Independentisten espioitza auzia (Espainia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Independentisten espioitza auzia» orritik birbideratua)


Independentisten espioitza auzia
Motagertaera
Espioitza
HerrialdeaEspainia
KausaPegasus (spywarea)
Candiru

Webgunecatalangate.cat
Hashtag#CatalanGate

Independentisten espioitza auzia Espainiako espioitza kasu bat da, batez ere NSO Groupen Pegasus spywarearen bidez egina, Kataluniako mugimendu independentistaren aurka, baina Arnaldo Otegi eta Jon Iñarritu euskal herritarrak ere jomugan jarri dituena. Katalanen artean dira 2010az geroko Kataluniako Generalitateko lau lehendakariak, Kataluniako Parlamentuko bi lehendakari eta beste funtzionario hautetsi batzuk, eurodiputatuak barne, aktibistak, abokatuak eta informatikariak eta, kasu batzuetan, haien familiak.

Pedro Sanchez eta Margarita Robles CNIren egoitzan (2019ko urtarrila)

Eskandalua Compuerta Catalana izenaz ere zabaldu arren, aipatu bi euskal herritar buruzagi politikoei ere eragin die.[1][2] Torontoko Unibertsitateko Citizen Lab zentroak 2022ko martxoaren 18an argitaratu txostenean 65 biktima identifikatu zituen, gauzaturik edo saiaturik, eta kopuru hori nabarmen handiagoa izan da lehenago ezagutzen zen beste edozein espioitza kasutan baino: Al Jazeera (36 biktima) eta El Salvador (35 biktima).[3][4]

Giroa areago bihurritu zen espioitzaren biktimak legegintzaldi horretako Espainiako Gobernuaren nahitaezko babesleen artean zeudelako eta gobernu horrek une horretan aurkeztu behar zituelako Ukrainako inbasioaren krisiari buru egiteko Espainiako urteko aurrekontuak. ERCren kontrako botoaz eta EH Bilduren babesaz, aurrekontu horiek aurrera atera ahal izan ziren.

Luze gabe eta espioitza eskandaluaren biktimek erantzukizunak erreklamatu ahala, auziak ezusteko bilakaera bat izan zuen, Espainiako Gobernu horretako bozeramaileak adierazi zuenean urtebete lehenago Pedro Sanchez presidentea eta Margarita Robles defentsa ministroa (CNI Espainiako Inteligentzia Zentroaren erantzule gorena) Pegasus bidez zelatatu zituztela. Aditzera eman zen Marokoko zerbitzu sekretuak izan zitezkeela horren arduradunak.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orain berrazaleratu aurretik, auzia 2019an piztu zen lehen aldiz, plazaratu zenean aktibistei entzuketak egiteko NSO Pegasus baliatu zela, Whatsappeko zulo bat erabiliz. Zelatatuen artean zen Roger Torrent Kataluniako lehendakaria, The Guardian eta El País egunkariek une horretan argitaratu zutenez. Eskandalu hau 2022an berrazaleratzearen arrazoia da Kataluniako hainbat eragile politikok Citizen Laben eskuetan utzi zituztela telefono mugikorrak, analiza zitzaten, eta zentro horrek kutsatuta zeudela egiaztatu zuen. Pentsatu da Citizen Labek atzemandakoen halako bi ere izan daitekeela zelatatuen kopurua.[5]

Auzi hau azaleratu aurretik ere, oposizio politikoko kideen espioitza kasuak maiz gertatu dira Hego Euskal Herrian eta Espainian azken hamarkadetan, ia ondorio politikorik edo penalik izan gabe.[6] Pegasus programa CNI Espainiako Inteligentziaren Zentro Nazionalak 2010 eta 2015 artean erosi zuen 6 milioi euroren truke, 2014. urtean segur aski, Kataluniako buruzagi subiranistak zelatatzeko.[7]

Eskandalua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022ko apirilaren 18an, The New Yorker astekariak Ronan Farrow kazetariaren erreportaje bat argitaratu zuen, Torontoko Unibertsitatearen Citizen Lab zentroaren ikerketa baten berri emanez.[8][9] Bertan, adierazten zen 65 lagun zirela gutxienez espiatutakoak: buruzagi politikoak, haien senide eta abokatuak, gizarte mugimenduetako ordezkariak... Gehienak independentista katalanak ziren, tartean zela Pere Aragonès Kataluniako Generalitateko presidentea, baina baita EH Bilduko bi kide ere: Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia eta Jon Iñarritu Espainiako Kongresuko diputatua.

Pere Aragonès presidente katalana eta bere gobernu kabinetea
Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzailea eta espioitzaren biktima euskal herritar bat

Gehienetan, Pegasus programa erabili bide zen pertsona horiek zelatatzeko. Horien bitartez, 51 eraso egin omen zitzaizkien espioitzaren biktimei, eta hamabi ahalegin. Lau kasutan, Cangiru programa erabili zuten,[10] hori ere Israelgoa.[11] Gonzalo Boye independentisten abokatua dago ere ustezko espioitzaren biktimen artean. Gainera, erreportajearen arabera, Espainiako zerbitzu sekretuak (CNI) zeuden operazio horren atzean.

Pegasus programaren jabea, NSO Group, Estatu Batuetako Gobernuaren enpresen zerrenda beltz batean dago, politikariak eta aktibistak zelatatzen dituelakoan,[12] eta hala Hungariak nola Poloniak beren herritarrak zelatatzeko erabili izan dute Pegasus. NSO Groupek segurtatu du bakarrik estatuei saltzen diela programa hori, "terrorismo eta krimenaren kontra borrokatzeko".[13]

Erreakzioak eta ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako adierazpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ustezko biktimetako batek, Jon Iñarritu EH Bilduren Espainiako Kongresukideak "Europako espioitza kasu handiena" deitu zion auziari, eta lehenbailehen argitzeko erreklamatu zion Espainiako Gobernuari. Arnaldo Otegik ez zela harritzen gaineratu zuen, eta adierazi ere "78ko Erregimenaren" ohiko jokabidea zela.[14] Pere Aragonèsek Espainiako Gobernua gaitzetsi zuen, eta haren konfiantza galdu zuela adierazi. Iragarri zuen ez zituela estatuaren aurrekontuak babestuko.[15]

Egun batzuk geroago, Gonzalo Boye, Benet Salellas, Andreu Van den Eynde eta Antoni Abat espioitzaren ustezko biktima katalanen abokatuek apirilaren 29an iragarri zuten kereila bat jarriko zutela Pegasus sortu eta kudeatu zuen Israelgo NSO Group enpresaren aurka.[16] Hala egin zuten, bada, Omnium Cultural elkarteak eta CUP alderdiak maiatzaren 2an, «oinarrizko eskubideak masiboki eta modu larrian» urratzea egotzita. Omnium Culturaleko presidente Xavier Antichek «Estatuak independentismoaren eta disidentziaren aurka egiten duen gerra zikinaren erakusletzat» jo zuen afera guztia.[17]

Europako Legebiltzarrean katalanek gogor salatu dute gaia, eta Europar Batasuneko Batzordeak adierazi du onartezina dela EBko estatuek herritarren, kazetarien eta politikarien datuak eta komunikazioak legez kanpo eskuratzea, espioitza programen bidez. Johannes Bahrke Batzordeko bozeramaileak gogorarazi du oinarrizko eskubideak bermatzeko "estatuek segurtasun zerbitzuak kontrolatu behar" dituztela, eta "azken egunetako espioitza aferak ikertu" beharko lituzketela.[18] Kontrako aldean, Espainiako Estatuko hedabide nagusienetan gaiak ez ditu hautsak harrotu, gainetik aipatu zen.[19]


Pegasus independentisten espioitza eskandaluan inplikatutako eragile batzuk irudietan

Espainiako Gobernuaren kinka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Isabel Rodriguezek, Espainiako Gobernu horren bozeramaileak, erabat ukatu egin zuen espioitza horretan inplikaziorik izatea, eta arbuiatu zuen "Espainiaren kalitate demokratikoa auzitan jartzea", gaineratuz ere gobernu horrek ez zuela ezer ezkutatzeko eta "dena legez eta zuzenbidearen" arabera egiten dela Espainian.[20] Margarita Robles Espainiako defentsa ministroak ez zuen ukatu independentisten gaineko espioitza, zuritu baizik, estatuaren betebeharra hori delakoan konstituzioa urratu eta independentzia deklaratzen dutenen kontra, eta horiek "desordena publikoak" eragiten dituztelakoan, aldi berean adieraziz ere «legeek ezartzen dituzten kontrolekin» egin behar dela.[21][oh 1]

Espioitza auziak, bada, Espainiako gobernantza zipriztindu zuen, Espainiako Gobernuaren babesleak direlako plazaratu diren espioitza auziaren biktimak. Une horretan, Espainiako Gobernuak Ukrainako inbasioaren krisi ekonomikoaren kalteei aurre egiteko aurrekontuak aurkeztu behar zituen eta, ondorioz, kolokan geratu ziren.[22] Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko EH Bilduren diputatua adierazi zuen Pegasus programaren espioitza kasuak arrakala bat ireki zuela gobernuaren eta hura sostengatzen zuten bazkideen artean, baina gaineratu zuen koalizio independentistak «esaten duena egiten duela eta egiten duena esaten duela». ERCko katalanek gogor kritikatu zuten Pedro Sanchezen Espainiako gobernua, eta ezezkoa iragarri zuten aurrekontuei, baina EH Bilduk aldeko bozkaren alde egin zuen, "herritarren ongizatearen izenean". Ondorioz, aurrekontuak atera ahal izateko modua eman zuen 2022ko apirilaren 28an.[22]

Margarita Robles Espainiako defentsa ministroa agerraldi batean
Pablo Etxenike Nosotras Podemosen parlamentu taldeko bozeramailea

Auzia argitzeko, EH Bilduk eta EAJk espioitzari buruzko Ikerketa Batzorde bat eskatu zuten Espainiako Kongresuan, Sekretuen Batzordea ikerketarako organoa ez dela iritzita. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere auzia "berehala argitzeko" eskaera egin zuen.[23] Aldiz, eskaera hori ez zen aurrera atera, PSOEk ikerketa batzordea eratzeaz eztabaidatzea eragotzi zuenean PP, Vox eta Ciudadanos alderdiekin batera, nahiz eta ez zuen saihestu Pedro Sanchez Espainiako presidenteak azalpenak emateko agerraldia egin behar izatea.[24] Unidas Podemoseko bozeramaile Pablo Etxenikek eta Más Paísko Iñigo Errejonek, auziaren tamainaz asaldaturik, "buruak moztu" behar direla adierazi zuten, esan nahirik erantzuleak kargugabetu behar zirela.[25][26]

CNIren inplikazioa eta Sekretu Ofizialen Batzordea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022ko maiatzaren 5ean, CNIko zuzendari Paz Estebanek, Espainiako Kongresuko sekretu ofizialen batzordeko lehen bilkura sekretuan, Espainiako Kongresuko hamabi talde ordezkariei aitortu zien independentistei espioitza egin zitzaiela, zehazki 28 independentistari, eta Espainiako baimen judizialaz eta legez egin omen zitzaien zelata. Paz Estebanek ez zuen argitu gainerako guztiak nork edo nola zelatatu zituen, tartean zirela ustez Espainiako Gobernuko Pedro Sanchez eta Margarita Robles.[27][28][oh 2][oh 3]

2022ko maiatzaren 11n, Sanchez presidenteak Paz Esteban CNIko burua kargugabetu zuen, espioitza eskandaluko biktimen alderdien presiopean, ERC eta Podemos bereziki. Hala ere, Roblesek, prentsaurreko azalpen bihurrian, ez zuen asmatu azaltzen zergatik egin zuen hori; aldiz, CNIko ordezkapen batez hitz egin zuen, "Espainiako zerbitzu sekretuei bultzada berri bat emateko", eta harro agertu zen CNIren eta Espainiako Indar Armatuen lanarekin.[29][30][oh 4] El Mundo espainiar egunkariak gertaerak eta erantzukizunak argitzeko ahaleginei "independentisten xantaia" deitu zion zuzenean;[31] PPk ere erabili zuen terminologia hori.[32] Gainera, Voxek eta PPk guztiz babestu zuten Paz Estebanen jokabidea.[33]

ERCko eledun Gabriel Rufianek, Mertxe Aizpurua, Aitor Esteban, Pablo Etxenike eta beste alderdi ordezkari batzuekin batera batzorde horretara bertaratuak, adierazi du bi tesi daudela mahai gainean. Batetik, «atzerriko nazio batek edo batzuek» espiatu izana. Bestetik, litekeena dela zelaten atzean «Pegasus bezalako programa parasito batekin espiatzeko gaitasuna izan dezaketen estatuko beste erakunde bat edo batzuk» egotea. Alde horretatik, Rufianek «sartu garen bezala atera gara» adierazi zuen.[34]

Hilabete eta erdi geroago egin agerraldian, Pedro Sanchez presidenteak Paz Vegak esandakoa berretsi zuen hitzak neurtuz; gaineratu zuen Kataluniako prozesu independentistaren testuinguruan eta sabotajeak egiten ziren unean egin zela espioitza segurtasun nazionalerako, ez zela egin bere gobernuaren ardurapean, eta gobernuaz kanpoko beste eragile batzuek egingo zituztela legez kanpoko beste espioitza ekintzak, bere burua biktimen artean sartuz. Gainera, adierazi zuen gobernuak ez duela CNIren operazioen berri zehatzik.[35]

Espainiako Gobernukideen ustezko espioitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Gobernuaren eta NSO Groupen kontrako askotariko salaketa judizialen erdian, maiatzaren 2an, gobernu horretako Felix Bolaños presidentetzako ministroa prentsaurrekoan agertu eta adierazi zuen Pedro Sanchez eta Margarita Robles ere Pegasus bidez zelatatuak izan zirela, 2021eko maiatzean eta 2021eko ekainean, hurrenez hurren, eta Espainiako justiziaren esku bi txosten tekniko jarri zituztela, haien sakelakoen ustezko espioitzak argitzeko. Gaineratu zuen jarraituko zutela ikertzen gobernuko beste kide batzuk ere zelatatu ote zituzten. Bolañosek nabarmendu zuen seguru zeudela "gobernuz kanpoko operazioak" zirela horiek, eta "legearen guztiz kontrakoak".[36]

Independentistek askotariko erreakzioak agertu zituzten, Carles Puigdemonten elkartasunetik hasi eta CUPeko Albert Botranen eszeptizismoraino eta Gonzalo Boye abokatuaren adierazpen borobileraino: "CatalanGate kasua agerian jartzen ari da gertatutakoaren larritasuna eta Espainiako estatu sakona delakoaren boterea. Dirudienez, Gobernuak ez du botere horren gaineko kontrolik".[37] Espioitza kasu honen arduradunen karietara egin elkarrizketan, Fernando Rueda espioitzan adituak adierazi zuen Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak beren kabuz erosi eta erabil zezaketela Pegasus, baina une horretan ezagutzen zenez, CNIk bakarrik zuen baimenik.[38]

Maiatzaren 5ean azaleratu zenez, bi kasu horiek publiko egin ostean indartu zen atzerriko estatu batek Sanchez eta Robles espiatu izanaren hipotesia; zehazki, Marokok. Tesi hori indartzen duen informazio berri bat argitaratu du El Pais egunkariak ere: Fernando Grande-Marlaska espiatu omen zuten. Egunkari hark azaldu du Espainiaren eta Marokoren arteko harremanak txarto zeuden unean gertatu zela hori, iazko maiatzean. Ministroak, ordea, adierazi du ez duela bere telefonoa espiatu izanaren inguruko informaziorik.[39]

Oraingoz, epaitegitan bidea egin duen espioitza kasu bakarra Pedro Sanchezen eta Margarita Roblesen aurkakoa izan da. Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Calama epaileak sekretupean jarri du ikerketa, «emaitza larriki baldintzatu dezakeen egoerak eragozteko». Era berean, kaltetu gisa pertsonatzeko aukera eman die gobernuko bi kideei, Fiskaltzak eskatu bezala.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. 1998an, guztiz bestelako posizioa agertu zuen, Herri Batasunari Gasteizen egin entzuketen harira: «Demokrata izanik, ezin dugu onartu gerra zikinik edo legez kanpoko entzuketarik egotea»; ikus Berria, 2022-04-28.
  2. Fernando Rueda espioitzan adituak adierazi zuen Pedro Sanchezek ez zekiela, "argi eta garbi", Pere Aragones Kataluniako presidenta zelatatua izaten ari zela; izan ere, haren irudiko, gobernuek informazio osoa nahi dute, baina ez dute galdetzen nola lortu den. Hala ere, bere buruaren espioitza ikertzeko, Sanchezek bide judizialera jo izana "itxurakeria" hutsa dela irizten dio, espioitza ingurune horretan ez dagoelako ezer frogatzerik; ikus La 6, 2022-05-11
  3. El País egunkariak hori legezkoa zela eman zuen aditzera, azalduz Espainiako Zerbitzu Sekretuen Legeak zehazten duela CNIren eginkizunetan sartzen dela "Espainiako lurralde osotasunerako edozein mehatxu prebenitu eta eragoztea", besteak beste; ikus 20 Minutos. José Manuel Villarejo Espainiako polizia nazional ohi eta operazio sekretuetako agenteak hilabete berean elkarrizketa batean baieztatu zuen 50 telefono baimen judizialik gabe zelatatu zirela Katalunia Operazioan; ikus TV3 (2022-05-21).
  4. Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak "kargugabetu" dio, argi eta garbi; ikus BOE 2022-05-10.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Hauek dira Pegasus eta Candiru programekin ustez espiatu dituzten independentistak» EITB 2022-04-19.
  2. Lete, Irati Urdalleta. «Pegasus: zelatari isila norbere poltsikoan» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-04-23).
  3. (Ingelesez) «Al Jazeera journalists ‘hacked via NSO Group spyware’» BBC News 2020-12-21.
  4. (Ingelesez) Pérez, José de Córdoba and Santiago. (2022-01-13). «Pegasus Spyware Deployed Against El Salvador Journalists and Activists» Wall Street Journal ISSN 0099-9660..
  5. Urain, Jon O.. «Ziberespioitzaren argi-ilunak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  6. Senar, Joxerra. «Espioitza: praktika zaharra, era berriak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  7. «CNIk 6 milioi eurotan erosi zuen Pegasus espioitza programa» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  8. (Katalanez) «Espanya va espiar l’independentisme amb Pegasus, segons 'The New Yorker'» ElNacional.cat 2022-04-18 (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  9. (Ingelesez) Nast, Condé. (2022-04-14). «How Democracies Spy on Their Citizens» The New Yorker (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  10. «Hauek dira Pegasus eta Candiru programekin ustez espiatu dituzten independentistak» EITB 2022-04-19 (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  11. (Ingelesez) «Citizen Lab unearths spyware attacks against Catalan politicians, U.K. government: The New Yorker» University of Toronto News (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  12. (Katalanez) «Espanya va espiar l’independentisme amb Pegasus, segons 'The New Yorker'» ElNacional.cat 2022-04-18 (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  13. (Ingelesez) Oriola Folch, Jordi. (2022-04). «Catalangate: The Surveillance State in Spain» Bella Caledonia. .
  14. «Iñarritu, zelatatua izan dela jakin berritan: "Europan egindako espioitza politiko handiena da honakoa"» EITB 2022-04-19 (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  15. EU Reporter. (2022-04-22). Kataluniako buruzagiak esan du parlamentuko laguntza izoztu behar duela Espainiako lehen ministroari espioitza-liskarren ondorioz. Eureporter.
  16. «Espioitzak kaltetutakoen abokatuek Pegasusen jabe den enpresa israeldarraren aurkako kereilak iragarri dituzte» EITB 2022-04-29 (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  17. Begiristain, Edurne. «Omnium Culturalek eta CUPek kereila bana jarri dute Pegasus auziagatik» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
  18. «CNIk 6 milioi eurotan erosi zuen Pegasus espioitza programa» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  19. «CNIk 6 milioi eurotan erosi zuen Pegasus espioitza programa» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  20. (Gaztelaniaz) País, Carlos E. Cué, El. (2022-04-19). «El Gobierno niega cualquier implicación en el uso de Pegasus: “En España no se espía si no es al amparo de la ley”» El País (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  21. Garmendia, Jon Ordoñez. «1998, Margarita Roblesentzat legez kanpoko entzuketak onartezinak ziren urtea» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  22. a b Alberdi, Jon Ordoñez Garmendia-Iosu. «Espainiako Gobernuaren dekretua onartzea ahalbidetu du EH Bilduk Kongresuan» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  23. Ramirez, Oihane Puertas. «Ikerketa Batzordea eratzeko eskatu dute EAJk eta EH Bilduk» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  24. Press, Europa. (2022-05-03). «El PSOE impide debatir la comisión de investigación del espionaje, pero no evita una comparecencia de Sánchez» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  25. (Gaztelaniaz) Vila, Ana Fernández. (2022-04-19). «Unidas Podemos exige a Marlaska y Robles una investigación sobre el espionaje de Pegasus: "Tienen que rodar cabezas"» cadena SER (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  26. (Gaztelaniaz) 20minutos. (2022-05-03). «Errejón afirma que "tienen que rodar cabezas" por el caso Pegasus» www.20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  27. «CNIk onartu du 28 independentista espiatu izana, baina ez du argibiderik eman beste kasuez» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  28. (Gaztelaniaz) Riveiro, Iñigo Aduriz, Irene Castro, Aitor. (2022-05-05). «Cuatro horas en la Comisión de Secretos Oficiales: espionaje a Aragonès, avales del juez y diez nombres tachados» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  29. (Gaztelaniaz) «La surrealista rueda de prensa de Robles: la "sustitución" en el CNI y el collar de Petra» Vozpópuli 2022-05-10CEST14:07:54+02:00 (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
  30. (Ingelesez) «Spain dismisses spy chief in Pegasus phone spyware scandal» BBC News 2022-05-10 (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
  31. (Gaztelaniaz) «Pedro Sánchez desclasifica su espionaje en un intento de desactivar el chantaje independentista» ELMUNDO 2022-05-02 (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  32. (Gaztelaniaz) García, Fernando; Razón, La. (2017-09-24). «Fernández Mañueco denuncia el chantaje independentista a funcionarios y concejales» La Razón (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  33. (Gaztelaniaz) RTVE.es. (2022-05-05). «Espionaje Pegasus: PP y Vox apoyan al CNI tras la comisión de secretos» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  34. Alberdi, Iosu. «CNIk aitortu egin du zenbait independentista espiatu zituela» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  35. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2022-05-26). «Sánchez alega que no controla al CNI y sus socios le instan a «depurar las cloacas»» naiz: (Noiz kontsultatua: 2022-05-26).
  36. Gorraiz, Uxue Rey. «Pedro Sanchezen eta Margarita Roblesen sakelakoak zelatatu dituztela salatu du Madrilek» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
  37. «Espainiako Gobernuak dio beraiek ere zelatatu dituztela; independentistek "ke gortina" salatu dute» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
  38. (Gaztelaniaz) «Fernando Rueda, especialista en espionaje, sobre el caso Pegasus: "Hay una norma. El Gobierno quiere la información sin saber cómo se obtiene"» www.lasexta.com 2022-05-12 (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  39. Alberdi, Iosu. «CNIk aitortu egin du zenbait independentista espiatu zituela» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]