Edukira joan

Innokenti Kozhevnikov

Wikipedia, Entziklopedia askea
Innokenti Kozhevnikov

Bizitza
JaiotzaKirensky District (en) Itzuli1879ko azaroaren 1a
Herrialdea Errusiar Inperioa
 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
HeriotzaMosku1931ko apirilaren 15a (51 urte)
Heriotza moduaberezkoa ez den heriotza
heriotza zigorra
Jarduerak
Jarduerakmilitarra

Innokenti Serafimovitx Kozhevnikov (errusieraz: Инноке́нтий Серафи́мович Коже́вников; 1879ko azaroaren 13a - 1931ko apirilaren 15a) Errusiako Gerra Zibilean parte hartu zuen jeneral boltxebikea izan zen. 1917tik Alderdi Boltxebikeko kidea izan zen, eta Armada Zuriaren atzealdean gerrilla komunistaren antolatzaileetako bat izan zen. 1919ko martxoan Armada Gorriko 13. Armadaren komandante bihurtu zen. 1926an preso hartu zuten eta 1931n exekutatu zuten.

Bochkarevoko nekazari familia batean jaio zen, egungo Irkutsk oblasteko Kirensky barrutian. Kharkiveko Merkataritza Institutuan ikasi zuen. 1915-1917 artean Kharkhiveko tefegrafo ofizinan mekanikaria izan zen. Kozhevnikov 1917ko Urriko Iraultzaren hasieran Alderdi Komunistako kide bihurtu zen, eta laster Kharkiv barrutiko posta eta telegrafoen komisario izendatu zuten. 1918ko otsailean hegoaldeko bost posta eta telegrafo barrutien komisario nagusi bihurtu zen, eta 1918ko maiatzetik irailera Kozhevnikov Donets-Kryvyi Riheko Sobietar Errepublikaren komunikazioen komisario nagusia izan zen.[1]

Kontseilu Militar Iraultzaileak 1918ko abuztuan Ekialdeko Fronteko Goardia Zuriko tropen atzealdera espedizioko destakamendu alderdikoi bat bidaltzea erabaki zuen. 1918ko irailean Kozhevnikov aukeratu zuten Tatarstan eta Baxkortostango gerrilla borroka antolatzeko. Kozhevnikoven destakamendua, batez ere Kursk, Nizhni Novgorod eta Astrakhango posta eta telegrafo barrutietako boluntarioek osatua, hasieran 500 bat gizonez osatuta zegoen. 1918ko azarorako bere destakamenduak 12.000 gizon zituen eta Partisauen Armada Gorria bezala ezagutua izan zen.

1918ko abenduaren hasieran Moskutik Partisauen Armada Bugulmako tren-geltokitik Hegoaldeko Frontera zabaltzeko agindua iritsi zen, eta Novy Oskol aldean kontzentratu ziren Kurskeko probintzian. 1919ko urtarrilean, Kozhevnikoven destakamenduek (30.000 gizon baino gehiago) Kupyansk, Starobelsk eta Luhanskeko guduetan parte hartu zuten. Tropa hauetan oinarriturik 13. Armada Gorria laster eratu zen, Kozhevnikoven agindupean. Armadako partaide gehienak Tatarstango biztanle autoktonoak ziren. Jakov Sverdlovek 1919ko otsailean telegrama batean hurrengoa esan zuen: "Kozhevnikoven armadan 10.000 musulman baino gehiago daude". 1919ko apirilaren 16an Anatoli Gekkerrek ordezkatu zuen 13. Armadaren buruan.

1920an Kozhevnikovek Volga-Kaspiar Flotilla Militarrean lan egin zuen, destakamenduaren komisario gisa. 1921eko maiatzean Kozhevnikovek Primorsky kraira mandatari bat bidali zuen, hango mugimendu partisaua antolatzeko. 1922tik 1923ra Kozhevnikov Bukharako Herri Errepublika Sobietarrean eta Lituanian enbaxadore izanzen, eta 1924tik 1926ra SESBeko Posta eta Telegrafoen Herri Komisariatuan lan egin zuen.

Kozhevnikoven karrera 1926ko urtarrilaren 21ean amaitu zen, OGPUk atxilotu eta Solovkiko presondegira bidali zuenean. Solovkin, adin txikiko gaizkileentzako kanpaleku bat zegoen (12 eta 16 urte bitarteko haurrentzat), eta Kozhevnikov horien zuzendari bihurtu zen. 1931n, Kozhevnikovek kanpamentutik ihes egin zuen, baina berehala harrapatu eta gogor jipoitu zuten. Psikiatra batzorde batek aztertu zuen, eta Kozhevnikov paranoikoa zela ondorioztatu zuten. Ondoren, Kozhevnikov Moskura eraman zuten eta 1931ko apirilaren 15ean fusilatu zuten.[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]