Inferentzia (logika)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Inferentzia deduktiboa egiazko aurrekarietatik egiazko ondorioak ateratzeko prozesua edo buru-eragiketa da. Jasotako informaziotik edo premisetatik, ontzat hartzen den edozein hatsarretan oinarriturik, ondorioak ateratzea[1]. Gizakiok etengabe egiten dugun eragiketa logikoa da eta batzuetan behar diren ondorioak behar bezala dedukzioz ateratzen ditugu eta beste batzuetan ondorio okerrak ateratzen ditugu.

Irakurketa prozesuan inferentziak etengabe egiten dira. Idazleak badaki irakurleari ez zaiola informazio osoa eman behar. Irakurleak, hartzaileak oro har, kontu asko testuingurutik edota mezuaren igorlearekin aurretik partekatzen dituen ezagutzetatik, dedukzioz, aterako ditu. Kultura bera partekatzen duten igorleek kontu pilo bat komunikatzen diote hartzaileari aipamen zuzenak egin gabe ere. Horretarako hartzaileek zenbait dedukzio zuzen egin beharko: inferentzi logikoa edo inferentzia deduktiboak.

Adibide bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« (Berria): Nolako saioa atera zela uste duzu?

(Julio Soto. Nafarroako Bertsolari txapelduna 2019): Oholtzatik, esango nuke final ona atera zela. Final askotan gertatzen da norbait bidean erortzea, eta uste dut lehengoan ez zela inor erori. Denok eman genuen gure onena momenturen batean ez bada bestean.

»

Berria.eus, 2019ko martxoak 26


Inferentzia zuzenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berria egunkariko irakurleek hainbat inferentzia egingo dituzte: galderan aipatzen den saioa Nafarroako Bertsolaritza Txapelketako finala dela pentsatuko dute eta asmatuko dute. Inferentzia hori baieztatuta geratuko da geroago Julio Sotoren erantzunarekin. Irakurleak ulertuko du "bidean erortzea" horren atzetik zer dagoen, ez benetako bidea eta ez erorketa fisiko bat, jakina... Irakurleek, baita ere, ulertuko dute Julio Soto "gure onena" horrekin bertso saio jakin batzuei buruz besterik ez dela ari, ez bizitzari buruz oro har.

Erantzuneko final hitza irakurri eta Nafarroako Bertsolaritza Txapelketako finala ulertuko da, berriro ere, galderan saioa ulertu den bezala...

Edozein irakurlek, ondorioztatuko du, bide beretik, galdera egiten duen Berria hori ez dela Berria egunkaria bere osotasunean, ez dela erakunde osoa galdetzen ari, Berria egunkariko kazetari bat baizik.

Inferentzia okerrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goiko ataleko inferentzia horiek guztiak zuzenak lirateke. Irakurle batek final hitza irakurri eta Julio Soto bere gustuko kiroleko final bati buruz ari dela pentsatuko balu: inferentzia okerra.

Oholtzatik, esango nuke... hitzen segida irakurri eta inferentzia okerra litzateke, esate baterako, pentsatzea Julio Sotok oholtza gainean dagoela galdera horri erantzuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lur entziklopedia. www.euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-04).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]