Italiar kafegailu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Italiar kafegailu
Kafe-makina
Moka2.jpg
Fabrikazioa
Fabrikatzailea Alfonso Bialetti
Historia
Sorrera 1933
Ezaugarriak

Italiar kafegailua edo moka kafegailua, "macchinetta" (makinatxoa) izenez ere ezaguna, kafea egiteko makina bat da. Kafegailu espresaren antzera, kafea lurrunez presurizatutako ur irakina pasaraziz egiten du. Asmakizuna, Alfonso Bialetti asmatzaileak patentatu zuen 1933an Italian; honen konpainiak, Bialettik, eredu bera ekoizten jarraitzen duelarik ("Moka Express" deitua). Moka kafe-makina Italiako kulturaren oinarrizko elementuetako bat bihurtu da[1].

Italian agertu bazen ere, moka kafe-makina bereziki ezaguna da gaur egun Europan eta Latinoamerikan. Diseinu ikonikoa bihurtu da, diseinu eta arte industrialeko museoetan agertuz, New Yorkeko Arte Modernoaren Museoan, Cooper-Hewitt Diseinu Museo Nazionalean, Design Museumean[2] eta Londresko Zientzien Museoan kasu. Tamaina ezberdinetako kafegailuak daude, 50 mililitroko katilu batetik hamazortzira bitarte. Jatorrizko diseinua eta gaur egungo modelo asko eta asko bakelitazko heldulekuak dituzten aluminiozkoak dira, erresistentzia termiko ona duen plastiko sintetiko mota bat.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kafe makinak hiru atal ditu: urez betetzeko ontzi bat, bere gainean jartzen den kafearentzako iragazkia eta, azkenik, alderantzizko enbutu bat duen ontzia, prozesuaren amaieran kafea gordeko duen atala.

Beheko ontzia urarekin beteko dugu, segurtasun markara arte. Ondoren, bere gainean jarriko dugu enbutu txikia duen iragazkia, kafe xehetuz betea. Kafearen kalitateak baldintzatuko du azken produktua, beraz pauso honetan erabiltzen den kafeak berebiziko garrantzia du. Ondoren, goiko atala jarriko diogu eta ondo itxi.

Kafegailua sutan jarriko dugu eta behean dagoen ura irakiten hasten denean, sortzen duen lurrun-presioak azpian daukan ura ateratzera behartuko du, duen zulo bakarretik: goian daukan iragazkiko enbutuaren tutua. Bertan ur bero hori kafearekin nahastuko da. Presioaren indarrez, berriro ere gorantz egingo du, eta perkolazioz goian dagoen ontzia beteko du, behean urik geratzen ez den arte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Company Story» www.bialetti.it . Noiz kontsultatua: 2020-06-21.
  2. (Ingelesez) Greenbaum, Hilary. (2011-09-01). «Who Made That Moka Express?» The 6th Floor Blog . Noiz kontsultatua: 2020-06-21.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]