Edukira joan

Inuiten hizkuntzak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Inuiten hizkuntzak
Datu orokorrak
Hiztunak90.000
Hizkuntza sailkapena
giza hizkuntza
eskimo-aleut hizkuntzak
Inuit–Yupik (en) Itzuli
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologiaSOV hizkuntza, hizkuntza eranskaria, hizkuntza polisintetikoa eta hizkuntza ergatiboa
Hizkuntza kodeak
Glottologinui1246

Inuiten hizkuntzak Ipar Amerikako hizkuntza indigenen talde bat dira, tradizioz Ipar Amerikako Artikoan eta ondoko eskualde subartikoetan mintzatuak, Labradorreko hegoalderaino. Eskimalen hizkuntza familiaren bi adarretako bat dira —bestea yupik hizkuntzek osatzen dute, Alaskan eta Errusiako Ekialde Urrunean hitz egiten direnak—. Inuit gehienak hiru herrialdeotako batean bizi dira:

Inuiten hizkuntza tradizionalaz mintzatzen den biztanleria osoa zehatz-mehatz xedatzea zaila da, zenbaketa gehienak erabilera edo gaitasuna zehaztasunez islatzen ez duten norberak emandako errolda-datuetan oinarritzen baitira. Groenlandiako erroldako kalkuluen arabera, hiztunak 50.000 inguru dira han. Kanadako 2021eko erroldaren arabera, biztanle inuitak 70.540 ziren, eta haietatik, 33.790ek inuitera lehen hizkuntza zutela adierazi zuten. Groenlandiak eta Kanadak hiztun gehienak dituzte, eta 7.500 alaskar inguruk hizkuntza inuit baten aldaera batez hitz egiten dute, 13.000 inuit baino gehiagoko biztanlerian. Kalkuluen arabera, 7.000 inuit groenlandiar bizi dira Danimarkan: Ipar Amerikatik kanpoko talderik handiena osatzen dute. Hala, inuiterazko hiztungo osoa 100.000 pertsona ingurukoa da.[1][2][3]

Bi hizkuntza familia ezberdinetakoak izan arren, inuitek Kanadan inuiterazko zeinu-hizkuntzaz (ᐃᓄᐃᑦ ᐆᒃᑐᕋᐅᓯᖏᑦ, Inuit Uukturausingit edo IUR) zein groenlandierazko zeinu-hizkuntzaz ere hitz egiten dute. Ikertzaileek ez dakite bi zeinu-hizkuntzok lotuta ote dauden. Inuit Nunangat osoan —Kanadako inuiten sorterria— IUR zenbateraino hitz egiten den ere ez da oraindik ezaguna. Azkenik, IUR poliki-poliki Amerikar keinu-hizkuntzak ordezkatzen duen arren, bertako keinu-hizkuntza babesteko ahaleginak abian daude.[4]

Izendatzeko modua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inuiten hizkuntza tradizionala estuki lotutako dialektoen sistema bat da, inuiten munduaren mutur batetik besteraino elkarrekiko ulergarritasun erraza ez dutenak; batzuek ez dute hizkuntza bakartzat hartzen, hizkuntza multzotzat baizik. Hala ere, ez dago irizpide argirik inuitera hizkuntza kide zehatz bihurtzeko, dialekto-continuum bat osatzen baitu. Inuit talde bakoitzak bere bizilagunak ulertzen ditu, eta seguruenik haien bizilagunak; baina halako urruntasunarekin izanik, ulergarritasuna oso maila baxuraino jaisten da. Horren ondorioz, inuitak tokian tokiko hitz desberdinez baliatzen dira hizkuntzaren beren aldaeretarako eta multzo osorako: anbiguotasun hori beste hizkuntza batzuetan ere gertatzen da, erabili behar den ereduaz nahasmen handia sortzen duena.

Groenlandian, inuiteraren forma eta hizkuntza ofizialak Kalaallisut du izena. Beste hizkuntza batzuetan, groenlandierara edo sustraikide batera jotzen da. Alaskako hizkuntza inuitei inupiatun deritze, baina Seward penintsulako aldaerei, Alaskako beste aldaeretatik bereizita daudenez, qawiaraq esaten zaie, edo dialekto batzuetarako, Bering itsasarteko inupiatuna.

Kanadan, inuktitut izena erabiltzen da inuiterazko aldaera guztiak izendatzeko, eta izen horrexekin aitortzen da Nunavut eta ipar-mendebaldeko lurraldeetako hizkuntza ofizialetako bat dena. Hala ere, mendebaldeko Nunavuten, eta ekialdeko Ipar-mendebaldeko Lurraldeen aldaeretako bati inuinnaqtun esaten zaio Kanadako ekialdeko dialektoetatik bereizteko; Ipar-mendebaldeko Lurraldeen aldaerei, berriz, batzuetan inuvialuktun deritze, eta lehen, batzuetan inuktun esan izan zitzaien. Dialekto horietan, batzuetan, inuktitun esaten zaio, dialektoen ahoskerako desberdintasunak islatzeko. Quebeceko inuiterari inuttitut esaten diote bertako hiztunek, eta askotan beste zenbaitek ere bai, baina hori ahoskeraren aldaera txikia da. Labradorren, hizkuntzak inuttut du izena edo, dokumentu ofizialetan askotan, labradorimiutut izendapen deskriptiboagoa erabiltzen da. Gainera, kanadarrek –bai inuitek, bai inuitak ez direnek– batzuetan inuktitut hitza erabiltzen dute inuiterazko aldaera guzti-guztiak izendatzeko, Alaska eta Groenlandiakoak barne.

"Inuitera" izendapena neurri handi batean hizketa profesionalari soilik dagokio, eremu bakoitzean tokiko aldaerak oro biltzen dituzten termino konbentzional bat edo gehiago baitaude; edo argitalpenetan termino deskribatzailetzat erabiltzen da, irakurleek ezin badituzte derrigorrez tokian tokiko hitzak jakin. Nunavuten, gobernuak inuktitutezko eta inuinnaqtunezko dialekto guztiak inuktut terminoaren barnean biltzen ditu.[5]

Jende askok inuiterari eskimal esaten dion arren, hori termino zabala da, yupik hizkuntzak ere barne hartzen dituena eta, gainera, Kanadan erabiltzea oso desegokia da (horrez gain, beste leku batzuetan erabilera gutxitzen ari da). Eskimal artikulua irakur, hitz horri buruzko informazio gehiago izateko.

Sailkapena eta historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inuit hizkuntzek eskimo-aleut hizkuntza familiaren adar bat osatzen dute. Yupik hizkuntzekin lotura estua dute, eta, urrunago, aleutierarekin. Beste hizkuntza horiek guztiak Alaskako mendebaldean (Ameriketako Estatu Batuetan) eta Txukotkako ekialdean (Errusian) hitz egiten dira. Ez daude bereiziki lotuta Ameriketako edo Asiako ipar-ekialdeko beste hizkuntza indigena batzuekin; hala ere, zenbait proposamen frogatu gabek proposatu dute Siberiako mendebaldeko eta Europako iparraldeko uraldar hizkuntzekiko lotura dutela, balizko uralo-siberiar multzo batean, edo baita hizkuntza indoeuroparrekin ere, superfilo nostratiko baten zati gisa. Batzuek, lehenago, hizkuntza paleosiberiarrekin lotu zituzten, baina hori talde geografiko bat da, ez linguistiko bat.

Inuiterazko lehen formak Thule kulturak erabili zituela uste da: Beringiatik ekialderantz migratu zuten, Kanadako Uhartedi Artikorantz, bigarren milurtekoaren hasieratik Dorset kulturako jendeak okupatuta zegoena. 1300 aldera, inuitak eta inuitera Groenlandiako mendebaldera iritsi ziren, eta, azkenean, Groenlandiako ekialdera, gutxi gorabehera Groenlandiako hegoaldeko kolonia bikingoak desagertu zirenean. Oro har, uste da mendeetan zehar ekialderantz egindako migrazio horretan bereizi zela inuit hizkuntza mendebaldeko Alaskan eta Txukotkan hitz egiten ziren yupik hizkuntzetatik.

1902ra arte, agian Dorseteko enklabe bat, Sadlermiut (inuktituterazko egungo ortografian, Sallirmiut), Southampton uhartean egon zen. Haien hizkerari buruz ez da ia ezer ezagutzen, baina lekuko kontakizun urrien arabera, "dialekto arraro" batez hitz egiten omen zuten. Haiek ere hizkuntza inuit batez mintzatzen zirela iradokitzen du, baina egun Kanadan hitz egiten diren formekin alderatuta, aski desberdina.

Yupikera eta inuitera sintaktikoki eta morfologikoki oso antzekoak dira. Haien jatorri komuna sustraikide batzuetan ikus daiteke:

euskara erdialdeko yupikera iñupiatuna iparraldeko Baffingo inuktituta kalaallisuta
pertsona yuk iñuk [iɲuk] inuk (ᐃᓄᒃ) inuk
izotz kaneq kaniq kaniq (ᑲᓂᖅ) kaneq
ibai kuik kuuk kuuk (ᑰᒃ) kuuk
kanpoalde ellami siḷami [siʎami] silami (ᓯᓚᒥ) silami

Alaskako mendebaldeko aldaerek protoinuiteran eta yup'iken dauden ezaugarri ugari dauzkate: aski dira, inuit mundu handienetik isolaturik egonen balira, yup'ik hizkuntzatzat sailkatuak izateko.

Geografi banaketa eta aldaerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hizkuntza inuiten aldaeren banaketa Artikoan zehar

Inuit hizkuntzek nahiko lotuta dagoen multzoa osatzen dute, baina irizpide desberdin batzuk erabiliz bereiz daitezke. Tradizioz, inuitek dialektoen arteko desberdintasunak leku-izenen bidez deskribatzen dituzte, tokiko hizkuntza berezitasunak deskribatzeko, Igloolik-eko dialektoa Iqaluit-ekoari kontrajarriz, adibidez. Hala ere, banaketa politiko eta soziologikoak hizkuntza inuiten aldaerak deskribatzeko irizpide nagusiak dira, gero eta nagusiago, gainera, hainbat idazketa-sistemarekin, literatur tradiziorekin, eskolaratzeko eredurekin, komunikabide-iturrirekin eta maileguekin dituzten loturengatik. Hori dela eta, inuiteraren edozein azterketa arazotsu samarra da. Artikulu honetan, inuiteraren dialektoaren espektroa zatitzean, gogoeta linguistiko, soziolinguistiko eta politikoak sintetizatzen saiatzen diren etiketak erabili dira: eskema hori ez da inuitek berek berez edo ezinbestean erabiltzen duten bakarra, baina haren ataletan, herri literaturan eta teknikoan gehien ikusten diren usadioak islatzen saiatu gara.

Jarraian zerrendatutako lurraldeez gain, groenlandierazko 7.000 hiztun inguru bizi dira Danimarkan, eta 2001eko erroldaren arabera, inuktitutera lehen hizkuntza duten 200 hiztun inguru Kanadako zenbait lekutan bizi dira, inuiten jatorrizko lurretatik kanpo.[6]

Alaskako 13.000 inguru iñupiatetatik, 3.000 bat baino ez dira iñupiaqez hitz egiteko gai: gainera, gehienak 40 urtetik gorakoak dira. Hiru dialekto bereiz dituzte, elkarren arteko ulergarritasun zailekoak direnak:[7]

  • Qawiaraqa Seward penintsulako hegoaldean eta Norton itsasartearen inguruan hitz egiten da. Lehen, Chukotkan hitz egiten zen, bereziki Diomedes Handia uhartean, baina badirudi errusiarren eremuetan galdu egin zela, yupikerazko, txuktxerazko eta errusierazko hiztunen komunitateetara asimilaturik. Fonologian erabat desberdina da, beste inuit hizkuntza aldaerekin alderatuta.
  • Inupiatuna (Ipar isurialdeko iñupiaqa) Alaskako Ipar isurialdean eta Kotzebue itsasartearen inguruan hitz egiten da.
  • Malimiutuna edo malimiut Inupiatuna, Kotzebue itsasarteko eremuko eta Alaskako ipar-mendebaldeko aldaerak direnak.[7]

Hizkuntza inuitak ofizialak dira Ipar-mendebaldeko lurraldeetan eta Nunavuten (azken horretan, nagusia ere bai); babes ofizial handia dute Nunaviken, Quebeceko zati erdi-autonomoan; eta Labradorreko zenbait lekutan hitz egiten dira oraindik. Oro har, kanadarrek inuktitut esaten diete Kanadan hitz egiten diren dialekto guztiei, baina inuvialuktun, inuinnaqtun eta inuttut terminoek (nunatsiavummiutut, labradorimiutut edo inuktitut ere esaten zaie) inoiz erabiliak dira eremu zehatzetako aldaerak aipatzean.

Mendebaldeko Kanadako inuitera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • inuvialuktuna (mendebaldetik ekialdera [oharra: hurrengo hizkuntz izenon bukaeretako -a guztiak euskarazko singularrezko mugatzaileak dira]):
    • uummarmiutuna (kanadar iñupiaqa),
    • siglituna (sallirmiutuna),
    • inuinnaqtuna,
    • natsilingmiututa,
    • aivallirmiututa (kivalliqa),
    • aivilingmiututa (ailivika), eta
    • iglulingmiuta (qikiqtaaluk uannanganiia).

Ekialdeko Kanadako inuitera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Groenlandian, inuiterazko hiztunak 50.000 inguru dira, eta horietatik % 90ek baino gehiagok mendebaldeko dialektoez hitz egiten dute etxean.

  • Kalaallisuta, "groenlandiera" euskaraz, Groenlandiako dialekto estandarra eta hizkuntza ofiziala da: eskolak ezarri zirenetik, groenlandiar guztiei irakatsi zaie, haien jatorrizko dialektoa edozein izanik ere. Groenlandiako mendebaldeko hizkuntza islatzen du ia soilik, eta hiztegi ugari mailegatu dio danierari (Kanadako eta Alaskako hizkuntza inuitek, aldiz, ingelesetik, frantsesetik edo errusieratik mailegatzeko joera agertu dute). Latinezko idazkera erabiliz idazten da. Groenlandiako ipar-mendebaldeko Upernavik eremuko dialektoa eta dialekto estandarra zertxobait ezberdinak dira fonologian.
  • Tunumiit oraasiata, tunumiit dialektoa (edo tunumiisut, groenlandieraz; beste hizkuntzetan, ekialdeko groenlandiera esaten zaio maiz), uharteko ekialdeko dialektoa da. Beste hizkuntza inuitenaldaerekin parekatuta, oso ezberdina da eta gutxi gorabehera 3.000 hiztun ditu Ethnologueren arabera.[8]
  • Inuktuna (groenlandieraz, avanersuarmiutut) Groenlandiako iparraldeko Qaanaaqen inguruko dialektoa da. Batzuetan Thule dialektoa edo iparraldeko groenlandiera deritzo. Eremu hori inuiten finkaleku iparraldetarrena da eta hiztun kopuru nahiko txikia du. Iparraldeko Baffingo dialektotik nahiko gertu zegoela esaten da, Baffin uharteko inuit migratzaile talde bat bertan finkatu baitzen XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran. Mila hiztun baino gutxiago ditu, Ethnologueren arabera.[8]

Groenlandierari laguntza handia eman zion misio kristau daniarrak, Danimarkako Estatuko Elizak gidatua Groenlandian. Hainbat hiztegi nagusi paratu ziren, Poul Egedes-en Dictionarium Grönlandico-danico-latinum (1750) hiztegiarekin hasi eta Samuel Kleinschmidt-en (1871) Den grønlandske ordbog ("Groenlandiar hiztegia") izenburukoarekin amaituz: horrek groenlandierazko gramatika modernoaren oinarria osatu duen sistema gramatikal groenlandiar bat zekarren. 1925era arte, eskola publikoetan daniera irakasten ez zela kontuan hartuta, politika horiek ondorio bat izan zuten: groenlandierak beti indar handia izan du —oraindik ere bai— uharte hartan, bai ahozko bai idatzizko hizkuntza gisa.

Fonologia eta fonetika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanadako ekialdeko inuiterazko aldaerek hamabost kontsonante dituzte eta hiru bokal, luzeak edo laburrak izan daitezkeenak (bereizketa fonologikoa da). Salbuespen bakarrak inuiten munduaren muturreko ertzetan daude: Groenlandiako eskualde batzuetan, eta Alaskako mendebaldean.

Kontsonanteak bost artikulazio-puntutan antolatzen dira:

  • biezpainkaria,
  • albeolarra,
  • sabaikaria,
  • belarra, eta
  • gingilaria.

Horrez gain, hiru artikulazio-modu dituzte:

  • geldialdi ahoskabeak,
  • segidako ahoskabeak, eta
  • sudurkariiak, baita bi soinu gehigarri ere —frikari ahoskabeak—.

Alaskako dialektoek badute artikulatzeko beste modu bat, erretroflexua, protoinuiteraz ageri zena, baina Kanadako eta Groenlandiako dialekto guztietan galdua. Natsilingmiutut-ez, /ɟ/ geldialdi sabaikari ahostuna antzinako erretroflexu batetik eratorria da.

Morfologia eta sintaxia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza inuitek, beste eskimo-aleut guztien gisara, sistema morfologiko oso aberatsak dituzte: erroko hitzei hainbat morfema darraizkie (euskarazko -t, -k, -n, -, -gu... dut, duk, dun, du, dugu... aditzetan bezala, kasu), hizkuntza frankotan adierazteko hainbat hitz beharko lituzketenak (Ikus, gainera: Hizkuntza eranskari eta Hizkuntza polisintetiko). Inuiterazko hitz guztiak erro-morfema batekin hasten dira, eta horri beste morfema batzuk eransten zaizkio: ehunka atzizki daude, zenbait dialektotan 700 bat ere. Zorionez, ikastean oso morfologia erregularra agertzen du: arauak inoiz oso korapilatsuak diren arren, ez dute salbuespenik, indoeuropar hizkuntzetan ez bezala (esate baterako, gaztelaniazko tengo, tienes, tiene, tenemos... tuve... tend... edo frantsesezko j'ai, tu as, il a / elle a, nous avons... j'eus... j'aurai... [euskaraz, "dut (ditut)", "duk (dituk)" / "dun (ditun)" / "duzu (dituzu)", "du (ditu)"... "izan nuen (izan nituen)"... "izanen dut (izanen ditut)"...]).

Sistema horrek oso hitz luzeak era ditzake, eta ezaugarri bitxietakoak. Adibidez, Nunavuteko erdialdeko inuktitutez:

Tusaatsiarunnanngittualuujunga

tusaa- -tsiaq- -junnaq- -nngit- -tualuu- -junga

entzun ongi gauza izan ez asko indikatibozko singularrezko lehen pertsona

"Ezin dut oso ongi entzun".

Hitzak eraikitzeko mota hori hizkuntza inuitetan orokorra da eta indoeuroparretatik arras bereizten ditu. Nunavut Hansarden —Kanadako corpus handi batean— hitz guztien % 92 behin bakarrik agertzen dira, ingelesezko corpus antzeko gehienetan ehuneko txiki baten aurrean. Horrek askotxo zailtzen du Zipfen legearen aplikazioa inuiteeraz. Gainera, hizketaren atal baten nozioa neurri batean konplikatua izan daiteke hizkuntza haietan. Guztiz jokatutako aditzak izentzat har daitezke, adibidez, ilisaijuq hitza "ikasten du" aditza (edo esaldia) da, baina "ikasle" izenaren baliokidetzat ere har daiteke. Hori zehaztuta, esanahia hiztun trebe bati bistakoa egiten bide zaio, testuinguruan agertuz gero.

Hizkuntza inuiten morfologia eta sintaxia maila batean aldatuz doaz dialekto batetik bestera: Inuiterazko gramatika artikuluak nagusiki Nunavut erdialdeko dialektoak deskribatzen ditu, baina oinarri-oinarrizkoa, oro har, guztiei aplika dakieke, eta maila batean, yupik hizkuntzei ere bai.

Leku- eta pertsona-izenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leku- zein pertsona-izenak oso prosaikoak izaten dira itzultzeran. Iqaluit, adibidez, iqaluk "Arrain" ("amuarrain artiko", Salvelinus arcticus; "izokin" edo "amuarrain", dialektoaren arabera) izenaren plurala besterik ez da. Igloolik (Iglulik) hitzak "Etxedun leku" esan nahi du, "Hiri" esanahi soilaz interpreta litekeen hitza; inuvik "Jendearen leku" da; Baffin uhartea, Qikiqtaaluk inuktitutez, gutxi gorabehera "Uharte handi" izen-sintagmaz itzultzen da.

Kanadako jatorrizko pertsona-izen hedatuenen artean, honakoak daude: Ujarak ("Haitz"), Nuvuk ("Lurmutur"), Nasak ("Kapela" edo "Txano"), Tupiq edo Tupeq kalaallisutez ("`[Kanpin]Denda"), eta Qajaq ("Kayak"). Inuitek animalien izenak ere erabiltzen dituzte, tradizioz uste baitute horrelakoak erabiliz, animaliaren ezaugarri batzuk hartuko dituztela: kalaallisutezko hiru adibide oso gogoko Nanuq edo Nanoq ("Hartz": gogora bedi Nanook of the North dokumentala), Uqalik edo Ukaleq ("Erbi artiko"), eta Tiriaq edo Teriaq ("Sagu") dira. Beste kasu batzuetan, inuitek hildako pertsonen edo herri-jakintzako ipuinetako pertsonaien izenak hartzen dituzte, beren ustetan haien ezaugarri anatomikoak kontuan hartuta izendatuz: Itigaituk ("Ez du oinik"), Anana edo Anaana ("Ama"), Piujuq ("Eder") eta Tulimak ("Saihets") adibide batzuk dira. Inuitek nahi beste izen izan ditzakete, gurasoek eta komunitateko beste kideek emanda.

Diskoetako zenbakiak eta Deitura proiektua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1920ko hamarkadan, bizimoduaren aldaketek eta tuberkulosia bezalako epidemia larriek Kanadako gobernuari Kanadako Artikoko inuiten jarraipena egiteko interesa piztu zioten. Tradizioz, inuiterazko izenek inuit kulturan muntakoa dena islatzen dute: ingurumena, lurreko eta itsasosko paisaia, familia, animaliak, hegaztiak, izpirituak. Hala ere, izen tradizional horiek zailak egiten zitzaizkien inuitak ez zirenei eta, horrekin batera, inuiterzaren izaera eranslea zela eta, izenek luzeak ziruditen eta hegoaldeko burokratek eta misiolariek ahoskatzeko zailak ziren.

Gauzak horrela, 1940ko hamarkadan, inuitei disko-zenbakiak eman zizkieten, larruzko identifikazio etiketa berezi batean grabatuak, txakur-etiketa baten antzera: beti eraman behar izaten zuten aldean (batzuk hain dira zaharrak eta higatuak, ezen zenbakia leundu egin baitzaie). Zenbakiak letren aurrizki batekin esleitzen ziren, kokapena (E = East, "ekialde"), komunitatea, eta, ondoren, errolda-hartzaileak gizabanakoa ikusten zuen ordena adierazten zuena. Nolabait, elizek eta misiolariek gotortu zuten estatuaren berrizendapen hori, izen tradizionalak eta botererako deiak xamanismoarekin eta paganismoarekin lotuta ikusten baitzituzten.

Jendea izen kristauak hartzera animatu zuten. Beraz, Ann Meekitjuk Hanson emakume gaztea, senideek Lutaaq, Pilitaq, Palluq edo Inusiq bezalako izenekin ezagutzen zutena eta bataioan Annie izen kristaua jaso zuena, sistema horren arabera Annie E7-121 bihurtzekoa zen. Jendeak zenbaki-izenak, familiako kideen zenbakiak eta abar hartu eta eskualdeko kode guztiak ikasi zituen (telefono-eremuko kode bat jakitea bezalakoa, kasu).[9] Inuitak hegoaldean ikasten hasi ziren arte, askok ez zuten jakin zenbakiak izen sistema kristau eta ingelesean ohiko atalak ez zirenik. Ondoren, 1969an, gobernuak Project Surname ("Deitura proiektua") abiarazi zuen, Abe Okpik buru zuena, zenbaki-izenak aitaren deituraren araberako familia-deiturez ordezkatzeko.[10]

Elurraren arlo-semantikoari buruzko hiztegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inuitek elurraz mintzatzeko hitz kopuru izugarri handia dutela dioen uste ezaguna dago. Hori ez da zehatza, eta hizkuntza polisintetikoen izaera gaizki ulertzearen ondorioa da. Izan ere, inuitek elurrari buruzko oinarrizko erro banaka batzuk baino ez dituzte: qanniq- (qanik, zenbait dialektotan), "elurra ari izan" aditz-lokuzioaren moduan gehien erabiltzen dena, eta aput, "elur" substantzia gisa esan nahi duena. Hizketaren atal batzuek oso desberdin funtzionatzen dute inuiteraz, hizkuntza indoeuroparrekin alderatuz gero baino: beraz, definizio horiek nahasgarri samarrak dira.

Hizkuntza inuitek oso hitz luzeak osa ditzakete, hitzei gero eta atzizki deskribatzaile gehiago erantsiz. Atzizki horiek oinarrizko hitzaren ezaugarri sintaktikoak eta semantikoak alda ditzakete, edo kalifikatzaileak gehi dakizkieke, euskaraz izenak kalifikatzeko adjektiboak edo izenlagunak erabiltzen diren modu berean (adibidez, "erortzen ari den elur", "haizeak daraman elur", "lur gaineko elur", "elurra batetik bestera mugitze", eta abar).

Inuiterak elurrari buruzko hitz asko dauzkalako "egiazko kontu" hori hainbestetan aipatu denez, kazetaritzako tipikokeria bihurtu da. Argibide gehiagorako, ikus Elur esateko inuiterazko hitzak artikulua.

Stop seinale elebiduna, inuktitut silabarioan (ᓄᖅᑲᕆᑦ, nuqqarit) eta ingelesez.

Inuitek zenbaketa sistema hogeitarra erabiltzen dute, euskaraz bezala.

Hizkuntza inuitak hain eremu zabalean hedatuta daudenez, nazio eta unitate politiko ezberdinen artean banatuta eta jatorri ezberdineko hainbat europar beren lurraldeetara hainbat garaitan bertaratu zirenez, ez dago inuitera idazteko modu uniformerik.

Gaur egun, hizkuntzak sei idazkera "estandarrok" ditu:

  1. Inuit Cultural Instituteren silabario estandarrak (Kanada)
  2. Inuit Cultural Instituteren latin idazkera estandarra (Kanada)
  3. Nunatsiavut latin idazkera (Kanada)[11]
  4. Inuktut Qaliujaaqpait (Kanada)
  5. Alaskako inupiaq idazkera (AEB)
  6. Groenlandiera

Silabarioek izan ezik, beste guztiek latin idazkeran oinarritutako idazkera darabilten arren, alfabetoak desberdinak dira, diakritikoak, latinezkoak ez diren letrak eta abar dituztelako. Nunavut eta Nunavikeko inuktitut gehiena inuktitut silabarioa izenekoaz idazten da, Kanadako aborigenen silabarioetan oinarrituta. Nunavuteko mendebaldean eta Ipar-mendebaldeko lurraldeetan latinezko idazkeraren alfabetora jotzen da, normalean inuinnaqtun izena duena. Alaskan beste alfabeto latindar bat erabiltzen da: horretan, karakter batzuek diakritikoak erabiltzen dituzte. Nunatsiavutek alemanez mintzo ziren moraviar misiolariekin asmatutako alfabeto bat darabil, kra letra duena (< Kʼ > larria da eta < ĸ >, xehea; euskaraz darabiltzagunak, aldiz, hurrenez hurren < K > eta < k > dira). Groenlandiako latindar alfabetoa jatorriz Nunatsiavuten erabiltzen zenarekin alderatua oso antzekoa zen, baina ortografia eraldatu zen 1973an, ahoskerako aldaketekin bat etor zedin, hizkuntzaren inbentario fonemikoa hobeto islatu nahian.

Kanadako silabarioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Inuktitera idazteko erabiltzen diren silabak (titirausiq nutaaq). Puntudun karaktereek bokal luzeak irudikatzen dituzte: latinezko transkripzioan, bokala bikoizten da.

Inuktituterazko silabarioa, Kanadan erabilia, James Evans misiolariak asmatutako cree silabarioan oinarritzen da eta horrek devanagarin, idazkera brahmian, oinarri du. Kanadako egungo silabarioen forma Kanadako Inuiten kultur institutuak hartu zuen 1970reko hamarkadan.

Forma silabikoan aurkeztu arren, ez da benetako silabarioa, abugida baizik, kontsonante beretik hasten diren silabak grafikoki antzekoak diren letrekin idazten baitira.

Inuktituterazko silabarioetarako behar diren karaktere guztiak eskuragarri daude Unicode karaktere-errepertorioan, Kanadako Silaba Aborigen Bateratuak blokeetan.

Inuktut Qaliujaaqpait

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanadako Inuit Tapiriit Kanatami erakunde nazionalak Inuktut Qaliujaaqpait, inuktituterazko barietate guztietarko ortografia bateratua, hartu zuen 2019ko irailean. Diakritikorik gabeko latindar alfabetoan oinarritzen da.[12][13]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Greenland's statistics» www.stat.gl/.
  2. Census Profile, 2021 Census of Population Profile table. Statistics Canada 2023-02-01.
  3. Indigenous Languages Spoken in the United States (by Language). yourdictionary.com.
  4. MacDougall, Jamie. (December 2000). «Access to justice for deaf persons in Nunavut: Focus on signed languages» Department of Justice, Canada.
  5. We Speak Inuktut. Government of Nunavut.
  6. Inuktitut, Greenlandic: A language of Greenland. Ethnologue: Languages of the World.
  7. 1 2 Alaska Native Languages: Inupiaq. University of Alaska Fairbanks.
  8. 1 2 «Greenlandic» Ethnologue.
  9. Ann Meekitjuk Hanson. What's in a name?. nunavut.com.
  10. Project Surname: Listening to Our Past. Francophone Association of Nunavut.
  11. (Ingelesez) «The Nunatsiavut Writing System» Inuttut Tusâlanga (Pirurvik).
  12. Weber, Bob. (2019-10-06). «Inuit combine nine different scripts for writing Inuktitut into one» The Globe and Mail.
  13. (Ingelesez) «National Inuit org approves new unified writing system» Nunatsiaq News 2019-09-27.

Bibliografia osagarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiztegiak eta lexikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unicodeko euskarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]