Introi
Introia DNA-ren zatia da, itzulpen prozesuan aminoazidoak kodetzen ez dituena. Hots, adierazten ez den DNA-pusketa da introia.
Eukariotoen DNA-k proteinak kodetzen dituzten zatiak ditu (exoiak), proteinak kodetzen ez dituzten zatiekin (introiekin) tartekatuak. Prokariotoen genomak, aldiz, ez du introirik.
Eukariotoengan transkripzioaren bidez DNA-k RNA-m sortzen du. Sortutako RNA-m hori ez da heldua, RNA-m-aren aurreko forma baizik. Geroago burutzen den beste prozesu batean, aurre-RNA-m hori RNA-m heldu bihurtzen da, entzima batzuek eremu ez-kodetzaileak (introiak) moztu eta kendu ostean (ikus irudia). Horrela, RNA-m-aren heltze prozesuan introiak desagertzen dira.
Duela gutxi arte introiek informazio genetikorik ez zutela uste zen, eta haien balioa hutsaren hurrengoa zela. Gaur egun, aldiz, "splicing" edo RNA-m-aren birdoitze prozesurako funtsezko informazioaren jabe direla uste da.
Introien kopurua oso aldakorra da ornodunengan: animalia batzuek introi gutxi dute haien DNA-n, baina ugaztunen genoman ugariak dira.