Inguratu Kongresua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Poliziak Inguratu Kongresua protestako manifestariak kolpatzen.

Inguratu Kongresua izeneko protesta 2012ko irailean Madril hiriburuan Espainiako Kongresuaren inguruetan izandako mobilizazio multzo bat da, En Pie plataforma deiturik eta M-15 mugimenduko hainbat asanbladaren atxikimendua izan zuena. Protestaren helburuak Espainiako gobernuaren dimisioa, prozesu eratzaile berria eta indarrean dagoen sistema sozioekonomikoaren aldaketa dira. Lehen protesta 2012ko irailaren 25ean izan zen eta milaka lagun bildu zituen Kongresuaren inguruetan segurtasun neurri zorrotzen artean. Poliziak egindako erasoen ondorioz, 64 zauritu eta 35 atxilotu izan ziren. Poliziaren jokabide bortitzak gaitzespen ugari eragin zituen gizartean, Espainiako Gobernuak poliziaren jarduna goresten zuen bitartean. Bilkurak irailaren 26an, istilurik gabe, eta 29an, bi atxilotu eta istilu arinekin, errepikatu ziren.

Plataformak urriaren 23, 25 eta 27rako ere bilkurak deitu zituen. Urriaren 23koa Madrilgo Kongresuaren aurrean burutu zen. Urriaren 25ean mobilizazioak deszentralizatuak izan ziren, estatuko hirietan zehar, kasu askotan legebiltzar autonomikoen aurrean. Urriaren 27rako estatu osoko protesta gunea Madril izan zen berriz ere. Madrilgo protesta gunearen inguruetan polizia unitate asko zabaldu zire baina ahal ere ez zen istilurik izan. Poliziek, ordea, identifikazio ugari egin zituzten, urriaren 27an Madrilgo hiriburura protesta egiteko antolatu ziren autobusetako herritarrak barne. Azken protesta honetan, Kongresuan berriki onartutako aurrekontu proiektuaren aurka mezuak zabaldu ziren bereziki.

2013ko apirilaren 25erako beste bilkura baterako deia zabaldu zen. Aurretik poliziak segurtasun-neurri zorrotzak hartu zituen. Bilkuran zehar poliziak kargatu eta atxiloketa zenbait ere burutu zituen. Ohartzekoa da Espainiako hedabide nagusiek bilkura indakeriazaleek deituta izan zela adieraziz zabaldutako mezua. Giro horretan, poliziak Madrilgo Unibertsitate Konplutensean lagun batzuk atxilotu zituen bilkuraren aldeko itxialdi batean.


Zirriborro Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]