Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio
Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluazioa (IIE) prozedura tekniko eta administratiboa da, proiektu, jarduera edo obra bat egiteak ingurumenean duen eragina zenbaterainokoa den jakin ahal izateko eta zuzentzeko.[1][2] Honen helburua erabakiak hartu baino lehen ingurumenean izan daitezkeen inpaktu negatiboak aurreikustea eta kontuan hartzea da, garapen jasangarria sustatzeko. Prozedura honek barne hartzen ditu bideragarriak diren alternatiben identifikazioa, ingurumen-inpaktuaren balorazioa aire, ur, lurzoru, flora eta fauna bezalako faktoreetan eta beharrezko prebentzio eta zuzenketa-neurriak ezartzea.[3]
Prozedura hau herrialde edo eskualde bakoitzeko ingurumen lege espezifikoez araututa dago eta horiek ezartzen dituzte bere aplikaziorako irizpide eta metodologia egokiak.
IIEa proiektu zehatzetan soilik aplikatzen da, garapen jasangarria eta baliabide naturalen babesa bermatzeko helburuarekin. Horretarako, materialen, teknologien eta eraikuntza eta ustiapen prozesuen ebaluazioa egiten du.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluazioa ez zen bat-batean sortu; izan ere, ingurumen kudeaketaren bilakaera luze baten emaitza izan zen, araudi-aurrerapenek, nazioarteko-konferentziek eta gizarteak ingurumenari buruz zuen pertzepzioaren aldaketek markatua.
1930-1960ko hamarkadetan, IIEaren kontzeptua sortu aurretik, hainbat herrialdek natura-baliabideen (hala nola ura, basoak edo fauna) erabilera kontrolatzeko araudiak ezarri zituzten. Araudi hauek produkzioaren ikuspegitik baliabide naturalen ustiapen arrazionalean oinarritzen ziren baina ingurumen-ebaluazio sistematiko baten mekanismorik gabe. Aldi berean, industria-hazkundetik eratorritako kutsaduraren gorakadak kezka sozial handia sortu zuen jarduera ekonomikoak ingurumenean zituen eraginei buruz.
60ko hamarkadan IIEaren sorrera ahalbidetuko zuten oinarri kontzeptualak sendotzen hasi ziren. "Silent Spring" (1962) bezalako argitalpenak kutsatzaile kimikoek sortzen zituzten arriskuak agerian utzi zituen. Gainera, ingurumen-araudia hobetzeko beharraren inguruko eztabaida publikoa bultzatu zuen. Etapa honetan, Europako herrialde batzuetan ingurumen-politika zabalagoak garatzen hasi ziren, nahiz eta oraindik ebaluaziorako prozedura formalizaturik ez egon.
IIEaren formalizazioa Estatu Batuetako "National Environmental Policy Act (NEPA)" onartu zenean gertatu zen, 1970eko urtarrilaren 1ean. NEPAk agentzia federalek bere erabakien ingurumen-inpaktuak txosten espezifikoen bidez ebaluatu behar zituztela ezarri zuen. Halaber, "Council of Environmental Quality" kontseilua sortu zen Estatu Batuetan, araudia betetzen zela ziurtatzeko. Araudi hau IIEaren bultzatzailea izan zen eta lehen pausoak ezarri zituen honen sorrerarako.
1972an Stockholmen izandako Giza Inguruneari buruzko Nazio Batuen Konferentzia ingurumen-arazoak ikuspegi global batetik lantzeko nazioarteko lehen ahalegintzat jotzen da. Konferentzia honek ingurumenaren babesa garapen-politiketan kontuan hartzearen beharra sustatu zuen eta IIEa bezalako tresna prebentiboen nazioarteko hedapena indartu zuen.
NEPA indarrean sartu ondoren, herrialde askok bere ereduan oinarritutako legediak garatu zituzten, hala nola Kanada (1973), Zeelanda Berria eta Australia (1974), Alemania (1975), Frantzia (1976), Filipinak (1977), Luxenburgo (1978), Herbehereak (1981) eta Japonia (1984).
1985ean Europako Erkidegoak 85/337/EEE Zuzentaraua onartu zuen, eta honekin ingurumen-ondorio esanguratsuak zituzten proiektu publiko eta pribatuei IIEa egitea ezarri zen lehen aldiz.
1992an Rio de Janeiroko Nazio Batuen Ingurumen eta Garapenari buruzko Konferentziak garapen jasangarriaren kontzeptua era sendoan txertatu zuen eta ingurumen-politika integratuak hartzeari bultzada eman zion. Konferentziatik ateratako ondorioek lege-erreforma berriak sustatu zituzten eta IIEa ingurumen-kudeaketarako tresna nagusi gisa ezarri zuten.
1997an Europar Batasunak hasierako esparru juridikoa berrikusi eta zabaldu zuen 97/11/EE Zuzentarauaren bidez. Horrek ebaluazioaren menpe zeuden proiektuen zerrenda handitu zuen, kide diren estatuen arteko prozedurak harmonizatu zituen, parte-hartze publikoa indartu zuen eta “kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioa txertatu zuen.
Ondoren, 2001/42/EE Zuzentarauak Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluazioa (IIE) sortu zuen, ebaluazioaren ikuspegia plan eta programetara zabalduz, plangintza-faseen hasieratik ingurumen-irizpideak txertatzeko helburuarekin.[4]
Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluazioaren faseak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluazioa (IIE) plan, programa, politika edo proiektu batek eragiten dituen ingurumen-ondorio posibleen azterketa egituratua eta osoa da, edozein erabaki hartu baino lehen egiten dena. Obra bat aurrera eramateak, hala nola zubi bat edo errepide bat eraikitzeak sor ditzakeen ingurumen-inpaktuez gain, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein esku-hartze kontsideratu behar da aztergai gisa. Esate baterako, plastikoen fabrikaziorako lehengaien inportazioaren gaineko zergan eragina duen araua aldatzean, ontzi birziklagarrien erabilera sustatu daiteke.
IIE eraginkorrek datuen bilketa zorrotza, teknika analitikoak eta irizpide profesionalak konbinatzen dituzte proiektu baten ingurumen ondorioak ebaluatzeko bere ezarpenaren aurretik.
Helburu nagusia erabakiak hartzeko prozesua erraztea da, proiektu batek ingurumenean eragin ditzakeen inpaktuak murrizteko, minimizatzeko eta saihesteko irtenbideak proposatuz.
Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluazioa osatzeko jarraitzen diren etapa eta faseak hurrengoak dira:
Ingurumen-inpaktuaren aurre azterketa (baheketa)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo etapa honetan proiektua gauzatzean ingurumenean eragin garrantzitsuak sortuko diren edo ez zehazten da. Hau da, IIE bat egitea beharrezkoa den ala ez ebaluatzen da. Ebaluaketa honetan faktore ezberdinak hartzen dira kontuan: proiektuaren mota eta tamaina (adibidez, errepideak, meategiak, presak, fabrikak), tokiaren sentikortasuna (adibidez, hiri-eremuak, gune babestuak, hezeguneak) eta IIEaren lege eta atalase nazionalak.
Erreferentzia-datuen bilketa (ingurunearen karakterizazioa)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ebaluazio erreala ingurumen-baldintzen karakterizazio sakon batekin hasten da. Honek, airearen eta uraren kalitatea, ur-baliabideak, biodibertsitatea, zarata maila eta beste parametro garrantzitsu batzuk dokumentatzeko azterlanak egitea dakar. Neurketa hauek erreferentzia-puntuak finkatzen dituzte eta hauen arabera ebaluatuko dira kasu bakoitzean ingurumen-inpaktuak.
Inpaktuen aurreikuspena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inpaktuen aurreikuspenean ingurumen-alderdi espezifikoetarako analisi-teknika egokiak erabiltzen dira. Teknika horien adibide dira emisioetarako aire-hedapenaren modelizazioa, uraren erabilerarako analisi hidrologikoa edo zarata-hedapenaren kalkulua. Teknika bakoitzak proiektuaren zehaztapenak aurreikusitako ingurumen-emaitza bihurtzen ditu.
Irtenbideen ebaluazioa eta arintze neurrien planifikazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inpaktuak aurreikusita eta ebaluatuta izan ondoren, IIEa garatzeko eginkizuna duten arduradunek inpaktuak minimizatzeko irtenbide ezberdinak identifikatzeko eta ebaluatzeko betebeharra dute. Irtenbide ezberdinen arteko konparaketa egiten da proiektu bakoitzerako egokiena den irtenbidea aukeratzeko.
Ondoren, arintze-neurrien plangintza egiten da hurrengo ordenean: inpaktuak saihestu, minimizatu eta efektu kaltegarriak konpentsatu. Neurri bakoitza bideragarritasun teknikoaren ikuspuntutik, kostu-irabazien erlaziotik eta esperotako ingurumen-onuren ikuspuntutik ebaluatu behar da. Aipatzekoa da irtenbideak ebaluatzen diren unean, arintze-neurriek eragin zuzena izan dezaketela ebaluazio horretan. Gerta daiteke irtenbideren bat bideraezintzat jotzea haren eragina murriztuko duen arintze-neurri bat kontuan hartu arte.
Monitorizazio-neurriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]IIEaren txostena garatzeko orduan, ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsuak eragiten dituzten proiektuetarako monitorizazio-neurriak gehitu beharko lirateke. Oro har, neurri hauek lagungarriak dira proiektuek indarrean dauden ingurumen-legeen eskakizun guztiak betetzen dituztela ziurtatzeko eta inpaktuak IIEaren txostenean bildutako proiekzioekin bat datozela egiaztatzeko. Horrez gain, ondorio esanguratsuei aurre egiteko aurreikusi diren arintze-neurriak behar bezala ezartzen direla ziurtatzen dute.
Monitorizazio-neurriek ingurumen-inpaktuen izaerarekiko proportzionalak izan behar dute, denborari, kostuei eta inplikatutako gainerako baliabideei dagokienez. Zehatzak eta xehetasun handikoak izan behar dute haien ezarpena bermatzeko eginkizunak, erantzukizunak eta baliabideak zehaztuz. Gainera, neurriek aurreikusi ez diren ondorio garrantzitsuak identifikatzeko gaitasuna izan behar dute.
IIE txostenaren garapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txosten hau garatzeko eginkizuna duen adituak aurreko faseetan definitutako alderdiak ebaluatzen ditu. Ebaluazioaren emaitzak IIE txostenean aurkezten dira eta txosten hau eskumena duen agintaritzari helarazten zaio. Agintaritza horrek txostena eskuragarri jartzen du dagokien tokiko eta eskualdeko administrazioentzat, interesdun beste erakunde batzuentzat eta publiko orokorrarentzat, berrikusi dezaten.
Eskumena duen agintaritzak IIE txostena aztertzen du berrikuste prozesuan jasotako iruzkinak kontuan hartuz. Proiektuaren ingurumen-inpaktuak adierazten dituen Oinarrizko Ondorioztapen bat ematen du eta baita proiektua garatzeko beharrezkoa den azken baimena.[5]
Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluazioa Espainian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europar Batasunetik etorritako jarraibideek Espainia behartu zuten ingurumen-inpaktuaren legedia bere araudira transposatzera. Hasieran, Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluazioarekiko nolabaiteko oposizioa egon zen, araudi horrek enpresen lehiakortasuna txikituko zuela uste baitzen; hala ere, denborarekin ikusi da proiektu-azterketetan ingurumen-faktoreak kontuan hartzea beharrezkoa dela. Transposizioa honela gauzatu da:
85/337/CEE Europako Zuzentaraua, 1986ko ekainaren 28an transposatua, Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluazioari buruzko Errege Dekretuaren bidez (RD Leg 1302/1986, ekainaren 28koa). Zuzentarau honek honako jardueretan Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluazioa egitea derrigortu zuen: aire zabaleko industria erauzleak, nekazaritzako ustiategiak eta presa handiak. Europar Batasunak behartutakoak ere derrigortu ziren, hala nola, aireportuak, errepideak, trenbideak, hondakin arriskutsu edo erradioaktiboen ezabaketa, zementu-lantegiak, altzairutegiak, zentral termikoak eta industria kimikoak (petrolio-findegiak barne).
2001eko maiatzaren 8ko 6/2001 Legea, Ingurumen-Inpaktuarena, 112 proiektu motei ebaluazioa egitea ezarri zuen, eta 62 berri gehitu zituen azterketa derrigorrezkoa zutenen artean.
Plan eta Programen Ingurumen-Ebaluazioari buruzko 2006ko legea. Lege honek ezarri zuen planak eta programak ingurumenaren ikuspegitik ebaluatu behar zirela. Gainera, planak jendaurrean aurkeztera behartu zituen eta jasotako alegazio guztiak Ingurumen Memorian sartzera. Dokumentu hau, Ingurumen-Iraunkortasunaren Txostenarekin (ISA) batera, plana onartuko zen ala ez erabakitzeko beharrezkoa zen.
2011/92/UE Zuzentaraua, Europako Parlamentu eta Kontseiluarena, 2011ko abenduaren 13koa, zenbait proiektu publiko eta pribaturen ingurumen-ondorioen ebaluazioari buruzkoa. Zuzentarau honek indargabetu zituen 85/337/CEE Zuzentaraua, 97/11/CE Zuzentaraua, 2003/35/CE Zuzentarauaren 3. artikulua eta 2009/31/CE Zuzentarauaren 31. artikulua.
2013ko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluaziorako arau nagusia.
2014/52/UE Zuzentaraua, Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16koa, 2011/92/UE Zuzentaraua aldatzen duena.[6] Zuzentarau honek ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren ikuspegi prebentiboa sendotzen du, testua argitzen du, biodibertsitatea eta klima-aldaketa txertatzen ditu eta proiektuen baimenetan interes gatazkak gerta ez daitezen bermatzen du.
2018ko abenduaren 5eko 9/2018 Legea, 21/2013 Legea (ingurumen-ebaluazioarena) aldatzen duena, baita uztailaren 20ko 21/2015 Legea (2003ko Azaroaren 21eko 43 Legea, basoena, aldatzen duena) eta 2005eko martxoaren 9ko 1/2005 Legea (berotegi efektuko gasen emisio eskubideen merkataritza arautzen duena) ere.[7] Lege honek 2014ko Zuzentaraua europar egoera politiko, juridiko eta tekniko berrira egokitzen du. Gainera, 21/2013 Legearen zenbait kontzeptu argitzen ditu, hala nola, ingurumen-ebaluazioaren araudian segurtasun juridiko handiagoa, kalitate tekniko hobea eta kontzeptuen berrikuspena ezarriz. Halaber, beharrezkotzat jo da 21/2013 Legearen eta 42/2007 Legearen (Natura Ondarearena eta Biodibertsitatearena) arteko koordinazio hobea ezartzea, baita hainbat hobekuntza eta eguneraketa txertatzea ere.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (kontsulta data: 2025-11-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Evaluación de impacto ambiental | WorldCat.org» search.worldcat.org (kontsulta data: 2025-11-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Prisma. (2021-09-07). «Qué es la Evaluación de Impacto Ambiental (EIA)» Eurofins Environment Testing Spain (kontsulta data: 2025-11-17).
- ↑ «Wayback Machine» www.tdx.cat (kontsulta data: 2025-11-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) Applus+. «Evaluación de Impacto Ambiental (EIA): fases y procedimientos clave» https://www.applus.com (kontsulta data: 2025-11-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) Directiva 2014/52/UE del Parlamento Europeo y del Consejo, de 16 de abril de 2014 , por la que se modifica la Directiva 2011/92/UE, relativa a la evaluación de las repercusiones de determinados proyectos públicos y privados sobre el medio ambiente Texto pertinente a efectos del EEE. 2014-04-16 (kontsulta data: 2025-11-23).
- ↑ Jefatura del Estado. (2018-12-06). Ley 9/2018, de 5 de diciembre, por la que se modifica la Ley 21/2013, de 9 de diciembre, de evaluación ambiental, la Ley 21/2015, de 20 de julio, por la que se modifica la Ley 43/2003, de 21 de noviembre, de Montes y la Ley 1/2005, de 9 de marzo, por la que se regula el régimen del comercio de derechos de emisión de gases de efecto invernadero. , 119858–119905 or. (kontsulta data: 2025-11-23).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ingurumen-inpaktuaren adierazpen
- Bizi zikloaren analisi
- Ingurumen ingeniaritza
- Nazio Batuen Ingurumen Programa