Euskaraz egindako filmen artean, zineman mugarri bihurtu zen. Euskaraz orain arteko ikusiena da, 155.000 ikusle baino gehiagorekin.[3] Lehenago, postu hori Handia filmak izan zuen.
Oharra:Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
VIII. mendean, Karlomagnoren armada Pirinioak sarraskitzen ari da, eta, hari aurre egiteko, ibarjaunak laguntza eske jo du bertako jainko zaharrengana, horiek desagertzeko zorian baitaude kristautasunaren eraginez. Odolezko itun baten bitartez, ibarjauna baskoipaganoak etsaia garaitzen du, trukean bizia emanda, baina lehenago, Eneko semeari hitzemanarazten dio ibarjaun zuzena izango dela. Handik urte batzuetara, Eneko, jada heldua eta kristau fedean hezia, umetan egindako promesa betetzera doa; baina, orduan, aitaren gorpua, frankoei hartutako altxorrarekin batera lurperatu zutena, modu ulertezinean desagertu da. Horrek zalantzan jarri du haien leinua.
Enekok berreskuratu egin behar ditu, bere patua betetzeko, eta horretarako, ezinbestekoa du ibarreko gazte baten laguntza, Irati izeneko pagano batena. Haitzulo baten barrenean dagoen Karlomagnoren altxorra lortzeko asmoa dute. Bertakoen arabera, jainkosa boteretsu bat bizi da han: Mari. Eneko noble gaztea Pirinioetako baso horietan murgildu da, aitaren gorpuaren bila eta Iratiren laguntzarekin mundu mitologiko ilun bat ezagutuko du.[4]
2023: Goya sarietan bost izendapen: 1) gidoi egokiturik onena, 2) ikusizko efekturik hoberenak (Jon Serrano eta David Heras), 3) jantzi diseinu onena (Nerea Torrijos). 4) kanturik hoberena (Aranzazu Calleja, Maite Arroitajauregi eta Paul Urkijo), eta 5) Jatorrizko musika hoberena (Aranzazu Callejak eta Maite Arroitajauregi).[10][11]
Filmaren atal garrantzitsuenetako bat borroka eszenak dira: Urkijori aunitz gustatzen zaizkio. «Borroketan estruktura narratiboek egon behar dute», nabarmendu du. Eneko Sagardoik adierazi du irudi horiek filmatzeko hamar kilo gizendu behar izan zuela, baita zaldi gainean ibiltzen ikasi behar ere [12].
Urkijok adierazi zuenez, «zaila» izan da finantzen arloa, batez ere, istorioa «euskaraz eta genero minoritarioan» dagoelako. «Ekoizleak konbentzitu behar izan ditut gaztelu hau eraikitzeko», adierazi zuen Urkijok.
Euskararen zabalkundeari egindako ekarpena historikoa izan zen, Filmax banaketa enpresa katalanaren eskutik: nazioarte mailan banatutako 112 kopien erdia baino gehiago jatorrizko bertsioan eman zituzten. Hortaz, euskara Malaga, Oviedo, Leon, Salamanca, Valladolid, Bartzelona, Madril, Valentzia, Lugo, Las Palmas eta Logroño bezalako hirietako pantaila handietara iritsi zen[14].
Irati filmik ikusiena izan zen Euskadin bere lehen asteburuan, eta bigarren estreinaldirik onena Espainian, zazpigarren tokian sartuta. Filma 112 kopiarekin estreinatu zen, horietako 30 Euskadin. Bigarren asteburuan, halaber, Euskal Herriko filmik ikusiena izan zen eta guztira 82.000 ikusle baino gehiago izan zituen estreinatu osteko lehen hamar egunetan [15].
Hirugarren asterako berriro ere Euskal Herriko filmik ikusiena izateaz gainera, euskarazko zineman mugarria lortu zuen diru-bilketan. Zinemetan prezioak igo zirela eta, hirugarren asterako 737.000 eurorekin, 2017ko Handia filmari lehenengo postua kendu zion lortutako diru kopuruan.[16][17]