Edukira joan

Irria (aldizkaria)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Irria (aldizkaria)
Motaaldizkari
Fitxa teknikoa
Hizkuntzaeuskara
irrienlagunak.eus…

iRRiA haurrentzako euskarazko aldizkaria da, Irrien Lagunak enpresaren argitaratzen du eta Pirritx, Porrotx eta MariMotots pailazoen mundu sinbolikoaren baitan kokatzen da. 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta gutxi gorabehera hilabetean behin argitaratzen da, urtean guztira 10 ale kaleratzen direlarik (uztailan eta abuztuan ez da publikatzen). "Irrien Lagunak" proiektu komunikatiboaren ardatzetako bat da. Andoainen du egoitza.[1]

Aldizkariaren jatorria eta historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldizkaria 2010ean sortu zen, Irrien Lagunak lan-taldeak haurrentzako euskarazko proiektu komunikatiboetan hutsune bat antzeman zuenean. Bertako zein beste herrietako hainbat aldizkari (Ipurbeltz Euskal Herrian -ordurako jada desagertua- edota Caracola Katalunian) erreferentzia gisa hartuz, 2010. urtean zehar "iRRiA" proiektua definitzen joan zen. Urte bereko azaroan argitaratu zen “0 alea”. Geroztik, hedabideak 100 ale baina gehiago argitaratu ditu.[2][3]

Pirritx, Porrotx eta MariMotots.

Aldizkari ale bakoitza koloretako 44 orriz osaturik dago, 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako edukiarekin. Aldizkariz aldizkari, formatu desberdinetako egitura errepikatzen da: ipuinak, kantak, jolasak, infografiak, yoga, asmakizunak…

Horietan, iRRiAren mundu sinbolikoa eta pertsonaiak hartzen dira ardatz. Pirritx, Porrotx eta Marimotots dira ezagunenak, baina beste hainbat pertsonaia ere agertzen dira; besteak beste, Lagun, Pupu eta Lore, Marikalanbre edota Tiritatxo.

Atal hauen bidez, ale bakoitzak gai nagusi bat jorratzen du. Orotariko gaiak lantzen dira; haurrentzako esanguratsuak izan daitezkeenak alde batetik, baina baita gizartean pil-pilean dauden kontu garrantzitsuak ere.

Aldizkari bakoitzarekin batera, irakurketa gidaliburuxka bat eskaintzen da Txatxilipurdi elkartearen eskutik. Honen helburua aldizkariaren atal bakoitzaren deskripzio labur bat egin eta haren irakurketa- eta aisialdi-esperientzia aberasteko jarraibideak ematea da; haurren eta helduen arteko elkarrizketak sustatzeko baliabide dira, alegia (kontuan hartuz irakurle gehienak haurrak direla eta askok ez dakitela irakurtzen oraindik).

(...) irakurketaz gozatzea ere ikasi egiten den zerbait da. Horregatik, ezinbestekoa da helduek, haurrik txikienei ere, intereseko irakurgaiak eskaini eta irakurri diezazkiegun; eta horretarako jaio zen iRRiA aldizkaria”.[4]

Ildo editoriala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipaturiko gaiak akuilu hartuz, bi dira hedabidearen asmo nagusiak: batetik euskarazko irakurzaletasuna sustatzea, eta bestetik haurrak balio aurrerakoietan heztea, denon artean euskal gizarte eredu berri bat osatzeko. Hedabideak berak bere aldizkarietan zehazten duenez:

iRRiA aldizkaria balio aurrerakoiak sustatzeko tresna da. Euskal gizartearen egungo errealitatetik abiatuta, haurrei eredu berriak eskaintzea da gure helburua”.[4]

Gainera, haurrentzat euskaratik eta euskaraz ekoizten den aldizkari bakarra izanik, haren sustapenaren alde ere egiten du.

Hedabide txikia izanik, aldizkariaren ekoizpen-prozesu gehiena kanpoan egiten da. Garazi Urrosolo arduratzen da horren koordinazioaz (gaien aukeraketaz eta atal guztien errepasoaz), eta Olatz Goikouria diseinuaz. Atal bakoitzeko testu eta marrazkiak, zehazki, kolaboratzaile jakin batzuk egiten dituzte; besteak beste, Uxue Alberdi idazleak, Beñat Gaztelumendi bertsolariak edota Miren Amuriza bertsolari eta idazleak.

Hedabidearen jabea Irrien Lagunak S.L. merkataritza sozietatea da. Enpresa hau Katxiporreta kooperatibaren, Elkarlanean S.L.ren (“Elkar Argitaletxea”) eta Euskarazko Komunikazio Taldea S.A.ren (“Berria Taldea”) baturak osatzen du.

Hekimen (logoa)
Hekimen (logoa)

Horrez gain, iRRiA hainbat koordinakunde talderen parte ere bada; besteak beste, Hekimen euskal hedabideen elkartearen parte.[5]

Bukatzeko, Irrien Lagunak Bizipoza proiektuaren bazkide ere bada. Horregatik, iRRiA aldizkariko “Munduak Guztiontzat Beharko Luke” sekzioan, Bizipoza proiektuaren parte den elkarte bat aurkezten da alero.

Negozio eredua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hedabideak harpidetza sistema bat eskaintzen du iRRiA aldizkaria etxean jaso ahal izateko: urtean 49€ren truke, urteko 10 aleak eskura daitezke. Harpidetza telefonoz, e-postaz zein irrienlagunak.eus webgunean izena emanez egin daiteke. Horrez gain, fisikoki erosteko aukera ere badago; 6,2€ balio du aldizkari bakoitzak.

Webgunean, berriz, ale bakoitzaren zati batzuk baino ez dira publiko egiten, amu gisa. Irakurketa-gida, ordea, doan eskura daiteke webgunean (digitalki soilik; hots, ez da fisikoki eskaintzen).

Aldizkariaren diru-iturri nagusia, hain zuzen, harpidetza sistema da. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren hainbat diru-laguntza ere jasotzen ditu, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) eskutik.

Egiten den publizitate bakarra, azkenik, Irrien Lagunak enpresaren kolaboratzaileei (Hazi Hezi, Berria, Bizipoza…) buruzkoa baino ez da, diru-irabazi asmorik gabe.

Gutxigorabehera 4.500 ale ekoizten dira hilabetero. Horietatik 4.000 harpidetuei bidaltzen zaizkie (irakurleen gehiengoak harpidetza bidez eskatzen baitu aldizkaria), eta gainontzekoak ikuskizunetan jartzen dira salgai. Covid-19aren pandemiak ez du beherakada handia eragin harpidetzetan; bai, ordea, salmentetan, presentzialtasunerako oztopoak izan direla-eta.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Aldizkaria» Irrien Lagunak (Noiz kontsultatua: 2022-07-07).
  2. «Irrien lagunak Klub berria, aurkeztu dute - Lasarte-oria» Txintxarri.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-07).
  3. Berria. «Irrien Lagunak kluba» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-07-07).
  4. a b (Ingelesez) «iRRiA 114 - Asmakizunak by irrien lagunak - Issuu» issuu.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).
  5. «Partaideak» Hekimen (Noiz kontsultatua: 2022-07-07).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]