Irungo gudua (1936)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Espainiako Gerra Zibileko guduari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Irungo gudua».
Irungo gudua
Euskal Herriko fronteaGerra Zibila
Counter-Attack before losing Irún to the Rebels, Irún - Google Art Project.jpg

Matxinatuen eskuetan hiria galdu baino lehenagoko kontraerasoa.
Data 1936ko abuztuaren 19tik irailaren 5era
Lekua Irun  EH
Emaitza Matxinatuen garaipena
Kokapena 43° 20′ 00″ N, 1° 47′ 00″ W / 43.33333333°N,1.78333333°W / 43.33333333; -1.78333333Koordenatuak: 43° 20′ 00″ N, 1° 47′ 00″ W / 43.33333333°N,1.78333333°W / 43.33333333; -1.78333333
Gudulariak
Espainia Matxinatutakoak Espainia Espainiako II. Errepublika
Buruzagiak
Alfonso Beorlegi Antonio Ortega
Manuel Margarida Valdes
Indarrak
+2.000
155 mm-ko piezak
Junkers Ju 52
Panzer I
2.000[1]-3.000[2][3]

Irungo gudua 1936ko Gerra Zibilean Gipuzkoako kanpainako gudu erabakigarri bat izan zen.[4]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uztailaren 18ko altxamendua eta Loiolako kuarteleko gertaera eta gero, Gipuzkoa Errepublikaren alde mantendu zen.[5] Hala ere, hasiera hasieratik Molak zutabeak bidali zituen herrialdea bereganatzeko eta mugarekin zuten komunikazioa gelditzeko. Donostian matxinoek izandako porrota eta gero, konkista arinaren aukera desagertu egin zen eta gudarosteen eskasia (bai gobernuaren aldekoak eta baita Molarenak ere) egoera finkatu zen.[3]

Gobernuaren alde egin zuen iparraldeko zerrenda geografikoki eta politikoki isolaturik zegoen eta bertoko agintari errepublikanoek bere kabuz jokatu zuten.[6] Gainera, ezinezkoa zen errefortzuak izatea, alde batetik matxinada militarra eta bestetik aldi berean izandako iraultza soziala zirela eta.

Gipuzkoako ekialdean 2.000 defendatzaile inguru zeuden: militar errepublikanoak, asturiar meatzariz osaturiko zenbait batailoi eta euskal miliziano anarkista, komunista eta abertzaleak. Hauek arma gutxi zituzten, apenas ez artilleriarik eta bat ere hegazkinik ez. Beste aldean, matxinoak gehiago ziren: 700 legionari eta hainbat miliziano karlista. Errepublikanoek ez bezala, karlistek, gerra baino lehen, entrenamendu militarra izan zuten. Gainera, 155 milimetroko artilleria-piezaz gain, Panzer I alemaniar tanketa batzuk eta Junkers Ju 52 hegazkinak ere zituzten.

Gudua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniar Junkers hegazkinek eta itsasoan zeuden zenbait itsasontzik hiria esetsiari ekin zioten. Abuztuaren 11n, España korazatuak, Almirante Cervera gurutze-ontziak eta Velasco destruktoreak osaturiko ontzidiak gogor bonbardatu zuen. Errepresalia moduan, milizianoek zenbait militar eta eskuindar fusilatu zituzten.

Iruñean, Molak indarrak berrantolatu eta Gipuzkoako kanpaina planifikatu zuen. Beorlegi teniente koronelak Irunerako bidean zegoen erreketez ega guardia zibilez osaturiko zutabea zuzenduko zuen.[7] Abuztuaren 27an altxatutakoek Tolosa eta Pikoketa muinoa hartu zituzten eta jada San Martzialen zeuden.[8]

Hala ere, hiriaren ingurumarian errepublikanoen erresistentzia hain zen bortitza ezen Beorlegiren gudarosteek ezin izan zuten aurrera egin eta gorputzez gorputz borrokatu zuten. Milizianoek arma eta hornidura gutxi zituzten, Frantziak abuztuaren 8an muga itxi eta agintariek diru-erreserba ez zutelako. San Martzial gotorlekuak, asturiar meatzariek eta miliziano anarkistek babestua, artilleria, zenbait egunez hegazkinak eta erasoen aurka eustea lortu zuen baina tirogaia amaitu zenean (irailaren 2an) erori zen. Gotorlekuaren galerak hiriarena suposatu zuen.[1] Panikoak jota, herritar eta milizianoek trumilka ihes egiten zuten Hendaiara.

Irun inguruan, errepublikanoak egoera txarragoan egon arren, tiroketak bortitzak izan ziren. Gogorrenak Nazioarteko zubiaren ondoan izan ziren, errepublikanoentzat muga galtzea erabateko porrota baitzen. Beorlegik iparralderantz eta ekialderantz tiro egitea debekatu zuen, balaren batek nazioarteko gatazka sortuko zuen beldur. Errepublikanoek hiritik alde egin zutenean, miliziano anarkistek hainbat eraikin erre zuten, 'lur erre' izeneko politika jarraituz. Abertzaleek jarrera hau gogor kritikatu zuten eta zenbait batailoi abertzalek hiriko eraikinak babestu zuten. Irailaren 5ean Irun matxinoen eskuetan erori zen[9] eta Molak Iparraldeko frontearen lehendabiziko helburua bete zuen.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriak kalte handiak izan zituen eta matxinoek Irun errepublikanoa 'basakeria'ren propaganda-ikur bihurtu zuten, baita gerrak aurrera egin ahala adibide hori sarritan aipatu ere. Suteak gatazka handia sortu zuen errepublikanoen artean eta, harrezkero, ez zuten Euskal Herrian errepikatu.

Bestetik, bere helburua lortutako Beorlegi koronela mugara bidean zela frankotiratzaile batek hankan zauritu zuen. Zauri larria ez zenez, ez zuen tratamendua eman nahi eta gangrenatu zitzaion. Astebete gutxira hil zen.[2]

Iparraldeko zerrenda errepublikanoa isolatuago bilakatu zen Irun galtzean. Babesik ez zuen Donostia ere, handik gutxira (irailaren 12an) erori zen. Hiriburua galdu ostean, errepublikanoen erresistentzia gogorrak matxinatuak geldotu zituen eta urriaren 12an Molak gelditzeko agindua eman zuen. Ordurako ia Gipuzkoa osoa okupaturik zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Jackson, Gabriel (2012), Spanish Republic and the Civil War, 1931-1939, Princeton University Press, 592. orrialdeak, ISBN 978-140-082-018-4 .
  2. a b   Beevor, Anthony (2006), The Battle for Spain. The Spanish Civil War 1931-1939, Londres: Penguin Books, 117. orrialdea .
  3. a b   Thomas, Hugh (1976), Historia de la Guerra Civil Española, Bartzelona: Círculo de Lectores, ISBN 84-226-0873-1 .
  4.   Aznar, Manuel (1969), Historia Militar de la Guerra de España, Madril: Editora Nacional .
  5.   Barruso, Pedro (1996), Verano y revolución. La guerra civil en Gipuzkoa (julio-septiembre de 1936), Donostia: Haramburu, http://www.gipuzkoa1936.com/verano-e.php .
  6.   Romero, Eladi (2001), Itinerarios de la Guerra Civil española: guía del viajero curioso, Bartzelona: Laertes .
  7.   Preston, Paul (2013), The Spanish Holocaust: Inquisition and Extermination in Twentieth-Century Spain, 430. orrialdea .
  8.   Thomas, Hugh (2001), The Spanish Civil War, Modern Library, 1136. orrialdeak, ISBN 978-037-575-515-6 .
  9.   Usabiaga, Marcelo (2006ko ekaina), «Así fue la Batalla de Irun», Historia 16 (362): 72-85, http://www.asociacionrepublicanairunesa.org/cas/batalla_irun.php .