Iparreko sindrome

Wikipedia, Entziklopedia askea

Iparreko sindromea, Síndrome del norte jatorrian, Hego Euskal Herrian lan egiten duten Espainiako segurtasun indarretako kide batzuek (Espainiako Polizia Nazionala eta Guardia Zibila) pairatzen omen duten sindrome bati emandako izena da, ETAren atentatuak jasateko beldurrak, kideen aurkako atentatuek, etengabeko segurtasun-neurriek eta bazterketa sozialak eragindakoa.

Horren ondorioz, suizidio kasu zenbait izan dira Hego Euskal Herrian espaniar polizia eta guardia zibilen artean. Bereziki 1980ko hamarkadan izan zuen eragina. Aditu zenbaiten ustez, sindromea trauma-ondoko estres sindromearen baitan sailkatu behar diren kasuak dira. 1985ean forenseek lehenengo kasua aztertu zuten. José Antonio Sánchez guardia zibilak transexual bat erahil zuen Bartzelonan. Zigorra txikiagoa izatea lortu zuen "Euskadin bizi izan zituen zortzi hilabetezko egoera psikiko eta emozional kaltegarriaren ondorioz". Forenseen txostenean guardia zibilak Euskadin bizi izan zuen egoeraren ondorioz traumatizatuta geratu zela ziurtatzen zuten.[1]

Espainiako gobernuak ez du inoiz aitortu horrelako sindrome bat dagoenik, bestela zeharka bada ere, ETA bere helburu militarrak lortzen ari zela aitortuko lukeelako. Halaber, aldi berean polizia espainiarrek Hego Euskal Herrian laguntza eta sostengu eskasa zutela aitortuko luke.

Nahiz eta Ertzaintzaren kasuan sindrome hau ia inoiz erabili ez (2008an aipatu zen egunkari batzuetan[2]), 2016an Eusko Jaurlaritzak diru laguntza bat eman zuen sindrome honek Ertzaintzan izan zuen eragina aztertzeko.[3]

Soziedad Alkoholika musika-taldeak sindromeari buruzko kanta bat plazaratu zuen 1993 urtean, Síndrome del norte izenburuarekin Y ese que tanto habla, está totalmente hueco, ya sabéis que el cántaro vacío es el que más suena diskoaren baitan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Medikuntza Artikulu hau medikuntzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.