Injustizia epistemiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Miranda Fricker filosofo britainiarra, injustizia epistemiko kontzeptua proposatu zuena 2007an.

Injustizia epistemikoa ezagutzarekin, ulermenarekin eta diskurtsoen parte-hartzearekin zerikusia duen injustizia mota da. Zera eragin dezake: bazterketa eta isiltzea, norbere esanahi edo ekarpenen desitxuratze edo nahaste sistematikoak; praktika komunikatiboetan subjektuaren estatus edo egoeraren gutxiespena; autoritate bereizketa bidegabeak eta bidegabeko sinesgabekeria.

Injustizia epistemikoaren lehen teoria sistematizatua 2007an aurkeztu zuen Miranda Fricker filosofo britainiarrak, zeinak kontzeptua bera proposatu zuen.[1] Frickerren arabera, bi injustizia epistemiko mota daude: testigantza-injustizia eta injustizia hermeneutikoa.

Testigantza-injustizia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testigantza-injustizia norbaiten hitzaren sinesgarritasuna bidegabeki murrizten denean gertatzen da. Mota honetako injustizia gertatzen da norbaitek sinesgarritasuna galtzean edo entzuna ez denean bere klasea, genero, arraza edo, orokorrago, identitatea dela medio.

Frickerrek Londreseko Duwayne Brooksen adibidea jartzen du. Duwayne Brooksek bere laguna zen Stephen Lawrence nola erail zuten ikusi zuen.[2] Bertaratu ziren poliziak Brooks susmagarri hauteman zuten, biziki kritikatua izan zen jarrera hori. Ikerketa ofizial baten arabera, “poliziek Brooks jaunarengan kontzentratzean eta berak emandako informazioa kontuan hartzean huts egin zuten. Inork ez zuen proposatu Brooks jauna erabilgarria izan zitekeela ingurunea ikertzeko, nahiz eta berak jakin non izan zen ikusia azken aldiz hiltzailea. Ematen duenez, inor ez zen saiatu bera lasaitzen edo berak zioena egiazkotzat jotzen”. Hau da, poliziak ez zuen Brooks lekuko fidagarritzat jo eta hori azaltzeko arrazoiaren zati esanguratsu bat bere arraza da. Frickerren arabera, hori testigantza-injustizia izan zen, non “aurreiritzi bat tarteko, entzuleak hizlariari sinesgarritasun maila baxua ematen dion”.

Testigantza-injustiziak askotan injustizia hermeneutikoa izan ohi du lagun, hurrengo atalean azalduko dena.

Injustizia hermeneutikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Injustizia Hermeneutikoa norbere bizitza eta esperientzia sozialen gaineko ulermenean gertatzen den bidegabezko itxuraldaketa edo ulergaiztasuna da. (Hermeneutiko hitzak, greziarrez ‘interpretatu’ esan nahi duen hitzetik datorrena, ‘interpretazioari dagokiona’ esan nahi du).

Injustizia mota hau ulertzeko, komeni da Frickerrek berak erabiltzen duen adibidea azaltzea. 1970eko hamarkadan, “jazarpen sexual” kontzeptua proposatu zen jende askok bizi zuen esperientzia azaltzeko, bereziki emakumeak.[3] Imajina 1960. urtean, kontzeptua sortu aurretik, emakume bat jazarpen sexuala jasaten ari dela. Zailtasunak edukiko ditu esperientzia hori hitzen bidez azaltzeko, ulertzeko eta, beraz, salatzeko, kontzeptua falta baitzaio. Hain zuzen ere, zailtasun hori ez da ausazkoa. Neurri batean, bazterketa batean oinarritzen da zailtasun hori, hots, emakumeek jasaten zuten bazterketa hizkuntza osatzeko garaian. Imajina 1980. urtean berdina gertatzen dela. Hamarkada horretan emakume berak, esperientzia berarekin, erraztasun handiagoak izango ditu bere bizipena ulertzeko. Hala ere, zailtasuna izango du beste bati bizipen hori azaltzeko eta ulertarazteko, “jazarpen sexual” kontzeptua oraindik ez baitago hain zabaldua. Horrek, bere aldetik, sinesgarritasuna ere murriztu dezake, ulergaitza den esperientzia azaltzean besteek “ero” edo “zentzugabe” bezala ikus baitezakete. Oraingo honetan sortzen zaion zailtasuna, berriz ere, ez da ausazkoa. Emakumeak baztertuak zeuden kazetaritzatik, mundu akademikotik, mundu judizialetik eta beste hamaika instituzioetatik, zeinak garrantzitsuak diren giza esperientziei esanahia ematerako orduan. Miranda Frickerrek dio zenbait emakumeren bizitzak zailagoak direla ulertzeko, baita euren buruentzako ere, zeren emakumeek historikoki indar eta botere gutxiago izan dute mundua ulertzeko beharrezkoak diren kategoriak sortzeko. Frickerren arabera, errealitate hau beste talde baztertuetan ere ematen dela.

Injustizia hermeneutikoa, beraz, gertatzen da norbaiten esperientzia ez denean ondo ulertzen (ezta norberarengatik ere) zeren esperientzia horiek azaltzeko eta ulertzeko beharrezkoak diren kontzeptuak ez dira sortu oraindik. Horren arrazoia bazterketa da: talde batzuk historikoki baztertuak izan dira tresna kontzeptualak sortzen eta zabaltzen dituzten aktibitateetatik, adibidez, kazetaritza eta erudizio-aktibitateetatik.[4]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta injustizia epistemiko kontzeptua ez zen proposatua izan 2007. urtera arte, Vivian May ikerlariak argudiatu du Sojourner Truth abolizionista afro-amerikarrak, 1860ko hamarkadan, eta Anna Julia Cooper soziologo amerikarrak, 1890eko hamarkadan, kontzeptua aurreratu zutela esanez emakume beltzak ez zirela aitortuak ezagutza-subjektu bezala.[5] Gaile Pohlhaus Jr. epistemologoak Gayatri Chakrovorty Spivaken 1988ko “Can the Subaltern Speak?” entsegua aurrerapentzat jotzen du. Entsegu horretan, Spivakek biolentzia epistemiko kontzeptua aurkezten du. Biolentzia epistemikoa gertatzen da, dio Spivakek, menpeko jendea euren interesen inguruan hitz egitea eragozten denean, beste batzuek euren izenean hitz egitean esanez interes horiek ezagutzen dituztela.[6]

Ondorengo garapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frickerren ondoren beste akademiko batzuek injustizia epistemiko kontzeptua moldatu edota zabaldu egin dute. Ekarpen horiek injustizia epistemikoen forma ezberdinei izena eta garapena eman diete, adibidez: zapalkuntza epistemikoa,[7] esplotazio epistemikoa,[8] ekarpen-injustizia,[9] injustizia epistemiko distributiboa[10] eta fidagarritasun epistemiko injustizia.[11]

José Medina filosofoak injustizia epistemikoaren inguruko errelato zabalago baten defentsa egin du, non ahots gehiago sartzea eta testuinguru eta harremanei arreta gehiago jartzea aldarrikatzen duen.[12] Elizabeth S. Anderson filosofoak argudiatu du kausa estrukturalak eta konponbide estrukturalak kontuan hartu behar direla.[13] Injustizia epistemikoekin lotuta dagoen ezjakintasunaren epistemologiak ere garatzen ari dira. Epistemologia horrek kontzeptu gainjarri batzuk identifikatu ditu, horien artean, ezjakintasun zuria[14][15] eta ezjakintasun hermeneutiko deliberatua.<[16]

Kristie Dotson filosofoak sumatu zuen definizio batzuk kanpoan utz dezaketela injustizia epistemikoen eztabaidarako garrantzitsuak izan daitezkeen ekarpenak.Aipuaren errorea: Baliogabeko <ref> etiketa; baliogabeko izenak, adib. gehiegi

2017an, Routledge Handbook of Epistemic Injustice publikatu zen, injustizia epistemikoen monografikoa. Bertan, kontzeptuaren inguruko lan teorikoa eta kasu praktikoetarako aplikazio ezberdinak lantzen dira.[17] Bestetik, Rajeev Bhargava politologo indiarrak injustizia epistemiko kontzeptua erabiltzen du deskribatzeko nola talde kolonizatuak kaltetuak izan ziren kolonizatzaileek bertako kontzeptu eta kategoriak aldatu zituzten. Hala, talde indartsuenaren mundu ikuspegia inposatu zen.[18]

Filosofo hautatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Miranda Fricker (kontzeptuaren sortzailea)
  • José Medina
  • Kristie Dotson
  • Gaile Pohlhaus Jr.
  • Elizabeth S. Anderson
  • David Coady
  • Charles Mills
  • Fernando Broncano

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Pohlhaus, Gaile. (2017-03-31). The Routledge Handbook of Epistemic Injustice. Routledge doi:10.4324/9781315212043. ISBN 978-1-315-21204-3. Noiz kontsultatua: 2021-01-12.
  2. «1 Miranda Fricker - Epistemic Equality? - YouTube» www.youtube.com Noiz kontsultatua: 2021-01-12.
  3. (Ingelesez) Blakemore, Erin. «Until 1975, ‘Sexual Harassment’ Was the Menace With No Name» HISTORY Noiz kontsultatua: 2021-01-12.
  4. Fricker, Miranda.. (2007). Epistemic injustice : power and the ethics of knowing. Oxford University Press ISBN 978-0-19-823790-7. PMC 82470615. Noiz kontsultatua: 2021-01-12.
  5. (Ingelesez) May, Vivian M.. (2014). «“Speaking into the Void”? Intersectionality Critiques and Epistemic Backlash» Hypatia 29 (1): 94–112. doi:10.1111/hypa.12060. ISSN 0887-5367. Noiz kontsultatua: 2021-01-12.
  6. doi:10.1007/978-1-349-19059-1_20. ISBN 9780333462768..
  7. (Ingelesez) Dotson, Kristie. (2014-04-03). «Conceptualizing Epistemic Oppression» Social Epistemology 28 (2): 115–138. doi:10.1080/02691728.2013.782585. ISSN 0269-1728. Noiz kontsultatua: 2021-01-12.
  8. (Ingelesez) Berenstain, Nora. (2016-11-14). «Epistemic Exploitation» Ergo, an Open Access Journal of Philosophy 3 (20201214) doi:10.3998/ergo.12405314.0003.022. ISSN 2330-4014. Noiz kontsultatua: 2021-01-12.
  9. Kristie Dotson. (2012). «A Cautionary Tale: On Limiting Epistemic Oppression» Frontiers: A Journal of Women Studies 33 (1): 24. doi:10.5250/fronjwomestud.33.1.0024. Noiz kontsultatua: 2021-01-12.
  10. (Ingelesez) Coady, David. (2010-06). «Two Concepts of Epistemic Injustice» Episteme 7 (2): 101–113. doi:10.3366/epi.2010.0001. ISSN 1742-3600. Noiz kontsultatua: 2021-01-12.[Betiko hautsitako esteka]
  11. (Ingelesez) Coady, David. (2010-06). «Two Concepts of Epistemic Injustice» Episteme 7 (2): 101–113. doi:10.3366/epi.2010.0001. ISSN 1742-3600. Noiz kontsultatua: 2021-01-12.[Betiko hautsitako esteka]
  12. (Ingelesez) Medina, José. (2012-04). «Hermeneutical Injustice and Polyphonic Contextualism: Social Silences and Shared Hermeneutical Responsibilities» Social Epistemology 26 (2): 201–220. doi:10.1080/02691728.2011.652214. ISSN 0269-1728. Noiz kontsultatua: 2021-01-12.
  13. (Ingelesez) Anderson, Elizabeth. (2012-04). «Epistemic Justice as a Virtue of Social Institutions» Social Epistemology 26 (2): 163–173. doi:10.1080/02691728.2011.652211. ISSN 0269-1728. Noiz kontsultatua: 2021-01-12.
  14. Mills, Charles. (2007). «White Ignorance» Race and Epistemologies of Ignorance. in: Philosophy and Race Series. Albany, NY: SUNY Press, 13–38 or. ISBN 9780791471012..
  15. (Ingelesez) Kidd, Ian James, ed. (2017-03-31). The Routledge Handbook of Epistemic Injustice. (1. argitaraldia) Routledge doi:10.4324/9781315212043. ISBN 978-1-315-21204-3. Noiz kontsultatua: 2021-01-12.
  16. (Ingelesez) Kidd, Ian James, ed. (2017-03-31). The Routledge Handbook of Epistemic Injustice. (1. argitaraldia) Routledge doi:10.4324/9781315212043. ISBN 978-1-315-21204-3. Noiz kontsultatua: 2021-01-12.
  17. (Ingelesez) Kidd, Ian James, ed. (2017-03-31). The Routledge Handbook of Epistemic Injustice. (1. argitaraldia) Routledge doi:10.4324/9781315212043. ISBN 978-1-315-21204-3. Noiz kontsultatua: 2021-01-12.
  18. Bhargava, Rajeev. (2013). «Overcoming the Epistemic Injustice of Colonialism» Global Policy ISSN 1758-5899..

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]