Intsektuen biodibertsitate
Intsektuen biodibertsitateak (intsektuen bioaniztasun izenaz ere ezagutzen dena) planetako izaki bizidun guztien biodibertsitate osoaren proportzio handia suposatzen du; ezagutzen diren 1,5 milioi organismo espezieetatik erdia baino gehiago intsektuak baitira.[1][2]

Espezieen dibertsitatea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Intsektuen edo berauen ordena espezifikoaren espezieen aniztasuna edo kopuruaren estimazioak aldakorrak dira iturri batetik bestera. Mundu mailan estimazio hauen guztien batezbestekoa eginda 1,5 milioi kakalardo espezie eta 5,5 milioi intsektu espezie daudela estimatzen da. Horietatik gaur egun (2025. urtea) milioi bat inguru ezagutzen dira, alegia, intsektu espezie guztietatik 1/5 baino gutxiagori ipini die izena zientziak.[3]
Zientziak 1.000.000 intsektu espezieren izenak ezagutzen ditu, beraz eukarioto guztien artean (1,8 milioi espezie) % 50 baino gehiago intsektuak dira. Estimazioen arabera 5,5 milioi intsektu espezie daudela kontuan hartzen badugu, intsektuen benetako proportzioa are handiagoa litzateke, eukarioto espezie guztien artean % 80 baino gehiago intsektuak baitira. 4,5 milioi intsektu inguru geratzen dira oraindik ezagutu eta sailkatzeko eta urtero organismo guztien artean 20.000 espezie berri ezagutzen direla kontuan izanik, espezie berrien deskribapen eta deskubrimenduaren abiadura azkartu ezean, baliteke intsektu espezie guztiak deskubritu gabe geratzea. Esan beharra dago zientziak gaur egun milioi bat espezie inguru ezagutzen dituela esaten denean, bere identifikazio eta sailkapenari soilik dagokiela, ez haien ekologia, bizimodua, portaerak eta beste zenbait kontzeptu. Benetako ezagutza biologikoaz ari garenean (ekologia, bizimodua...) zientziak milioi bat baino askoz espezie gutxiago ezagutzen ditu; alegia, identifikatutako eta sailkatutako intsektu askori buruz ezer gutxi dakigu oraindik, identifikatzeko eta sailkatzeko geratzen diren gainerako 4,5 milioi espezieak kontuan hartu gabe.[4]
Identifikatutako 29 intsektu ordenen artean, 5 nagusitzen dira espezie aniztasunari dagokionez: Coleoptera, Lepidoptera, Diptera, Hymenoptera eta Hemiptera. 5 ordena hauek ezagututako intsektu guztien % 90 suposatzen dute, bakoitzak 100.000 espezie baino gehiago dituelarik. Espezie aberastasunaren aldetik hurrengo ordena, alegia seigarrena, Orthoptera da, eta 24.000 espezie ingururekin aurreko bostek dituzten biodibertsitatetik nahiko urrun geratzen da (nahiz eta munduko hegazti edo narrasti guztien espezieak bikoizten dituen).
| Ordena | Deskribatutako espezieak |
|---|---|
| Archaeognatha | 513 |
| Zygentoma | 560 |
| Ephemeroptera | 3.240 |
| Odonata | 5.899 |
| Orthoptera | 23.855 |
| Phasmatodea | 3.014 |
| Embioptera | 463 |
| Mantophasmatodea | 15 |
| Grylloblattodea | 34 |
| Plecoptera | 3.743 |
| Dermaptera | 1.978 |
| Zoraptera | 37 |
| Mantodea | 2.400 |
| Blattodea | 7.314 |
| Psocoptera | 5.720 |
| Phthiraptera | 5.102 |
| Thysanoptera | 5.864 |
| Hemiptera | 103.590 |
| Hymenoptera | 116.861 |
| Strepsiptera | 609 |
| Coleoptera | 386.500 |
| Neuroptera | 5.868 |
| Megaloptera | 354 |
| Raphidioptera | 254 |
| Trichoptera | 14.391 |
| Lepidoptera | 157.338 |
| Diptera | 155.477 |
| Siphonaptera | 2.075 |
| Mecoptera | 757 |
Intsektuen fosilen erregistroa ehunka milioika urtekoa da. Horrek intsektu espezieen iraungipen zein espezie berrien agerpena islatzen duten hondoko maila jarraituak daudela iradokitzen du. Kasu gutxi batzuetan intsektuen iraungipen masiboak ere erakusten ditu fosilen erregistroak. Permo-Triasiar iraungipen masiboan eman zen intsektuen desagerpenik handiena eta Kretazeo-Paleogenoko iraungipen masiboan bigarren handiena.
Iraganeko iraungipen masibo ezberdinen ondotik, intsektuen biodibertsitatea espezie berriak modu azkarrago batean agertzen diren garaiei esker berreskuratu da, baina berreskurapen horiek milioika urte behar izaten dute.[5]
Hainbat ikerketa zientifikok XX. mendearen bukaera eta XXI. mendearen hasieratik intsektuen ugaritasunean, biomasan eta biodibertsitatean gainbehera bat gertatzen ari dela adierazten dute, haizetakoaren fenomeno izenarekin ezagutarazi dena. Ikerketa askok faktore horien gainbehera (ugaritasuna, biomasa, dibertsitatea) zonalde batzuetan jazotzen ari dela adierazten dute, baina ez guztietan. Era berean espezie batzuk gainbehera modu larrian pairatzen ari dira, beste batzuk horrelakorik pairatzen ari ez diren bitartean.[6] Espezie bakoitzak modu ezberdinean pairatzen ditu ingurumenaren aldaketen efektuak eta ondorioak, beraz ezin da iradoki espezie guztiak etengabeko gainbehera batean daudela edo ondorio hauek modu berean jasaten dituztela. Espezie batzuk ongi eta azkar moldatzen dira aldaketara, beste batzuek biziraun ere ezin duten bitartean.[7] Baina espezie guztiei modu berean eragiten ez badie ere, ikerketek ezbairik gabe erakusten dute badagoela intsektu espezie eta populazio askoren, eta beraz biodibertsitatearen eta biomasaren edo ugaritasunaren, gainbehera bat azkeneko hamarkadetatik hona, eta hori faktore zuzen batzuei lotuta dago.[4]
Holozenoan ematen ari den intsektuen ugaritasunaren gainbehera eta honen azelerazioaren arrazoia hainbat faktore edo eragilerekin lotzen da, hala nola, pestiziden erabilpena,[8] lur erabilpenaren aldaketak (ekosistema naturalak agroekosistema edota urbanizazioarengatik ordezkatzea),[9][10] espezie inbaditzaileen hedadura[11] eta argiztatze artifizialaren (argi kutsaduraren) zabalpena eta intentsifikazioa.[12] Intsektizidek eta herbizidek nekazariek berez jomugan ez dituzten intsektuei ere eragiteaz gain (ez direlako selektiboak) hauen bazka diren belar eta landareei ere eragiten diete, presio bikoitza sortuz. Klima aldaketak eta espezie exotiko inbaditzaileen sarrerak bertoko intsektuei presio handia suposatzen diete, tokiko intsektuak modu askotan estresatuz eta hau dela eta patogeno zein parasitoen aurrean ahulduz.[7]
2017-ra arte azkeneko 500 urteetan gutxienez 66 intsektu espezieen iraungipenak erregistratu ziren, gehienak uharte ozeanikoetan gertatutakoak.[13] IUCN-k 2013-an dokumentatutako 203 intsektu espezieen populazio ezberdinetatik %33 gainbeheran zegoen, ordenen arteko espezieetan ezberdintasunak ezberdintasun.[14] Arreta zientifiko eta publiko gehiena ornodun handi eta karismatikoen gainean ipini da historikoki, intsektuak, eta intsektuen barruan bereziki dipteroak, ortopteroak eta hemipteroak nahiko ahaztuak izan diren bitartean. Populazioen joerak aztertzeko balio duten datu historikoak apenas ez dira existitzen intsektuei dagokienez, eta dauden apurrak Mendebaldeko Europan eta Ipar Ameriketan zentratuak daude. Intsektuen inguruko populazioen ebaluazioak gehienbat intsektu talde ospetsuenetan zentratu dira, hala nola tximeleta eta sitsetan, odonatuetan, erleetan eta kakalardoetan.[15]
Ikerketa batzuek iradoki dute intsektu espezieen proportzio handi bat (ezagutzen diren espezieen heren bat hain zuzen ere) desagertzeko arriskuan dagoela XXI. mendean, besteak beste Sanchez-Bayo eta Wyckhuysen 2019-ko berrikuspen batek horixe bera iradokitzen zuen.[15] Manu Sanders ekologoaren ustetan ordea, adierazitako aurkikuntza horietako asko, sarritan, eremu geografiko espezifikoetara eta espezie talde espezifikoetara mugatuta daude, eta datuak eremu geografiko guztietara eta espezie askoz gehiagotara zabaldu ezean, joera intsektu eta leku guztietara orokortzea ezinezkoa dela deritzo.[16] Ideia honek Sanchez-Bayo eta Wyckhuysen ikerketaren metodologia zalantzan jartzen du eta egile hauek literatura zientifikoa filtratzeko erabilitako bilaketa-katea "(intsektua + gainbehera + inkesta)" dela dio, bilaketa partzialean oinarrituta dagoela esanez. Honen iritziz intsektuen gainbeherak aurkitu zituzten ikerketak identifikatu eta jaso zituzten, intsektuen populazioetan goranzko joera edo egonkortasuna adierazten zutenak alde batera utzi zituzten bitartean.[6][16] Ikerketaren metodologia ebaluatzean, Global Change Biology-n argitaratutako editorial batek honako hau adierazi zuen Sanchez-Bayo eta Wyckhuysen berrikuspenaren inguruan: "Literaturaren berrikuspen inpartzial batek ere intsektuen gainbehera bat aurkituko luke, baina 'norabide bakarreko' metodologia horretan oinarritutako estimazioak ez dira sinesgarriak".[6] Hala ere, berrikuspen horren egileen arabera, "azterlanen erdia baino gehiago beste txosten batzuetan aipatutako erreferentzietatik lortu ziren", eta "intsektuen inguruko 73 azterlan horiek taxon zehatz bateko espezie guztiak hartzen dituzte, beren banaketan beheranzko, goranzko edo joera egonkorrean dauden ala ez kontutan hartu gabe".[17] Simon Leather entomologiako irakasleak iradoki zuen hedabideek "Armagedon ekologiko" bati buruz egindako txostenak gehiegizkoak izan daitezkeela, eta gainbeherari buruzko datuak epe luzera hobeto bildu ahal izateko eta ikerketa gehiago garatu ahal izateko funts baten alde egin zuen.[18]
Intsektuen arazo larriena beren populazioen inguruko jarraipen eskasak eta ikerketa urriak izatea da. Europan eta Ipar Amerikan gainontzeko lekuetan baino ebaluazio zientifiko handiagoa dago, baina hala eta guztiz ere oso urria da bertan ere. Europako eta Ipar Ameriketako zenbait leku espezifiko eta zenbait espezie zehatzetan intsektu hauek pairatzen ari diren gainbehera dudaezina da, dudaezina ere bada gainbehera hau sortzen eta azeleratzen duten faktoreen eta eragileen inguruko ezagutza (klima aldaketa, pestizidak, nekazaritza intentsiboa, urbanizazioa, habitaten suntsipena, espezie inbaditzaileen sarrera, kutsadura...).[4] Tropikoak biodibertsitate handieneko (baita intsektuena ere) eremuak dira baina aldi berean populazioen jarraipen urriena dutenak ere, horrek izugarrizko erronka eta lana suposatzen du oraindik ere zientziak ezagutzen ez dituen espezieak betirako gal ez daitezen.[4]
Kontserbazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biodibertsitatearen galera arazo globlala bada ere, salbuespenak salbuespen, intsektuen habitatak babesteko programak ez dira aintzat hartzen modu zuzenean. Zeharkako moduan babesten diren intsektuen habitatak ohikoagoak dira gaur egun, izan lur erreserba handiak babesten direnean edota ornodun karismatikoak eta berauen habitatak babesten direnean. Ikerketa batzuek intsektuen populazio globala gainbehera azkar eta etengabean daudela iradokitzen dute, azken hiru hamarkadetan populazioen % 75-80 galdu direla estimatzera iritsi dira zenbait ikerketa.[19][20][21]
Haizetakoaren fenomenoa izenaz ezagutzen denak, jendeak, autoan bidaia luzeak egitean lehen baino intsektu gutxiagok haizetakoaren kontra talka egiten dutenaren inguruko pertzepzio orokorra adierazten du, eta hori intsektuen biomasaren gainbehera isla lezakeen fenomeno bat izan liteke.
Intsektu espezie bakar baten kontserbazioak beste espezie ugariren kontserbazioa ekar lezake, ekologian honi espezie-aterkiaren efektua deritzo. Tximeleta liluragarriak, erle zein erlastar polinizatzaileak edo kakalardo handi eta koloretsuak espezie enblematikoak izan daitezke gainerako intsektu espezieen kontserbazioaren kontzientziazio publikorako.
Intsektuen kontserbazioa ezinbestekoa da ekosistema guztien funtzionamendurako, eta, azken finean, gizakion biziraupenerako ere bai. Intsektuak lurreko eta ur gezako ekosistema guztien parte dira, oinarrizko funtzioak betetzen dituzte eta, beraz, ekosistema hauen guztien funtzionamendu orekatu eta egokirako berebizikoak dira. Kate trofikoan ere animalia giltzarriak dira eta intsektuak ez diren gainerako animalia espezie askok modu zuzenean edo zeharkakoan intsektuen beharra dute beren elikadurarako (gizakiak barne), kate trofikoko behekaldeko osagai bat kentzean goiko piezak erortzen baitira.[4] Landare askoren (gizakiok jaten ditugunak barne) ugalketarako ere ezinbestekoak dira intsektuak, polinizazioaren bitartez landare espezie guztien % 85 inguru (gizakiak jaten dituenen artean % 70) ugaltzeko gai dira,[22] intsektuen desagerpenak, beraz, landare ia guztien desagerpena lekarke. Haiek gabe ezagutzen dugun bizi konplexua ezinezkoa litzateke. Biodibertsitatea ezin da ulertu intsekturik gabe, biodibertsitate osoaren erdia baino gehiago direlako eta munduko biomasa ere ezin liteke ulertu intsekturik gabe, pisu ekarpen handia baitute.[4][23][24]
Nekazaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Agroekosistemetan biodibertsitatea garrantzitsua da elikagaien ekoizpenean, mantenugaien birziklapenean eta izurriteen kontrolean.[25][26][27][28][29][30]
Estimazioen arabera, giza-elikadura osoaren heren bat baino gehiago erleen eta intsektu polinizatzaileen zuzeneko eta zeharkako polinizazioari lotuta dago.[31][32][33][34][35]
Ekosistema naturaletan bezala, agroekosistemetan biodibertsitatea mantentzea berebiziko erronka bat da elikagaien hornidura mantendu nahi bada, eta hori zuzenean lotuta dago agroekosistema ekologiko eta jasangarri batekin eta nekazaritza modu ekologikoan ulertzeko ideiarekin.[36][37] Izan ere, agroekosistemen biodibertsitatearen galera estuki erlazionatuta dago produkzio sistema intentsiboarekin, monolaborantzarekin eta fitosanitario eta ongarri kimikoen erabilpenarekin.[38][39][40]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ N. E. Stork, J. McBroom, C. Gely, and A. J. Hamilton (16 June 2015). "New approaches narrow global species estimates for beetles, insects, and terrestrial arthropods" (PDF). PNAS. 112 (24): 7519–7523. Bibcode: 2015PNAS..112.7519S. doi:10.1073/pnas.1502408112. PMC 4475949. PMID 26034274. Kontsulta data: 2017/09/21.. .
- ↑ «Numbers of Insects (Species and Individuals) | Smithsonian Institution» www.si.edu (kontsulta data: 2025-06-28).
- 1 2 (Ingelesez) Stork, Nigel E.. (2018-01-07). «How Many Species of Insects and Other Terrestrial Arthropods Are There on Earth?» Annual Review of Entomology 63 (Volume 63, 2018): 31–45. doi:. ISSN 0066-4170. (kontsulta data: 2025-06-28).
- 1 2 3 4 5 6 SILENT EARTH - DAVE GOULSON - 9781529114423. (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ Labandeira, Conrad (1 January 2005), "The fossil record of insect extinction: new approaches and future directions", American Entomologist, 51: 14–29, doi:10.1093/ae/51.1.14. .
- 1 2 3 Thomas, Chris D.; Jones, T. Hefin; Hartley, Sue E. (18 March 2019). ""Insectageddon": A call for more robust data and rigorous analyses". Global Change Biology. 25 (6): 1891–1892. Bibcode:2019GCBio..25.1891T. doi:10.1111/gcb.14608. PMID 30821400.. .
- 1 2 (Ingelesez) Reckhaus, Hans-Dietrich. (2017-06-14). Why Every Fly Counts: A Documentation about the Value and Endangerment of Insects. Springer ISBN 978-3-319-58765-3. (kontsulta data: 2025-07-03).
- ↑ Braak, Nora; Neve, Rebecca; Jones, Andrew K.; Gibbs, Melanie; Breuker, Casper J. (November 2018). "The effects of insecticides on butterflies – A review". Environmental Pollution. 242 (Pt A): 507–518. Bibcode:2018EPoll.242..507B. doi:10.1016/j.envpol.2018.06.100. PMID 30005263. S2CID 51625489.. .
- ↑ (Ingelesez) Landscape perspectives on agricultural intensification and biodiversity – ecosystem service management. doi:. ISSN 1461-0248. (kontsulta data: 2025-07-03).
- ↑ Insect-plant interactions in a crop protection perspective. Academic Press. 2017-01-19. Or: 313–320. ISBN 978-0-12-803324-1.. .
- ↑ Wagner, David L.; Van Driesche, Roy G. (January 2010). "Threats Posed to Rare or Endangered Insects by Invasions of Nonnative Species". Annual Review of Entomology. 55 (1): 547–568. doi:10.1146/annurev-ento-112408-085516. PMID 19743915.. .
- ↑ Owens, Avalon C. S.; Lewis, Sara M. (November 2018). "The impact of artificial light at night on nocturnal insects: A review and synthesis". Ecology and Evolution. 8 (22): 11337–11358. Bibcode:2018EcoEv...811337O. doi:10.1002/ece3.4557. PMC 6262936. PMID 30519447..
- ↑ Briggs, John C (October 2017). "Emergence of a sixth mass extinction?". Biological Journal of the Linnean Society. 122 (2): 243–248. Digital object identifier/doi:10.1093/biolinnean/blx063.. .
- ↑ Dirzo, Rodolfo; Young, Hillary; Galetti, Mauro; Ceballos, Gerardo; Isaac, Nick; Collen, Ben (25 July 2014), "Defaunation in the Anthropocene" (PDF), Science, 345 (6195): 401–406, Bibcode:2014Sci...345..401D, doi:10.1126/science.1251817, PMID 25061202, S2CID 206555761.. .
- 1 2 Sánchez-Bayo, Francisco; Wyckhuys, Kris A.G. (April 2019). "Worldwide decline of the entomofauna: A review of its drivers". Biological Conservation. 232: 8–27. Bibcode:2019BCons.232....8S. doi:10.1016/j.biocon.2019.01.020.. .
- 1 2 (Ingelesez) Saunders, Manu. (2019-02-16). «Insectageddon is a great story. But what are the facts?» Ecology is not a dirty word (kontsulta data: 2025-07-03).
- ↑ Sanchez-Bayo, Francisco (April 2019). "Response to "Global insect decline: Comments on Sánchez-Bayo and Wyckhuys (2019)"". Biological Conservation. 223: 334–335. Bibcode:2019BCons.233..334S. doi:10.1016/j.biocon.2019.03.020. S2CID 150059494.. .
- ↑ Leather, Simon (20 December 2017), ""Ecological Armageddon" – more evidence for the drastic decline in insect numbers", Annals of Applied Biology, 172: 1–3, doi:10.1111/aab.12410.. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Álvarez, Clemente. (2019-02-26). «“Dicen que exageramos, pero si hemos perdido el 80% de los insectos, la palabra es 'catastrófico'”» ElDiario.es (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Estamos en el declive de los insectos, y no es una buena noticia» Onda Vasca 2023-06-22 (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) Rubio, por David. (2025-04-14). Los insectos que están desapareciendo y cómo afecta a los ecosistemas. (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) user_laura. (2022-12-19). Mejores prácticas para la conservación de los polinizadores - Fundación Global Nature. (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Ingelesez) «Here's how insects help keep ecosystems in balance» World Wildlife Fund (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Ingelesez) «A World Without Bugs | Natural History Museum of Utah» nhmu.utah.edu 2023-08-09 (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ «Sagastien zaindari txikiak» Argia (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) RONDON, DARWIN JOEL GARCIA. (2024-06-13). Importancia de la Biodiversidad en los Agroecosistemas. (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Importancia de la biodiversidad agraria» OBA (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Ingelesez) Biodiversidad y el control biológico de plagas conservativo. 2019-02-18 (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) CSIC. (2020-06-10). «La biodiversidad en el agroecosistema» Consejo Superior de Investigaciones Científicas (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La importancia de la biodiversidad del suelo en la agricultura» Agencia SINC (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) Un tercio de la alimentación humana depende de la polinización de las abejas que están muriendo por los pesticidas. 2021-07-08 (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) sol. (2024-05-17). La importancia de las abejas para la Humanidad | El campo en tu vida. (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) webmaster_eco. (2021-08-15). «Biodiversidad, la importancia de los polinizadores» Ecocolmena (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Ingelesez) «Pollinators Help One-third Of The World's Food Crop Production» ScienceDaily (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Ingelesez) «#FridayFact: One in three spoonfuls of food depends on bees!» www.unep.org 2018-05-23 (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) LA AGRICULTURA ECOLÓGICA FOMENTA LA BIODIVERSIDAD. PAE (Producció Agrària Ecològica) - 21. zenbakia -. Generalitat De Catalunya. Departament d´Agricultura, Ramaderia, Pesca, Alimentació i Medi natural.. .
- ↑ (Gaztelaniaz) «El impacto de la agricultura ecológica en la biodiversidad del suelo» UNIA (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ «Intsektuen apokalipsia antropozenoan» www.argia.eus (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) Proteinsecta. (2025-05-05). «La disminución de las poblaciones de insectos: un reto global» Proteinsecta (kontsulta data: 2025-06-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) LaRepublica.es. (2025-05-07). «La agricultura agrava la crisis de biodiversidad: un 44% menos de especies de insectos en campos cultivados» LaRepublica.es (kontsulta data: 2025-06-29).