István Tisza
István Tisza (Pest, 1861eko apirilaren 22a – Budapest, 1918ko urriaren 31a) hungariar abokatu, ekonomialari eta politikaria izan zen. Hungariako lehen ministroa izan zen 1903tik 1905era eta 1913tik 1917ra.
Nobleziako eta erlijio kalbindarrako familia batean jaio zen, eta Kálmán Tiszaren semea izan zen. Zuzenbidea ikasi zuen Budapesten eta Nazioarteko Zuzenbidea Heidelbergeko Unibertsitatean, ekonomia Berlingo Humboldt Unibertsitatean eta Politika Zientziak Oxfordeko Unibertsitatean.
1886an diputatu hautatu zuten Alderdi Liberalaren hautagaitzan. 1903tik 1905era lehen ministro izan zen, eta 1904an gogor zapaldu zuen trenbideko langileen greba. Familia aberats juduei mesede egin zien eta noblezia-tituluak eman zizkien, eta Errusian jazarritako juduen immigrazioa bultzatu zuen; beraz, eraso antisemiten jomuga bihurtu zen. 1867ko Austria-Hungariako Konpromisoaren aldeko fedea, eta erresumako gutxiengoei mesede egin zien hungariarren aurka, hauteskundeetan irabazi ahal izateko. Politika ekonomikoan industrializazioa bultzatu zuen nekazaritza-interesen aurka.
Bere bigarren agintaldia 1913tik 1917ra luzatu zen eta Lehen Mundu Gerraren eragina izan zuen. Estatuaren administrazioa erreformatu zuen eta kroaziarrei eta errumaniarrei kontzesioak eman zizkien. 1914an Serbiari gerra deklaratzearen aurka agertu zen, eta 1917an Karlos enperadore berriak kargutik kendu zuen.
Tisza iraultzaile ezkertiarrek hil zuten Urrelilien Iraultzan, 1918ko urriaren 31n, Hungariaren independentzia aldarrikapenaren egunean.