Ioannis Kolettis
Ioannis Kolettis (grezieraz: Ἰωάννης Κωλέττης; Syrrako, 1773 edo 1774 – Atenas, 1847ko abuztuaren 31) greziar sendagile, militar eta politikaria izan zen. Greziako lehen ministroa izan zen 1834tik 1835era eta 1844tik hil zen arte.
Kolettis Epiron jaio zen eta jatorriz valakiarra zen. Medikuntza ikasi zuen Pisan eta han ikazkinekin bat egin zuen. Greziara itzuli zenean, Ioaninako paxaren semearen mediku pertsonala izan zen. 1819an Filiki Eteria elkarte sekretuarekin bat egin zuen.
1822an, Epidauroko lehen batzar nazionalean parte hartu zuen, eta Barne eta Gerra ministro izendatu zuten. Bigarren batzar nazionalak 1823an Eubeako suprefeta izendatu zuen eta han Kolettisek operazio militarrak zuzendu zituen Greziako Independentzia Gerran. 1823 eta 1825 artean Greziako gerra zibiletan parte hartu zuen.
Oto Greziakoa erregea 1834an adin nagusitasunera iritsi zenean, Kolettis lehen ministro izendatu zuten. 1835ean Frantziara bidali zuten enbaxadore eta Greziara itzuli zen 1843ko iraileko estatu-kolpearen ondoren. Kolettis batzar konstituziogileko kide izan zen eta 1844an Frantziako alderdia sortu zuen hauteskundeetara joateko. Errusiako alderdiko liderra zen Andreas Metaxasekin aliatu zen koalizio gobernu bat osatzeko eta 1843an Metaxasek dimisioa eman ondoren lehen ministro bezala ordezkatu zuen.
Ideia Handia (Megali Idea) sortu zuen.