Isaias Afewerki
| Isaias Afewerki | |||
|---|---|---|---|
(2022) | |||
1993ko maiatzaren 19a - | |||
| Bizitza | |||
| Jaiotza | Asmara, 1946ko otsailaren 2a (80 urte) | ||
| Herrialdea | |||
| Familia | |||
| Ezkontidea(k) | Arsema Mehari | ||
| Hezkuntza | |||
| Heziketa | Addis Abebako Unibertsitatea | ||
| Jarduerak | |||
| Jarduerak | politikaria, lehendakaria eta estatuburua | ||
| Jasotako sariak | |||
| Zerbitzu militarra | |||
| Parte hartutako gatazkak | Eritreako Independentzia Gerra Etiopiako Gerra Zibila Hanish uharteetako gatazka Eritreako gerra zibilak Eritrea eta Etiopia arteko gerra Djibuti eta Eritrea arteko mugako gatazka | ||
| Ideologia eta sinesmenak | |||
| Erlijioa | monofisismoa Eritreako Tewahedo eliza ortodoxoa | ||
| Alderdi politikoa | Demokrazia eta Justiziarako Herri Frontea | ||
Isaias Afewerki edo Afwerki (tigrinyeraz: ኢሳይያስ ኣፈወርቂ; Asmara, Eritrea, 1946ko otsailaren 2a) eritrear gerrillari eta buruzagi politikoa da. Eritreako presidentea 1993ko maiatzaren 24tik.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1966an, 20 urte zituela, lotu zitzaion Afewerki Eritrea Etiopiatik askatzeko borrokari. Addis Abebako Unibertsitatean ikasten hasia zen, baina ikasketak utzi, eta Eritrearen Askapenerako Frontean (EAF) sartu zen. Txinara bidali zuten gero, trebatzera, eta handik itzultzean, eskualde baten ardura eman zioten. 1970ean, zatiketa gertatu zen EAF barruan. Afewerki Eritrearen Askapenerako Herri Frontean (EAHF) kokatu zen, eta guda-unitate baten agintaritza eman zioten.
1977an, EAHFren idazkari nagusiaren ordezko izendatu zuten, eta, hamar urte geroago, idazkari nagusi. 21 urte Etiopiaren aurkako gerrillan aritu ondoren, Afewerki armada garaile baten buru zela sartu zen Asmaran, Eritreako hiriburuan. 1991n behin-behineko gobernu baten buru hautatu zuten; gobernu hark Eritrearen etorkizuna erabakitzeko erreferenduma antolatu behar zuen bi urteko epean. Nahiz eta bera independentzia osoaren aldeko izan, Afewerkik ez zuen erabat baztertu konfederazio bat egitea Etiopiarekin, herri horren mendean baitzen egona Eritrea 1952az gero. 1993ko erreferendumean, Eritreak Etiopiatik bereiztea erabaki zuen, eta Isaias Afewerki izendatu zuten estatu jaioberriaren lehendakari.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.