Edukira joan

Ingriako finlandiarren genozidioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ingriako finlandiarren genozidioa
Motagenozidio
deportazio
kanporatze
garbiketa etniko
Honen parte daBiztanleriaren mugimendua Sobietar Batasunean eta Purga Handia

Ingriako finlandiarren genozidioa (finlandieraz: Inkeriläisten kansanmurha) XX. mendean zehar Errusiako Iraultzaren ondoriozko gertaera batzuk izan zen, noiz Sobietar Batasunak ingriarrak deportatu, espetxeratu eta hil zituen eta haien kultura suntsitu zuen.[1] Prozesu honen bidez, Ingriak, zentzu historikoan, existitzeari utzi zion.[2] Jazarpenaren aurretik, 140.000 eta 160.000 ingriar artean zeuden Errusian; 2015ean, 19.000 inguru baino ez ziren (1990etik aurrera milaka etxeratu ondoren).[3][4][5]

1935etik aurrera, bereziki 1937 eta 1938an Purga Handiaren garaian, sobietarrek genozidioa ingriar biztanle guztien deportazioekin, atxiloketa masiboekin eta exekuzioekin gauzatu zuten.

Genozidioaren arrazoia Sobietar Batasunak ingriar herriarekiko zuen eszeptizismoa izan zen, Finlandiarekin zituen harreman kultural eta historiko estuengatik. Une berean, sobietarrek beste talde etniko eta gutxiengo asko ere jazarriak zituzten.[1]

Ingriako finlandiarrak suntsitzeko prozesua modu zentralizatuan diseinatu eta kudeatu zuten. Errusiako 1990eko legediak ere genozidio gisa deskribatu zuen. Suntsiketaren helburua, bereziki, gizonezkoen hilketa zen. Milaka ingriar hil ziren deportazioetan eta gulagetan.[6]

Ingriako finlandiarrak nagusiki nekazari txiro eta independenteak ziren 1920ko hamarkadan eta 1930eko hasieran, alfabetatze maila handi samarrarekin. Luterotarrak ziren gehienak. Ingria Leningrad inguruan zegoen, eta 1930eko hamarkadan ingriarrek hiriko bigarren talde etnikoa osatzen zuten errusiarren ondoren.

Ingriarrak 1930eko hamarkadatik aurrera egon ziren jomugan. Finlandiako Gerra Zibila galdu zuten sobietarren aldeko errefuxiatuak Ingriako zuzendaritza politikoko postuetara iritsi ziren. Propaganda egin zuten nekazaritza kolektibizatzeko, eta luterotar apaizak salatu zituzten. Gainera, jendea atxilotzen lagundu zuten eta Ingriako finlandiarrak eta kulakak jazarri zituzten. 1930etik aurrera ingriarrak izu politikoaren jomuga bihurtu ziren.[1]

Nekazari independenteez gain, erregimen sobietarrak ondo ikasitakoei ere eraso zien, Sobietar Batasun osoko irakasle eta buruzagi erlijiosoei, esaterako. Ingriar Luterotar Elizako langileak espetxeratu, bortxazko lanetara bidali, deportatu eta exekutatu zituzten. Ingriar elizak klub, gimnasio eta biltegi bihurtu zituzten. 1937an Ingriako eskoletan finlandierazko irakaskuntza debekatu zuten. Herriko kontseiluak, kultur erakundeak eta aldizkari finlandiarrak debekatu zituzten. Ingriako finlandiarrak izutu egin ziren, eta genozidio eta garbiketa etniko gisa deskribatutako egoerara behartu zituzten.[1]

1926an, ingriarren kopurua 115.000 pertsonakoa zen. 1929-1931 aldian 18.000 pertsona, 1935ean 7.000 inguru eta 1935-1936 urteetan 26.000 eta 27.000 artean deportatu zituzten. Deportatuak lan esparruetara bidali zituzten eta hilkortasun handia jasan zuten. Deportazioak ahalik eta azkarren egin zituzten, eta deportatutakoen ostatua, janaria eta osasun laguntza biziki eskasak izan ziren.[7] 1929 eta 1938 bitartean, 60.000 ingriar, hau da, Ingriako populazioaren erdia, espetxeratu eta deportatu zituzten.[8]

Bigarren Mundu Gerran, ingriarrak beren aberritik bota zituzten arrazoi etnikoengatik, eta gerra ondoren ere, 1954an, sorterrira itzultzea galarazi zieten. Siberiara deportatutako ingriarrak preso-kanpamenduetan sartu zituzten. Sobietar Batasuna isilik zegoen gertakari hauetaz eta ez ziren ofizialki existitzen. Sobietar Batasuna 1990ean desegin zenean, Errusiak legedi berri batekin ingriarren egoera hobetu nahi izan zuen.[6]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d (Finlandieraz) Reuter, Anni. (2019). Neuvostovaltaa vastaan – Inkerinsuomalaisten hiljaista vastarintaa 1930-luvulla.. Tampere University Press, 131–162 or..
  2. (Finlandieraz) Kaisalmi, Ahti. (2018). «"Neuvostoliitosta suuntautuvasta paluumuutosta ei tarvitse mitään etukäteisselvityksiä" – Inkeriläisten paluumuuton käynnistymisen motiivit ja toteutus ulkoasiainministeriössä vuosina 1990–1991.» Department of Philosophy, Contemporary History and Political Science (Turkuko Unibertsitatea).
  3. (Finlandieraz) Finlandiako Museo Nazionala. (2020). Inkeriläiset – unohdetut suomalaiset.. .
  4. (Finlandieraz) Viron Inkerinsuomalaisten liitto, ed. (2013-11-24). «Inkerinmaan historiaa» Inkeri.ee.
  5. (Errusieraz) Fedorov, Maxim. (2015-4-15). Репатриация ингерманландцев во многом изменила Финляндию. .
  6. a b (Finlandieraz) Saressalo, Lassi. (2008-10-8). Dokumentti Inkerinsuomalaisten kansanmurhasta. Agricola – Shome Humanustiverkko.
  7. (Finlandieraz) Reuter, Anni. (2020ko martxoa). «"Kansaamme pirstotaan" Inkerinsuomalaisten karkotukset ja diaspora Neuvostoliitossa 1930-luvun kirjeissä kuvattuna. Historiallinen aikakauskirja» Historiallinen Aikakauskirja (118): 5-19..
  8. (Finlandieraz) «Historia ja kulttuuri» inkeri.fi.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]