Ingeborg Bachmann
Ingeborg Bachmann | |
---|---|
![]() (1962) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Klagenfurt, 1926ko ekainaren 25a |
Herrialdea | ![]() |
Bizilekua | Erroma |
Heriotza | Erroma, 1973ko urriaren 17a (47 urte) |
Hobiratze lekua | Klagenfurt (Annabichl) Cemetery (en) ![]() |
Heriotza modua | istripuzko heriotza |
Familia | |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | alemana italiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, idazlea, kazetaria, gidoilaria, filosofoa, saiakeragilea, antzerkigilea, libretista eta itzultzailea |
Lantokia(k) | Viena |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Ilse Aichinger |
Kidetza | Gruppe 47 Alemaniako hizkuntza eta literatura akademia |
![]() ![]() ![]() ![]() ![]() | |
![]() |
Ingeborg Bachmann (Klagenfurt, Austria, 1926ko ekainaren 25a – Erroma, Italia, 1973ko urriaren 17a) poeta eta idazle austriarra izan zen.
Biografia eta literatura-ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bachmann Klagenfurten jaio zen, Austriako Karintia estatu federatuan. Bigarren hezkuntzako irakasle baten alaba zaharrena zen. Filosofia, psikologia, aleman-filologia eta zuzenbidea ikasi zituen Innsbruck, Graz eta Vienako unibertsitateetan. 1949an, Filosofian Doktore izendatu zuten Vienako Unibertsitatean, Victor Kraft filosofoaren aholkularitzarekin idatzitako tesia aurkeztuta: "Martin Heidegger-en filosofia existentzialaren harrera kritikoa".[1]
Lizentziatu ondoren, Bachmannek gidoilari eta editore gisa lan egin zuen Rot-Weiss-Rot irratian. Lan horri esker, literatura garaikidearen ikuspegi zabala eskuratu zuen. Gainera, idatzitako lehen irrati-nobelak irrati horretan uhineratu zituen lehenengoz. Literaturaren munduan aurrera egiteko, funtsezkoak izan ziren Hans Weigelekin zeukan harremana (literaturagilea eta gerraondoko literaturaren bultzatzailea zen) eta Gruppe 47 literatura-talde ezaguna (horko kide ziren, besteak beste, Ilse Aichinger, Paul Celan, Heinrich Böll, Marcel Reich-Ranicki eta Günter Grass). 1953an Gruppe 47 saria irabazi zuen Die gestundete Zeit poema liburuarekin.[2]

1953an Erromara joan zen bizitzera, eta hurrengo urteen zati handi bat poesia, saiakera eta narrazio laburrak idazten eman zuen, baita opera-libretoak ere, Hans Werner Henze konpositorearekin batera. Azken horiei esker, nazioartean ezagunak egin eta hainbat sari irabazi zituzten.
1954ko abuztuan, Alemaniako Der Spiegel astekariaren azalean agertu zen[3][4], eta horrek alemaniako kultur-esparru zabalean ezagutzera eman zuen.
1955ean Henry Kissinger ezagutu zuen Harvardeko sinposio batean; biek hainbat urte iraun zuen harremana izan zuten.[5]
1957 eta 1958 bitartean Munichen bizi izandu zen, Bavariako Telebistan dramaturgo lanak egiteko.[6] Garai horretan, arma nuklearraren aurkako kanpaina batean parte hartu zuen[7]. 1958ko maiatzan igorri zen Der gute Gott von Manhattan ("Manhattango jainko ona") saioa, hilabete horietako lanen fruitu izan zena[8]. Irratsaio horrexek gogoberotuta, Max Frischek (1911-1991) gutun bat idatzi zion Bachmanni, eta horren ondorioz biak 1958ko uztailak 3an lehen aldiz elkartu ziren Parisen[9]. Elkar maitemindu ziren, eta Bachmann Zurichetik gertu dagoen Uetikon herrira lekualdatu zen, Munich utzita, Frischekin batera bizitzeko. 1960tik aurrera, bikotea Erromara bizitzera joan zen[10].
Autore suitzarrarekin zeukan harremanaren ondorioz, Bachmannek eragina izan zuen Frischek 1964an idatzi zuen Gantenbein nobelako bigarren protagonistan. Frischen desleialtasunak eta 1962ko banaketak lorratz sakona utzi zioten Bachmanni.
1973ko irailaren 25etik 26rako gauean, sua piztu zen bere logelan, eta ospitalera eraman zuten; poliziaren arabera, zigarreta bat izan zen suaren eragilea. Ospitalean izan zen bitartean, barbiturikoen gehiegizko erabileraren ondoriozko abstinentzia-sintomak izan zituen; artatu zuten medikuek ez zeukaten Bachmannen mendekotasunaren berri, eta baliteke horrek heriotzarekin zerikusiren bat eduki izana. 1973ko urriaren 17an hil zen, eta Klagenfurteko Annabichi hilerrian hilobiratu zuten.[11]
Gaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizi zelarik, Bachmann bi poesia-bildumak egin zuten ezagun: Die gestundete Zeit eta Anrufung des Grossen Bären. Hil ondoren, arrakasta handia izan zuen irakurle feministen artean, eta bere lana aztertzeko bekak sortu ziren han-hemen, prosazko lanari ere arreta jartzea ekarri zutenak.[12]
Bachmannek hainbat gai jorratzen ditu bere literatura-lanetan; besteak beste, norberaren mugak, egiaren zehaztapena eta hizkuntzaren filosofia, azken hori Ludwig Wittgenstein filosofo austriarraren eraginez. Berak idatzitako prosa-lan askotan, emakumeek Austriako gerraosteko gizartean bizirauteko eta beren ahotsa bilatzeko egin beharreko borroka aztertzen du. Halaber, inperialismoaren eta faxismoaren historia ere jasotzen du; bereziki, nola irauten duten oraindik indarrean ideia inperialistek bere garaian.[13] Doktoretza-tesian, Heideggerren Existentzialismoarekiko etsipen gero eta handiagoa erakusten du, zati batean bederen Wittgensteinekiko interes gero eta handiagoarekin konpondu zuena; izan ere, Wittgensteinen Tractatus Logico-Philosophicus obrak eragin nabarmena izan zuen Bachmannek hizkuntzarekin zuen harremanean.[14]
Ingeborg Bachmann Saria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1977. urtetik Klagenfurten urtero ematen den Ingeborg Bachmann sariak bere izena darama.[15]
Lan hautatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Die gestundete Zeit (poesia lirikoa, 1953)
- Die Zikaden (irrati-nobela, 1955)
- Anrufung des Grossen Bären (poesia lirikoa, 1956)
- Der gute Gott von Manhattan (irrati-nobela, 1958)
- "Die Wahrheit ist dem Menschen zumutbar" (saiakera poetikoa, sari baten aurkezpenean; 1959)
- "Frankfurter Vorlesungen" (literatura garaikidearen arazoei buruzko hitzaldia, 1959)
- Der Prinz von Homburg (libretoa, 1960)
- Das dreißigste Jahr (narrazioen bilduma 1961)
- Der junge Lord (libretoa, 1965)
- Malina (eleberria, 1971)
- Simultan (narrazioen bilduma, 1972)
- Todesarten (nobela-zikloen proiektua, amaitu gabea)[16]
Euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Munduko Poesia Kaierak: Ingeborg Bachmann (Susa, 2015; itzultzailea: Nagore Tolosa). Poemen antologia bat.
- Aldibereko Itzultzailea: Idoia Santamaria Urkaregi (ipuinak. 2019)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ ISBN 978-1-57241-130-2..
- ↑ .
- ↑ «Gedichte aus dem deutschen Ghetto ("Alemaniako ghettoko poemak")» Der Spiegel 34.
- ↑ «Stenogramm der Zeit ("Garaiaren laburpena")» Der Spiegel 34.
- ↑ Wie Ingeborg Bachmann ohne Pass in die USA kam ("Nola iritsi zen Ingeborg Bachmann AEBra pasaporterik gabe"). .
- ↑ Ingeborg Bachmann über München ("Ingeborg Bachmann Munichi buruz"). .
- ↑ Es ist unsere Pflicht uns einzumischen: Politische Schriftsteller nach dem Zweiten Weltkrieg ("Gure betebeharra da eragoztea: Idazle politikoak Bigarren Mundu Gerraren ostean"). .
- ↑ "Der gute Gott von Manhattan" irrati-nobela. .
- ↑ Ingeborg Bachmann und Max Frisch: Eine Liebes-Tragödie in Briefen ("Ingeborg Bachmann eta Max Frisch: amodiozko tragedia gutunetan"). .
- ↑ Ingeborg Bachmann und Max Frisch: "Wir haben es nicht gut gemacht" ("Ingeborg Bachmann eta Max Frisch: "Ez dugu ongi egin""). .
- ↑ .
- ↑ ISBN 978-1-55849-552-4..
- ↑ ISBN 978-1-55849-552-4..
- ↑ .
- ↑ Bachmann-Preis - Tage der deutschsprachigen Literatur, retrieved on 2013-11-25.
- ↑ Irizar, Itziar Ugarte. ««Tonuak funtzionatzen badu, istorioak funtzionatu ohi du»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]• Munduko Poesia Kaierak: Ingeborg Bachmann (bildumaren zuzendari Beñat Sarasolaren hitzaurrearekin)