Isidoro Gaztañaga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Isidoro Gaztañaga
Bizitza
Jaiotza Ibarra1905eko maiatzaren  15a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntza euskara
Heriotza La Quiaca Itzuli1944ko martxoaren  30a (38 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerak boxeolaria
Altuera 185 zentimetro
Isidoro Gaztañaga
Estatistikak
Izen osoa Isidoro Gaztañaga Otegi
Ezizena(k) Ibarrako mailua, Izzy Gaztañaga
Pisua Pisu astuna
Altuera 1,85 m.
Irismena 2,24 m.
Herritartasuna  EH
Jaiotza 1905eko maiatzaren 5a
Ibarra, Gipuzkoa
Heriotza 1944ko martxoaren 30a
La Quiaca, Argentina
Estiloa Ortodoxoa
Historia
Borrokaldiak 102
Garaipenak 64
KOak 58
Porrotak 35
Berdinketak 2

Isidoro Gaztañaga Otegi (1905eko maiatzaren 15a, Ibarra, Euskal Herria - 1944ko martxoaren 30a, La Quiaca, Argentina) gipuzkoar boxeolaria izan zen. Ezizenez Ibarrako mailua eta Izzy Gaztañaga. Nazioartean ospe handia bereganatu zuen, nahiz eta Europa edo Mundu mailan inongo txapelketarik irabazi ez izan.

Biografía[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1926an Paulino Uzkudun euskaldunaren urratsak jarraitu asmoz, Jaime Balerdik kontratatu eta Parisera joan zen. Anastasie gimnasioan boxeo munduan lehenbiziko barneratu zen, Paulino Uzkudun bera eta Ignacio Ara aragoitarra borrokakide izanez. Parisera iritsi eta hiru hilabetera Gisset frantziar boxeolariari irabazi zion.

Ondoren, Isidoro Gaztañaga edo "Izzy", AEBetara joateko deia jaso eta herrialde hartara bertaratu zen. Gaztañaga natuaren indar bat omen zen: indartsua, erresistentzia eta estrategia handikoa eta ring-ean jotzaile gogorra. Gorputzez proportzionala eta lineaz justua zen, nahiz eta boxeolari oso irregularra eta harrigarria izan: onenari irabazi eta sailkapeneko azken boxeolariaren aurka galtzeko gai baitzen.

22 urterekin Argentinako Buenos Aires hiriburura ailegatu zen, bertan Alejandro Trías idolo argentinarra K.O laga zuen borroka baterako kontratatu zutelarik. Argentinan sei hilabetez egon zen, Campolo edota Galusso bezalako maila handiko boxeolarien aurka borrokatuz.

1929an Euskal Herrira itzuli eta ekaina-iraila aldean Luigi Buffi boxeolariaren aurka hirutan borrokatu zen. Abenduan Kubara bidaiatu zuen, bertan hiru hilabetez egon eta Mike McTigue boxeolariaren mailako borrokalarien aurka borrokatu zen, azken horri 1930eko martxoaren 8an KOz irabaziz. Bi hilabete geroago Argentinara iragan eta ekainaren 15an ospatutako borroka batean Ceccarelli boxeolariari KOz irabazi zion. Urte hartako irailean Uruguaira bidaiatu eta Galusso eta Silvaren aurka borrokatu zen.

1931. urteko hasieran Argentinara itzuli eta herrialde hartan urte batez egon zen, Bianchi, Carattoli, Ceccarelli eta Silva bezalako boxeolarien aurka borrokatuz.

1932an AEBtara iritsi eta New York hiriko Manhattan auzoan bizitzen jarri zen. Lehenbiziko unetik boxeorako itxaropen ziurtzat hartua izan zen. Solly King entrenatzailea Isidororengan asko fidatu zen, euskalduna gizon serioa eta metodikoa baitzen, Jack Dempsey boxeolari ospetsuaren gimnasio berara joaten zelarik. AEBko urte t'erdiko egonaldian Gaztañagak 11 borroka garrantzitsu izan zituen, tartean Loughran, Birkie edota Perroni boxeolarien aurka.

1933ko azaroan Europara itzuli eta Belgika, Frantzia, Alemania eta Espainian borrokatu zen, tartean Hower, La Roe eta Bonaglia boxeolarien aurka.

1935eko apirileti urrira Kuban 6 borroka garrantzitsutan borrokatu zen, Young John Herrera kubatar txapeldunari hirugarren round-ean KOz irabazitakoa nabarmentzen delarik.

1936an AEBtara itzuli eta martxoaren 6an Primo Carneraren aurka borrokatu zen, italiar txapeldunak bostgarren round-ean erraztasunez irabazi ziolarik. Isidoro Italian zehar bidaiatu zuen, Lewis, Thomas, eta abarren mailako boxeolarien aurka borrokatuz. New Yoek, Denver, Miami, Tampa, Detroit, Sarasota eta Saint Louis hirietan borrokatu zen. Dena ongi zihoala zirudienean, hainbat arazo sortu zitzaizkion, tartean gaixotasunak, besoa apurketa eta denboran barna gehiegi luzatu zitzaion hprtz-hobien infekzioa, haiek guztiak gainditzea lortu zuelarik.

1938an bere kirol ibilbidearen gainbehera hasi zen. Urtarrilean Kuban Goyito Rico boxeolariari 4. round-ean KOz irabazi zionean. Apirilean AEBtako bere azken borroka izango zenean Roscoe Toles boxeolariaren aurka berragertu zen, 7. round-ean KO teknikoz galduz. Uztailean Kuban Goyito Ricoren aurka borrokatu eta abenduan Jamaikako Kingston hiriburuan Tiger Jack Fox boxeolariaren aurka borrokatu zen, azken honekin lehenbiziko round edo borrokaldian KOz galduz.

1938an Kolonbiara joan eta Jamaica Carnera eta Valdez boxeolarien aurka borrokatu zen, azken honi 2. borrokaldian KOz irabaziz.1939ko irailaren 23an Jamaica Carneraren aurkako borroka Isidoro Gaztañagaren azken aurreko borroka izan zen. Jamaica Carneraren aurka 2. borrokaldian KOz galdu ondoren, Isidoro Gaztañaga bat-batean boxeo mundutik "desagertu" egin zen.

1943ko uztailean Isidoro Boliviako La Paz hirian Arturo Godoy txiletar boxeolari bikain eta pisu astunaren aurka borrokatuz berragertu zen, txiletarrak euskalduna 5. borrokaldian KO teknikoz garaitu zuelarik, honen bestez, hura ibartarraren azken borroka izan zen.

Handik hilabete batzuk beranduago, jada 1944ko martxoaren 29-30aren arteko gauean Argentinako La Quiaca hirian hil zen. Gizon batek, ustez jelosia medio, euskalduna taberna batetik ateratzen ari zela eta aurretik ohartarazi gabe hiru tiroz erail zien. Garai hartako prentsan gertakariak oihartzun handia izan zuen.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]