Israelen Libanoko inbasioa (2024)
| Israelen Libanoko inbasioa | |
|---|---|
| Mota | Inbasio maneuver (en) |
| Honen parte da | Israel eta Libanoren arteko mugako gerra istiluak (2023-2024) eta Libanoren kontrako Israelen bonbardaketak, 2024ko irailaren 23an hasiak |
| Denbora-tarte | 2024ko urriaren 1a - 2024ko azaroaren 27a |
| Kokaleku | hegoaldeko Libano |
| Herrialdea | Libano |
| Parte-hartzaileak | |
Israelen Libanoko inbasioa 2024ko urriaren 1ean hasi zen. Israelgo Defentsa Indarrek (IDF) lurreko erasoaldi militar bati ekin zioten Libano hegoaldean, beren hitzetan «selektibo eta mugatua». Horretara baino lehen, Hezbollahren aurkako gailu elektronikoen sabotajea eta bonbardaketa-kanpaina gogor bati ekin zioten.[1]
Inbasioa Israelen eta Hezbollahren arteko gatazkan izandako gorakada baten parte da. Erasoa Israelen «Iparraldeko Geziak» izeneko operazioaren barruan kokatzen da, Hezbollahren helburuen aurkako kanpaina militarra, eta «Gazako eta beste eremu batzuetako borrokekin batera» garatu behar zen, haien hitzetan.
Israelen lehorreko ofentsibaren hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Libanoko Armadak adierazi zuen Israelgo soldaduak Libanon sartu zirela, baina atzera egin zutela. Israelgo Armadak ere ziurtatu zuen Hezbollahrekin borrokan aritu zirela; baita horietan Israelgo zortzi soldadu hil zirela ere.[2] Israelgo iturriek adierazi zuten lehorreko ofentsiba horretan Israelgo Armadaren 98. dibisioak parte hartu zuela (25.000-50.000 kide).[3] Biharamunean, Israelek erantzun zuen tropa gehiago eramanez Libano hegoaldera.[2] Iranek, bestetik, egun berean, urriaren 1ean, iragarritako mendekua hartu zuen Israelen aurka: 200 misil inguru jaurti zituen Israelera.[2]
Egunak aurrera joan ahala, herrialdearen hegoaldean, Hezbollahko kideek eta Israelgo soldaduek aurrez aurreko borrokan zirauten. Horregatik, Avichay Adraee Israelgo armadako bozeramaileak Libano hegoaldeko 25 herritako biztanleei etxetik joateko agindu zien; besteak beste, Nabatiye hirikoei —120.000 biztanle ditu—. Herritar horiei guztiei Awali ibaia baino iparralderago joateko esan zien, gogoraraziz «debekatuta» zegoela Libano hegoaldera joatea.[4] Urriaren 7an, Israelek areagotu egin zuen bere ofentsiba, inbasioa hasi zuen 98. dibisioari 91. eta 36. dibisioak gehituz. Israel barneko iturriek adierazi zuten areagotze hori bideraturik egon zitekeela Libano hegoaldeko Hezbollahren armak suntsitzera edo etorkizuneko negoziazioetan lurralde okupatua ekintza gauzatutzat aurkezteko, ordena berri batean.[5]
Israelen aire erasoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urriaren 4an, Israelek ordu arteko eraso bortitzena jo zuen Beiruten kontra, baita aireportuaren inguruan, lurrazala eta eraikinak dardaraziz. Hezbollahren hurbileko iturriek adierazi zuten israeldarrek 11 erasoaldi egin zituztela. Bestalde, aire erasoek Beirut eta Siria arteko errepidea moztu zuten, ehun milaka iheslarik erabiltzen ari zirena. Izan ere, 300.000 iheslarik Siriara alde egin zuten hamar eguneko epean. Gainera, Israelen arabera, Mohammad Rashid Sakafi Hezbollahko komunikazio sareen arduraduna hil zuten ostegunean, «zehaztasun handiko» operazioan.[6]
Hezbollahko buruzagien hilketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehorreko ofentsiba hasi baino lehen, irailaren 27an Israelen bonbardaketa astun eta errepikakor batek Nasrallah Hezbollahko buruzagi gorena hil zuen Beirut hegoaldean.[7] Urriaren 8an Benjamin Netanyahuko lehen ministroak adierazi zuenez, Israelgo Armadak Nasrallahren ondorengoa hil egin zuen, "baita haren ondorengoa ere", izenak aipatu gabe, "milaka terrorista hil ditugu". Ondorengo hori Hashem Safieddine zen eta, ustez, Beirut hegoaldeko auzoak bonbardatzean suertatu zen hilik.[8]
Hezbollahk aire erasoz erantzun
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urriaren 6an, Hezbollahk Israel iparraldeari egin zion eraso, aurreko gauean Israelek Beirut hegoaldeko auzoak bortizki bonbardatu ondoren, ordu arteko gogorrena: aire eraso ugari. Jomugen artean ziren gasolindegi bat eta hotel bat, Rafic Hariri Nazioarteko Aireportutik hurbil. Al-Jazeera hedabideko berriemaileak azaldu zuen bonbardaketen intentsitateak aditzera ematen zuela Gazako suntsipena errepikatzen ari zela. Milaka biztanlek Beirut hegoaldetik erdialdera ihes egiten zuten aterpe bila. Libanoko Gobernuak gainezka ikusi zuen bere burua herritarrak aterpetzeko orduan.[9]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://www.berria.eus/mundua/hezbollahk-baieztatu-du-israelek-beren-buruzagi-hassan-nasrallah-hil-duela_2131196_102.html
- ↑ a b c https://www.berria.eus/mundua/iranen-aurkako-mendekua-iragarri-du-netanyahuk-erasotzen-gaituenari-egingo-diogu-eraso_2131418_102.html
- ↑ (Ingelesez) «IDF increases to three division in Lebanon, may increase to significantly more» The Jerusalem Post | JPost.com 2024-10-07 (kontsulta data: 2024-10-11).
- ↑ https://www.berria.eus/mundua/nasrallahk-su-eten-bat-adostu-zuen-libanoren-arabera_2131495_102.html
- ↑ (Ingelesez) «IDF increases to three division in Lebanon, may increase to significantly more» The Jerusalem Post | JPost.com 2024-10-07 (kontsulta data: 2024-10-11).
- ↑ (Ingelesez) «Israel rocks Beirut with huge attack and cuts off main Lebanon-Syria road» Al Jazeera (kontsulta data: 2024-10-04).
- ↑ «Israelek sei eraikin leherrarazi ditu Beiruten, auzo jendetsu batean» Berria 2024-09-27 (kontsulta data: 2024-10-11).
- ↑ «Netanyahu says Israel has 'taken out' Nasrallah's successors» Reuters 2024-10-08.
- ↑ (Ingelesez) Pietromarchi, Alastair Mccready,Zaheena Rasheed,Umut Uras,Alma Milisic,Maziar Motamedi,Virginia. «Updates: Hezbollah rockets hit Haifa after Israel pounds Beirut» Al Jazeera (kontsulta data: 2024-10-07).