Ion I. C. Brătianu
Ion I. C. Brătianu (Ștefănești, 1864ko abuztuaren 20a – Bukarest, 1927ko azaroaren 24a) errumaniar politikaria izan zen. Bost aldiz izan zen Errumaniako lehen ministro.
Boluntario sartu zen armadan, artillerian eta, aldi berean, ingeniaritza ikasi zuen. 1883an Parisen ikasketak zabaldu zituen eta 1889an Errumaniara itzuli zen. Teniente mailara igo zen armadan eta ingeniari lanetan hasi zen Errumaniako trenbideetan.
1895ean Alderdi Nazional Liberalean sartu zen eta diputatu hautatu zuten. Herrilan eta Barne ministroa izan zen. Lehen ministroa izan zen lehen aldiz 1909tik 1910era.
1914an, Alderdi Nazional Liberalak Lehen Mundu Gerrako Aliatuak babestu zituen. 1914tik 1918ra lehen ministro izan zen, baina ez zuen berehala Errumania inongo alderdirekin lerrokatu. 1916ra arte ez zion gerra deklaratu Austria-Hungariari. Erdialdeko Inperioek Bukarest hartu zuten eta gobernua Iașin babestu zen.
Brătianu 1918ko azaroan izendatu zuten berriro lehen ministro. Parisko Bake Biltzarrara joan zen eta Transilvania, Bukovina eta Besarabia anexionatzea lortu zuen. 1919ko irailean dimisioa aurkeztu zuen.
Laugarren gobernuak 1922ko urtarriletik 1926ko martxora arte iraun zuen. 1923ko Konstituzioa onartu zuen eta Nekazarien Alderdi Nazionalak garaitu zuen 1926ko hauteskundeetan. Bere azken agintaldia 1927ko ekainetik hil zen arte igaro zen.
