria erabiltzen, eta eragiten dutenean, gehienetan, ez dakite hori indarkeria denik. Emakumeak ere, kasu askotan, ez dira kontziente jasan dutenik. Existitzen dela ere ukatu egiten da orokorrean.[3]
Indarkeria obstetrikoaren kasuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hona hemen batzuk:
- Larrialdi obstetrikoei behar bezala eta eraginkortasunez ez erantzutea.
- Beste aukerarik izanez gero, emakumea jarrera deserosoan erditzera behartzea.
- Arrazoi justifikaturik gabe, haurrak amarekin duen atxikimendu goiztiarra oztopatzea, eta haurra kargatzeko eta bularra emateko aukera ukatzea.
- Emakumearen borondatezko, esanbidezko eta informatutako baimenik lortu gabe arrisku txikiko erditzearen prozesu naturala aldatzea, horretarako azelerazio-teknikak erabiliz.
- Emakumearen baimen boluntarioa, esanbidezkoa eta informatua lortu gabe erditze naturalerako baldintzak daudenean, erditzea zesarea bidez egitea.
- Erabiltzaileari tratu umiliagarria, paternalista, autoritarioa, mespretxuzkoa ematea, hitzezko irainekin, despertsonalizatuarekin edo laidoekin.

Ikuspegi feminista
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Osasunaren Mundu Erakundeak adierazpen bat egin zuen 2014an, mundu mailako osasun-zentroetan erditzea artatzean zegoen errespetu faltaz ohartarazteko eta hura desagerrarazteko. Aktibista batzuek indarkeria obstetrikoa sartzen dute giza eskubideen urraketen artean, eta diskriminaziorik ezaren aurkako, askatasunaren eta pertsonaren segurtasunaren aurkako urraketatzat jotzen dute.[4]
Gai horri buruzko ikertzaile askok genero-indarkeria instituzionalizatu eta sinboliko gisa sailkatzen dute indarkeria obstetriko: ez da medikuntza-praxi txarraren ondorioa soilik, medikuntza androzentrikotik dator. Ugalketa-osasunaren arretaren barruan emakumeak modu desberdinetan degradatzen, zapaltzen eta beldurtzen dituen praktika multzo bati egiten dio erreferentzia. Hala baieztatzen dute indarkeria obstetrikoari buruzko legeak egin dituzten Latinoamerikako herrialdeek ere, hori beti egin baita genero-indarkeriari buruzko legediaren barruan.
Indarkeria obstetrikoa terminoa erabiltzea kritikatu egiten dute medikuek eta emaginek, haren etikaren aurkakoa dela argudiatzen dutelako eta, oro har, kritikatzen diren jarduerek arriskuak baino onura gehiago dakartzatela argudiatzen dutelako, baldin eta goiz aplikatzen badira.
Euskal Herria: Lekandaren kasua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Indarkeria obstetrikoa «oso ikusezina» da, eta «normalizatua» dago, Ane Lekanda Altzibarren irudiko. «Hori aldatu beharra dago». Haren kasua zabaltze handia izan du salaketa-bideo batez abiatuta. Otsailaren amaieran, odoletan esnatu zen Lekanda, eta Urdulizko ospitaleko larrialdietara jo zuen. Bertan, baina, ez zegoen ginekologorik, eta Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) joan behar izan zuen. «Bertan esan ziguten poltsa apurtu nuela, ez zegoela zalantzarik eta, beraz, haurdunaldia ez zela bideragarria». Taupadarik ez zegoela baieztatzeko, hitzordua eman zioten Urdulizko ospitaleko ginekologo batekin.[5]
Lekandak senarrari esan zion berak ez zuela ekografia ikusi nahi; senarrak, berriz, baietz. «Nik ginekologoari esan nion ez nuela ekografia ikusi nahi, baina senarrak ikusiko zuela. Orduan, modu txarrean esan zidan: berak ikusten badu, zuk ere ikusiko duzu, ez dut ezer ulertzen». Lekandak erantzun zion hura bere gorputza zela, berak hartuko zituela erabakiak eta ginekologoak ez zuela ezer epaitu behar. Bikotearen harridurarako, haurra ondo zegoela esan zien osasun langileak, ez zekiela zer gertatzen ari zen.[5]
Enpatiarik ez zuela leporatu, eta Lekandak ginekologoari esan zion kexa bat jarriko zuela. «Egoerak okerrera» egin zuen orduan. «Ez ninduen begiratzen, barre egiten zuen, hierarkia basati batez begiratzen zidan...» Barre egiten zuen bitartean, zera esan zion ginekologoak: «Bi kexa jarriko dizkidazu, ala?». Lekandak adierazi zion egiten ari zena «indarkeria psikologikoa» zela, eta berak ez zuela ezer egin horrela tratatua izateko.[5]
Ginekologoarekin bizitako egoera salatzeko, Lekandak kexa aurkeztu zuen Osakidetzan. Gauza bera egiteko eskatu zien horrelako zerbait bizi izan duten emakumeei. «Egiturazko kontu bat da hau, eta gutxienez sozialki kondenatu behar dugu, legez ezin baita, sinetsezina dirudien arren».[5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://www.gacetasanitaria.org/es-la-violencia-obstetrica-una-practica-articulo-S0213911120301898
- ↑ https://linkinghub.elsevier.com/retrieve/pii/S0140673601752853
- ↑ https://hikaateneo.eus/indarkeria-obstetrikoa-psikologiatik-begiratuta/
- ↑ Diaz-Tello J.D., Farah (May 2016). «Invisible wounds: obstetric violence in the United States». Reproductive Health Matters. doi:10.1016/j.rhm.2016.04.004.
- ↑ a b c d ««Uste baino askoz ohikoagoa da indarkeria obstetrikoa»» Berria 2025-04-06 (kontsulta data: 2025-04-08).