Edukira joan

Introi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Introien desagerpena RNA-m-aren heltze prozesuan


Introia DNA-ren zatia da, itzulpen prozesuan aminoazidoak kodetzen ez dituena. Hots, adierazten ez den DNA-pusketa da introia.

Eukariotoen DNA-k proteinak kodetzen dituzten zatiak ditu (exoiak), proteinak kodetzen ez dituzten zatiekin (introiekin) tartekatuak. Prokariotoen genomak, aldiz, ez du introirik.

Eukariotoengan transkripzioaren bidez DNA-k RNA-m sortzen du. Sortutako RNA-m hori ez da heldua, RNA-m-aren aurreko forma baizik. Geroago burutzen den beste prozesu batean, aurre-RNA-m hori RNA-m heldu bihurtzen da, entzima batzuek eremu ez-kodetzaileak (introiak) moztu eta kendu ostean (ikus irudia). Horrela, RNA-m-aren heltze prozesuan introiak desagertzen dira.

Duela gutxi arte introiek informazio genetikorik ez zutela uste zen, eta haien balioa hutsaren hurrengoa zela. Gaur egun, aldiz, "splicing" edo RNA-m-aren birdoitze prozesurako funtsezko informazioaren jabe direla uste da.

Introien kopurua oso aldakorra da ornodunengan: animalia batzuek introi gutxi dute haien DNA-n, baina ugaztunen genoman ugariak dira.

Giza genomaren zati handi batek ez du inongo proteinarik sortzen. DNA honi "DNA zaborra" edo DNA ez-kodetzailea deitu zaio. Gure DNA osoaren %75, gutxienez, (zientzialari batzuek ehuneko hori nabarmen handitzen dute) DNA ez-kodetzailea dela kalkulatzen da [1]. Introiez gain, DNA zaborra edo ez-kodetzailea DNAren sekuentzia errepikorrez, transposoiez eta sekuentzia erregulatzailez osatuta dago. Garai batean DNA horrek ez zuela inongo funtziorik uste bazen ere, gero eta zantzu gehiagok DNA mota horrek funtzio erregulatzaile bat betetzen duela ustera garamatzate [2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Romero, Sarah El 75% del genoma humano es 'ADN basura'[Betiko hautsitako esteka] Muy Interesante, 2017-08-17
  2. Ruiz Rejón, M. El enigma del ADN basura BBVS OpenMind 2015-08-31


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]