Edukira joan

Israelgo bahituen krisia (2023-egun)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Israelgo bahituen krisia
Irudia
Motabahiketa
gerra krimen
atzematea
Honen parte daIsraelen kontrako Hamasen erasoa (2023)
Denbora-tarte2023ko urriaren 7a - 
Data2023ko urria
KokalekuSouthern Levant (en) Itzuli
Israel
HerrialdeaIsrael
Honen ondorioaIsraelgo bahituak
ErantzuleHamas
Multimedia
Kronologia
Sexual assault and torture of Israeli hostage Amit Soussana by Hamas captors (en) Itzuli
Israelgo gatibuen eta palestinar presoen elkartrukea (2023)
Osatuta

Israelgo bahituen krisia 2023-2024ko Israel-Palestina gatazkan luzatu den gerra atal bat izan da. Krisia 2023ko urrian hasi zen, Hamasek eta Gazako beste zenbait erakunde politiko-militarrek lurralde horren inguruko eskualdeetan ofentsiba bati ekin ziotenean, eta 245 pertsona, militar zein zibil, gatibu hartu, baita horiek Gazara eraman ere. Israelgo indar armatuek Gazaren inbasioari ekin zioten.

Orduz gero, Hamas suntsitzea eta bahituak askatzea izan da Israelgo agintarien gerrako goiburua. Bahitzaileek libraturik, hitzarmenen bitartez edo operazio militarretan, gatibuen erdiak aske gelditu dira fase desberdinetan. 2024ko ekainean, 100dik gora gelditzen ziren giltzapeturik kokapen ezezagunetan. Hainbat gatibu hilik suertatu dira, batzuetan Israelgo Armadaren bonbardaketen ondorioz.

Gatibu horien askapen erreklamazioa Israelgo herritarren bilgune bilakatu da, eta pixkanaka kale elkarretaratzeak protesta puntu lehenetsi bihurtu dira Netanyahuren estrategia eta berbera arbuiatzeko, gatibuen senitartekoen partaidetzaz. Manifestazio horietan, gero eta handiagoa izan da tentsioa, Israelgo poliziaren presentzia eta istiluak areagotuz.

2023ko urriaren 7ko erasoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 7ko ordu txikietan, Hamasek eta Gazako beste erakunde politiko-militar batzuek Gaza iparraldeko muga hesiak hautsi eta eskualde mugakideetan sartu ziren armaturik eta kohete jaurtiketaz lagundurik. Eskualde mugakideetan, hainbat kibbutzi egin zioten eraso, baita Tribe of Nova musika jaialdiari ere. Ordu batzuetan, ofentsiban horri Israelgo Armadak erantzun zion lehorretik zein airetik. Milizia palestinarrek atzera egin zuten Gazara, baina hamarka gatitu eraman zituzten. Hamasen urriaren erdialdeko adierazpen baten arabera, erakundeak ia 250 pertsona hartu zituen gatibu.

Jihad Islamikoa ere oldarraldira batu zen —baieztatu zuen 30 lagun zituela bahituta—, «batailaren» parte dela ziurtatuta. Hori ikusirik, Israelgo Armadak gerra egoera deklaratu zuen.[1] Hamaseko Khalid Mexalek eta beste erakunde palestinar batzuek Israelen preso dauden 6.000 preso askatzea ezarri zuen gatibuak askatzeko baldintzatzat.[2] Gaza aldameneko Israelgo hamabi herritako milaka pertsona ebakuatu zituzten, eta militar israeldarrek alimaleko mobilizazioa agindu zuten, 300.000 erreserbista armadarekin bat egitera deituz.

Gatibuen askotariko patuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 25erako, Hamasek gatibu banaka batzuk askatu zituen. Haietako bat, 85 urteko Yocheved Lifxitz, kritiko agertu zen Israelgo Gobernuarekin, eta bahitzaileen tratu ona nabarmendu.[3] Haatik, abenduaren hondarrean, Tel Aviveko Ichilov psikiatria zentroko buruak adierazi zuen azaroan aske geratu Hamasen gatibu asko tratamendu intentsiboan zirela jasandako traumak zirela medio, batzuk "drogatuak" izan eta sexu abusuak jasan omen baitzituzten.[4] Martxoaren 4an, prentsaurrekoan, Pramila Patten NBEren ordezkariak berretsi zuen aske geratu gatibu batzuek gutxienez sexu erasoak eta tortura sexualizatuak pairatu zituztela.[5]

Askapen horretatik bi egunetara, Hamasek jakinarazi zuen bere 50 gatibu israeldar hilik zirela, israeldar bonbardaketen ondorioz.[6] Azaro amaierako pausa humanitarioan, 105 gatibu israeldar aske geratu ziren eta, trukean, Tel Avivek 240 palestinar preso askatu zituen. Hilabete erdi geroago, polemika bizia sortu zen Israelen, estatu horretako armadaren bozeramaileek onartu ondoren abenduaren 17an, ustez erraturik, hiru gatibu israeldar hil zituztela, armarik gabe eta gerritik gora biluzik egon eta bandera zuriak eraman arren, «terroristen amarru bat» zelakoan.[7]

2024ko urtarrilaren 20an, 136 pertsona geratzen ziren Hamasen gatibu.[8] Ekainaren 3an, Israelek iragarri zuen urriaren 7ko lau israeldar gatibu eta mediku ibiltari bat hil egin zirela, eta adierazi ere hasierako Israelgo gatibuetatik heren bat hilik zirela.[9] Hurrengo egunetan, bi eraso handitan, Israelgo Armadak gutxienez bi sarraski eragin zituen Nuseirateko errefuxiatu kanpalekuan, 274 pertsona erailez eta ia 700 zauritu eraginez. Eraso horietako bigarrenean, Tribe of Nova musika jaialdian urriaren 7an bahitu lau gatibu askatu zituen, eta era mediatikoan aurkeztu Israelen. Une horretan, urriaren 7ko Hamasen 116 gatibu gelditzen ziren Gazan, baina horietatik 40 hilik bide zeuden. Hamasek adierazi zuenez, israeldarrek beste hiru bahitu hil zituzten operazio berean.[10][11] Itxura batean, askatutako gatibuak ongi zeuden osasunez.[12]

Abuztuaren hasieran Al Qassam Brigaden bozeramaile Abu Obeidak adierazi zuenez, urriaren 7ko erasoetako gatibu bat ustez tirokaturik hil zen Hamasko zaindarien eskuetan, eta beste bi emakume gatibu zauriturik suertatu ziren Gazako Zerrendako beste istilu batean.[13] Abuztuaren hondarrean, israeldar operazio militar batek Hamasen eskuetan zegoen Israelgo gatibu bat askatu zuen Gaza hegoaldean: 52 urteko gizon bat, beduinoa, eta itxuraz, ongi zegoen osasunez.[14] Irailaren 1ean, berriz, Israelgo sei gatiburen gorpuak berreskuratu zituzten Rafahn.[15] Bahiketaren urteurrenean urriaren 7an, haietatik 101 jarraitzen zuten gatibu.[16]

Gatibuei buruzko erreakzioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamasen gatibuak eta beren senideen mobilizazioak buruhauste iturri bilakatu ziren hasieratik Netanyahuren gobernuarentzat.[17] Urtarrilaren 22an, gatibuen 20 senide Israelgo Parlamentuko batzorde baten saiora sartu ziren, gatibuak berehala askatzeko erreklamatuz eta haserrea agertuz lehen ministroak Hamasekin hitzarmenik josteari uko egitearren.[18] Otsailaren 8an, aske geratu bahituek ezohiko prentsaurreko bat eman zuten, adieraziz ordu arteko Hamas suntsitzeko Israelen dinamika militarraren bidez, ez zela geratuko «bahitu bakar bat ere bizirik».[19]

Ekainaren 24an, Netanyahuren kontrako amorrua biziki areagotu zen Israelgo kaleetan eta gatibuen senitartekoen artean, lehen ministro israeldar hark adierazi zuenean Gazako ofentsiba denboran luzatzeko asmoa zuela, arbuiatuz, gainera, bahituak askatzeko akordio batera heltzeko aukera. Hamar milaka pertsona irten ziren kalera Netanyahuren dimisioa erreklamatzeko. Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak gaitzetsi egin zituen lehen ministroa israeldar haren deklarazioak.[20] Uztailaren 14an, milaka pertsonaren manifestazioak eta istiluak errepikatu ziren Tel Aviven Israelgo gobernuaren kontra; senitartekoek deitoratu eta gogor kritikatu zuten Netanyahuren gatazkako posizioa, gatibuak askatzea zapuzten ari zelakoan, Deifen hilketa ahaleginaren ondoren.

Irailaren 1ean, Israelgo sei gatiburen gorpuak aurkitu zirela eta, are gehiago handitu zen Israelgo barne tentsioa. Gauean bertan, manifestazio jendetsuak egin zituzten herrialdeko hainbat hiritan, milioi erdi lagun atera omen ziren kalera Netanyahuren eta haren politikaren kontra. «Bibik bahituak hiltzen ditu» —Netanyahuren ezizena da hori—, «Zergatik daude oraindik ere Gazan?» eta antzeko leloak erabili zituzten. Komunikatu baten bitartez, Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak, orduan, adierazi zuen Israelgo lehen ministroak huts egin zuela borrokak gelditzeko akordio bat lortzen, eta horren «zuzeneko ondorioa» zela sei bahituen heriotzak.[15] Bahiketen urteurrenean, gatibuen senideak lehen ministroaren etxe aurrean elkarretaratu eta exijitu zioten su eten bat adostu zezala bahitu horiek etxeratzeko.[21]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Israelgo armadak berreskuratu egin ditu Hamasek hartutako eremu gehienak» Berria 2023-10-08 (kontsulta data: 2025-07-07).
  2. (Ingelesez) «Hamas seeks Palestinian prisoners' release, calls non-Israeli captives 'guests'» Reuters 2023-10-17 (kontsulta data: 2023-10-30).
  3. Berria. (2023-10-25). «Israelgo Gobernuaren kontra mintzatu da Hamasek askaturiko bahituriko bat» Berria (kontsulta data: 2023-10-25).
  4. (Ingelesez) Borger, Julian. (2023-12-28). «Many hostages released by Hamas still being treated for trauma» The Guardian ISSN 0261-3077. (kontsulta data: 2024-01-02).
  5. (Ingelesez) «UN says Gaza sexual violence does not ‘legitimise’ more violence» Al-Jazeera 2024-03-04.
  6. (Gaztelaniaz) «Hamás asegura que unos 50 rehenes han muerto por los bombardeos israelíes» RTVE.es 2023-10-26 (kontsulta data: 2023-10-27).
  7. «Israelek «nahi gabe» hildako hiru bahituek bandera zuri bat zeramaten» Berria 2023-12-16 (kontsulta data: 2023-12-18).
  8. (Gaztelaniaz) Efe, Deia eus |. (2024-01-21). «Israelek dio dozenaka miliziano hil eta armak aurkitu zituela azken operazioetan Gazan» Deia (kontsulta data: 2024-01-23).
  9. (Ingelesez) «Four more hostages have died in Hamas custody; Israel says more than a third are dead» NBC News 2024-06-04 (kontsulta data: 2024-06-06).
  10. «283 hildako eta 814 zauritu azken orduetan Gazan, Israelen erasoen ondorioz» EITB 2024-06-09 (kontsulta data: 2024-06-09).
  11. «Hamasek bahitutako lau pertsona erreskatatu ditu Israelek eta 210 palestinar hil» Berria 2024-06-08 (kontsulta data: 2024-06-08).
  12. (Gaztelaniaz) Pereda, Andrea García Baroja, Cristina F.. (2024-06-08). «Israel libera a cuatro rehenes mientras sus bombardeos en Gaza dejan más de 200 muertos» ElDiario.es (kontsulta data: 2024-06-09).
  13. (Gaztelaniaz) AGENCIAS, RTVE es /. (2024-08-12). «Muere un rehén israelí a manos de sus carceleros de Hamás y dos mujeres cautivas resultan heridas en otro incidente» RTVE.es (kontsulta data: 2024-08-12).
  14. «Ejército de Israel anuncia el rescate de un rehén de Hamás en Gaza» El Economista 2024-08-27.
  15. a b «Israelgo greba orokorrak Netanyahuren kontrako presioa handitu du» Berria 2024-09-02 (kontsulta data: 2024-09-03).
  16. «Hamasen erasoaren urteurrenean, su eten bat adostu dezala exijitu diote gatibuen senideek Netanyahuri» Berria 2024-10-07 (kontsulta data: 2024-10-08).
  17. (Ingelesez) John, Tara. (2023-11-18). «Israel’s Benjamin Netanyahu battles on all fronts, amid growing pressure to free hostages» CNN (kontsulta data: 2024-01-23).
  18. (Ingelesez) «Families of hostages storm Israeli parliament meeting» Al Jazeera (kontsulta data: 2024-01-23).
  19. «1,3 milioi palestinar metaturik dituen Rafah hiria bonbardatzeko mehatxu kaotikoa» Argia (kontsulta data: 2024-02-11).
  20. (Gaztelaniaz) Cicardi, Francesca. (2024-06-24). «Netanyahu desata la ira de las familias de los rehenes israelíes y sigue con su huida hacia adelante en Gaza» elDiario.es (kontsulta data: 2024-09-11).
  21. «Hamasen erasoaren urteurrenean, su eten bat adostu dezala exijitu diote gatibuen senideek Netanyahuri» Berria 2024-10-07 (kontsulta data: 2024-10-08).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]