Ingmar Bergman
Ernst Ingmar Bergman[1] (Uppsala, 1918ko uztailaren 14 – Fårö, Gotland, 2007ko uztailaren 30a) Suediako antzerki eta zinemako zuzendari, gidoigile eta ekoizle eta idazle bat izan zen. Bere garaian, inoiz ez zuen publiko handiaren arretarik izan, agian bere lanak suedieraz filmatzen zituelako, Hollywoodeko zirkuitutik kanpo zeudelako eta akzio gutxikoak zirelako. Alabaina, giza emozioen paisaia aztertzen lehen zuzendarietako bat izan zen, eta kritikarien nahiz zinemagileen errespetu osoa bereganatu zuen.[2]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erik Bergman (1886-1970) artzain luteranoaren eta Karin Åkerblomen bigarren semea, Ingmar Bergman Uppsalan (Suedia) jaio zen. Erlijioaren mundu metafisikoak eragina izan zuen, bai bere haurtzaroan, bai nerabezaroan. Bere heziketa kontzeptu luteranoetan oinarritzen zen: «Ia gure hezkuntza guztia bekatua, aitorpena, zigorra, barkamena eta errukia bezalako kontzeptuetan oinarritzen zen, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanetan eta Jainkoarekiko faktore konkretuetan»,[3] idatzi zuen bere oroitzapenetan. «Zigorrak guztiz naturalak ziren, inoiz zalantzan jartzen ez zen zerbait. Batzuetan, azkarrak eta sinpleak ziren, zaplaztekoak eta ipurdikoak bezala, baina forma oso sofistikatuak ere har zitzaketen, belaunaldiz belaunaldi landuak».[4] Bere lan asko halako beldur eta harreman bortitzetan inspiratuak izan ziren. Zigorren erritua eta bere haurtzaroko beste pasadizo batzuk bere film ezagunenetako batean antzeztu zituen: Fanny och Alexander, non Alexander, hamar urteko mutikoa, Bergman txikiaren irudikapena baita.
Apurka-apurka, Bergman gazteak bere sentimenduak eta sinesmenak bideratzeko modua bilatu zuen, gurasoen balioetatik gero eta independenteago bihurtuz, bere nortasun espirituala bilatuz, baina, bizitza osoan zehar, Bergmanek beti gorde zuen irekia haurtzaroarekiko harremana, eta, bertan, zinema indarrez sartu zen, oinarrizko zinemagile baten dohainarekin, horrek era guztietako ametsetara eta jakintza teknikoetara eraman baitzuen.[5]
Hamahiru urterekin, batxilergoa ikasi zuen Stockholmeko eskola pribatu batean; geroago, Letretan eta Artearen Historian lizentziadun izan zen unibertsitatean. Antzerkian lehenbizi eta zineman gero, bere burua adierazteko eta sormen ahalmena zein gaitasuna bideratzeko bide egokienak aurkitu zituen. Bigarren Mundu Gerrako urteetan, jada bere familiatik urrundurik, zuzendari-laguntzaile gisa hasi zen Stockholmeko Errege Operan. Hala ere, bere haurtzaroko irudiek eta balioek, bizitza osoan zehar jarraituko ziotenak, eta aitaren egitekoarekiko gertutasunak, auzi metafisikoetan murgildu zuten: heriotza, autonomia, mina eta maitasuna.
Zineman buru-belarri
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bergmanen karrera zinematografikoa 1941ean hasi zen, gidoilari gisa. Lehen gidoia 1944an sortu zuen, bere ipuin batetik abiatuta, Hets, azkenean Alf Sjöbergek zuzendutako film bat izan zena. Gidoilari gisa egindako lanarekin batera, script gainbegirale gisa jardun zuen. Bere oroimen biografikoetan, Bergmanek adierazi zuen berak egin zuela kanpoaldeko azken filmaketa ―zuzendari profesional gisa hasi zen horrekin―, Sjöbergek bere istorio obsesibo eta bortitza egokitu egin zuela, eta hura izan zela pertsonaiari barne tentsio berezi bat eman ziona.[6] Filma Victor Sjöströmek ekoitzi zuen, eta, beraz, Bergmanek gertuko harremana izan zuen bi zuzendari handirekin. Sjöströmek lagunduko zion, aktore gisa bere bi filmetan parte hartuz.
Heats filmaren nazioarteko arrakastak aukera eman zion Bergmani zuzendari lanetan hasteko, urtebete geroago, Kris filmarekin. Hurrengo hamar urteetan dozena bat pelikula baino gehiago idatzi eta zuzendu zituen, besteak beste, Det regnar på vår kärlek, Fängelse, Gycklarnas afton eta Sommaren med Monika. Azken horretako antzezlea, Harriet Andersson, «zinema oihaneko ale distiratsu bakanetako bat» zen, haren ustez.[7]
Bitxia bada ere, ikus-entzuleen eta kritikaren lehen nazioarteko onespena industria zinematografikoan guztiz periferiko diren herrialdeetan gertatu zen, 1952an, Uruguaiko Punta del Esteko Zinemaldian Sommarlek filma erakutsi zenean. Jaialdi hartan lortutako arrakastaren ondorioz, Bergmanen hasierako obra osoa Rio de la Platan erakutsi zen, berehala Brasilen ere bai, publikoaren eta kritikaren aldetik onespen handi batez, Europan eta Ipar Amerikan ospea lortu aurretik.[8][9][10] Latinoamerikako Hego Konoko publikoaren eta zinema kritikaren atxikimenduak Bergmanen ondorengo obra osoan zehar iraun zuen.
Europan eta Ipar Amerikan, nazioarteko aitortza Sommarnattens leende (1955) filmarekin iritsi zitzaion, non «nostalgia zati bat dago, nire bizitzaren aita-alaba harreman bat, nahasmen handi bat eta tristura», maitasun korapilatsuaz gain.[11] Filmarekin Cannesko Zinemaldiaren Urrezko Palmarako izendatua izan zen 1956an.

Jarraian filmatu zituen Det sjunde inseglet eta Smultronstället, Suedian hamar hilabeteko aldearekin estreinatu zirenak, 1957an. Det sjunde inseglet —askoren ustez, bere lehen maisulana, nahiz eta Bergmanek ez zuen akatsgabetzat jotzen—[12] filmak epaimahaiaren sari berezia irabazi zuen Canneseko Zinemaldian, eta Urrezko Palma jasotzeko izendatu zuten. Smultronstället filmak sari ugari irabazi zituen, hala nola, Urrezko Globoa, Urrezko Hartza Berlingo Zinemaldian eta gidoi onenaren Oscar sarirako izendatu zuten. Zuzendariaren etaparik onenaren hasiera izan zen, 1960ko hamarkadaren amaierara arte maisulan ugari lotuko zituena.
Ondoren, bi film egin zituen: Nära livet (1958), sari ugari jaso zituena —zuzendariaren lehen «ganbera obretako» bat da, pertsonaia gutxirekin eta ia eszenatoki bakarrean garatua—, eta Ansiktet (1959) —zuzendariak misteriozko zineman umore beltzarekin nahasitako sarrera bakarra—, zeinarekin BAFTA saria irabazi baitzuen. Ansiktet, kritikaren eta publikoaren aldetik arrakasta handirik ez izan arren, bere filmografian gehien aldarrikatzen den tituluetako bat da, bai Bergmanek bere helduaroan,[13] bai Woody Allen miresleak, haren ekoizpenetan inspiratzen baita.

Jungfrukällan (1960) filmatu zuen, Erdi Aroko alegia gordin bat, bortxaketa eta mendeku istorio batean oinarrituta. Lan horri esker, atzerriko film onenaren Oscar saria, Urrezko Globoa eta Canneseko Zinemaldian sari berezi bat jaso zituen. Bergman gailurrean zegoen, eta, justu garai horretan, Suediako Fårö uhartean denboraldi luzeak igarotzen hasi zen, han filmatu baitzituen bere film garrantzitsuenetako asko.
Djävulens öga jostalaria —Don Juanen mitoari buruz urteen joanean ahaztutako komedia interesgarria— filmatu ondoren, Bergmanek bere filmografiako hiru film garrantzitsuenak zuzendu zituen: Såsom i en spegel (1961), Nattvardsgästerna (1963), eta Tystnaden (1963), bakardadea, inkomunikazioa eta jainkogabezia esploratzen dutenak. Kritikariek triptikotzat hartu zituzten lan hauek, eta Bergmanek, hasieran, gezurtatu egin zuen baieztapen hori, argudiatuz ez zituela bere filmaketak trilogia gisa antolatu, eta ez zuela antzekotasunik ikusten hiru filmen artean, baina azkenean onartu egingo zuen izendapen hori, hiru filmen gaiak antzekoak baitira.
Såsom i en spegel filmak atzerriko film onenaren Oscar saria eman zion Bergmani berriz ere, eta zenbait saritarako izendatua izan zen. Pelikulak pertsonaia laukote baten bitartez jorratzen zuen eromen historiko-erlijioso bat, egileak idatzi zuen bezala.[14] Bestalde, Tystnaden zuzendariaren lan txalotuenetako bat bihurtu zen, baita orain arte zinema aretoetan izan duen arrakastarik handiena ere. Hala ere, ospearen prezioa garestia izan zen, argumentuaren eduki itxaropen gabeagatik ―Bergmanen ondorengo lanen estilo formalaren alderdi bat aurreratzen zuen― eta sexu eszena esplizituengatik; Tystnaden debekatu egin zuten herrialde askotan, eta Bergmanek heriotza mehatxuak jaso zituen, garaiko ikusleen sektore kontserbadoreen aldetik, filma pornografia hutsa zela uste baitzuten. Sormen neurrigabeko eta publikoaren zein kritikaren arrakasta handiko garai hartan, Bergmanek komedia txikiago bat filmatu zuen, Felliniren zinemaren parodia bat: För att inte tala om alla dessa kvinnor (1964).

1966an, eritasun batengatik ospitalean hilabete batzuk igaro ondoren, Bergmanek Persona zuzendu zuen, autoreak bere ibilbideko film garrantzitsuenetakotzat jo zuena, eta 1960ko hamarkadaren hasieratik egiten ari zen lan guztia maisutasunez kondentsatu zuena. Filmak diru bilketa apala izan zuen aretoetan; baina arteari eta saiakerari buruzko zinema esperimentalaren kutsua izan arren, eta filmak ia saririk irabazi ez bazuen ere, askok Bergmanen ibilbideko lanik gorentzat joko zuten estreinatu zenetik, eta, ziurrenik gerora aitorpen zabaleneko filma izan da. Gainera, Bergmanek idatzi zuenez: «Filmatzen ari ginela, Liv eta biok guztiz maitemindu ginen; hutsegite handi bat izan zen, Fåröko etxea eraitzera bultzatu gintuena 1966 eta 1967 artean; bera han geratu zen urte batzuetan».[15]
Bergmanek bere lan kriptiko eta polemikoenetako bat filmatu zuen, Vargtimmen (1967), narrazio eta sinbolismo konplexuagatik kritikatu bezain maitatua izan den lana. 1968an zuri-beltzari agur esan zion ―tarte batez, 1980an itzuli baitzen― Skammen (1968) gerra film gordinarekin eta Riten (1969) Suediako telebistarako filmarekin. «Skammen filmaren jatorrian izugarrikeria pertsonal bat dago: erreportaje bat ikusi nuen Vietnamgo gerraz, eskalada handiaren aurretik, zibilen sufrimenduan oinarrituta; pertsonaia nagusiak bi musikari dira, eta bietako batek oreka galtzen du gerrako inbasio batean.[16]
Geroago, bere ofizialki lehen kolorezko lana estreinatu zuen ―kontuan hartzen ez bada För att inte tala om alla dessa kvinnor― En passion (1969), kritikaren sektore batek beste obra nagusietakotzat hartzen duena, ia 1960ko hamarkadako beraren lan guztiak bezala, neurri batean argazkiaren tratamendu zaindu eta ederragatik. Filma azterketa mingarri bat da maitasunaren eta bikote harremanen alderik mingarrienaz, Vargtimmen eta Skammen filmetako aktore berberekin egina. Filmaren erdian, zuzendariak bere aurreko filman (Skammen) baztertutako ezena bat amets moduan sartzeko askatasuna hartu zuen. En passion filma amaiera bat izan zen, Bergmanentzat esperimentazioz eta sormenez betetako goranzko aroarena, eta, hortik aurrera, zuzendariak aurreko filmetan lantzen zituen gaietara itzuli zen, artegatasun eta gordintasun handiagoz sakontzeko.
Ondoren, Beröringen (1971) filma estreinatu zuen, ingelesez osorik filmatutako lehen lana, Hollywoodeko merkaturako berariaz pentsatutako produktua. Zuzendariak berak urte batzuk geroago arnegatu egin zuen film hori, bere kritika porrot handienetako bat izan baitzen. Porrot hura sendatu nahirik, Viskningar och rop (1972) lana estreinatu zuen. Lan preziosista eta oinaztatua, argazkigintza dotorekoa eta elkarrizketa urrikoa, zuzendariaren txalotuenen artean gailenduko zen. Oscar sarietarako hiru izendapen eta Cannesko Zinemaldian sariak lortuz, aurreko filmetan jorratutako gaien itzulera ilunagoa eta onirikoagoa ekarri zuen.
Garai hartan, Suediako telebistarentzat lan egin zuen Bergmanek. Bere bi lan gogoangarrienak Scener ur ett äktenskap (1973) eta Trollflöjten (1975) dira. Lehen filmak bertsio laburtuan izan zuen bere estreinaldi zinematografikoa eta bikote harremanen sakontze onenetarikotzat jotzen da;[17] bigarrenak, berriz, Mozarten antzerki sintesi xume eta jakintsu bat eman zuen.[18]
1976an, Bergmanek Ansikte tip ansikte zuzendu zuen, gordintasun ikaragarri eta onirikoa duen filma, modu itogarrian aztoratutako protagonista baten psikean sakontzen duena. Beste behin, zuzendari onenaren Oscar sarirako izendatu zuten, eta Urrezko Globo bat irabazi zuen. Urte hartan bertan, zerga iruzur bat leporatu zioten, eta psikiatriko batean sartu zuten; geroago, frogatu zen haren kontulariaren arazo bat izan zela, eta zor zuen zergaren zatia ordainduta konponduko zen dena.[19] Auzia nazioarte mailara zabaldu zen, eta Bergmanek babes ugari jaso zuen.
Gertaera horren ondoren, Suedia utzi eta Alemanian finkatzea erabaki zuen Bergmanek, Ormens ägg/Das Schlangenei (1977) filmatzeko. Nazismoaren azterketa bitxi hura itzalean utzi zuen hurrengo lanaren arrakastak: Höstsonaten (1978), kritikari eta ikusle askok haren gailurtzat hartu zutena. Oscar eta César sarietarako izendapenak jaso zituen, eta atzerriko film onenaren Urrezko Globoa irabazi zuen. Ingrid Bergman izan zen filmaren izarra, eta zuzendariak familia harreman hondatuen gaiari heldu zion berriro, aurreko lan askotan landua zuena (Tystnaden, Viskningar och rop edo Ansikte mot ansikte).
Alemaniako aroa itxi zuen Aus dem Leben der Marionetten (1980) filmarekin. Hasiera batean telebistarako filmatua, 1960ko hamarkadaz geroztik Liv Ullmanen partaidetzarik gabeko lehen lana izan zen. Zuzendariaren gustuko film gogorra, zuri-beltzean grabatua, prostituta baten hilketari buruzkoa.[20]
Geroago, Bergmanek zinemarako bere azken filma estreinatu zuen, Fanny och Alexander (1982), eta Oscar saria, Urrezko Globoa eta atzerriko film onenaren César saria irabazi zituen, beste izendapen batzuez gain. Film honek zuzendariaren agurra ezarri zuen eta maisulanez beteriko ibilbide baten amaiera bikaina izan zen kritikari askorentzat.
Handik aurrera, Bergman antzerkigintzan aritu zen, inoiz utzi ez zuen jarduera, eta telebistarako zenbait film egin zituen. Interes berezia du Saraband (2003) filmak, zuzendariak landutako azkena, non Scener ur ett äktenskap filmaren pertsonaiak berriro hartzen dituen, zahartzaroan kokatzeko. Hil berri zen Ingrid Bergamenen omenaldi gisa ulertu zuen.[21]
Bergman 2007ko uztailaren 30ean hil zen, 89 urte zituela, Fårö uhartean, erretiratuta zegoen lekuan. Egun hartan bertan hil zen Michelangelo Antonioni zinemagile italiarra ere.[22]
Gaiak eta estiloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Henrik Ibsen[23] eta, batez ere, August Strindberg[24] dramaturgoek eragin handia izan zuten Bergmanen zinemagintzan, haren «gai handiak» azaleratzen ziren mundu batera eraman baitzuten, giro dramatiko, itogarri eta are etsigarriaz beterik. Horrek arrasto sakon bat utzi zuen Bergman gaztearen izpirituan, eta eragin nabarmena haren obra artistikoan.
Haren narratiba bisuala motela izan ohi da, nahitara, plano neurritsuen muntaia eta sekuentziarekin, ikusleen artean gogoetarako denbora asko lortzearren, nahiz eta ordurako diegesian «harrapatuta» egon; hala ere, halako geldotasuna monotoniatik urrun dago, Andrei Tarkovskyren kasuan bezala, mezuaren kargari edo aktoreen markaketa bikainari esker; haren estetikaren beste ezaugarri bat da.
Bergmanen filmografiaren ale gehienetan, pertsonaiak barneratzen diren bide berberak dira zeharka doazkienak. Beren baitara, beren arimara, beren kontzientziara bideratzen dituzten ibilbideak dira. Ibilbide intimoak dira, enigmatikoak, askotan ikuslea goitik behera harrapatzen dutenak, esperientzia pertsonal eta kezkagarri batera eramanez,[25] pertsonaiek dramatismo trinko batez zamatutako ibilbidea egiten duten heinean, giza izpiritua modu generikoan biluztea dakarrena.
Ibilbide hori, kasu batzuetan, eromenean edo heriotzan amaitzen da, beste batzuetan grazia egoera batean, une metafisiko batean, pertsonaiei beren errealitateaz gehiago ulertzeko aukera ematen diena, errebelazio batean, haiek argitu eta bizitzaren ibilbidea aldatuko diena. Kasu batzuetan, pertsonaiaren arima asaldatzen duten mamuak exorzizatu, aldendu eta menderatzeko balioko die.
Bergmanen pertsonaiek zama astun bat daramate adimenean bezala sentimenduetan. Oro har, helduak dira, Tystnaden filmeko haurraren kasua izan ezik. Pertsonaia horiek sentitzen duten ezinegona nahiko ezkutukoa da, baina apurka-apurka ikuslearen aurrean agertuz joango da, argiztapen efektu bat sortuz, batzuetan suntsitzailea baino ez dena.[26]
Bere pertsonaien barne gatazka egoera horien azalpenak istorio nahigabetu eta lazgarriak sorrarazten ditu, zinema zuzendari gutxik bere publikoari adierazi ahal izan dioten bezala, eta hori da Bergmanen lorpenik handiena.
Jordi Puigdomenech[27] eta Charles Moeller[28] adituek bost arotan sailkatzen dituzte Bergmanen zuzendari eta gidoilari lanak:
- Gaztaroko lanak edo inpresionistak, 1945-1948;
- zama psikologikokoak, 1948-1955;
- eduki sinbolikokoak, 1956-1963;
- adierazpen kritikoak, 1964-1980;
- berreraikitze genealogikokoak, 1981-2007.
Maiz esan izan da «aktoreen zuzendaria» zela, antzerkigintzan zuen eskarmentu handiari esker zinemako aktoreak egoki eta begirunez tratatzeko trebezia zuenez, honela aktoreek ere berarekin aise lan egiten zutelako. Horren froga onena izan daiteke beraren zuzendaritzapean lan egin zuten aktore askok errepikatu egiten zutela.[29] Haren aktore gustukoenen artean zeuden Harriet Andersson, Bibi Andersson, Liv Ullmann, Gunnar Björnstrand, Erland Josephson, Ingrid Thulin eta Max von Sydow; Ingrid Bergman bera ere zuzendu zuen.
Europa osoko zinemagile garrantzitsuenetako bat izan zen, korronte artistiko nagusietatik at egon baitzen beti eta bere nortasun propioarekin estilo berezi bat eraiki baitzuen. Bere filmetako gaiak orotarikoak dira baina betiere gizakien barne gatazka eta bizipenekin lotuak: bizitzaren zentzua, heriotza, bakardadea, isolamendua, gizakion barne beldurrak, maitasuna, bikoteen arteko harremanak, desleialtasuna, elkarbizitza, erlijioa eta Jainkoaren eza, amatasuna, abortua, egunerokotasuna edo errutina, zahartzaroa, haurtzaroa, gizartea eta abar.
Zuzendutako film hautatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1944 - Hets («Oinazeak»)
- 1946 - Kris («Krisia»)
- 1946 - Det regnar på vår kärlek («Euria ari du gure amodioan»)
- 1947 - Skepp till Indialand («Indiarako itsasontzia»)
- 1947 - Kvinna utan ansikte («Aurpegirik gabeko emakumea»)
- 1948 - Eva
- 1948 - Musik i mörker («Musika Iluntasunean»)
- 1948 - Hamnstad («Portu hiria»)
- 1949 - Törst («Egarria»)
- 1949 - Fängelse («Presondegia»)
- 1950 - Till glädje («Zoriontasunera»)
- 1950 - Sånt händer inte här («Hau ezin liteke hemen gertatu»)
- 1950 - Medan staden sover («Hiriak lo egiten duen bitartean»)
- 1951 - Sommarlek («Udako tartea»)
- 1951 - Frånskild («Dibortziatuta»)
- 1952 - Kvinnors väntan («Emakumeen sekretuak»)
- 1953 - Sommaren med Monika («Uda Monikarekin»)
- 1953 - Gycklarnas afton («Zirku gaua»)
- 1954 - En lektion i kärlek («Maitasun ikasgaia»)
- 1955 - Kvinnodröm («Ametsak»)
- 1955 - Sommarnattens leende («Uda gaueko irribarreak»)
- 1956 - Sista paret ut («Azken parea kanpora»)
- 1957 - Det sjunde inseglet («Zazpigarren zigilua»)
- 1957 - Smultronstället («Basa marrubiak»)
- 1958 - Nära livet («Bizitzaren atarian»)
- 1958 - Ansiktet («Aurpegia»)
- 1960 - Jungfrukällan («Dontzeilaren iturburua»)
- 1960 - Djävulens öga («Deabruaren begia»)
- 1961 - Såsom i en spegel («Ispilu ilunean zehar»)
- 1961 - Lustgården («Plazerraren lorategia»)
- 1963 - Nattvardsgästerna («Jaunartzaileak / Neguko argia»)
- 1963 - Tystnaden («Isiltasuna»)
- 1964 - För att inte tala om alla dessa kvinnor («Emakume hauek guztiak»)
- 1966 - Persona
- 1968 - Vargtimmen («Otsoaren ordua»)
- 1968 - Skammen («Lotsa»)
- 1969 - Riten («Erritua»)
- 1969 - En passion («Pasioa»)
- 1971 - Beröringen («Ukitua»)
- 1972 - Viskningar och rop («Oihuak eta xuxurlak»)
- 1973 - Scener ur ett äktenskap («Ezkontza eszenak»)
- 1975 - Trollflöjten («Xirula magikoa»)
- 1976 - Ansikte mot ansikte («Aurrez aurre»)
- 1977 - Ormens ägg («Sugearen arrautza»)
- 1978 - Höstsonaten («Udazkeneko sonata»)
- 1980 - Aus dem Leben der Marionetten («Txotxongiloen bizitzaz»)
- 1982 - Fanny och Alexander («Fanny eta Alexander»)
- 1986 - Karins ansikte (film laburra)
- 1992 - Söndagsbarn («Igandeko umeak»)
- 2000 - Trolösa («Desleiala»)
- 2003 - Saraband
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Oscar saria, nazioarteko film onena: Jungfrukällan (1960), Såsom i en spegel (1961) eta Fanny och Alexander (1983).
- Urrezko Globoa (atzerriko film onena): Smultronstället (1960), Jungfrukällan (1961), Scener ur ett äktenskap (1975), Ansikte mot ansikte (1976), Höstsonaten (1978) eta Fanny och Alexander (1984).
- Urrezko Hartza: Smultronstället (film onena, 1957).
- César sariak: Fanny och Alexander (atzerriko film onena, 1984).
- Canneseko Zinemaldia: Nära livet (zuzendari onena, 1958).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Rothstein, Mervyn. (2007-07-30). «Ingmar Bergman, Master Filmmaker, Dies at 89 (Published 2007)» The New York Times ISSN 0362-4331. (kontsulta data: 2021-02-16).
- ↑ Gallagher, John. (1989). Film directors on directing. New York : Praeger ISBN 978-0-275-93272-5. (kontsulta data: 2021-02-16).
- ↑ Bergman 1987, 7-8. orr. .
- ↑ Bergman 1987, 8. orr. .
- ↑ Bergman 1987, 21-25. orr. .
- ↑ Bergman 1994, 121-122. orr. .
- ↑ Bergman 1994, 295. orr. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Abimorad, Hebert. «Ingmar Bergman y el Uruguay» Bitacora - Sapere aude! (Montevideo: web.archive.org) ISSN 1688-0048. (kontsulta data: 2025-04-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) Cisnero, Fernán. (2024-02-23). «El festival uruguayo de cine que descubrió a Ingmar Bergman para el mundo está vivo y tiene 50 películas gratis» El País Uruguay (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-04-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Bergman de nuevo» El Pais Uruguay (web.archive.org) 2020-04-14 (kontsulta data: 2025-04-07).
- ↑ Bergman 1994, 345. orr. .
- ↑ Bergman 1994, 235. orr. .
- ↑ Bergman 1994, 167. orr. .
- ↑ Bergman 1994, 249-254. orr. .
- ↑ Bergman 1987, 208-209. orr. .
- ↑ Björkman 1973, 224-225. orr. .
- ↑ Bergman 1987, 212-215. orr. .
- ↑ Bergman 1994, 68-70. orr. .
- ↑ Bergman 1987, 94-102. orr. .
- ↑ Bergman 1994, 434. orr. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Urrutia N., Carolina. (2005). «Saraband - Lo último de Bergman» La Fuga (web.archive.org) ISSN 0718-5316. (kontsulta data: 2025-04-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) Fuentes, Carlos. (2007-08-07). «Nos hemos quedado ciegos» El País (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-04-10).
- ↑ (Ingelesez) Tapper, Michael. (2017). «Persona: War on Idealism» Mitt arkiv (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-04-11).
- ↑ (Ingelesez) Rolandsson, Ottiliana. (2011). Pure artistry: Ingmar Bergman, the face as portal and the performance of the soul. California: Proquest, Umi Dissertatio ISBN 978-1244732278. OCLC .829982616.
- ↑ (Ingelesez) Thrupkaew, Noy. (2007-08-02). «Bergman's Twilight Room of the Soul» The American Prospect (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-04-11).
- ↑ (Ingelesez) Kinsella, Ana. (2018-01-23). «A Five-Point Guide to Cult Filmmaker Ingmar Bergman» AnOther (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-04-11).
- ↑ Puigdomenech 2007.
- ↑ (Gaztelaniaz) Literatura del siglo XX y cristianismo. Madrid: Gredos (archive.org), 89-139. or. ISBN 978-8424933371. OCLC .18493934 (kontsulta data: 2025-04-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Arranz, David Felipe (eta beste hogei). (2018). El universo de Ingmar Bergman. Madrid: Notorius Ediciones ISBN 978-8415606727. OCLC .1100235418 (kontsulta data: 2021-02-16).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Bergman, Ingmar. (1960). Four screenplays of Ingmar Bergman. New York: Garland ISBN 978-0824057527. OCLC .15589407.
- (Ingelesez) Bergman, Ingmar (itzulpena: Paul Britten Austin). (1970). Three films by Ingmar Bergman: Through a glass darkly. Winter light. The silence. New York: Grove Press ISBN 978-0394172811. OCLC .6550572.
- (Ingelesez) Bergman, Ingmar (itzulpena: Alan Blair). (1977). Four stories: The touch; Cries and whispers; The hour of the wolf; The passion of Anna. New York: Anchor Press ISBN 978-0385027472. OCLC .977540551.
- (Ingelesez) Bergman, Ingmar. (1980). From the life of the marionettes. New York: Pantheon Books ISBN 978-0394513171. OCLC .6280601.
- (Ingelesez) Bergman, Ingmar (itzulpena: Alan Blair). (1982). Fanny and Alexander. Harmondsworth: Penguin ISBN 978-0140482263. OCLC .19741442.
- (Ingelesez) Bergman, Ingmar. (1983). The Marriage Scenarios: Scenes from a Marriage, Face to Face, and Autumn Sonata. New York: Pantheon Books ISBN 978-0394714813. OCLC .9081029.
- (Ingelesez) Bergman, Ingmar. (Itzulpena: Joan Tate). (1987). The magic lantern: an autobiography. Chicago: University of Chicago Press ISBN 978-0226043821. OCLC .81150252.
- (Suedieraz) Bergman, Ingmar. (1991). Den goda viljan. Stockholm: Norstedt ISBN 978-9119113122. OCLC .27106045.
- (Suedieraz) Bergman, Ingmar. (1993). Söndagsbarn. Stockholm: Norstedts ISBN 978-9119127921. OCLC .28889891.
- (Ingelesez) Bergman, Ingmar. (1994). Images: my life in film. New York: Arcade Publishing (archive.org) ISBN 978-1559701860. OCLC .28183222.
- (Ingelesez) Bergman, Ingmar (itzulpena: Keith Bradfield). (1994b). Persona and Shame: the screenplays. London: Marion Boyars ISBN 978-0714507569. OCLC .444137658.
- (Suedieraz) Bergman, Ingmar. (1996). Enskilda samtal. Stockholm: Norstedt ISBN 978-9113018539. OCLC .213962225.
- (Ingelesez) Björkman, Stig ets beste. (1973). Bergman on Bergman: Interviews With Ingmar Bergman. London: Secker & Warburg ISBN 978-0436042010. OCLC .16239206.
- (Gaztelaniaz) Puigdomenech, Jordi. (2007). Ingmar Bergman: el último existencialista. Madrid: Ediciones JC ISBN 978-8489564428. OCLC .920220464.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez)(Suedieraz) Webgune ofiziala
- (Ingelesez) Ingmar Bergman Foundation