Iraulki-kamioi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Thwaites iraulki kamioia

Iraulki-kamioia (ingeleseko dumper ere baderitzona) eraikuntzan material arinak garraiatzeko erabiltzen den ibilgailua da. Materialak deskargatzeko iraulki bat du aurrealdean, eta deskarga grabitatez edo baliabide hidraulikoen bidez egin dezake. Lau gurpil eta bi ardatzeko ibilgailua da, aurreko ardatza trakziokoa eta atzekoa direkzionala direlarik. Iraulki-kamioiaren eta dumper truck kamioiaren arteko desberdintasun nagusia konfigurazioan datza: iraulki-kamioiak aurrealdean kokatua du iraulkia, eta dumper truck kamioiak, aldiz, gidariaren kabinaren atzealdean.

Gidariaren eserlekua iraulkiaren atzealdean kokatuta dagoenez, atzeko gurpilen gainean, beharrezkoa da materialak egoki pilatzea gidatzerakoan hobeto ikusi ahal izateko. Iraulkiaren ahalmena 0,5 - 1,5 m3 (1-3T) artekoa izaten da normalean[1].  

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kamioia biradera batez abiarazten da normalean (nahiz eta azkenaldian gero eta motor elektriko gehiago erabili) eta barne-errekuntzako motorraren potentzia 10 eta 30 ZP artekoa izan ohi da (7,36 eta 22,1 kW artekoa), karga-gaitasunaren arabera. Lau abiadura dauzka, noranzko bakoitzeko bi, eta martxa-inbertsore baten bitartez aldatzen da batetik bestera. Hala ere, debekatua dago orduko 20 km-ko abiadura gainditzea, obra-eremuan zein eremutik kanpo (material-bilketan). Abiarazte-biraderaren ondoan, atoiak loturik eramatea ahalbidetzen duen kako bat dago.

Espainiako Zirkulazio Arautegiak behartzen duenez, argiak eta bestelako gailuak ere badauzka, eta, hortaz, kamioiaren erabilera obra-eremura bakarrik mugatuta dago. Hala, iraulki-kamioia errepideetan, autobideetan edo autobietan garraiatzeko, beharrezkoa da kamioi edo garabia bat erabiltzea, garraioa modu seguruan egitea ahalbidetzen duen tamainakoa. Gainera, obran iraulki-kamioia erabiltzeko, beharrezkoa da B motako gidabaimena izatea, baita era seguruagoan gidatzeko beste elementu batzuk ere.


Arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iraulki-kamioia erabiltzea debekaturik dago % 20ko malda baino gehiago duten lursail heze eta % 30eko malda baino gehiago duten lursail lehorretan. Gainera, kamioia kargaturik doanean aldapak atzera-martxan igotzea gomendatzen da, karga-galera, iraulketa eta egonkortasun-galera ekiditeko. Horrelako maniobrak egiteko, inguruan egon daitezkeen langileei makinak atzera-martxako lanak egiten ari direla ohartarazteko soinua egiten duen gailu bat eduki behar dute. Aldapa batean aparkatzen bada, motorra itzali, esku-frenoari eragin eta altxagarri bat ipini beharko zaio. Aldapek euren muturreraino 70 zentimetro libre izan beharko dituzte. Iraulki-kamioiak debekatua izango du autobide eta autobietatik zirkulatzea, eta hirian zirkulatzerakoan segurtasun-uhala erabiltzea beharrezkoa izango da.

Thwaites iraulki kamioia materiala deskargatzen

Langileek egin beharreko zeregin jakinentzat garraiatze-gailu berezi bat izan ezean, pertsonak garraiatzea debekaturik dago.

Elementu osagarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istripuak murrizte aldera, iraulki-kamioiari hainbat osagarri gehitu ahal zaizkio:

  • Segurtasun-uhala eta euste-gailuak izango dituen segurtasun-portikoa. Portikoak deformazioarekiko eta konpresioarekiko daukan erresistentzia gutxienez ibilgailuaren pisua izan beharko da.
  • Gaizki orekatutako ibilgailuetan, kargatuta doanean oreka hobetzeko, desorekatutako eremuan lasta edo kontrapisua jarri beharko da.
  • Motorreko keen hustuketa-sistema gidariaren eskuinaldean egon beharko da, txasisaren azpian.
  • Ikusgarritasuna hobetzeko, gidariarengandik gertuen dagoen aldea altxatuko da.
  • Abiarazte elektrikoa, landatutako loturak, klaxona, atzerako ispiluak, iluminazio-sistemak, etab. ezartzea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Construction Trucks and Dumpers of Today» www.handymoves.co.uk . Noiz kontsultatua: 2018-09-27.