Edukira joan

Ipuscua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano. -fol. IIIv- (14-18. lerroak).
Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano -fol. IIIv- 934. urtekoa. 16. lerroan bizcahia irakur daiteke, 17. lerroan ipuzcua eta alaua'.

Ipuscua edo Ipuzkoa, Euskal Herriko eskualde administratibo zabal bat izan zen, Nafarroako Erresuman kokatua eta egungo Gipuzkoa lurraldearen ernamuina. Etimologiaz, "iputz" eta "koa" elementuez osatzen da. Lehen aldiz, 1025. urtean agertzen da aipatua era fidagarrian. Gaztelak 1199-1200ean Nafarroako Erresuma inbaditu ondotik, lurralde administrazioa berregituratzen hasi zen. XIV. mendetik, lehengo Ipuzkoa, Aitzorrotz eta Hernani tenentziek Gipuzkoa eratu zuten, egungo lurraldearen nahiko antzekoa.

XII. mendetik XIV. mendera, Ipuzkoa haranetan antolatu tenentzia izatetik hiribilduak nagusitu ziren lurraldea izatera pasa zen, eta Nafarroatik Gaztelaren orbitara, hurrengo mendeetako Probintziaren, Gipuzkoaren ernamuina.

Izenaren lehen agerpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipuzcua toponimoa topa daiteke Donemiliaga Kukulako Becerro Galicanoan, -fol. IIIv-, 934. urtean datatuta:

« {A}lava, cum suis villis ad suas alfoces pertinentibus, id est, de Losa et de Buradon usque Eznate: ferrum. Per omnes villas, inter domus decem, una reia.

De rivo de Galharraga usque in flumen de Deba, id est, tota Bizcahia, et de ipsa Deba usque Sanctum Sebastianum d'Ernanni, id est, tota Ipuzcua, a finibus Alava usque ad ora maris. Quicqu<i>d infra est de unaqu<a>que alfoce: singulos boves.

»

Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano. -fol. IIIv- (14-18. lerroak), (934)[1]

Baina 934. urteko datazio hori faltsutzat jotzen da.

« Faltsifikazio nabarmena, 934ko data argi eta garbi bateraezina baita Tarazonako kristau jabetzarekin (1119ra arte hartu gabea). Romerok 939ko data jarri zion, kontatzen ari zen kristau garaipena Simancas-Alhandigako gudu historikoarekin lotzeko ahaleginean. Asko eztabaidatu da idazketaren datari buruz. Duttonek eta Serranok kodexari berandu gehitzetzat eta XIII. mende hasierako produktutzat hartzen zuten, baina behi-larruaren egituran, Becerroren egituran, erabat integratuta eta letra berarekin kopiatuta egoteak 1195eko data ante quem ematera behartzen gaitu, hau da, Behi-larrua idazteko unea. Ubietok 1143-4 urteetan kokatu zuen bere jatorria, Tarazonaren Nafarroako jabetzari egindako erreferentziagatik, baina data horrek post quem muga gisa balio behar du. Gaur egun, bai Cortazarrek bai guk XII. mendearen amaierako idazketa-data posible bat erabiltzen dugu, cf. Peterson, “Reescribiendo el pasado”, 662. or. eta hurrengoak. »

—EHU - Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano - Edizio kritrikoa.[2]

Aurreko datazioa faltsutzat jotzen denez, Ipuscua izena 1025. urtean agertu zen lehen aldiz San Juan de la Peña monasterioko dokumentu batean, Antso III.a Nagusiaren erregealdian. Bertan, monasterioari ematen zaio dohaintzan Olazabalgo monasterio edo eliza.[3] 1048. urtean, Galga andrearen lokatiboan agertzen da («Ipuçcha»). Agiri berean, haren alaba Blaskitak, Antso Fortunoitz Deioko jaunarekin ezkonduak, beste dohaintza bat egin zion San Juan de la Peñari. 1049. urtean, beste agiri batean, adierazten da Galga andrea «ex regione Ippuzka» dela.[3] Ipuzkoa —grafia zaharra gaurkotuz— izen horrekin agertzen jarraitu zuen, hasierako "g-" letrarik gabe, XIII eta XIV. mendera arte.

Mendikute mendiko aztarnak, garai bateko nafar gazteluaren hondar
Garai bateko Getaria, Ipuzkoaren portu nagusia

Lurraldea, ezaugarri administratiboak eta zuzenbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipuzkoa nafar administrazio sistemako tenentzia bat zen, tenenteek kudeatua (seniores). Aralartik Zarautzeraino hedatzen zen, Itziarko bailara, Urolaren arroa eta Oriaren arroa tartean.[3] Bizkaia Deba ibairaino heltzen zen, Mutriku ere tartean, jada XIII. mendearen hasieran Ipuzkoa barnean agertzen bada ere. Getaria zuen tenentzia buru. Juridikoki, lur irekian (edo zabalean) kokatzen zen. Alegia, ohitura eta usantza onek (agirietan, «buenos usos y costumbres» deitu ohi zena) arautzen zuten herritarren bizikidetza.

XII. mendearen erdialdean, itsas nabigazioa eta merkataritza nabarmen sendotu ziren Arku Atlantikoaren kabotajeko itsasketaren bidez, eta Ipuzkoako kostaldearen eskualdeak jendeztatzen hasi ziren. Herriak sortu eta garatu ziren.

1199-1200eko Nafarroako Erresumaren inbasioak ordu arteko administrazio sistema aldatu zuen. XIII. mendetik, Ipuzkoa lurra edo lurraldea dela aipatzen da (tierra, erdal agirietan agertzen den bezala), eta luze gabe merio bat agertzen da Gipuzkoaren buruzagi politikotzat. Bada, Gipuzkoa merindade gisa agertzen da aipatua, eta ez zen jada tenentzia bat, Nafarroako administrazioaren erreforman egiten eta Gaztelako sisteman erabiltzen ari zen bezala.

Gipuzkoako Ermandadea eratu zuten hiribilduek (1397) zigilu bat sortu eta erabili zuten XV. mende erdialdetik, gerora armarri bilakatua. Armarrian, antolamendu berria eratu zuten hiru zuhaitzetako bat bide da Ipuzkoa, jatorrizko Aitzorrotz eta Hernani tenentziekin batera.

Tenenteak eta jaunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
San Andres Astigarribiakoa, Mutrikun, mendetan ibi estrategikoa eta aztarna zaharren lekuko
Elkano auzategiko ermitaren atzealdea, Zarauztik hurbil
Ausa Gaztelu eta Goierri Txindoki mendiaren hegaletik ikusia

Lehen nafar tenente (senior) ezaguna Gartzia Azearitz izan zen: «et sub ipso Senior Garsia Acenariz de Ipuscua», kargu horretan 1064 arte jarraitu zuena. Ez zen Ipuzkoakoa, baina bertako andre garrantzitsu bat zuen emazte: Gaila Ipuzkoakoa. Gailak Blaskita izan zuen alaba, lurraldeko beste andre garrantzitsua izan zena (1049an aipatua).[3] Bigarren tenentea Orbita Azearitz izan bide zen, 1054tik 1072 arte aipatua nafar dokumentazioan. Beharbada 1076 arte iraun zuen ardura horretan.[3]

1076an, ordea, Antso IV.a Gartzeitz nafar erregearen magnizidioa gertatu zen, eta Iruñeko Erresuma independentea desegin. Orduan, Gaztelaren mendeko jarriz, Lope Enekoitzek eskuratu zuen 1091. urte arte Ipuzkoaren gaineko agintea, baita Arabakoa eta Bizkaikoa ere, konde tituluaz. Leinu bereko Didako Lopitz Harokoak hartu zion errelebua Gaztelaren hegemoniaren aldian.[3]

XII. mendea Nafarroaren alde hasi zen, Alfontso I.a Borrokalaria erregearen eskutik. Antso III.a Nagusiaz geroko epean Iruñeko Erresumak galdutako mendebaldeko lurraldeak berreskuratzeari ekin zion. Lopiztarren leinuko Didako kargugabetua izan zen eta, haren trukean, Ladron Enekoitz hasi zen tenente lanetan, azeariztarren leinukoa. Alfontso erregea hiltzeko unean, Araba, Bizkai eta Ipuzkoako tenentea zen. 1134an, Ladron Iruñeko Erresuma berrezartzearen alde egin zuen. Beila Ladron izan zuen ondorengo karguan, 1174 arte.[3] Tenentziako Beila leinuaren hegemonia hori 1199-1200eko Gaztelaren inbasioan bukatu zen.

Gaztelaren Ipuzkoako kanpaina militarra (1199-1200)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztelak anbizio argiak zituen Nafarroaren kostaldearen gainean. Antso VII.a erregea Almohadeen Inperioan zela, 1199an, Alfontso VIII.a errege gaztelarrak kanpaina militar bati ekin zion Nafarroa mendebaldeko lurraldeetan, Didako II.a Lopitz Harokoa lagun hartuz.

Orduko dokumentuak gutxi dira egungo Gipuzkoako gertaerei buruz, eta nahiko anbiguoak, bereziki De rebus Hispaniae kronika ia garaikidea (1243), Gaztelako erregeak Ximenitz Arradakoa Toledoko artzapezpikuari idazteko agindua. Beste agiri batzuek eta arkeologiak, berriz, aditzera ematen dute Alfontso VIII.a indarkeriaz jokatu zuela, baina baita bertako jaun batzuen laguntza izan zuela ere.

Ipuzkoa okupatu ondotik, gaztelar erregeek hiri gutunak emateari ekin zioten: lehenik, Donostiako nafar forua (Hernani tenentzian) kostaldeko beste hainbat herriri aitortuz (Ipuzkoan, Mutriku, Getaria) eta, bigarrenik, 1256. urtean eta hurrengo urteetan, Oriako lerroa hiribildu burgesez gotortuz (Segura, Tolosa). Pixka bat geroago, Oria ibaiaren lerroan ere bai, Ordiziari hiri gutuna eman zitzaion ("Villafranca" izenaz).

Lehen gaztelar foruak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agiriz espresuki egiaztatuta dago gaztelar erregeen Ipuzkoako hiri gutunak aurreko nafar foru baten berrespena zirela. Hor, lehendabizi, Donostiako forua da erreferentziazkoa, itsas forua. Herri hauexei hedatu zitzaien Donostiako forua jada gaztelar erregeen pean: Hondarribia (1203-4-18), Getaria (1209-9-1), Mutriku (1209-9-1), lehen fase batean.[4]

Getariaren kasu zehatzean, 1209ko irailean, Alfontso VIII.a gaztelar erregeak, Ipuzkoan zebilela, Donostiaren forua, Nafarroako Antso VI.ak emana, berretsi zion Getariari, latinez:

« Dono itaque vobis et concedo forum Sancti Sabastiani, ut illud perpetuo habeatis in montibus, pascuis, aquis et in omnibus causis, eo modo quo rex Navarre illud dedit vobis habendum. »

—Alfontso VIII.aren Getariako foru berrespena[5]

Esteban Garibai kronikariak, XVI. mendean, berariaz aipatzen du Getaria existitzen zela Alfontso VIII.aren 1209ko foru berrespena baino lehenago, eta nafar forua zuela, aipatu bezala, Donostiarena:

« En esta fazon, hallandose el Rey Don Alónso en Guipuzcoa, y queriendo en sus marinas augmentar algunas poblaciones, dió a los pobladores de la villa de Guetaria su carta de privilegio en lengua Latina, fecho en la villa de Sát Sebastian en primero de Sétiembre de la Era de mil dozientos y cuarenta, y cuaréta y siete, que es el mesmo dia y mes d'el dicho año del nascimiento de mil y dozientos y nueve, para que ellos y sus sucessores gozassen perpetuamente d'el fuero de S.Sebastian en los mótes, pastos, y en todas las causas, de la manera q gozar solian en tiempos de los Reyes de Navarra, y dize la subscripcion y confirmacion. Yo el Rey Don Alonso reynando en Castilla y Toledo, y es notario Don Domingo abad de Valladolid, y canciller Dó Diego Garcia. Esta villa, cuya iglesia mayor es de la advocacion de sant Salvador, estava de antes fundada como de las razones d'el mesmo privilegio consta (...) »

Compendio Historial d'España, XII, 734. or., Esteban Garibai

Kostaldetik barnealdera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Enirioko nafar galtzada zaharra, Aralar magalean
Lizarrate, Arabatik Oria haranera eta kostaldera igarotzeko puntu estrategikoa

Hondarribia, Getaria eta Mutrikuren ondotik, Ipuzkoa osoko kostaldean, Donostiako forua hedatzen jarraitu zen: Zarautz (1237-9-28), Villanueva de Oyarzun edo Errenteria (1320-4-5), Hernani hiribildua (1320 baino lehen), Villagrana de Zumaya (Zumaia, 1347-7-4), Belmonte de Usurbil (Usurbil, 1371-9-11) eta Villareal de San Nicolas de Orio (Orio, 1379-7-12).[4] Hala Usurbil nola Oiartzun ez dira kostaldekoak, baina garai batean Donostiako foruak hartzen zuen hedaduran kokatzen dira. Kostaldean bada Donostiako forua eskuratu ez zuen salbuespen bat: Monreal de Deva (Deba). Izan ere, 1343-6-17an, Gaztelako Alfontso XI.ak Gasteizko forua hedatu zion, baina herrigunea ez zen egungo Deba bera, baizik eta Itziar, mendialdean, eta bertako herritarrek gehiago identifikatzen zuten beren jarduera Gasteizko foruarekin, Donostiakoarekin baino.[4]

Hernani hiribilduaren hiri gutuna galduta zegoen 1491rako, Tolosan bildu Gipuzkoako Batzar Nagusietan adierazten zen «antzina erre zela herrian zegoen paperen artxiboa». Nafar dokumentazioan, jada 1332an, Hernani harresiz inguratu hiribildu gisa agertzen da eta, segur aski, jada XIII. mendearen erdialdean existitzen zen; segurua dirudi Donostiako forua zuela. Izan ere, Gaztelako Alfontso X.ak 1256tik 1268ra agindu hiri gutunen politikaren bidez, bermatu nahi izan zuen Arabatik kostaldera, Donostiara heltzea. Horretarako diseinatu ziren ibiltarteek egun bateko iraunaldia zuten eta, haien artean, hiri gotortuak bide zeuden: Segura, Ordizia, Tolosa eta, Maria Rosa Aierbe Iribar ikertzailearen arabera, Hernani, bestela hutsune nabarmena izango baitzen tarte horretan Donostiaraino.[4]

Hiribildu burges berri horietan, ordutik, gaztelar erregeek zuten aginpidea. Era horretan, muga berri bat eratzen hasi zen Nafarroarekin Gaskoinia eta kostalderako errepidean. Errege hiribildu horiek merkatu egunen esklusibitatea eskuratzen zuten. Era horretan, errege jurisdikzioa zuten gotorlekuak eta babesguneak sortzen ziren, Oriako errepidea kostalderaino egiteko. Bada, muga horretan, Oria ibaiaren lerroan, lapurretak eta arpilatzeak ugaldu ziren. Lapur eta gaizkile horien artean Lazkano leinuak protagonismo berezia hartu zuen, Gaztelara lerratua.

Haranen antolamendutik hiribilduen hegemoniara

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1180tik 1383ra doan aldian, hogeita bost hiribilduk jaso zuten Jaka-Lizarra-Donostiako eta Gasteiz-Logroñoko hiri gutuna.[4] Oriako muga artifizialaren sorrerak tentsioak ekarri zituen eta, XIV. mende hasieratik, ermandadeak eratu ziren, hiribilduek eta herritarrek osatuak, elkarren babeserako. Ermandadeak aldi baterako eratzen ziren eta, beren eginkizuna betetakoan, desegiten ziren. Mugako Ermandadea zen horietako bat, une desberdinetan birsortua. 1397an, hainbat hiribilduk Gipuzkoako Ermandadea eratu zuten, probintzia eratzeko lehen urratsa, Batzar Nagusiak ordezkaritza organo zituela.

Gaztelako erregeek Ipuzkoan berretsi eta hedaturiko hiri gutunak (XIII. mendea)[6]
Asteasu 1201 Getaria 1204 (1209) Mutriku 1209
Zarautz 1237 Tolosa 1256 Segura 1256
Ordizia ("Villafranca") 1268

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano. (edizio digitala eta kritikoa)» www.ehu.eus (kontsulta data: 2025-03-29).
  2. «Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano. (edizio digitala eta kritikoa)» www.ehu.eus (kontsulta data: 2025-03-29).
  3. 1 2 3 4 5 6 7 «4 El fuero de San Sebastián» www.ingeba.org (kontsulta data: 2025-03-31).
  4. 1 2 3 4 5 «7 Serie Humboldt | 251 - 330 | Donostiako foruari buruzko oharrak: foruaren hedapena, indarraldia eta modernotasuna, eta foru-testuen azterketa | Iura Vasconiae» www.iuravasconiae.eus (kontsulta data: 2025-12-31).
  5. Martínez Díez, Gonzalo; González Díez, Emiliano; Martínez Llorente, Felix J.. (1991). Colección de documentos medievales de las villas guipuzcoanas (1200-1369). Juntas Generales de Gipuzkoa / Gipuzkoako Batzarre Nagusiak, Diputación Foral de Álava / Gipuzkoako Foru Aldundia, 21. or. ISBN 84-7907-068-4..
  6. Urzainqui, T. Olaizola, J.M. 1998, 229-250. or.
  • Urzainqui, Tomas; Olaizola, Juan M. (1998). La Navarra marítima. Pamplona: Pamiela ISBN 84-7861-284-1..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]