Interleukina
Interleukinak zitokina mota bat dira, gehienbat leukozitoek sortutakoak (hortik datorkie izena: -leukina) baina beste zelula batzuek ere ekoiz ditzaketenak (hezur-muinetakoek, timokoek...). Egitura kimikoari dagokionez proteinak dira. Zeregin oso garrantzitsua betetzen dute immunitate-sistemaren funtzionamenduan (linfozitoak aktibatuz eta bizkortuz, hantura-prozesuetan eraginez, antigorputzen ekoizpena erregulatuz, etab.). Hainbat gaixotasun autoimmune eta immunoeskasia prozesuen atzean interleukinen funtzionamendu okerra dagoela baieztatu egin da.
Interleukinek immunitate-sistemaren zelulen arteko komunikazioa errazten dute, eraso mikrobiar baten aurrean organismoak erantzun eraginkorra burutu dezan.
Hogeita hamar interleukina (IL) inguru ezagutzen dira egun. Hona hemen garrantzitsuenak eta beren efektuak:
| Izena | Zelula ekoizleak | Eragina |
| IL-1 | Makrofagoak | Th zelulak aktibatzen ditu. Sukarra eragiten du |
| IL-2 | T zelulak | T linfozitoen ugalketa bultzatzen du. Minbiziaren aurkako terapian erabilitakoa |
| IL-3 | T zelulak | Hezur-muinaren ama-zeluletan eragiten du |
| IL-4 | Th zelulak | B linfozitoen ugalketa sustatzen du. Alergia prozesuetan parte hartzen du (Ig E) |
| IL-5 | Th zelulak | Ig A-ren ekoizpena |
| IL-6 | Makrofagoak eta monozitoak | B eta T linfozitoen bereizketa |
| IL-8 | Ehun konektiboa | Neutrofiloen kimiotaxia |
| IL-10 | Th zelulak | IL-1en ekoizpena inhibitu eta B linfozitoak aktibatzen ditu |
| IL-12 | Makrofagoak | NK zelulen aktibazioa |