Edukira joan

Italiako Pizkundea

Wikipedia, Entziklopedia askea

Italiako Pizkundea (italieraz: Rinascimento) Italiako historiako garai bat izan zen XV. eta XVI. mendeetan. Garai hori ezaguna da Italiatik Europako gainerakora (eta baita Europaz kanpoko lurraldeetara ere, potentzia kolonialen menpekoak edo misiolari kristauak aktibo ziren tokietara) hedatu zen Pizkunde kulturaren garapen hasierarengatik, eta Erdi Aroaren amaieratik modernitaterako trantsizioa markatu zuen. “Pizkunde luzea” defendatzen dutenek diote garai hori 1300. urtearen inguruan hasi eta 1600. urtera arte iraun zuela. Arlo batzuetan, 1250 inguruan hasitako Proto-Pizkundea onartzen da. "Berpizkundea" ere deitu zaio antzinako klasizismoarekiko interesa berritu zelako, Pizkundeko humanistek “Ilun Aroak” deitutako mendeen ondoren. Giorgio Vasari historialari italiakoak rinascita (‘berpizkundea’) terminoa erabili zuen 1550ean argitaratutako Margolari, eskultore eta arkitekto ospetsuenen bizitzak lanean, baina kontzeptua nagusiki XIX. mendean zabaldu zen, Jules Michelet eta Jacob Burckhardt bezalako ikertzaileen lanaren ondoren.[1][2]

Pizkundea Toscanan hasi zen, Italia erdialdean, Florentzia hiria zentru nagusiena izanik. Florentziako Errepublika, penintsulako hiri-estatuetako bat, garrantzi ekonomiko eta politiko handira iritsi zen Europako monarkiei kreditu emanez eta kapitalismoaren eta bankaren garapenerako oinarriak ezarriz. Pizkundearen kultura geroago Veneziara zabaldu zen, Mediterraneoko inperio baten bihotza zen hirira, Gurutzadetan parte hartu zuenetik eta Marco Poloren bidaien ondoren (1271-1295) ekialderako merkataritza bideak kontrolatzen zituena. Horrela, Italiak berriro hartu zuen harremana antzinako Greziako kulturaren aztarnekin, eta horrek testu berriak ekarri zizkien humanista ikerlariei. Azkenik, Pizkundeak eragin handia izan zuen Aita Santuen Lurraldean eta Erroman ere, Julio II.a eta Leon X.a bezalako aita santu humanista eta pizkundekoek berreraiki baitzuten hiria; askotan Italiako politiketan parte hartu zuten, potentzia kolonialen arteko gatazkak ebatzi eta 1517 inguruan hasi zen Erreforma protestanteari aurre eginez.[2]

Italiako Pizkundeak ospe handia du margolaritzan, arkitekturan, eskulturan, literaturan, musikan, filosofian, zientzian, teknologian eta esplorazioan egindako lorpenengatik. XV. mendearen amaieran, Lodiko Bakearen (1454-1494) garaian, Italia bihurtu zen arlo horietako guztietan Europako lider nagusia. Pizkundea XVI. mendearen erdialdean heldu zen gailurrera, barne-gatazkek eta atzerriko inbasioek Italiako Gerren (1494-1559) kaosean murgildu zutenean. Hala ere, Italiako Pizkundearen ideiak eta idealak Europako beste eskualdeetara hedatu ziren, XV. mendearen amaieran hasi zen Iparraldeko Pizkundea piztuz. Itsas errepubliketako esploratzaile italikoek Europako monarken zerbitzura jardun zuten, Esplorazioen Aroa irekitzen lagunduz. Bidaia ospetsuena Kristobal Kolonena izan zen (Monarkia Hispanikoaren izenean nabigatu zuena). Berarekin Amerikarekiko Europako nagusitasunerako lehen pausuak eman ziren. Beste esploratzaile batzuk izan ziren Giovanni da Verrazzano (Frantziaren izenean), Ameriko Vespuzio (Monarkia Hispanikoaren izenean) eta Joan Caboto (Ingalaterraren izenean). Falopio, Tartaglia, Galileo eta Torricelli bezalako italiako zientzialariek funtsezko rola izan zuten Iraultza zientifikoan, eta Koperniko eta Vesalio bezalako atzerritarrak Italiako unibertsitateetan aritu ziren. Historialariek XVII. mendeko hainbat gertaera eta data proposatu dituzte Pizkundearen amaieratzat, hala nola Europako erlijio gerren amaiera 1648an.[3]

Proto-Pizkundeko literaturaren aipamenak normalean XIV. mendeko iraliako hiru idazle handi hasten dira: Dante Alighieri (Jainkotirar Komedia), Petrarca (Canzoniere) eta Boccaccio (Dekamerona). Pizkundeko poeta herrikoi ospetsuen artean daude Luigi Pulci (Morgante), Matteo Maria Boiardo (Orlando Innamorato), Ludovico Ariosto (Orlando Furioso) eta Torquato Tasso (Jerusalem askatua). XV. mendeko idazleek, Poliziano poetak eta Marsilio Ficino filosofo platonistak, itzulpen ugari egin zituzten latinetik eta grekotik. XVI. mendearen hasieran, Baldassare Castiglionek gizonezko eta emakumezko idealaren ikuspegia azaldu zuen Gorteko gizon jantzia lanean, eta Nikolas Makiavelok, aldiz, ideal hori baztertu zuen Printzea lanean, “gauzen egia eraginkorra” azpimarratuz antzinako eta garaikideko adibide humanistikoen bidez. Garaiko historialariak izan ziren Makiavelo bera, haren lagun eta kritikari Francesco Guicciardini eta Giovanni Botero (Estatuaren arrazoia). 1494an Aldo Manuzio inprimatzaileak sortu zuen Aldoren Prentsa, Venezian aktibo zena, letra etzana eta poltsikoan eraman zitezkeen edizioak garatu zituen; grezierazko liburuen lehen edizio inprimatuak argitaratu zituen, eta Veneziak commedia dell’arte-aren sorleku bihurtu zen.[4][5]

Italiako Pizkundearen arteak eragin handia izan zuen ondorengo mendeetan Europako margolaritza eta eskulturan, eta horien artean nabarmentzen dira Leonardo da Vinci, Michelangelo, Rafael, Donatello, Giotto, Masaccio, Fra Angelico, Piero della Francesca, Domenico Ghirlandaio, Perugino, Botticelli eta Tiziano. Italiako Pizkundeko arkitekturak ere antzeko eragina izan zuen Europan, Brunelleschi, Leon Battista Alberti, Andrea Palladio eta Bramante bezalako arkitektoekin. Haien lanen artean daude Florentziako katedrala, Erromako San Petri basilika eta Riminiko Malatestiar Tenplua, baita hainbat jauregi pribatu ere. Italiako Pizkundeko musikak Giovanni Pierluigi da Palestrina, Erromako Eskola eta geroago Veneziako eskola bezalako konpositoreak izan zituen, eta operaren sorrera Claudio Monteverdi bezalako figuren bidez, Florentzian. Filosofian, Galileo, Makiavelo, Giordano Bruno eta Pico della Mirandola bezalako pentsalariek naturalismoa eta humanismoa azpimarratu zituzten, dogma eta eskolastika baztertuz.[6][7][8]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Bouwsma, William J.. (1956). «Hans Baron. The Crisis of the Early Italian Renaissance. Civic Humanism and Republican Liberty in an Age of Classicism and Tyranny. 2 vols. Princeton: Princeton University Press, 1955.» Renaissance News 9 (1): 27–30.  doi:10.2307/2857377. ISSN 0277-903X. (kontsulta data: 2025-10-11).
  2. a b «Review Notices : A History of Early Renaissance Italy from the Mid-Thirteenth to the Mid-Fifteenth Century. By Brian Pullan. London: Allen Lane. 1973. 386 pp. £4.00» Journal of European Studies 3 (4): 391–391. 1973-12  doi:10.1177/004724417300300433. ISSN 0047-2441. (kontsulta data: 2025-10-11).
  3. Jensen, De Lamar. (1992). Reformation Europe: age of reform and revolution. (2. ed. argitaraldia) D.C. Heath ISBN 978-0-669-20009-6. (kontsulta data: 2025-10-11).
  4. Leclair, Yves. (2021-12-17). «Collectif. Le Moyen Âge flamboyant. Poésie et peinture. Édition bilingue par Lucile Desmoulins. Iconographie par Chrystèle Blondeau. Préface de Michel Zink. Éditions Diane de Selliers, « Petite collection », 2021, 400 pages, 200 illustrations, 49 €.» Études Janvier (1): VII–VII.  doi:10.3917/etu.4289.0121g. ISSN 0014-1941. (kontsulta data: 2025-10-11).
  5. Strauss, Leo; Cropsey, Joseph. (1987). History of Political Philosophy. University of Chicago Press ISBN 978-0-226-77710-8. (kontsulta data: 2025-10-11).
  6. Hazan, Olga. (1999). Le mythe du progrès artistique. Presses de l’Université de Montréal ISBN 978-2-7606-1742-1. (kontsulta data: 2025-10-11).
  7. (Ingelesez) Gilbert, Creighton E.. (2003). «Giotto» Oxford Art Online (Oxford University Press)  doi:10.1093/gao/9781884446054.article.t032431, isbn 9781884446054. ISBN 978-1-884446-05-4. (kontsulta data: 2025-10-11).
  8. Collins, Bradford R.; Hartt, Frederick; Gardner, Helen; de la Croix, Horst; Tansey, Richard G.. (1989). «Art: A History of Painting, Sculpture, and Architecture» Art Journal 48 (2): 190.  doi:10.2307/776971. ISSN 0004-3249. (kontsulta data: 2025-10-11).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]