Edukira joan

Istanbul

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Koordenatuak: 41°00′36″N 28°57′37″E / 41.01°N 28.9603°E / 41.01; 28.9603
Wikipedia, Entziklopedia askea

Istanbul
İstanbul
metropolitan municipality in Turkey (en) Itzuli
Administrazioa
Estatu burujabe Turkia
Turkiako probintziaIstanbul probintzia
AlkateaNuri Aslan
Izen ofizialaİstanbul
Jatorrizko izenaİstanbul
Posta kodea34000–34990
Geografia
Koordenatuak41°00′36″N 28°57′37″E / 41.01°N 28.9603°E / 41.01; 28.9603
Map
Azalera5.343 km²
Altitudea100 m
Demografia
Biztanleria15.655.924 (2023)
Dentsitatea2.930 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera1453ko maiatzaren 29a
Telefono aurrizkia212, 216
Ordu eremuaUTC+03:00
Hiri senidetuakRio de Janeiro, Shimonoseki, Lahore, Johor Baharu, Jidda, Kairo, Houston, Berlin, San Petersburgo, Rabat, Mary, Bartzelona, Dubai, Kolonia, Shanghai, Odesa, Amman, Sarajevo, Durrës, Almaty, Ox, Plovdiv, Konstantza, Khartum, Kazan, Skopje, Damasko, Jakarta, Venezia, Busan, Bangkok, Beirut, Tabriz, Mexiko Hiria, Tunis, Guangzhou, Giza, Bengazi, N'Djamena, Tbilisi, Nikosia, Aktau, Varsovia eta Karatxi
Matrikula34
istanbul.gov.tr

Istanbul[1] (turkieraz: İstanbul, eta bizantziar garaian grezieraz hasieran Bizantzio eta gero Konstantinopla), Turkiako hiririk handiena da, bai eta Europako handienetako bat ere, 12.782.960 biztanle baitzituen 2009an.[2] Gainera, lur eremu handia hartzen du, munduko 5. udalerri handiena baita. Istanbul probintziako hiriburu administratiboa da.

Hiriaren historia luzean, hiriburu izan da sarritan: Erromatar Inperioa (330-395), Bizantziar Inperioa (395-1204 eta 1261-1453), Latindar Inperioa (1204-1261) eta Otomandar Inperioa (1453-1922). Horren ostean, Turkiako Errepublika berriaren hiriburua Ankarara eraman zen. 2010ean, Istanbul Europako kultura hiriburu izan zen. Hiriaren gune historikoa UNESCOren gizateriaren ondaretzat sailkatu zuten 1985an.[3]

Hiri zaharra Bosforo itsasartearen hego-mendebaldeko ertzean dago, baina hiri berriak, askoz handiagoa denak, itsasartearen bi aldeak hartzen ditu: europarra (Trazia) eta asiarra (Anatolia). Izan ere, bi kontinentetan dagoen metropoli bakarra da munduan.

Bizantzio (grezieraz Βυζάντιον, Byzántion) hiriaren lehen izen ezaguna da. K.a. 660 inguruan sortu zen izen horrekin, K.a. V. mendeko Herodotoren arabera Kaltzedonia baino 16 urte lehenago. Bizas zeritzan Megarako kolonoen erregeak eman zion izena.

Konstantino I.ari esker, hiria Erromatar Inperioko ekialdeko hiriburu bihurtu zen, eta Konstantinopla[4] (grezieraz Κωνσταντινούπολις, Kōnstantinoúpolis, hots, "Konstantinoren hiria") izenarekin ezagutzen hasi zen. Enperadorea Nea Roma ("Erroma Berria") izena erabil zedin saiatu zen, alferrik.

Nahiz eta lehenagotik erabili, Istanbul izena XX. mendean hedatu zen gehien, batez ere nazioartean. 1930ko martxoaren 28an, Turkiako Posta Zerbitzuak nazioarteari eskaera ofiziala egin zion, hiri osoa izendatzeko, İstanbul erabil zezan. Aditu batzuen arabera, Istanbul izena grezierazko "εἰς τὴν Πόλιν" ([is tin ˈpolin], hirian) esalditik omen dator: azken batean, hiri nagusiari soilik "hiri" deitzea ohikoa da, Iruñea kasu. Beste aditu batzuen arabera, Konstántinoupólis greziar izenaren laburdura omen da, azentu gabeko silabak galdu eta hasierako i- gehitu ondoren.

Egungo turkieraz, hiriaren izena "İstanbul" da, puntudun İ larri batekin, turkierako alfabetoak İ letra puntuduna eta I puntugabea bereizten baititu.

Bizantziarren eta otomandarren menpeko eslaviar herriek Tzarigrad erabiltzen dute, Tsarraren (Enperadorearen) hiria (serbieraz eta bulgarieraz, Цариград), berez Konstantinopla izenaren kalkoa dena.

Istanbul satelite irudian

Istanbul Bosforo itsasartean dago, Asiaren eta Europaren mugan, Itsaso Beltza eta Marmara itsasoa lotzen diren lekuan eta Asia Europatik fisikoki bereizten duena. Hiri historikoa mendebaldean kokatzen da (Europan), Urrezko Adarra izeneko estuarioaren bi aldeetan.

Penintsula historikoa zazpi muinoren gainean eraikita dagoela esaten da, bakoitzaren gailurrean meskita inperial batekin, eta 22 km-ko luzeko harresiek inguratua. Horietako handiena Topkapı jauregiako Sarayburnu da (Jauregi muinoa)[5]. Urrezko Adarraren beste ertzean beste muino koniko bat dago, Galata auzoa (Beyoğlu barrutia) dagoen lekuan. Üsküdar ere, Asiako aldean, muino ugariz osatuta dago. Istanbuleko tontorra Çamlıca muinoa da (Asian), 288 m garai[6].

Bi zubi daude itsasarte honen gainean. Bogazici zubia (Bobezalakoaaziçi Köprüsü), 1074 metro luzekoa, 1973an bukatu zen. Bigarren zubia, FSM (Fatih Sultan Mehmet Köprüsü), 1014 metro luzerakoa, 1988an amaitu zen eta lehen zubitik ia bost kilometro iparraldera dago. Zubi hauek Istanbul ondoko Üsküdar (grezieraz Crisopolis), Kadiköy (grekoz Calcedonia) hiri asiarrekin lotzen dute, zeinek XX. mendearen bigarren erdian Istanbulekin bat egin zuten.

Marmaray izeneko 13,6 kilometroko trenbide tunel batek Istanbuleko metroaren zati gisa zeharkatzen du itsasartea. Urpeko zatia 1,4 kilometro ingurukoa da, eta 62 metroko sakonera du gehienez. Trenbide sistema honen sekzio garrantzitsu hau 2013an inauguratu zen eta Istanbuleko erdigunea, mendebaldeko ertzean, ekialdeko hiriarekin lotzen du.[7]

Sismo arriskua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Anatolia failatik gertu dago Istanbul. Faila geologiko aktiboa da, eta hainbat lurrikara hilgarri eragin ditu hiriaren historia garaikidean. Zientzialariak bat datoz lurrikara oso suntsitzaile handi bat gertatzeko aukeretan, baina ez dago data zehatzik aurreikusteko modurik. Bogazici Unibertsitateko Gülüm Tanircan irakasleak adierazi duenez, Marmara inguruko lurrikararik handiena "oraindik ez da gertatu". Ahmet Ercan geologoak adierazi duenez, lurrikara 7 gradukoa izateko aukera "%50etik gorakoa" izango da datozen 30 urteetan.[8][9]

Bugra Gokce Istanbulgo hirigintza-plangintzako funtzionarioaren iritziz, "200.000 eraikin inguru kaltetu daitezke" lurrikara handi batean; horrek esan nahi du sei eraikinetatik batek kalte larriak izan ditzakeela. Istanbulgo 90.000 eraikin kolapsatuko zituztela ere iritzi zion.[10]

Istanbulek klima ozeaniko eta klima mediterraneoaren arteko trantsizioko klima du. Beraz, hiriak klima epela du. Esate baterako, udako lehortea ez da benetako klima mediterraneoan bezain handia. Udak beroak dira, hezeak baina euri gutxikoak (295 ordu eguzki hileko ekainean, uztailean eta abuztuan). Udako egun jakinetan, tenperaturak 35 °C-tik gorakoak izaten dira. Neguak hotzak eta hezeak dira, euri ugari egiten du eta noizean behin elurra (76 ordu eguzki baino gutxiago hileko urtarrilean eta otsailean). Neguan, egun jakinetan, tenperaturak 0 °C-tik behekoak izan dira inoiz. Horrela, urtero 25 bat izotz egun izaten dira, abendu, urtarril eta otsailean batez ere. Udaberriak eta udazkenak epelak dira.

Hirian bertan erregistraturiko tenperaturarik altuena 40.5 °C-koa izan zen, 2000ko uztailaren 12an. Inoiz erregistraturiko tenperaturik hotzena -16.1 °C-koa izan zen, 1929ko otsailaren 9ko gauean.[11]

    Datu klimatikoak (Istanbul Turkia)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 8.7 9.1 11.2 16.5 21.4 26.0 28.4 28.5 25.0 20.1 15.3 11.1 18.8
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 2.9 2.8 3.9 7.7 12.0 16.0 18.5 18.7 15.5 12.0 8.5 5.3 10.5
Pilatutako prezipitazioa (mm) 98.4 80.2 69.9 45.8 36.1 34.0 38.8 47.8 61.4 96.9 110.7 123.9 843.9
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 17.7 15.3 13.6 10.3 7.8 5.3 3.6 4.0 6.1 10.3 12.9 16.9 123.8
Eguzki orduak 93 112 124 180 279 330 372 330 240 186 120 93 2459
Hezetasuna (%) 80 78 76 74 74 71 70 70 74 78 80 80 75
Iturria: NBE[12], Turkiako meteorologia institutua (DMI)[13], BBC weather[14]

Lehen jendeztatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Bizantzio»
Bizantzioko akropoliko zutabe baten hondarrak, egun Topkapı jauregian.

Istanbuleko penintsula azpian Marmaray tunela eraikitzean, Neolito garaiko jendeztatze aztarnak aurkitu dituzte, K.a. 7. milurtekokoak, Bosforoa sortu baino lehenagokoak[15]. Traziar tribuak bi lekutan ezarri ziren, Lygos-en eta Semistra-n, penintsulako muturrean, egun Topkapı jauregia dagoen tokian, K.a. XIII eta K.a. XI. mendeen artean. Leku berean, feniziarrek merkatari herrixka bat ezarri zuten K.a. 1. milurtekoan eta K.a. 685ean Megaratik zetozen greziarrek beste herri bat, Kaltzedonia izenekoa[16][17].

Hala ere, Istanbuleko historia K.a. 660 inguruan hasi zen, oro har, Bizas erregaren agindupean Megarako kolonoak Bosforoaren europar aldean ezarri zirenean, eta Bizantzio sortu (grezieraz Βυζάντιον, Bizantion, latinez Byzantium). Mendearen amaieran, akropoli bat eraiki zen behialako Lygos eta Semistra herrixken lekuan. Hiria persiar agintepean egon zen aldi batez K.a. V. mendean, baina greziarrek berreskuratu egin zuten Mediar Gerretan[18]. Bizantzio Deloseko Ligako kide izaten segitu zuen, K.a. 355ean independentzia lortu zuen arte. Erromatar Errepublikaren babespean denbora luzez egon ondoren, 73an Erromatar Inperioko zati bihurtu zen.

Peszenio Niger usurpatzailearen alde ipini izana, Septimio Severo enperadorearen aurka, garesti atera zitzaion, bi urteko setioaren ondoren 195ean errenditu zenean hiri suntsituta baitzegoen. Hala ere, bost urteren ondoren, hiria berreraikitzen hasi, eta denbora laburrean aurretik zuen ospea berreskuratu zuen.

Konstantinoplaren igoera eta erortzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Konstantinopla»
Konstantinopla irudikatzen duen mapa zaharrena, 1420s-1430s an Cristoforo Buondelmontik egina.

Konstantino I.ak Lizinio garaitu zuenean Krisopolisko guduan 324ko irailean, Erromatar Inperioko enperadore bakar bihurtu zen. Bi hilabete geroago, Konstantinok Bizantzio ordeztuko zuen hiri kristau berriaren planoa ezarri zuen. Inperioaren ekialdeko hiriburu zen Nikomedia ordezkatzeko sortua, hiriaren izen berria Nea Roma (Erroma Berria) izan zen, baina ezagunagoa egin zen Konstantinopla izenarekin (Konstantinoren hiria), XX. mendea arte iraungo zuena. Sei urte geroago, 330ko maiatzaren 11n, Konstantinopla hiriburu izendatu zuten, gerora Bizantziar Inperioa izan zena.

Hiriburu hura ezartzea Konstantinoren lorpen iraunkorrenetakoa izan zen, erromatar boterea ekialderatuz eta greziar kulturaren eta kristautasunaren erdigune bihurtu baitzen[19]. Eliza ugari eraiki ziren hirian zehar, Hagia Sofia barne, mila urtez munduko katedral handiena izan zena. Hiriaren kokalekuak Konstantinoplaren beraren existentzia ziurtatu zuen, eta harresiek Europa babestu zuten ekialdeko inbaditzaileengandik eta Islamaren aurrerakadatik. Erdi Aroko mende gehienetan, Konstantinopla Mendebaldeko hiri handiena eta aberatsena izan zen.

Konstantinoplaren erortzea.

Konstantinoplaren beheraldia Laugarren Gurutzadarekin hasi zen, gurutzatuek Bizantziar Inperioa estatu txikiagoetan zatikatu baitzuten. Hiria Latindar Inperioaren hiriburu bihurtu zen, gurutzatu katolikoek bultzatua ortodoxoena ordezkatzeko asmoarekin. Hala ere, Latindar Inperioak ez zuen luze iraun eta Bizantziar Inperioa 1261ean berrezarri zen, baina ahuldu samar zegoen. Hiriko elizak, babesak eta oinarrizko zerbitzuak gain-beheran zeuden eta biztanle kopurua 40.000 baino ez zen, IX. mendeko milioi erdiarekin alderatuta.

XIV. mende erdialdean, otomandar turkiarrak estrategia militar bat hasi zuten hiria itotzeko asmoarekin, herri txikiagoak bereganatuz eta hornidura bideak itxiz. Azkenean, 1453ko maiatzaren 29an, zortzi asteko setioaren ondoren, Mehmed II.a Konkistatzailea sultanak Konstantinopla hartu zuen eta Otomandar Inperioaren hiriburu izendatu. Ordu batzuk geroago, sultana Hagia Sofia elizara joan eta iman bat deitu zuen Islamaren kredoa errezitatzeko eta katedral handia meskita inperial bihurtu zen.

Turkiarren agintea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Süleymaniye meskita (XIX. mende amaierako argazkian) Mimar Sinan arkitektoak egina

Konstantinopla erori eta gero, Mehmed II.ak hiria biziberritzea erabaki zuen. Anatolia eta beste herrialdeetako musulmanak, kristauak eta juduak ekarrarazi zituen, borondatez ala indarrez, gizarte kosmopolita sortzeraino. Mendearen amaieran, hiriak 200.000 biztanle zituen, Europako bigarren handiena[20]. Era berean, Mehmed II.ak azpiegitura zaharkituak berritu zituen eta Bazar Handia eraikitzen hasi. Garai hartan Topkapı jauregia ere eraiki zen, laurehun urtez sultanaren egoitza ofiziala izan zena.

Hiria, Kristautasunaren babes izatetik, kultura islamikoaren ikur izatera igaro zen. Meskita inperial ugari eraiki ziren, sarri eskolaz, ospitalez eta bainu publikoz atxikiak. Suleiman I.aren sultanaldia (1520-1566) arte eta arkitekturako lorpen handiko garaia izan zen. Mimar Sinan arkitektoburuak Süleymaniye meskita eta beste hainbat eraikin diseinatu zituen eta zeramika, kaligrafia eta miniaturagintza loratu ziren. XVIII. mende amaieran, hiriak 570.000 biztanle zituen.

XIX. mende hasierako matxinada garaiak Mahmud II.a sultanaren goraldia eragin zuen, eta Europa Mendebaldeko kulturarekin lerratu zen inperioa. Garai honetan zubiak eraiki ziren Urrezko Adarra zeharkatzeko, eta hiria burdinbidez lotu zen Europako sarearekin 1880ko hamarkadan. Tünel linea, munduko metro zaharrenetarikoa, 1875ean ireki zen, eta beste hainbat azpiegitura moderno ere (ur hornidura, argindarra, telefonoa eta tranbiak) hurrengo urteetan eraiki ziren, nahiz eta Europako beste hirietan baino geroago izan.

Hala ere, modernizazio esfortzuak ez ziren nahikoak izan Otomandar Inperioaren gainbehera galarazteko. XX. mende hasieran, Turkiar Gazteen Iraultzak eta gerra ugariek Inperioaren porrot ekonomikoa ekarri zuen. Lehen Mundu Gerra bukatutakoan, britainiarrek, frantziarrek eta italiarrek hiria hartu zuten. Azken otomandar sultana, Mehmed VI.a, 1922ko azaroan erbesteratu zuten. Urtebetera okupazioa amaitu zen, Lausanako Ituna sinatu eta Mustafa Kemal Atatürk iraultzaileak Turkiako Errepublika izendatu zuen 1923ko urriaren 29an.

Turkiako Errepublika berriaren hiriburua Ankarara eraman zen eta 1930ean hiriaren izen ofizial bakartzat Istanbul ezarri. Nahiz eta hiriburutasuna galdu, 1940ko hamarkada amaieratik aldaketa estruktural handiak jasan zituen, hala nola, plaza (adibidez, Taksim plaza), bulebar eta hiribide berriak, batzuetan eraikin historikoen kaltetan. Hiriko biztanleria laster hazten hasi zen 1970eko hamarkadatik aurrera, Anatoliako biztanleak hirira enplegu bila iristen ziren heinena. Hiria izugarri hazi zen, inguruko herri eta basoak irensteraino, eta Istanbulgo metropoli eremua eratu.

Istanbuleko biztanleria historian zehar
Urtea Biztanleak Urtea Biztanleak
330 40.000 1935 741.148
400 200.000-400.000 1940 793.949
530 550.000 1945 860.558
545 350.000 1950 983.041
715 300.000 1955 1.268.771
950 400.000 1960 1.466.535
1200 250.000-300.000 1965 1.742.978
1453 36.000 1970 2.132.407
1477 70.000 1975 2.547.364
1566 600.000 1980 2.772.708
1690 750.000-800.000 1985 5.475.982
1817 500.000 1990 6.629.431
1860 715.000 2000 8.803.468
1885 873.570 2007 11.372.613
1890 874.000 2010 12.915.158
1897 1.059.000 2013 14.160.467
1901 942.900 2017 15.029.231
1914 909.978 2019 15.519.267
1927 680.857

Metropoli eremuak 11.372.613 biztanle ditu, 2007ko erroldaren arabera[21] eta egun munduko hiri handienetakoa da. Gainera, biztanleriaren hazkuntza tasa % 3,45 da egun, batez ere landa lurretako etorkinak direla-eta. Istanbulgo biztanle dentsitatea 1.700 bizt/km² da, Turkiako batez besteko den 81 bizt/km² zifratik urrun[22].

Metropolitar eremuko biztanleria hirukoiztu egin zen 25 urtetan, 1980 eta 2005 artean. Gutxi gorabehera, istanbuldarren % 70 europar aldean bizi dira eta % 30, asiar aldean. Turkia hego-ekialdeko langabezia tasa zela-eta, eskualde horietako asko Istanbulera lekualdatu ziren lan bila, eta hiriaren aldirietan ezarri.

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Istanbulgo gune historikoak»
Istanbulgo barrutiak

Adalar | Ataşehir | Beykoz | Çekmeköy | Kadıköy | Kartal | Maltepe | Pendik | Sancaktepe | Sultanbeyli | Şile | Tuzla | Ümraniye | Üsküdar | Arnavutköy | Avcılar | Bağcılar | Bahçelievler | Bakırköy | Başakşehir | Bayrampaşa | Beşiktaş | Beylikdüzü | Beyoğlu | Büyükçekmece | Çatalca | Esenler | Esenyurt | Eyüpsultan | Fatih | Gaziosmanpaşa | Güngören | Kağıthane | Küçükçekmece | Sarıyer | Silivri | Sultangazi | Şişli | Zeytinburnu |

Haydarpaşa geltokia.
"Vapur" bat Bosforoan.

Istanbulen bi tren geltoki daude, Sirkeci (europar aldean) 1889an eraikia eta Haydarpaşa (asiar aldean) 1909koa. Sirkeci geltokira iristen zen Orient-Express linea ezaguna, eta bertatik irteten dira egun Paris-Venezia-Orient-Express (aurrekoaren oinordekoa-edo), Danubio-Express, Bosforo-Express, eta Greziara doan Laguntasunaren trena. Hayderpasa geltokitik, Trans-Asia-Express linea irtetean da Teheranerantz eta antzinako Taurus-Express Bagdadera. Bertatik Ankarara doazen abiadura handiko trena berriak ere irteten dira. Bosforoa igaroko duen burdinbide tunela, Marmaray izenekoa, 2004tik eraikitzen ari dira eta 2013an inauguratu zen.

Bi nazioarteko aireportu ditu hiriak: Atatürk nazioarteko aireportua, europar aldean, eta Sabiha Gökçen nazioarteko aireportua, asiarrean.

Istanbulgo metroak linea bakarra du, baina 2008an 68 milioi bidaiarik erabili zuten. Hala ere, badira halaber metro arineko linea bat (hafif metro), tranbia eta bi funikular, aldirietako tren lineez gain. Beste hirien adibideari jarraiki, 2009an metrobus sistema abian jarri zen.

Gainera, udalak ur-gaineko garraio sistema kudeatzen du, Bosfororen bi ertzetako ontziralekuak lotzeko.

Taxien sarea (turkieraz, taksi) oso garatuta dago: auto horiak dira.

Hiriko kirol ezberdinetako talde esanguratsuenak hauek dira:

Kluba Kirola Fundazioa Liga Estadioa
Beşiktaş JK Futbola 1903 Süper Ling Vodafone Park
Galatasaray SK Futbola 1905 Süper Ling Nef Stadium
Fenerbahçe SK Futbola 1907 Süper Ling Şükrü Saracoglu Stadium
Kasımpaşa SK Futbola 1921 Süper Ling Recep Tayyip Erdogan Stadium
Istanbul Başakşehir SK Futbola 2014 Süper Ling Başakşehir Arena
Istanbulspor AS Futbola 1926 Turkiako 2. maila Necmi Kadioglu Stadium
Besiktas Cola Turka Saskibaloia 1967 Türkiye Basketbol Ligi BJK Akatlar Arena
Galatasaray Café Crown Saskibaloia 1911 Türkiye Basketbol Ligi Ayhan Şahenk Sports Hall
Fenerbahçe Beko Saskibaloia 1913 Türkiye Basketbol Ligi Ülker Sports Arena
Anadolu Efes Saskibaloia 1976 Türkiye Basketbol Ligi Sinan Erdem Spor Salonu
Beykoz 1908 Saskibaloia 1908 Türkiye Basketbol Ligi R. Şahin Köktürk Sports Hall
Darüşafaka S.K. Saskibaloia 1914 Türkiye Basketbol Ligi Ayhan Şahenk Sports Hall
Tekelspor Saskibaloia 1941 Türkiye Basketbol Ligi Haldun Alagaşa Sports Hall
Eczacibasi Vitra Boleibola 1966 Emakumezkoen Turkiako Boleibol Liga Eczacibasi Sports Hall
Vakinibank S.K. Boleibola 1986 Emakumezkoen Turkiako Boleibol Liga Haldun Alagaş Sports Hall
Fenerbahçe Boleibola 1928 Emakumezkoen Turkiako Boleibol Liga TVF Burhan Felek Sport Hall

Galatasaray SK, Fenerbahçe SK, eta Beşiktaş JK hiriko talderik indartsuenak dira: elkarren artean lehia handia dago.

Istanbuldar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. Anatoliako eta Hego Kaukasoko toponimia. .
  2. (Turkieraz) «Büyükşehir Belediyeleri ve Bağlı Belediyelerin Nüfusları - 2009». Nadrese Dayalı Nüfus Kayit Sistemi (Adnks) Veri Tabani. Türkiye İstatistik Kurumu. 2010-08-24an eskuratua.
  3. UNESCO | Istanbulgo gune historikoak. .
  4. Euskaltzaindia. (2012-03-30). 168. araua: Afrika kolonialeko toponimia. .
  5. Istanbul from a Bird's Eye View. .
  6. The Topography of İstanbul. .
  7. El túnel submarino más profundo del mundo une Europa y Asia en Estambul. ABC.
  8. Redacción de La Vanguardia. (7 de febrero de 2023). «Estambul se encuentra encima de una falla y sufrirá un gran terremoto» La Vanguardia.com.
  9. Redacción de Infobae. (5 de febrero de 2024). «¿Está preparado Estambul para un gran terremoto?» Infobae.com.
  10. Redacción de Infobae. (5 de febrero de 2024). «¿Está preparado Estambul para un gran terremoto?» Infobae.com.
  11. (Turkieraz) «İstanbul Bölge Müdürlüğü'ne Bağlı İstasyonlarda Ölçülen Ekstrem Değerler» (PDF) Meteor.gov.org jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014).
  12. (Ingelesez) NBE (Climatological Information of Istanbul). .
  13. (Turkieraz) Yıllık Toplam Yağış Verileri - İstanbul. .
  14. (Ingelesez) BBC Weather Centre - World Weather - Average Conditions - Istanbul, Turkey - Istanbul, Turkia). .
  15. Rainsford, Sarah. Istanbul's ancient past unearthed. (kontsulta data: 21 April 2010).
  16. "Kaltzedonia" era arautua Antzinateko hirien euskarazko izenak 147. arauan
  17. Lister, Richard P. (1979). The Travels of Herodotus. Londres: Gordon & Cremonesi. ISBN 0-86033-081-8
  18. De Souza, Philip (2003). The Greek and Persian Wars, 499-386 B.C.. London: Routledge. ISBN 0-415-96854-2
  19. Barnes, Timothy David (1981). Constantine and Eusebius. Cambridge, Mass.: Harvard University Press. ISBN 0-674-16531-4
  20. Chandler, Tertius; Fox, Gerald (1974). 3000 Years of Urban Growth. London: Academic Press
  21. Türkiye istatistik kurumu Helbidean oinarritutako errolda. (2008-04-19)
  22. (Turkieraz) Presentation of Reference City: Istanbul. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]