Edukira joan

Irrati-difusio

Wikipedia, Entziklopedia askea

Irrati-difusio publiko orokorrak jasotzen duen audio edo bideo-seinale igorpenari deritzo, uhin elektromagnetikoen bidez ematen dena.[1][2] Irrati-difusioa AM irratiaren agerpenarekin batera zabaldu zen 20ko hamarkada inguruan balbula termoionikozko irrati transmisore eta hargailuen garapenarekin batera. Honen aurretik elektronika bidezko komunikabideak hartzaile baterako pentsatuak zeuden. Irrati-difusioak, berriz, seinalea hainbat hartzailek aldi berean jasotzea ahalbidetu zuen.

Stuttgarteko irrati-difusio antena.

Irrati eta telebista-seinaleak haririk gabe transmititzen direla pentsatu ohi da. Hala ere, azken urteetan bai irrati eta bai telebista-seinaleak hari bidez transmititzeko teknikak agertu dira. Hartzaileei dagokienez, publiko orokorra zein talde txiki bat izan daitezke. Kontua da teknologia eta ekipamendu egokia duen edozeinek seinalea jasotzeko gai izan behar duela. Irrati-difusioaren barruan gobernuak eskaintzen dituen zerbitzu publikoez gain (irrati publikoa, telebista publikoa), telebista eta irrati pribatuak badaude.

Irrati edo telebista igorpen guneetatik uhin elektromagnetikoen bidez transmititzen diren irrati edo telebista programei lurreko irrati-difusio esaten zaie. Hauek transmititu ahal izateko baimena izan behar da. Hari bidezko transmisio teknologiek (kable bidezko telebista, adibidez) ez dute transmititzeko baimenik behar irrati-difusiotzat jotzen diren arren. 2000ko hamarkadatik aurrera streaming bidezko irrati edo telebista transmisioak ere irrati-difusiotzat hartzen dira.

Lehen irrati-difusioa 1830eko hamarkadan Samuel F.B. Morsek eta Joseph Henry eta Alfred Vail fisikariek garatu zuten. Sistema hau telegrafia-seinaleak Morse kodean bidaltzean zetzan. Sistema honen bidez korronte elektrikoko pultsuak bidaltzen ziren kableetatik, eta honela beste muturrean zegoen elektroimana kontrolatzea lortzen zen. Honek Morse kodea bidaltzea ahalbidetzen zuen soilik pultsuak eta pultsuen arteko isiluneak erabiliz.

Audio irrati-difusioaren inguruko esperimentuak XX. mendeko lehen hamarkadan hasi ziren. 1920ko hamarkadan AM irratia etxeetara eramatea lortu zen. Telebista irrati-difusioaren esperimentuak 20ko hamarkadan hasi ziren, eta Bigarren Mundu Gerra ostean hedatu zen UHF eta VHF maiztasun-bandetan. Satelite irrati-difusioa 60ko hamarkadan agertu zen, eta 70eko hamarkadan hasi zen bere erabilpena industria munduan hedatzen. Satelite bidezko telebista 80ko hamarkadan azaldu zen.

Hasierako irrati-difusioetan seinale analogikoak bidaltzen ziren, baina 2000ko hamarkadaz geroztik seinale digitalak bidaltzera pasatu zen.

Irrati-difusio sistemak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar hainbat irrati-difusio sistema izan dira:

  • Telefono bidezko irrati-difusioa (1881-1932): Clément Ader ingeniari frantziarrak sortutako Théâtrophone (“Antzoki telefonoa”) sistemaren agerpenarekin batera hasi zen telefono bidezko irrati-difusioa. Sistema honen bidez opera eta antzerki emankizunak telefonoen bidez jarraitzea lortzen zen.
  • Irrati-komunikazioa (esperimentalki 1906. urtetik aurrera, komertzialki 1920. urtetik aurrera): Transmisoreetatik uhin elektromagnetikoen bidez bidalitako audio-seinaleak antenen bidez jaso eta hartzaileetara bidaltzen dira.
  • Telebista irrati-difusioa (esperimentalki 1925. urtetik aurrera, komertzialki 1930. urtetik aurrera): Irrati-komunikazioaren prestakuntzak hobetzen dira bideo-seinaleak gehituz.
  • Kable bidezko irratia (1928. urtetik aurrera) eta telebista (1932. urtetik aurrera): Bietan kable ardazkideen bidez egiten da transmisioa.
  • Satelite bidezko telebista (1974. urtetik aurrera) eta irratia (1990. urtetik aurrera): Telebista eta irrati tradizionalak eskaintzeaz gain satelite bidez ematen den programazioa ere eskaintzen du.
  • Webcast bidezko audio (1994. urtetik aurrera) eta bideo (1993. urtetik aurrera) transmisioak: Telebista eta irrati tradizionaleko programazioa eskaintzeaz gain internet bidez ematen den programazioa ere eskaintzen du.
    Euskal Irrati Telebista, irrati-difusio publikoaren adibidea.

Eredu ekonomikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Telecinco, irrati-difusio komertzialaren adibidea.

Irrati-difusioan finantziazioa lortzeko hainbat eredu daude:

  • Irrati-difusio komertziala: Irabaziak izateko bideratua. Orokorrean jabetza pribatuko estazio, kanal, sare edo zerbitzuak, publikoari programazio bat eskaintzen diotenak. Irrati-difusio komertzialean iragarleei haien irrati edo telebista programetan iragarkiak jartzeko denbora tarteak saltzen lortzen dute finantziazioa. Batzuetan harpidetza kuota bat ere ordaindu behar da.
  • Irrati-difusio publikoa: Ez dago irabaziak izateko bideratua. Orokorrean jabetza publikoko estazio edo sareak. Hauen finantzazioa hainbat iturritakoa izan daiteke, hala nola zergak, norbanakoen ekarpenak, finantziazio publikoa... Iragarkietatik finantziazioa lortzea ekiditea saiatzen da, irrati-difusio pribatuan gertatzen ez dena.

Zuzeneko emanaldiak eta emanaldi grabatuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irrati-difusioa grabatua edo zuzenekoa izan daiteke. Grabatua baldin bada, honek grabazioan hainbat aldaketa egiteko aukera ematen du: akatsak zuzentzea, interesik gabeko zatiak kentzea, kamera geldoa eta errepikapenak bezalako efektuak jartzea... Hala ere, zuzeneko kirol emanaldietan, adibidez, kamera geldoa eta errepikapenak erabili ohi dira zenbait gertakizun garrantzitsu ongi ikus daitezen.

Grabazioen desabantaila jendeak emanaldian gertatuko dena jakin dezakeela izango litzateke, edozein iturritatik informazio hori jaso duelako, spoiler bat izan daitekeena. Emanaldi batzuen kasuan, zuzenean direla adierazten den arren, “zuzenean grabatuak” direla esan daiteke. Hau da, programa zuzenean grabatu den arren, ez da zuzenean ematen. Hau oso ohikoa da musikariak irratian zuzeneko emanaldi bat egiten dutenean. Hainbat telebista programetan ere teknika hau erabiltzen da.

Inpaktu soziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irrati-difusioak informazioa eta kultura eremu gero eta zabalagoetara zabaltzea ahalbidetu du. Difusiorako teknologia berriek informazioa gero eta azkarrago bidaltzea ahalbidetu dute, eta momentuan jasotzen da informazio hori. Honen ondorioz, eguneroko bizitza erritmoa bizkortu egiten da. Gaur egungo munduan ez dago mugarik komunikaziorako. Munduko bi tokiren artean milaka kilometroko distantzia izateak ez du ekiditen haien arteko komunikazioa, eta horrek mundua txikiagotu egiten du.

John Thomson soziologoak The Media and Modernity liburuan adierazten duen bezala, denboraren eta espazioaren banaketa difusio teknologien agerpenarekin batera gertatu da. Hau da, gertaera baten jakinean egoteko ez da beharrezkoa gertaera hori gertatzen ari den lekuan bertan egotea.[3] Aurreko mendeetan historiako gertakari garrantzitsuenak gertakari haiek bizi izan zituzten pertsonek kontatzen zituzten. Gaur egun, irratiaren eta telebistaren bidez lortzen du jendeak gertakarien jakinean egotea.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Peters, John Durham.. (1999). Speaking into the air : a history of the idea of communication. University of Chicago Press ISBN 0-226-66276-4. PMC 40452957. (Noiz kontsultatua: 2019-11-21).
  2. Douglas, Susan J. (Susan Jeanne), 1950-. (1987). Inventing American broadcasting, 1899-1922. Johns Hopkins University Press ISBN 0-8018-3387-6. PMC 15485739. (Noiz kontsultatua: 2019-11-21).
  3. Thompson, John B. (John Brookshire). (1995). The media and modernity : a social theory of the media. Stanford University Press ISBN 0-8047-2678-7. PMC 34469397. (Noiz kontsultatua: 2019-11-21).
  • Carey, James (1989) Communication as Culture, Routledge, New York and London, pp. 201–30
  • Kahn, Frank J., ed. Documents of American Broadcasting, fourth edition (Prentice-Hall, Inc., 1984).
  • Lichty Lawrence W., and Topping Malachi C., eds. American Broadcasting: A Source Book on the History of Radio and Television (Hastings House, 1975).
  • Meyrowitz, Joshua., Mediating Communication: What Happens? in Downing, J., Mohammadi, A., and Sreberny-Mohammadi, A., (eds) Questioning The Media (Sage, Thousand Oaks, 1995) pp. 39–53
  • Peters, John Durham. "Communication as Dissemination." Communication as...Perspectives on Theory. Thousand Oakes, CA: Sage, 2006. 211–22.
  • Thompson, J., The Media and Modernity, in Mackay, H and O'Sullivan, T (eds) The Me dia Reader: Continuity and Transformation., (Sage, London, 1999) pp. 12–27
  • International bibliography – History of wireless and radio broadcasting

Bibliografia osagarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]